ANAITASUNA
X URTEA N.º 116
Dep. Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la Hoja Anaitasuna de Guipúzcoa
AGOZTUA (8) 1964
BEROA! Bero asko egiten dauala-ta, onen-onena "kokakola" bat artu edo, Uriona-tarra bazara, obeto "kas" bat. Edo, erdi-billoizik ibilli, tela meez jantzita. Beiñik-bein, lanazkorik ez eroan, izerdirik ez badozu gura bota. Edo, beste zer bat be ba-dago: iñoiz otuten bajatzu, eskerrak emon zure Jaungoikoari beroagaitik. Iñoiz egin dozu ori? Ba, nire ustez, beroa gogo onez eroateko, orixe da onena. Askotan "kas" batek ez deutsu ezer-be egiten; erdi-billoizik ibilteko be, kontuz ibilli bear dozu, arriskuak dagoz-eta... A! Baiña, nok galerazoko deutsu eskerrak emotea Jaungoikoari berak emondako beroagaitik?
ITXAS-ONDARTZAK! Beste batzutan, bero asko egiten dauanean, onen-onena auxe izaten da: itxas-ondartza batera joan, eguzki ederra artu, astiune txiki batean uger egin, eta gero apetitua irigi, etxeko indiabak jateko. Jente askok egiten dau ori, bai gizonezko eta bai emakumeak be. Zergaitik, barriz, deadar egiten dabe abadeak pulpituetatik itxas-ondartzen kontra? Um! Zeozer ibilli bear da, bai, okerreko bidetik! Bai ete dakigu kristiñauok playa batera joaten? Ezta gatxa, ba, gizona! Kaletik zoazenean, auto batek zapalduteko arriskuan zagoz; etxe barruan zagozanean, etxea beera etorrita, il zorian egon zaitekez; itxas-ondartza batera zoazenean, barriz, bertan itota geratu zaitekez. Kontuz ibilli, ba! Peligroren bat ikusten dozunean, —ba-dagoz animaren peligroak!— kontuz ibilli, ta listo!
URA! Antxiñako filosofoak esaten eben ura zala gauza guztien sustraia, gauza guztien barru-barruan ura aurkitzen zala beti. Eztakit orrenbeste dan edo ez, baiña badakit, udean batez be, ura derrigorrezkoa dogula, gorputzeko izerdia kenduteko batzutan, eta beste batzutan, beroa kenduteko, dutxa baten bidez edo uger-egiñik, itxasoa bera be ura da-ta. Begira, ba, zenbat irebaziko geunken udean, ura ikutu edo ikusten dogun bakoitzean, onagoak izateko asmoa artuko bagendu! Edo, asmoa artu bearrean, zeozer on bat egingo bagendu! Gure gorputzeko zikinkeri danak uretan itxiten dogun legez, zergaitik itxiten ez doguz gure animako zikinkeri guztiak —gorrotoak eta lizunkeriak— udeko ille beroetan? Eurak eroan daiezala danak!
ERRI-JAIAK! Kanpotik ikusita beintzat, esan leiteke gazte askorentzat agoztua, ta ude osoa, erri-jaien atzetik ibiltea dala. Batek be ez deutse iges egiten. Ta... zer? Ondo dagola, gero, iraillan, "kalabazak" ataraten ezpadabez barriro. Edo, gastu andirik egiten ez badeutsee gurasoeri! Ba, ez pentsa agoztua danik bizitzako ille azkenik. Agoztu ondoren, irailla dator; iraillaren ondoren, urrengoa, ta... ondoren, zu, ta ni, ta bestea, ta... JAUNGOIKOA!
Gaurko gaztediak alako deporte zaletasun andia ba-dauko. Baño, nik uste, ekibokazio asko izan geunkez deporte kontuan. Deporteak, beste gauzak lez, bere bide edo neurriak baditu, ta zoritxarrez malla orretatik urten ezkero makiña bat kalte erakarten dautsoz soziedadeari.
Argi esateko, gaurko deportea itxua dala esan geunke, ain zuzen be. Oingoz ondotxo jakiña izango dozue Argentina ta Peru'k izan eben futbol partidue, ta baita aren amaiera garratza... Negargarria ta lotsagarria benetan! Nik esango neuke ogeigarren mendeko deportearen mantxa baltzena dala, ta baita gure soziedadearen ezaugarria deporte kontuan.
Izan be, munduak asko aurreratu dau teknika ta beste arlo askotan, baña barruko pasiño ta griña gaiztoak zuzentzen ondiño antxiñako erromatar galduak letxe gabiltza. Ondo jakiña, aurrerapenak ez dauz gizon zuzenak ataratzen, ta askotxotan bai galdu.
Non dago, ba, deportearen errotasuna. Deportea gizona entreteniduteko besterik ezta. Badituz gizonak astean zear lan askotxo ta bear-bearrezko dau sarritan eskape moduko tresna bat. Beraz, eskape oso ona dala uste dot deportea. Au deportearen oñarri edo base sakona: gizonaren ona. Gauza, ta askotan gatxa, oñarri onen deretxoak ez askatzea izaten da.
Danok izaten doguz faboritoak, ta au be oso libre dala esan bear. Baño faboritoaren gañetik persona guztion dinidadea da ziur, ta iñortxok eztauko deretxorik besteen gustoak kritikatzeko, ta sarritan ez kritikatu bakarrik... baita lorrindu egiten dira.
Mendi tarteko sakonunetik
errekastoa jausika joian;
aren ispillu txukun-garbitan,
lumaz eindako kabi antzean
apar mordoska ikusi zeitean.
Txepetxak, goitik begiratuta,
bits pillo aura oetzat artu zun;
an dator egaz errekarantza,
sasi oe artan murgildu yakun;
bere gogara lo ein gurariz,
"kabi" barruan bai pozik sartu.
Txepetx gaizoa! Begi guzurtik
kabitzat zeukan apar mordoska
erditik ausi, ta beingo baten,
errekastoko ur otz artean
txori txikerra betiko ondatzen
ikusi gendun, biotz oiñazez.
Zenbat olakok, gaurko munduan,
itxuraz eder, azalez txukun,
begiz jotean ager yakutzan!
barrutik, barriz, bitsa, ezer ez;
kanpotik argi, barnetik illun,
giza-gogoa galtzeko izkillu.
(Arrugain)
Itxaso arazoetan, gaurtik gaur, aitortu bear da, atzeratuta dabillela Eliza, toki geienetan, beintzat.
Lenengo batean, ezan egiten askorik. Ezan ikusten be prolema askorik ez andirik. Gaur, barriz, beartasunak asko geitu dira, ta prolema orreek azaletik baiño eztoguz begiratuten, mamiña beste bat da.
Zeozer egiteko asmoa artu ezkero, ezin da batzutan portura joateagaz bakarrik konformatu. Ori, arraiñari ura emotea izango litzake. Arrantzaleen bizitza, ezta igaroten portuan. Portuan be bai, baiña ez bertan bakarrik. Aldi geiena itxasoan bertan egiten dau arrantzaleak. Orregaitik, ondoan datorren konklusiñoa auxe da: Eliza bera itxasoratutea.
Beste batengandik entzutea baiño oba litzake, ta oba da, artez ikusi gauzak itxasoan bertan. Esango da ze, arrantzaleak berak erakutsi bear deutsazola bere prolemak Elizari. Pio XII-gnak diñonez: "Arrantzalea bera izan bear da apostolu jatorra." Baiña, arrantzaleak, askotan, ezin dauz itxasoan sortzen diran egoerak ondo agertu, ta ezta egoera oneek arrantzaleen barruan biztuten dabezan sentimendu guztiak.
Arrantzaleak eurak diñoenez, arrantzale guztiakaz batera biar egitea ezta ain onuragarria. Banakan-banakan ibiltea askoz be obea da. Personak eztira iñoiz be animaliak lez erabilli bear. Eta, arrantzaleak danak batera artutean orixe baiño eztogu egiten.
Arrantzaleeri, bakoitxari, sarritan, itxura txarra eukita be, gustaten jake bai ondo begiratuak izatea. Eta geiago begirada au Elizaren partetik bada.
Elizkizun kontuetan, azkatasun osoa nai dau. Izan dira, or-emen, iñoiz obligaziñoak paloka bete arazi egin dabezanak. Eztago ori baiño txarragorik gauzak aldrebestuteko. Lendik be naiko dabiltza naste-borrasteak armadoriak eta tostartekuak dirala-ta...
Elizak ba ete dauko errurik oraindiño ain txarto dagoazen gauza oneetan?
Artez esateko, eztauko euki errurik orreetan, baiña Elizak eztaki geienetan egoera penagarri orreen barririk.
Ba-da ordua, tostartekuentzako dagozan antziñako legeak barrituteko. Asuntu onetan, armadoreak eurak konturatu bear dira gaurko bizitzak eskatuten dabezanakaz.
Elizaren soluziñoa gizonaren deretxoagaz batera doa. Ortik, gizonaren deretxoak kontuan artu bearra, eta ez bakarrik kontuan izan, euregatik gogotsu ta artez jokatu baiño, erdikeriak manda batera botata.
Oraindiño ezta ikusten Eliza ain ondo itxasoan, eztagolako ondo kakotua.
Elizaren zintzotasuna, arrantzale bakoitxaren zintzotasunagandik dator.
Ezin geinke egon geldi! Kia! Ezta pentzau be! Gaur Paris-en bagagoz, biar Pekin-en arkitzen gara eta areiñegun Australia-n bageuezan, gaur etxian topaten gara. Baña ezta arutz-onutz ibiltea bakarrik gaur ikusten doguna, kulturiak be jigantearen pausoak artu ditu.
Egunerokoak, errebistak, irakurgaiak, erradioa, zinea, telebisioa. Mundua etzian. Naastea etxian. Oraindiño berrogetamar urte eztira 100.000 eguneroko ateraten zirela. Ezegon erradiorik. Ezta telebisiorik be. Gaur, 220 milloi eguneroko baño geiago ateraten dira. Zineak arnasa artu ezin leiken beste beteten dira.
Ertia, jakituria, olerkia masa guztien kulturia da. Egizko errebuluzioa! Industrialezko errebuluziñogan baiño berba gitxiago egingo da, baña garrantzi geiago dauko.
Ipiñi erradioa, zer entzuten dozue? "Biotza, biotza..." "Ai nire amodioa"... Joan zinera, zer ikusten dozue? Marylin Monroe-ren edo Sofia Loren-en ipurdikerak. Erosi liburu bat, zer irakurten dozue? "Begi urdiñezko neskatxa"... "Azkenengo mosua". Artu illeroko bat, zer dauko? Onen edo aren neskatxaren erretratu parregarri bat. Batu onek danok, eta ze urteten deutsue? Aragia. Aragia. Aragia.
Eta gu, kristauok garanok, zelan egon geinke besuak loturik munduko zirimiri negargarri au ikusita? Ezin geinke lukartu, bestela galduak izango gara.
Kristiñauak!, gaurko munduari gogor eldu bear deutsagu gure atzamarretan, leizazulo illunera jausi eztedin. Mundu obeagoa pozez itxoin bear dogu. Bier asko egin ezkero, etorriko da. Gure mundu onek Jainko bearra dau. Berak onbideratuko dau gure laguntasunarekin.
Nekazaritza-lurrak zer bear dau?
Ikusi dagigun zer bear daben landareak azi ta bizitzan indartzeko. Elementu asko artzen dabez beren bizitzarako, eta ia danak lurretik, zuztarren bidez. Lau dira bearrezkoenak: Nitrojeno, fosforo, potasa ta karea. Nekazariak beren lurrak gozatzean, lau ongarri oneek emon bear deutseez, eta onela saiatzen da. Lau elementu oneek dira nagusienak eta lantzen diran lur klase guztietan egoten dira, eta bearko egon, lurrak zeozer emongo badau. Beste elementuak be bear izaten dabez, eta badabe beren inportantzia, baiño bere neurrian emotea oso-oso gatxa izaten da.
NITROJENO: Elementu onek landareak azi egiten dauz; landare mardul eta berde-illun dagozan tokian, nitrojeno ugari dagon señalea. Eta onetatik lar egon ezkero landareak azi asko azitzen dira baiño indarbakoak izateko arriskua dabe. Eta landare oneek, errez gaixotu ta ondatzen dira, azal bigunegia dakeelako.
Nondik sortzen dan nitrojenoa? Onetxek dira iturririk nagusienak: lurreko materia bizia ta gatz mineralak. Zatza ta "humus" dira lurrari nitrojenorik geien emoten deutseenak. Baiño ongarri onek berez emoten deutsen ongarria ez da neikoa. Orregatik utsune au betetzeko nitrojenozko ongarri mineralak emon bear jakoz. Ongarri mineral nitrojenozkoak, nitratozkoak ta amoniakozkoak izan leike. Nitratozkoak errez urtzen dira, eta bear dan moduan aprobetxatu barik, urak eroateko arriskua daukee.
FOSFORO: Nitrojenoak landareak azi egiten dabezala esan dogu. Fosforoak barriz indartu egiten dauz. Ongarri onegaz asetako lurreko frutuak, oso aundi ta mardulak izan ezta be, alimentu geiagokoak dira, gozo ta indartsuagoak. Eta frutu oneek alimentutako persona ta ganaduak sanoagoak. Lur onetako landareak gaxoak ez dabez ain errez jo ta ondatzen.
POTASA: Fosforoa lakoxea da au be lurrarentzat. Orrek be obeagotu ta indartu egiten dauz. Landare bigunak dagozen lekuan, potasa gitxi dagozan señalea. Au ez da edozelan urtzen, baiña onetatik be lurrak asko gastatzen dau, batez be lurpeko landareak, zanaori, patata, ta abar.
KAREA: Karea lurraren gozagarri ez ezik, landareen janari gozo be bada. Kare gabeko lurretan landare kaxkarrak izango dira geienetan. Baiña kontuz erabilli bearreko ongarria da karea: kare geiegiak ainbeste kalte egin leioke lurrari, orregatik lurra ondo ezagutu bear da karea bota baiño len. Eundik amar kararri daben lurrak kare gitxiegi daukee; eundik amarretik ogeira dabeenak, karetuta izan leikez; eta ogeitik gora dabenak neiko kare daukee. Ongarri au oso bearrezkoa da lurrarentzat.
(Goiz-Argi-tik)
"Ezkondu ta listo". Sarri entzuten dogun esaera okerra. Gaurko egunotako liburu asko leidu ezkero, auxe berau pentsau leiteke, ba liburu orreetan ezkondutakoan problema guztiak konpondu-ta geratzen direala esan geinke.
Ezkontza meta bat ala bizi modu barri baten asiera ete da ba? Meta izan daitean problemak be konpondu-ta itxi bear leukez. Baiña danok ondo dakigun lez, ezkondu ta gero problema aundienak eta garratzenak sortuten dira.
Meta moduan artu ezkero, bizitz oso baten meta bezelan be ezin leiteke izan. Geien-geienez, ezkongai denporaren meta. Ezkontza, ba, bizi-modu barri baten asiera baiño ezta. Ezkontza Sakramentu bat da. Sakramentuak zeozertarako indarra emon bear dau, ta Sakramentu onetan, senar emazteak bakotxak bere ta biek euren perfeziñoa lortzeko indarra.
Indarra zeozerren asieran ezartzen da, orixegaitik Sakramentu au bizimodu forma barri onetan be. Sakramentu orren bitartez senar emazteak egunero ta batasun aundiagoan bizi bear litzakez, egunero "ezkonduago" bizi.
Ta "ezkonduago bizi" edo "batasun aundiagoan bizi" izateak zer esan gura daben klaru dago: alkar benetan maite izan, bata-bestearen perfeziñoa topau, bestearen nekeak osatu, esate baterako, geuk geure buruaren alde egiten doguna beste geure ondoko orren alde be egitea, Jaungoikoaren amodioarren.
Ezkondutakoan pozik geure bizitza igaro nai badogu, ezkon aurretik zera geure begien aurrean euki bear dogu: beste geure lagun orren gorputz dotoreagaitik ezkontzen bagara, laster dotoretasun orregaz kantzau ta beste politagoren bat topauko dogula. Geure lagunaren biotza nai badogu, biotz orretan edan gura doguzan gozotasun orreek laster agortuko direala ta beste biotz baten billa asiko garala.
Benetako ezkontzan, biak, bakotxa, bere arima bestearen arimeagaz Jaungoikoagan bat eginda, bestearentzat iñoiz agortuko eztan iturri biurtuko dira. Ba, ondo dakigun lez, Jaungoikoaren laguntza barik laburrak dira geure almenaren zabalerak.
Bata bestearentzat benetan baliotsu, naiz gorputz naiz arimaren bizitzan, izan gura badozue, derrigorrez ezkontzako Sakramentu ori zeuon bizimodu barri orretan bizi bear izango dozue. Orduan biok Jaungoikoagaz bat eginda biziko zarie ta biok alkarregaz, ba Jaungoikoarekin bat eginda dagozanak alkarregaz be derrigor bat egin bear dabe.
Egia ez da iñoren monopolio. Egia osoa ez baiño guztiok daukogu egiazko zeozer. Egia zati bat. Esplikaziñoa? Erreza: Egia, biribilla dala esan daikegu, konparaziño bidez. Ara, pelota bat lakoa. Konforme? Guretariko bakoitxak alde batetik begiratuten deutsa pelota orreri bai, ta, jakiña, parte axe bakarrik ikusten dau. Axe bakarrik. Beste aldekoa ez, ezin daualako orraitiño. Egia osoa ikusi aal egiteko, pelota guztia ikusteko, ortarako, bakoitxak beste guztien begiak euki bear leukez. Eztok kondiziño makala, e! Ta, lortu lei. Ta ez ain gatx, gaiñera.
Beste guztien begiak euki daiketazala nik? Bai, ba. Zelan? —itaunduko deustazu nunbait—. Ba-daukagu bide bat, bide bakarra, bearbada. "Pacem in Terris" enziklikak borondate oneko gizon guztiori eskatuten deuskuna. Ara: alkar-berbaketa.
Eta ain zuzen, auxe da gure artean ia oso-osorik falta dana. Bai gu gizonon artean, ta bai agintari ta menpekoen artean. Bearbada, ez gagoz ondo prepareta. Berbada. Baiña seguru, ez deuskue okasiño asko askorik be emon goikoak. Ezin ukatu ori. Ez deuskue okasiñorik emon prepareta ez gagozalako, eta ez gagoz prepareta okasiñorik ez deuskuelako emon. Zer egingo dogu, ba!
Gizonak, gizon danez ain zuzen, bere deretxoak ta bere eginbearrak daukoz. Asko. Orretariko bat auxe: egia-billaketa. Gizonak, edozein gizonak ori, eztauko egia billatuteko deretxoa bakarrik, ez. Obligaziñoa be ba-dauko-ta. Ara "Pacem in Terris"ek zer diñoan au dala-ta: "Egia billakerako libertadearen eskubideari, egia ori egunero zabalago ta sakonago billatuteko betebearra jagoko." Betebearra, ba. Garbi ta argi dakusgu emen auzia.
Eta deretxoa be bai. Eta guztiok diñogunez, xedea —azkena— lortuteko deretxoa daukonari, medioak ipiñi bear jakozala, atara orain kontuak. Eta medio bat —bearrezkoa, derriorrezkoa— alkar-berbaketa da, dudarik barik. Dialogoa. Ta ortarako entzuten ikastea dogu bearrezko. Gatxa da, ori bai, baiña zer egingo dogu, ba, bearrezkoa da-ta...
Guztiok daukogu entzunak izateko eskubidea. Goikoak ta beekoak, ugazabak ta biergiñak. Agintariak ta menpekoak. Onekin demokrazia ulertu gura badozue, ulertu. Or konpon. Ori zeuen kontura. Beintzat, ori bearrezkoa dogu dialogoa euki daigun. Ostantzean ako egia izango litzaken bein HOAC-ko Boletin-ek iñoana:
"Gizartean nonork egia espresatu ezin daikenean eta edozein oker edo guzur askatasunez ezin daitekenean konbatitu, orduan gauzak ezin dira ondo joan."