ANAITASUNA

X URTEA N.º 109

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

Urtarrilla (1) 1964


Aititatxo

Urte barri on guztiori!!!

Urte barri bat asi da —1964-na— eta garai onetan oso atsegin jat zuri begiratzea. Eztakit zergaitik. Istillu gorrian nago benetan, zer egin edo ze asmo artu jakin eziñik, baiña... zugan aurkitu ez ote dot aurkituko ain bearrezkoa dotan bakea? Ez ote deustazu erakutsiko ibilli bear dotan bidea? Zuk daukostazuzala dirudit une onetan idoroten nabillan erantzunak.

Naiz nik amar edo amazortzi ala ogeta-bost edo berrogeta-amar urte euki, zu ni baiño askozaz zarragoa zara. Bai. Ezaitut ondo ikusten; onezkero, barriz, oso zimurtuta egon bearko zara eta zure negar malkoak guztiz legortuta eukiko iozuz. Urteak ez dira alperrik igaroten...!

Baiña,... non, aititatxo, non aurkitu dozu zure ezpaiñetan eta zure begietan agertzen dan irribarrea? Lurreko bazterren batean topa ote dozu? Diruak emon deutsu? zure besoen indarrak? Aa! Zure irudiak dirdiratzen dauan bake goxoa...! Esaidazu: nora begira zagoz? Aurrera edo atzera? Bide-ertzean jezarrita ikusten zaitut, apal-apalik —zure eskuetan bastoi lagun bat dozula— niri begira. Baiña, non nago ni? non ikusten nozu zuk, aititatxo? zure aurrean ala zure zure lepo-aldean? Nora begira zagoz? Esaidazu.

Bardin jat. Bardin entzun eta ikasi daiket zure erantzuna ta berbea. Zure atzetik banator, ortxe zagoz zu baketsu nire zain, adorea ta itxaropena sorterazten nire barruan. Zugandik urrun banago be ez deust ardura, bide zuzena daroat-eta. Ba-dakit: nekatu egingo naz —zu be nekatu egin zara—; zimurtu egingo naz —zu be zimurtu egin zara—; oro zartuko naz —zarra bai-zara—; baiña... beti, beti gura dot jarraitu zure irribarre ta zure bakeaganaiño naroan bide goxoa.

Eta zure aurretik banoa, obeto. Iñoiz ez neban uste izango baiña zure begi bigun orreek diñoste nik orainarte egindako guztia ondo egiña dagola ta ez dotala izan bear ezeren bildurrik. Nire gaiztakeriak? nire gorroto ta zikinkeriak? Ez ote dotaz egin? Bai... baiña zeuk garbitu deustazuz guztiak. Benetako bakea —zure bakea— aingeruak agindutako bakea da-ta.

Eskerrik-asko, aititatxo! Urte barri bat —1964-na— asi dot, baiña ez naz iñoiz aztuko zure irudiagaz. Biotzean zaroadaz eta aurrerantzian ezin izango dot nire odola isuri zure irudia dirdiratu barik.


Zertarako alkartuten zarie zuek, gazteok?

 Mundu onetan gizonik eta emakumerik geienak ezkontzara doaz. Zertarako doaz Sakramentu orretara? Alkarrekin bizitzeko. Eta, zergaitik alkartuten dira? Zertarako alkartuten dira edo —obetoago esan-da— zertarako alkartu bear dira?

1.—Alkarregaz bat eginda Jaungoikoari obetoago serbiduteko

Mundu onetan danak ez dira ezkonduten; batzuk apaiz, beste batzuk monja, beste batzuk munduan solteru, t. a. geldituten eta egiten dira. Baiña, mundu onetan gagozan guztiok, zuk, gazte maite orrek, eta nik, zuretzako idazten nagoan fraile onek, Dakar-era joan ziran arraintzaile areek eta Japoi aldeko lur aretan Kristo-ren Barria zabalduten dabiltzan euskaldun misioneru areek, danok, eginkizun aundi bat egin bearra daukagu mundu onetan, Eleizaren barruan. Geure bizitzaren bidez, geure eguneroko "kolore" bageko bizitzaren bidez geure arima salbatu, eta geure arima salbatuz, mundu zabal onetan dagozan beste milla ta milla arima salbatu; eta, geiago oraindiño: arima guztiak salbatuz, Jaungoikoari Aintza emotea. Auxe dozu, irakurle, eguzki ta illetargiaren azpian bizi diran gizon-emakume guztien eginkizun BAKAR BAKARRA!

Baiña, eginkizun au egiteko, bakoitzak, libertade osoagaz, bakoitzarentzat bidea aukeratu bear dau. Ona emen "bokaziñuaren" sustraia.

Ezkontzara doazenak be eginkizun auxe egiteko doaz, edo... joan bear leukee; beste eginkizunik eztau. Baietz? Ezetz esango deutsut, eta segurantza osoagaz! Ezkontzara ezin daiteke joan "jun por jun" esan oi dan moduan; ezta ezin daiteke joan norberekeriaren (amor propio) gosea asetzeko be, ez! Ezkontzara doazen gazteak —eta bardin zarrak— alkar batu ta Jaungoikoaren naia, mundu onetan dauken eginkizun bakarra obetoago beteteko doaz. Apaiz batek, monja batek lelengo Jaungoikoarengan joan bear dau zuzen zuzen, mundu onetako gauza ta personetan gelditu bage; eta Jaungoikoarengana eldu ondoren, Jaungoikoarengandik barriro mundura, mundu onetako personeengana jetxi bear dau. Ezkontzara doanak, ostera, lelengo bere ezkon-lagunarengana, gero biak bat batera Jaungoikoarengana joateko. Ezkontza, bada, alkar-batu ta alkarbatasun onetan Jaungoikoa obetoago serbiduteko da. Ezkonduten diranak biak joan bear dabe bat batera Jaungoikoarengana. Jaungoikoarenganako bide auxe obetoago topatuteko batu dira.

2.—Semeak asi ta eziteko

Benetako karidadeak norberarengandik asi bear dau; alan esan oi da, eta ondo esanda dagoala esango neuke. Lelengo norberaren arima; gero bestearena. Baiña, zorionez, norberaren arimaren preokupasiñua —benetako preokupasiñua bada beintzat— lagun aurkoaren arimaren preokupaziñuaz batera doa.

Goratxuago esan dogu: mundu guztia, mundu guztiagaitik preokupatu bear da. Ezkonduak be mundu guztiaren salbaziñuagaitik preokupatu bear dira. Baiña, ezkonduak, geienak beintzat, mundu zabal onetan euren aparteko "landaratxuak" daukez kargututeko, euren seme-alabatxuak; onexek dira ezkondu batentzat mundu onetan lelengoak; gero etorriko dira besteak.

Ezkondu batentzat ez da naiko norbera ta norberaren emaztea edo senarra salbatutea, ez; ez da naiko norberaren joera billatu ta aurkitutea. Ezkonduak —geienetan beintzat— ondorengoak daroaz. Ezkonduak, benetan jokatu gura badau, bere joku orretan bere semeak be kontuan eukiko ditu, edo... euki bear leukez. Ezkondu batek bere persona, bere burua ikusten dauan bakoitzean bere emaztea (edo senarra) eta seme-alabatxuak ikusi bear dauz bat batera; ezkondua ez da bakarrik bizi mundu onetan!

Eta, zeintzuk dira, ba, ezkondu batek bere seme-alabeekaz daukozan obligaziñuak? Bi dirala esango neuke: a) seme-alabak bear dan moduan astea, b) seme-alabak bear dan moduan ezitea, edukatutea.

Gazte, ezkontzara joatea ez da "cásate, y tendrás hijos" esatea! Semeak eukitea da gauza bat; eta, SEMEAK ASI TA EZITEA da beste gauza bat!

Ezkondu baiño len pentsatu, gazte, nora zoazen eta "zertara zoazen"...


Itxasoan. Apaiz santu bat

Bere bierrak:

* Arraintzaleeri lagundu gorputz eta animaz

* Erosle ta saltzailleen ateko tratuak arteztu

* Bizitzari bigun bat emon

* Gizonak izaten erakutsi

Ille onen 17-tik beatu bat geiago dogu Elizan —geure artean— Eliza geu garan ezkero. Romano-tar Bixente, bere izena.

Torre del Greco-n jaio zan, Itali-ko itxas ertzean dagon erritxoan, 1757-gn. urtean. 1831-n il zan. Geroago, Sta. Cruz-ko parrokua.

Jaio be, itxasorako jaio zan. Umetan, bere begiak artuten eben guztia, arimaren barnerarte sartun jakon: mariñelen ibillaldiak euren izerdia bekokietatik dariola. Itxasoko kresalagaz baltzamotu ta gogortutako arpegiak betiko egin eben abia bere kontzientzipean.

Umea, errukitsua, biotzbera da izan be bere txikitasunetik urten arte. Orregaitik, gure gaurko itxas gizon doatsua be, umetarakoan, negar egiten ekian eta askotan saminduten zan iñok ezer esan barik, bere erriko gizon areen bizitza, ezbearrez beterikoa, ain biziro bizita.

Bere biotzak, galerna egunetan, ariñeketak egiten ekian. Baiña, olan da guztiz be, itxasoa, bere gorputz-arimaren beste erdia zan eta bere bizitza, dan-dana, itxasorantz kaideratua egoan.

Oraindiño umea, baiña azitxuagoa zala, patroi ta arraintzaleen arteko artu-emon desbardiñakaz enteratu zan. Legearen ausiketa ta bakoitzaren probetxua lenengoko gizonagaz jaio ziran lez, emen be eziran faltatu arraintzale ta erosleen arteko tratu lotsagarriak, eta gizaseme errukarriak, diru bearrez, galbidean ebiltzen beti. Arraintzaleak galdu ta erosleak irabazi.

Kustiñua olan ikusita geiago eziñean, itxasoko gizon anaieri —apaiz (abade) eginda gero— bere bizitza guztian lagunduteko asmo sendoa artu eban.

Esan eta egin. Abade egin da mariñelakaz batu zan. Lenengo euren mixeri materialetan sartun zan gogo betez, gorputz eta arimaz ekiñetan. Geroago, euren espirituzko, barruko mixeriaren urdiña, Kristo-ren borondatearen orioagaz bigunduten asi zan.

Itali-tik Afrika-ko itxas ertzeetara joaten ziran arraintzale areek koraletan, illa luzeetarako. Geure apaiz doatsua be an joian eurekaz. Euren batel zabalaren lepoan emoten eban meza. Jaungoikoari eurekaitik errukia eskatu; euren erri-miña osatu; ta euren Jaungoiko egarria ase.

Eta batez be, GIZONAK egin, gizon osoak izaten erakutsiz: gorputz eta arimaz.

Gaur, negargarriz, gure arteko itxas gizonetako askok, arimea manda batera bota dabe. Kontuan artun daigun:

Gizona gauza bigaz egiña da, gorputz eta arimagaz; bien egarriak bete bear dira gizon osoak izatekotan.


Estiloa markatu

Gaur kristau bizitzan jokatzea era edo estilo bat markatzea da. Estilorik egiten ez dabezan kristiñau asko badira, bai seguru; ta beraz, kristautasun barne bat barru-barrukoa gaurko anbientiaren aurka dago.

Gaurko anbientian fenomenu ikusgarri bat señalatu geinke: baten bat Opus, edo Kursillista, ala au edo a ezpada, mamiko kristaua eztala sumatzen dogu. Ezarri daigun betiko: Jesukristok Sakramentuek itxi euskuzan gure anima bizitzako garaje, gasolinera edo fabrikatzaz. Ganerakoak, Jesukristoren doktriña, mami te muin guztian, gure bizitzan ezarteko, lagun-bideak besterik eztira.

Zutana edo mengana kursillo batera eldu dala-ta, bereala, Kursillista sanbenito ori ipintzen deutsagu. Eztogu ondo jokatzen orraitiok... Kursillo orren bestebearra bakotxak daukan bide edo misiñoa argitaratzea besterik ezta. Ta ziur, misiño ori betetzea arlo nagusi ta bakarra mundu onetan. Kursilloa, barriz, ezta kristau bizitzaren sustrai ta oñarria. Jesukristo eta bere Sakramentu bizitza, orra gure oñarri trinko ta sendoa.

Alan jokatzea, ESTILOA MARKATZEA baita. Zer dala ta? Onelan gure bizitza bear dan seriotasunean artzen dogulako. Edozein enpresa edo negozio kontuetan galdera onek egiten doguz: "ZER, ZELAN, ZERTARAKO". Arrazoi beraz, geuk, geure kristau bizitzaz egin bear geinkez...

ZER jarraiten dogu? Kristautasuna gugan ta projimoengan zabaldu.

ZELAN? Apostoladu bizitzaz.

ZERTARAKO? Mundu onetan garan bitartean Zeruko Aitagana geure begiak jaso daiguzan, gure projimoen arpegietan itxaropen ta poz irribarrea erneminduz.

Jesukristoren Ebanjelioa ondoraño gorde nai dauan kristaua sarritan askoren labanarri izango da, ta beste askoren itxaropen argi; baña Kristo oneekin ezta lotsatuko.

Egun illunetako Teolojia, Jainkoaren seme ta Zeruko Erreiñuaren jabegai sentitutia, au da ESTILOA MARKATZEA. Gañerakoak, gatz bako panparronadak eta bonba atomikoa baño gauza inportanteagoakin jolas egitea dira: KRISTOREN ODOLAKIN JOLAS EGITEA.


Erri santua

Elizak bere izate sakonena eta bere bizitz kutunena eralgitzea nai dau eta lasterren eginkizuna bailitzan legez. Eta Vatikano II-tik atara daben lenengo alea Liturji-eskema izan da.

Gizonaren salbaziñuak Jaungoikogan dau aurrenengo asikera. Berez, gizona bere burua galtzeko baiño ez da. Jaungoikoak erabaki dau gizonagan jetxitzea eta gizona bereganatzen, eta erabaki be bere Borondatearen lerroan. Eta gizoneri azaldu jakun legez, Borondate orren bideak ez doaz gizonak banakan-banakan eta bananduta legez salbatzera, baizik erri bat sortutzera, erri bat —"bere erria"— gertutzera. Salbaziñuko Jaungoikoaren joerak, erri batean eta erri baterako nai ditula gizon guztiak ziurtzen deusku. Erri batean ipiniko dau Jaungoikoak gizona eta orixe izango da bere salbaziñua.

Ian Lege Zarrean, erri bat aukeratu eban Jaungoikoak beretzat. Israel izango zan "bere erria", bere "zatia", bere aintza zainduko ebana, bere begi-ñiñia legez maitatuko ebana. Israelen, erritar danez ez bada, ez dau gizon bakotxak parterik izango Jaungoikoak agindutako ontasunetan; legez, fedez, odolez, t. a. israeldarra ez dana, jainkozko bizitzatik aldenduta dabil.

Lege Barrian, Jaungoikoaren asmoa ez da aldatu, bete baiño. Aurreko Testamentuan erri bat bai-eban aukeratu Jaungoikoak, oraingo errian bete ditu bere gurariak. Eliza da orain "Jaungoikoaren erria", eta kristauok bere erritarrak. "Erri" au santua da, munduan Jaungoikoak daukan "zati banandua", bere irabazi eta garaitza, berea. "Erri" onetan bakarrik aurkitzen da salbaziñu guztia: bertan parterik ez dauanak, ez dau parterik Kristorekin be, zerren Kristoren Gorputza dalako. Kristo da izan be, "erri santu" batean bildu gaituana, eta bere izenean alkar-batzen garanean, an dago Bera be gure artean.

Eliza, bere kultuarako Jaungoikoak aukeratu dauan "erri santua" da. Eta benetan, auxe da Jaungoikoak kristauekin egiten dauana be: aukeratu, elizaratu, bere kultuarako. "Baiña zuek, sengi apartaua zaree, benetako apaizak, naziñu santua, ilunpetatik argi arrigarrira deitu zaituanaren almenaren barri zabaltzeko aukeratutako erria". (I Pe. II, 9). Eta au Liturjian jazoten da. Liturjia, Elizaren santifikaziñu eta kultuaren agerpena eta aitorra da.

 Gure eginbear guztia "Jaungoikoaren erria" garela gaiñean bizitzea da. Au da, Elizaren santifikaziñu eta kultua barru-barruan bizitzea, ernai eta arduraz.

Au da Konzilioak eskatuten deuskuna be Liturji-eskema gure eskuetan ipiñiaz.


Ta..., jarraitu daigun burrukan

 Ixtoriari begikera txiki bat. Erromatarrak mundua oinperatu eben. Alejandro Nagusiak eta Napoleonek beste orrenbeste egin eben. Gaur munduak komunismoaren bildurra dauko.

Egikera oneen bitartean urte asko sartu arren, ari arrigarri bategaz lotuta dagozala esan bear. Benetan sustrai batetik erne ziran. Ta bear-sustraia eurena. Izan be izerdiaren gainean altsa izan dira. Jakiña da erromatarrak euren lejioak astinduten saiatu zirala; ta ondo dakigu Alejandrok eta Napoleonek zelan entrenatzen ebezan soldaduak: autsa atara arte instruziñua erasoz. Komunistak, barriz, plan kinkenalak zirala-ta, 16 urte sartuten ebezan biarrean.

Emendik zenbat-gura ikasi geinke baserritarrak. Bildur denboran gabizala esan geinke. Baztertuta geratuko ote garean, bildur; okelea edo esnea merkatuko dala-ta bildur; semeen edukaziñua eskaxa dala-ta, bildur. Seguridadea gura dogu, jaso-naiaren atzetik gabiltz. Ta zelan jaso? Bear ta izerdiaren bitartez; ez dago beste biderik.

Kemena da lenengo bear doguna. Naigabeeri ta etorkizunari zutunik eta anka biakaz lurra zapaldurik itxaron. Mundu guztiari arpegia ta agiñak erakusteko prest egon. Ta etorkizuna ondo ikusi ondoren, eskuak biarrera. Orrela obeagotuko dogu gure bizimodua.

Ez da naikoa kemena. Asmoak lortu ez dabezan biargiñ asko izan dira. Ez dabe irabazi beti biargiñ aundienak. Izan leiteke leoi baten kemena eukitzea ta, ipuin batek diñoskun, lez, eltxo baten durunduagatik iltzea. Nekatzera joatea, galtzea da. Bear bearrezkoa, ba, buruagaz jokatutzea. Adimenez indartsuak izan bear gara. Au da baserritarrak egin bear dauana: gizoneri diplomazia ipiñi ta bizitzako gorabeeri abilidadea, azkartasuna. Ta orretarako semeeri eskola geiago; gazteeri edukaziñu obeagoa.

Baiña oraindiño ez da naiko. Kemena ta azkartasuna ez dira naikoak. Derigorra iaku luzaroan ta beti ekitzea. Iraupenaren bearrizana dago. Ekin beti iñoiz jausi barik, arnasa artu barik, gura doguna lortu arte. Ez gaur bai ta biar ez; beti bai edo beti ez baiño. Baserrietan, zimeldu egiten ez dan kemen bat gura geunke. Ederto erakutsi euskuen au gure aurrekoak; garai txarretan be irabazteko itxaropena aiek.

Kristiñauak garean eskero barriz, bear egiteko zenbat gura erazoi daukoguz. Lege Zarrean arkitzen da bekokiko izerdiagaz irabaziko dogula eguneroko ogia. Ta begira Kristori: arpegian, bularrean, besoetan; nainon biargiñen antza. Etzan etorri Lege Zarra austera, betetzera baiño.

Mundua bide onera itzultzeko biarra gauzarik onena. Biarraren bidez Kristogaz batutzen gara mundua salbatzeko.

Bizitza Zerua irabazteko burruka bat dala. Burruka-tokia, barriz, bakoitzarentzat diferentea; arerioak be diferenteak; erabilli bear doguzan armak be diferenteak.

Baserritarrak ba-dakigu non daukogun burruka-tokia: Baserrian. Ta bai ze arerio dan gurea be: atzerapena. Ona emen erabilli bear doguzan armak: adimena, kemena ta iraupena.

Egikerak, gizonak eta makiñek erabiltzen dakiezan gizonak izan bear gara baserritarrak.


Errezo gitxi. Biar asko, baiña... baiña zer?

¿Beti brometan?

Ez orixe orraitio. Zuk gosia daukazunean eztozu pentzetan brometako gauzetan, ogian baiño. Itxoten zagozanean, eztiñozu aizea txistua joteko dala bakarrik. Ogia eta aizea gauza inportanteak dira, ezta? Orixe berberoi da otoitza be, lagun maitea. Iñok ezer esaten ezpadeutzu otoitzarengan, praileen edo alperren gauza bat dala uste dozu. Ez. Milla bider, ez.

¿Tentaziñoak? ¿Burrukak? ¿Arriskuak? Eta ezta esaten beste gauzarik gero gaur! "Otoitz egin tentaziñoan jausi ez zaitezen" —diño Jesusek—. Baekiazan Kristok ondo orraitio gizonen gauzak, ondo ezagutzen gaituan! Eta kasorik ezteutsagunean egin nai, "belarriondoko eder bat" emoten deutsagu gure buruari.

Begiratu Apostoluei; Maixuak esaten deutse: "otoiz egin, ba-dator arerioa". Apostoluak, lo. Eta gero, zer? Anka, Jesusengandik! Eta zuk?

Jaungoikoaren legea ezin leike bete, bere laguntzaren grazi aparteko bat izan ezik. Eta otoitzagaz emoten dau Jaungoikoak grazi eder ori. Eta zuk, gizontxu orrek... ¿aoa iregi barik bete nai dozuz Jaungoikoaren legeak? Kostako jatzu! Eta gero, ¡datorrela datorrena!

Zure barruan pregunta bat ikusten dot: baiña zergaitik egin ebazan Jaungoikoak onelan gure beraganako gauzak? Berak orrela nai ebalako. Eztago beste erantzunik. Berak, gure munduko gauzak beste era batera egin leikeazan. Baiña ez... Kristok gerrea nai dau, eta gerra ortan ezagutuko dau ia zelakoa dan gure beraganako amodioa eta zintzotasuna.

Gure espirituzko bizitza ezta bakarrik zaintzen pekatuan ez jausteaz. Santutasuna jaso bear dogu; baita Jaungoikoaren jakintzan be aurreratu bear dogu. Bestela, solo eder bat erostea eta gero bertan ezer ez egitea izango litzake. Eta otoitza da gure solo eder ori.

Askotan diñozu: "Sinismen gitxi daukot-eta..." "Aaa, gaurko mundua be txarto jak-eta..." Eztago aitzakirik. "Otoitz egin tentaziñoan jausi ez zaitezen". Mundua txarto dago —diñozu eta egi biribil bat da— baiña ¿zeu zelan zagoz, zeu, zeu?

Eztozu gitxi egingo Aitagure bat errezetan asteaz. Umekeri bat dala? Bai? Ba ortik asi bear da. "Umeak lakoak egiten ezpazarie, etzarie nire erreiñuan sartuko" —diño Jesusek—. Or konpon!


Bierrak zer dakarsku? Poza ala tristetasuna?

 Baten baiño geiagotan emon iakoz itaun oneri erantzun guztiz desbardiñak, Oraingoz, iritxi bi diferentienak ikusirik, egiazkora joko dogu. Kristianismuak emoten deuskunera, esan gura dot. Kristianismuak emon daikioe problema guztieri soluziño egiazkoa-ta.

Lenengo iritxikoak, sozialistak dira. Onek, UMEKERIZKO OPTIMISMUAK eroanik, bierra pozaren iturria dala uste dabe ta gaur egunean gatxa ta neketsua dala ikusten badogu, ba errua kapitalisteri bota bear iake. Jakiña.

Beti dagoz amesetan: lur ontan Paradisu bat egin daitekela uste dabe. Eta Paradisu ortan gustora, alaitasunez ta pozarren egingo leikie bier gizonak, diñoie. Uste berauxe dauko Stalin-ek, esate baterako, ta iñoiz esan be egin eban: "Bierra, entusiasmoa da". Kontxo! Bai e? Gabaz, ba, amesetan egin lei, baña egunez egitea be orraitiño!

Beste iritxi puntakoak dira diñoenak gizona ezin izango dala iñoiz libratu bierrak daroian neke ta garraztasunetik. Gizonak beti ibilli bearko dau Jainkoak Paradisuan emondako kastigupean: beti ozka, beti negarrez, kantseta beti. Olan ikusten dabe ikusi bierra NEGARTI PESIMISTA asko ta askok eta euren artean XVII-garren gizaldiko jansenista batzuk. Asko da ba! Nun ete daukez begiak gizon onek, nun? Ze uste dot neikoa dala begiak arpegian eukitea, gauzak eztirala olan ikusteko!

Zoluziño zuzena ta benetazkoa Kristianismuak damoskuna da, noski. Kristianismuak, amesetan gabaz bakarrik egiten daualako ta begiak aal dan zabalen daukezalako. Orregaitik, bierraren alaitasuna ta bierraren neketasuna, biak ikusten ditu. Ta diño, ba bierra poza ta miñaren naaste bat dala.

Zergaitik dan miña?

- Nekea, jatorrizko pekatuaren ondore edo konsekuentzi bat dan ezkeroz.

- Kendu ezin dan indarka edo esfuerzo bat daroalako beti beragaz batean. Baña indarka ori kendu ezin bada be, gitxittu egin daiteke beintzat.

Zergaitik poza?

- Gizonaren fakultate natural sortzailleak azi ta obetu egiten diralako.

- Betebear bat egiten dalako.

- Berari eskerrak lagunurkoak zoriontsuak egiten doguzalako.