Basque éclair aldizkariak 1964-08-31n argitaratutako argazkia.
Testuingurua
1963ko udazkenean hasita zortzi hilabetez hainbat aldiz bildu ondoren, Baionako Euskal Idazkaritzak biltzar bat egitea erabaki zuen, abuztuaren 29 eta 30an gauzatu zena, Piarres Lafitteren zuzendaritzapean. Han hartutako erabakiak liburuxka batean inprimatu ziren eta garrantzi historiko handikoak dira, lau urte geroago Arantzazun hartuko zirenen aurrekari garbia baitira
Eskaltzaindiaren osoko bilkuraren batzar-agiria, 1964-10-30
Batzorde bat sortzeko erabakia
Baionako Euskal Idazkaritzak inoiz ez zuen ikusi bere lana Euskaltzainditik erabat kanpo edo, are eta gutxiago, haren kontrako proposamen gisa. Aitzitik, eragitea zen bere helburua, erakundea erabakiak hartzera bultzatzea eta bidea erraztea, baina beti ere aitortuz Euskaltzaindiaren gidaritza. Euskaltzaindiak, bere aldetik, Baionako erabakiak aztertzeko batzorde bat sortu zuen, lau lagunek osatua: Luis Villasante, Fernando Mendizabal, Koldo Mitxelena eta Santi Onaindia.
Batzar-agiriaren jatorrizkoa (ABA-EUS 1.100.01.1964-11, KEA-0034)
Batzordearen lanaren emaitza
Hurrengo hilean batzordeko lau kideek txosten bana aurkezten dute, Baionako Biltzarraren erabakiei buruz bere iritzia emanez. Santi Onaindiaren aipamenik ez da batzar-agirian jasotzen, baina txostena dosier berean dago, erakundearen artxiboan:
“Baiona'ko erabakien inguruan, iru iritzi irakurri dira: Aita Fernando Mendizabal'ena ez txit aldekoa eta Aita Villasante eta Mitxelena'rena, elkarren antzekoak eta, erabat esateko, erabaki horiek ontzat artzen dituztenak. Onezaz garbiago mintzatu bearko du Euskaltzaindia'k urrengo batean.” (Euskaltzaindiaren osoko bilkuraren batzar-agiria, 1964-11-27an)