Santi Onaindia Larreako komentuaren atarian 1989an, Jose Antonio Arana Martixa eta Juanjo Zearretarekin.
Euskal literaturarekin maiteminduta
Koldo Mitxelena bezala, gerra egindakoa zen (gudarien kapilau gisa), Santoñan preso hartua eta, ondorioz, kartzelan urte batzuk emandakoa. Asko sufritutakoa. Eta makina bat lan egindakoa euskararen alde, batez ere literaturaren alorrean. Baina euskararen batasunari dagokionez, Arantzazuko erabakiak ez zituen inoiz ere onartu eta Euskerazaintzara lerratu zen.
Hala eta guztiz ere, 1964an osatu zuen txostena irakurrita, inork gutxik igarriko zuen nola joango ziren gauzak ondoko urteetan.
Onaindiaren txostena (ABA-EUS 1.100.01.1964-11, KEA-0034)
Txostenaren iruzkina
Santi Onaindiaren memoriak irakurrita (Oroi-txinpartak, 1988, 110-116. or.) sorpresa bat hartzen duzu 1964ko txostenaren aldean: txosten hori oso aldekoa da! Puntuz puntu aztertzen ditu Baionako erabakiak eta inon ez du eragozpenik ikusten. Are eta H-aren gaia tratatzen duenean ere, argi eta garbi dio “Euskal Idazkaritza tajuz eta neurriz ibilli dela puntu onetan”.
Urte batzuk geroago azaleratuko ziren zailtasunak, apika, txostenaren hasieran daude, non aldezten duen Euskaltzaindiak momentuz (eta epe luze batean apika) ez duela araurik eman behar.
Onaindiaren txostena: lehen paragrafoa osorik (ABA-EUS 1.100.01.1964-11, KEA-0034)
Testua
“Bi oiñarrizko gauza daude agerian, aurren-aurrenik, ene iritziz. Bata da bear-bearrezkoak ditugula nolabaiteko arauak eta ereduak euskera idatzian eta landuan, gorengo maillan beintzat. Bigarrena, obe dugula, oraingoz, orrelako arauak eta ereduak Euskaltzainditik kanpora eskeintzea euskal-idazle eta izlariei, geroxeago, geientsuek beren lanetan—ez itzez, baizik egitez—onar ditzatenean, Euskaltzaindiak ere ahal dezakean indarrez bere lege biur ditzan” (Santi Onaindia, 1964ko azaroa).