Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

santutasun

iz. Pertsona edo gauza santu baten nolakotasuna; santuari dagokion izaera edo egoera. Elizak nonahi erakusten digu bere santutasuna. Frantziskoren santutasun miragarria. Hona noraino heldu zen San Agustinen santutasuna. Bekatuan dagoen ariman ez dago santutasunik. Santutasunaren bidea. Santutasunean bizitzea.

santutegi

1 iz. Santu entzutetsu baten irudia edo erlikia gurtzen den eliza edo lekua. Guadalupeko santutegira erromerian bakarrik eta oinez joan zitezela. Arantzazuko santutegia.

2 iz. Jainko pagano bat gurtzen den tenplua edo tokia. Greziako santutegiak.

santutu, santu/santutu, santutzen

da/du ad. Santu bihurtu; Jainkoari eskaini. Ik. sagaratu. Jaiegunak santutu. Ezkontzako sakramentuaren bitartez santutuak gelditzen baitira gorputz harreman horiek. Kristoren arima, santu nazazu.

santutxo

iz. Herri sarreretan eta bide bazterretan eraikitzen zen kapera modukoa, gurutze edo irudiren bat izaten duena. Nonahi gurutzeak; nonahi ermitatxoak, santutxo maiteak.

santutzaile

adj. Santutzen duena. Grazia santutzailea.

santutze

1 iz. Santu bihurtzea.

2 iz. Jainkoari eskaintzea.

santzo iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, santzo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zantzo].

saotometar

1 adj. Sao Tome eta Principekoa, Sao Tome eta Principeri dagokiona; Sao Tomekoa, Sao Tomeri dagokiona.

2 iz. Sao Tome eta Principeko herritarra; Sao Tome hiriburuko herritarra.

sapa

1 iz. Batez ere Ipar. Sargoria. Hauxe duk sapa!, nork iraun holako beroarekin! Erdi biluziak, suaren eta lanaren sapa bortitz hartan. Zer sapa, laino apal eta itsusi horien azpian! || (Izenondo gisa). Lurretik halako bero sapa bat ateratzen zen. Hango bero sapa eta itsaskorra!

2 iz. (Ile) multzoa. Ile-sapa beltz zarratua.

sapai iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sapai-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. sabai].

sapailo

iz. g.g.er. Balkoia.

sapar

iz. Laharra, sasia. Elorritik ez dute biltzen pikurik, ez saparretik mahatsik. Sapar zailari aihotz zorrotza (esr. zah.).

sapatsu

adj. Ileaz mintzatuz, ugaria.

sapelar

iz. Belar-landarea, hosto txikiak eta lore zuriak dituena (Stellaria media). Arbi artean erbia lo da, sagua sapelarrean. Gure baratzean sapelarra pilaka.

sarajevoar

1 adj. Sarajevokoa, Sarajevori dagokiona. Sarajevoar langileak.

2 iz. Sarajevoko herritarra.

saraldi

iz. Jorraldia. Saraldi bat emaiozu mahastiari.

sarale

iz. g.er. Abereen bazkatarako belar ondua.

sarasketar

1 adj. Sarasketakoa, Sarasketari dagokiona.

2 iz. Sarasketako herritarra.

saratar

1 adj. Sarakoa, Sarari dagokiona.

2 iz. Sarako herritarra.

sar-atera

iz. Ipar. Sartu-irtena. Sar-atera bat egin du elizan.

sarats iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sarats-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. sahats].

saratu, sara, saratzen

du ad. Jorratu. Garbitzen da soro bat aitzurraz lurra saratuta. Mahastiak saratzea.

sarbide

iz. Sartzeko bidea; sartzeko aukera. Leize-zuloko sarbidean. Sarbidea ireki. Paldoaren sarbidea olioztatu ondoan. Atzerrietatik datozen guztiei sarbidea eragoztea. Horixe uste genuen, behintzat, apaizgaitegietan sarbide urria izan dugun batzuek. Hizkuntzak ere sarbidea aurki dezake unibertsitate berri horretan.

sarda

iz. Itsasoan taldean dabiltzan mota bereko arrainen multzoa. Ik. gorri2. Antxoa sardak.

sardana

iz. Kataluniako herri dantza; dantza horren doinua.

sarde

1 iz. Gider luzea eta burdinazko bi hortz zorrotz edo gehiago dituen lanabesa, soroan eta ukuiluan lastoa, belarra, simaurra eta kidekoak jasotzeko edo biltzeko erabiltzen dena. Ik. bihortz. Sardean hartu. Sardea azpitik sartuz. Sarde beteka belarra zekarkioten mutilei. Makila eta sardez armaturik. Sarde kirtena. || Ibai horrek sarde egiten du, eta haren bi adarren artean bada zelai bat ederra eta guztiz aberatsa (Ik. sardetu).

2 iz. Sardexka.

sardeka1

iz. Ipar. Bi hortzeko sardea; urkila. Aska bat, bi zurezko zangoren sardekak jasaten zutena.

sardeka2

adb. Sardea erabiliz.

sardestar

1 adj. Sardeskoa, Sardesi dagokiona.

2 iz. Sardesko herritarra.

sardetu, sarde/sardetu, sardetzen

1 da ad. Bideez eta kidekoez mintzatuz, bitan banatu. Ik. adarkatu 2. Bidea sardetzen den lekura iritsi ginen.

2 (Era burutua izenondo gisa). Adar sardetua.

sardetxe

iz. Lau hortzeko sardea.

sardetze

iz. Bideez eta kidekoez mintzatuz, bitan banatzea. Laster heldu ginen bide sardetze batera... zein aldetara hartu?

sardexka

iz. Mahaiko tresna horzduna, jakiak hartu eta ahoratzeko erabiltzen dena. Zilarrezko sardexka. Zalia, sardexka eta aiztoa.

sardina

iz. Itsas arrain txikia, urdinxka, itsasertzetik gertu baltsatan bizi dena, jateko ona (Sardina pilchardus). Sardina sardak. Sardina-saltzaileak.

sardina zahar 1 Sardina gazitua. Legatzaren ordez sardina zaharrak.

2 Lgart. Guardia zibila. Ik. txapeloker. Mugara iristerakoan, sardina zaharrek, autobusa geldiarazi eta barrukoa ongi miatu ondoren, ardoa ezin zutela pasa adierazi zieten.

sardinzar

iz. Itsas arraina, sardinaren antzekoa, freskoa, gazitua edo ketua jaten dena (Clupea harengus harengus).

sardio

iz. Kolore arreko harri fina. Eta seigarren zimendua zen sardiozkoa.

sardoniko

adj. Sarkasmoa adierazten duena.

irri sardoniko 1 Med. Aurpegiko giharren nahi gabeko uzkurdura, ahoan irri-keinuaren antzeko imintzioa uzten duena.

2 Itxurazko irria, egiazko poza adierazten ez duena. Irri sardoniko bat egin zuen.

sardonize

iz. Agata horixka. Eta bosgarren zimendua zen sardonizezkoa.

sare1

1 iz. Hariak edo kidekoak gurutzatuz eta mailak osatuz egiten den ehuna. Sare xehea: harien artean bitarte txikia duena. Sare larria: harien artean bitarte handia duena. Sarearen mailak. Sareak eho. Sarea urratu. Burdin sareak. Bistako kontua da, baheen sarea era eta neurri askotakoa izan daitekeela. Tenis zelaiko sarea. || Ik. amaraun. Armiarma sarea.

2 iz. Arrainak, hegaztiak, piztiak eta kidekoak harrapatzeko tresna sareduna. Sarea uretara bota. Mota guztietako arrainak atzitzen dituen sare bat iduri du zeruko erreinuak. Sareak konpontzen ari zirela. Ehiztariak usoa bezala bildu nau bere sareetara. || Esr. zah.: Usoak joan, sareak heda. Sareak hurrago, arrainak estuago. Arrainik ez den urera ez bota sarea.

3 iz. Irud. Deabruaren sareetan erori. Azkenean erori zen Sanson Dalilaren sareetan.

4 iz. Sistema bat osatzen duten lerroen, bideen, hodien edo bestelako elementuen multzoa. Herrialde bateko burdinbide sarea. Bilboko autobus sarean. Komunikabide sarea. Internet sarea.

5 iz. Internet sarea. Sarean nabigatzearen arriskuen inguruko txostenak. Sarearen erabiltzaileen artean, % 16k bakarrik erabiltzen zuen euskara. Liburua sarean jarri dute.

sare sozial 1 iz. Interes, helburu, zaletasun edo premia berak dituzten pertsonek osatzen duten komunitatea. Adiskidetzarako sare soziala sortzea da Baketik zentroaren egitasmo nagusia.

2 iz. Informazioa trukatzeko eta partekatzeko Interneteko zerbitzua, erabiltzaileei beren idatziak, argazkiak eta kidekoak sarean argitaratzeko eta beren artean harremanetan jartzeko aukera ematen diena. Amaraunari begira jarri dira alderdi politikoak, webguneak berrituz, blogak sortuz eta sare sozialetan parte hartuz. Gaur egun, sare sozialen bitartez, jende askok argazkiak eta informazio pertsonala sareratzen ditu. Interneteko sare sozialen gorakada.

sare2

adj. Ehunez mintzatuz, sare itxura duena. Anton. tapitu; sarri. Izan behar duela estalkiak ez sarea, baizik tapitua. Mantelinak dira hain sareak, non gorputz guztia ikusten den mantelinarik ez balitz bezala.

sarealdi

1 iz. Sarea jaurtitzea.

2 iz. Sarean jasotzen diren arrainen, usoen edo kidekoen multzoa. Ik. sarekada.

saregile

iz. Sareak egiten edo konpontzen dituen eskulangilea.

sarekada

1 iz. Sarean jasotzen diren arrainen, usoen edo kidekoen multzoa. Ik. sarealdi 2.

2 iz. Polizia-ekintza antolatu batean hainbat lagun atxilotzea. Ohikoak dira AEBn etorkinen kontrako sarekadak. Sekulako sarekadak egiten zituzten poliziek, eta maiz atxilotu ninduten.

sareratu, sarera/sareratu, sareratzen

1 da/du ad. Sarera sartu. Sareraturiko arrain piloa.

2 du ad. Zerbait (testu bat, bideo bat, argazkiak...) Internet sareko guneren batean jarri edo argitaratu. Gaur egun, sare sozialen bitartez, jende askok argazkiak eta informazio pertsonala sareratzen ditu, non gordetzen diren edo noren eskuetara irits daitezkeen pentsatu gabe.

sareta

1 iz. Leihoetako itxitura mugikorra, gehienetan zurezko oholtxoz egina, argiari bidea oztopatu edo eragozteko eta hotzari nahiz beroari aurre egiteko jartzen dena. Leihoko saretatik argia sartzen zen.

2 iz. Burdinazko edo zurezko sare modukoa, gehienetan leihoetan jartzen dena eta kanpotik ikusia izan gabe barnetik kanpoa ikusteko balio duena.

saretu, sare/saretu, saretzen

1 da ad. Ehun batek, higatzeak eraginda, sare itxura hartu. Jertsea ukondoetan saretzen hasi zaio.

2 da ad. Hodeiez, lainoaz eta kidekoez mintzatuz, trinkotasuna galdu, mehetu. Gauean hodeitza saretu egingo da.

3 da ad. Sare moduan antolatu, sare bat osatu. Kultur giro bat saretzen lagundu zuen haren obrak. Euskara taldeen arteko harremana saretzen ari da. Kristautasunaren eta modernitatearen artean saretzen diren harreman korapilatsuak aztertu nahi ditugu.

4 (Era burutua izenondo gisa). Ama-alabek jantzi saretu eta adabatuak zerabiltzaten. Gizarte zibil antolatua eta saretua.

sare-sare egin Erabat saretu, mehetu. Bai, egia esan, ukalondoak ere sare-sare eginak dituzu.

sarezain

iz. Usoak harrapatzeko sarea zaintzen duen pertsona. Sareak sei dira eta sarezainak beste hainbeste.

sareztatu, sarezta, sareztatzen

1 du ad. Ipar. Pasaratu. Zure galtzak sareztatzen ari nintzen.

2 du ad. Sarea ipini, sarez inguratu.

sargazo

iz. Itsaso beroetan igeri dagoen eta Ozeano Atlantikoan eremu handi bat estaltzen duen alga (Sargassum sp.). Sargazoen itsasoa.

sargia

iz. Ipar. Sarrera, sarbidea.

sargori

1 iz. Eguraldi bero itogarria. Ik. sapa. Santiagoetan, sargoria beti. Dirdirak eta sargoriak airean argi ikara sortzen zuten. Gaurko sargori honekin ezin dinat lorik egin. Sargori egiten du.

2 (Predikatu-osagarri edo adizlagun gisa). Sargori da eta ez dute begiek alaigarririk gela mehar hartan. Sargori dago. Uda eta negu, hotz ala bero, sargori ala izotz.

sargoritu, sargori/sargoritu, sargoritzen

du ad. Sargori egin. Gaur sargorituko du.

sargune

iz. Sarrera, sartzeko gunea.

sari1

1 iz. Egin den lanaren, egintza onaren edo zerbitzuaren ordaintzat hartzen den ondasuna. Ik. lansari. Gure lanaren saria. Bere saria merezi du langile zintzoak. Galarazi badiozu otseinari soldata, beharginari alogera, mandatariari saria eta edozeini bere izerdia. Ongileari Jaunak zerua ematen dio saritzat. Bideko saria eta han lanera lotzeko behar zuten dirua emanik. Askotan hitz gozo bat nahiko sari genuke. Eta ondoren hartuko duzu zeure nekeen saria edo betiko bizitza. Jaunaren edertasun neurri eta mugarik ez duena izango da arimaren sari eta betegarria. Aginduz zeruko saria. Oscar saria. Pulitzer saria. || Lan labur horren sari, emango dizkiot beti iraungo duten zoriontasunak.

2 iz. Salneurria, zerbitzu batengatik ordaindu behar dena. Jokatu zuten gero afaria eta gau hartako ohe saria. Zenbat da bazkariaren saria? || Bazkide sariak, gehienak, ez ditugu jaso.

3 iz. Norgehiagoka batean irabazleari ematen zaion gauza. Sari banaketa batean. D. Agirre eleberri saria. Nobel saria irabazi dutenen prezioa behera doa. Sariak 200.000 eta 100.000 pezeta dira bi aurrenekoentzat. Bigarren saria irabazi zuenari.

sari2

iz. Indiar emakumeen ohiko jantzia, luzea eta pieza bakarrekoa. Sari gorri zilarreztatu batez jantzia.

saridun

iz./adj. Norgehiagoka edo zozketa bateko saria irabazi duena. Aurreratu dezakezu nor izango den sariduna? Zenbaki sariduna. || Hitzaldi horietan, Nadine Gordiner eta Toni Morrison Nobel saridunek hartuko dute parte, besteak beste.

sarigarri

1 adj. Saria merezi duena. Obra sarigarri bat egiten badut.

2 iz. Saritzat ematen den gauza. Sarigarritzat zerbait ematen badiozu, emana gehiagorekin itzultzen dizu. || (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik edo kasu markarik gabe). Txaloak oparo jaso zituen bere antzearen sarigarri.

sariketa

iz. Hainbat parte-hartzaileren artean sari bat edo batzuk banatzeko egiten den lehiaketa. Literatura sariketak. Euskaltzaindiak eratutako sariketa. Bizkaiko bertsolarien bigarren sariketa.

sar-ilki

iz. Ipar. Sartu-irtena.

saripeko

iz./adj. Soldatapekoa. Gazteluaren saripekoak dira haiek. Lisiasek Antiokiara jo zuen, saripeko gudari arrotzak hartu eta indar handiagoarekin Judeara itzultzeko asmotan.

saritu, sari/saritu, saritzen

1 du ad. Norbaiti, eginiko zerbitzuaren edo lan onaren ordainetan, saria eman. Jaun zerukoak sari zaitzala. Alferrik izan diren ahaleginak sarituko ahal ditu zeruan Jainko Onak!

2 du ad. (Lehiaketez mintzatuz). Euskaltzaindiak 1962an saritu zuen eleberri hau. Saritutako lan batek ez zuelako oso ongi hartzen norbaiten filosofia.

3 (Era burutua izen gisa). Ez zuela ontzat hartzen sarituaren iritzia.

saritzaile

iz. Saritzen duen pertsona, saria ematen duena. Ik. sariztatzaile. Jainkoa badela eta bilatzen dutenen saritzailea dela.

sariztatu, sarizta, sariztatzen

du ad. Batez ere Ipar. Saritu. Asko alditan gezurra da sariztatua. Jainkoak Job sariztatu zuen azkenean. Otoitz dezagun, beraz, Jainkoa, eta Jainkoak sariztatuko du gure fedea eta entzunen gure otoitza. Bigarren euskal olerti jaian, Tolosan, zilarrezko haritz abarrez sariztatua.

sariztatzaile

iz. Sariztatzen duen pertsona. Ik. saritzaile. Ni naiz prestu guztien sariztatzailea.

sar-jalgi

iz. Ipar. Sartu-irtena. Pasatzean sar-jalgi bat egin ezak.

sarjenta

iz. Heg. Teknol. Zurgintzako eta bestelako lanbide batzuetako tresna, tornuzilaren antzekoa, landu beharreko piezak mugi ez daitezen edo kolaz itsatsi ondoren estuturik mantentzeko erabiltzen dena.

sarjentu

iz. Ofizialaren agindupeko soldaduburua.

sarkasmo

iz. Iseka edo ironia mingarria. Ez du ezer barkatzen, sarkasmo etsi batek bizi du, hil berriez ere gaizki esaka dabil.

sarkastiko

adj. Sarkasmoa adierazten duena; sarkasmoaz baliatzen dena. Ikus-entzuleek Lubitschen umore sarkastikoaz gozatzeko aukera izango dute gaur. Irribarre sarkastikoa ezpainetan. Jende sarkastiko eta ironikoa gustatzen zait.

sarketa

iz. Sartzea; bereziki, koitoan zakila sartzea. Sexu jolasa menu oso bat da, eta sarketa plater bat baino ez. Nik ez dakit emakumeek elkarrekin nola egiten duten, sarketaren gozoa alde batera utzirik.

sarkofago

iz. Harrizko hilkutxa. Itxi egin zen atea, sarkofago baten estalkia bere altxor izugarrien gainean bezala.

sarkoma

iz. Med. Ehun konjuntiboan sortzen den tumore gaiztoa.

sarkor

adj. Erraz edo oso barnera sartzen dena. Bere solas gozo eta sarkorrez. Hitz labur baina sarkorrak. Mintzo ozena eta sarkorra. Intziri sarkorra. Kresalaren usain sarkorra. || Hitchcock-ek nahiago izan du beti txairo agertu, astun eta sarkor baino.

sarkorki

adb. Era sarkorrez. Emeki baino sarkorki ihardetsi zion.

sarkortasun

iz. Sarkorra denaren nolakotasuna. Hitz ikasi eta landuen sarkortasuna.

sarkura

1 iz. Batez ere Zub. Sarrera, sartzea.

2 iz. Batez ere Zub. Sarlekua; sarbidea.

sarleku

iz. Sartzeko lekua. Gorputzaren zentzumenak dira arimako gaitzen sarlekuak.

sarmaziar

1 adj. Sarmaziakoa, Sarmaziari dagokiona.

2 iz. Sarmaziako herritarra.

sarna

iz. Heg. Hazteria. Ik. hatz 3. Mutilen eskuak, sarna gaiztoz beterik.

sarobe iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, sarobe-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. saroi].

saroi

iz. Ardien bazkalekua, bereziki etxolaren ingurukoa. Artzainek ez dituzte ostiralean beren sendi eta artaldeak udako saroietara aldatu behar. Badute Panpa aldeko zabaldietan saroi edo barruti sail bat sekulakoa.

sarpoil

iz. Zurtoin etzanak dituen ezkai mota (Thymus serpyllum).

sarraila

iz. Ateetan, kutxetan eta kidekoetan jartzen den metalezko gailua, haiek giltzaz ixteko eta irekitzeko erabiltzen dena. Ik. kisketa. Giltza sartzean sarrailan. Hamar sarrailaz itxia. Hautsi izan ditu herioaren ateak eta sarrailak.

sarraila zulo, sarraila-zulo Sarrailan giltza sartzen den zuloa. Henry Jamesek idatzi zuen, ez dakit non, eleberriak irakurtzea sarraila zulotik begiratzea bezalakoa dela.

sarrailagile

iz. Sarrailak egiten dituen langilea.

sarrailagintza

iz. Sarrailagilearen lanbidea; sarrailak egitea. Arrasateko sarrailagintza.

sarrakio

iz. g.er. Beldur izugarria. Sarrakio handi bat egin zitzaion barru guztian. Sarrakioa sartu zioten.

sarraldi

1 iz. Sartzea, norbait edo zerbait nonbait sartzen den aldi bakoitza. Ez zuen Jesusek egin han bere sarraldia, Erroman Erromako enperadore horiek bezala.

2 iz. Etsaiaren lurraldean sartzea erasoaldi labur bat egiteko. Palestinako lurraldeetan erasoak eta sarraldiak egiten jarraitzeko babesa eman dio Bushek Israeli.

sarrarazi, sarraraz, sarrarazten

du ad. Sartzera behartu. Hobi sakon bat eragingo duzu eta bertan sarraraziko duzu atera duzun lur guztia. Sarrarazi zion ezpata Piarresi bere tokian. Martinek irekitzen du atea, sarrarazten ditu bi gizon eta jarrarazten. Naiarako dukeak sarrarazi zuen Ignazio erregeren gorteko eskolan. Sarraraz ezazu nire hezurretan barna infernuaren ikara. Bere predikuak sarrarazteko hobeki aditzaileen bihotzetan. Hitz berriak sartzen eta sarrarazten saiatu. Moja sarrarazi zuen aitak.

sarrarazle

iz. Norbait edo zerbait nonbait sarrarazten duen pertsona. Pagano bat bigarren zabaldegira sartzen bazen, hark eta haren sarrarazleek hiltzea merezi zuten legearen arabera.

sarraski

1 iz. Abere hil baten gorputza, usteltzen ari dena. Non ere izanen baita sarraskia, hara bilduko dira arranoak. Sarraskirik aski bazegoen gerra ondoan, piztia-hegazti harrapariek beren gose aseezina pixkaren bat berdin zezaten.

2 iz. Gizaki askori bizia kentzea. Ik. hilkintza. Sarraski handia egingo du zure herrian. Egun guztia, baita ere gaua, iraun zuten sarraskiek. Zenbat sarraski ez zituen eragin Akabek! Sarraski gorrienetan odoleztatuak. || (Animaliez mintzatuz). Elkarte horretako kideek "zezenketetan gertatzen den sarraskia" irudikatuko dute bihar.

sarraskijale

adj./iz. Animaliez mintzatuz, batez ere sarraskiz elikatzen dena. Saiak mende luzeetako bilakaera izan du sarraskijale izatera iristeko.

sarraskitu, sarraski/sarraskitu, sarraskitzen

1 du ad. Basatiki eta kopuru handietan hil, sarraski handia egin; norbaiti zauri eta urratu larriak egin. Mahometek sarraskitu zituen juduak. Preso hartuak sarraskitu. Mota guztietako abereak sarraskitu zituen. Erdi hila, odoleztatua, sarraskitua, eraman zuten eritegira.

2 (Era burutua izenondo gisa). Haien gorputz sarraskituak.

sarraskitzaile

adj./iz. Sarraskitzen duena. Ate guztietara zuzendu dut ezpata sarraskitzailea, sarraskirako leundua.

sarrastatu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, sarrastatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zarrastatu].

sarrazeno

1 adj./iz. Arabiarra edo Arabian jatorria duena.

2 adj./iz. Musulmana. Sarrazeno fedegabeak. Ibnabala deitzen zen errege sarrazenoa.

sarrera

1 iz. Sartzea. Debeka dakiela elizako sarrera. Sigifredoren jauregian Genovevaren sarrera. Egun honetan egin zuen sarrera komentuan. Ikusgarria izan zen zure Donostiako sarrera. Eguzkiaren sarrera. Hizkuntza gutxik egin dute literaturan euskarak bezain sarrera pozgarria. Baina hemen ari natzaizuen honek ez du jai horietan sarrerarik izaten, ordaindu gabeko sarrerarik, alegia. Literatura hizkuntzan orain arte sarrerarik izan ez duten esaerak.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Eleberriaren sarrera-hitz haietarik pasarte bat aldatuko dut hona. Euskaltzaindiko sarrera hitzaldi jakintsuan garbi aitortzen duenez. Etxepareren liburua Urkixok atera zuen argitara, sarrera lan eder batekin.

3 iz. Sarbidea. Sarrera zabaldu. Sarrerako atean. Herriko sarreran. Aterik gabeko sarrera.

4 iz. Etxebizitzetan eta kidekoetan, sarrerako gela, gainerako geletarako bidea ematen duena. Ik. hall; atari 2; atarte. Hoteleko sarreran zegoen lanpara 1.500 dolarretan saldu zuen.

5 iz. Hitzaurrea, atarikoa. Sarrera, argitaratze lanak eta itzulpena erabat bereak dira. Gamizen olerkiei sarrera.

6 iz. Hizkl. Hiztegi baten atal nagusi bakoitza, hitz bakoitzaren adierak eta gainerako informazioa jasotzen duena; atal horren izenburua. Hogei bat mila sarrerako hiztegi ortografikoa argitaratu da. 125.987 sarrerako hiztegia da Orotariko Euskal Hiztegia, 16 liburukitan banatua.

7 iz. Ikuskari edo emanaldi batera sartzeko aukera ematen duen txartela. Sarreraren ordaina bihurtzen dio, behintzat, behar baino gehiago eskatzen ez duen ikusleari.

sarrera-irteera 1 pl. Toki bateko sarrera eta irteera edo sarrerak eta irteerak. Gainerakoan, ohiko auto ilarak ditugu Bilboko sarrera-irteeretan. Soldaduek eraikina inguratu eta sarrera-irteera guztiak itxi zituzten.

2 pl. Sartzea eta irtetea. Ikastolako sarrera-irteera orduetan.

3 Inform. Datuen edo seinaleen sarrera eta irteera. Sarrera-irteerako gailuak.

sarri

1 adb. Berehala; aurki, laster. Berriz piztuko dela sarri. Agian sarri, lehenbailehen agian. Hari ere Jauna agertu zitzaion handik sarri. || Ereiten ari den haziak emango du fruitu, baina ez dakigu noiz eta, nolanahi ere, ez du erein bezain sarri emango. Ahal bezain sarri: ahal bezain laster.

2 adb. Maiz, askotan. Ik. ardura2; askotan; usu1 1. Kontatzen dituen gertaerak huskeriak dira sarri. Horrelakorik ez da sarri gertatzen. Sarri erabiltzen diren hitzak. Sarriegi gertatzen den gauza. Gogora sarri ekarri behar dugu zein laburra den hemengo bizitza tristea. Sarri aski ahotan darabiltzagun "gu" eta "gutarrak" gutxitan dira gogoeta garbi eta zehatzak. Nekez geldituko gara luzaroan xoko horri, sarri edo bakanka, ikustalditxo bat egin gabe.

3 adj. Sarri gertatzen dena. Jaunartze sarrietatik ateratzen diren fruituak.

4 adj. Osatzen duten unitate berdinen artean tarte txikia duena, eremu txikian unitate asko dituena. Ik. tapitu; usu1 3; itxi2 3. Anton. mehatz. Baso sarria. Orrazi sarria. Oihal sarria.

sarri arte Gero arte.

sarri askotan Maiz. Ni nerau naiz, beharbada, sarri askotan gogorki aritu naizena. Bere ikasleei sarri askotan agertu zitzaien Jesus.

sarrienik adb. Maizenik. Gurean diot, euskal filologian, bestetan ez baita horrelakorik gertatzen, alderantziz baizik sarrienik.

sarritako adj. Sarri gertatzen dena. Gizonen sarritako ahuleria da etxeko ederrarekin aspertzea. Bisita luzeak eta sarritakoak.

sarritan adb. Maiz. Sarritan bezala, zaharrak berri gertatu dira hemen. Sarritan esan denez. Neure izena hain sarritan gora eta behera erabilia izan denez gero.

sarrikotar

1 adj. Sarrikotakoa, Sarrikotari dagokiona.

2 iz. Sarrikotako herritarra.

sarrio

iz. Ahuntzaren familiako ugaztuna, Europako erdialdeko eta hegoaldeko mendi garaietan bizi dena, ahuntzaren antzekoa baina adar motzagoak eta kakotuagoak dituena (Rupicapra rupicapra).

sarriro

adb. g.er. Sarri, sarritan.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper