Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

doarikako adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, doarikako-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. doako].

dobela

iz. Eraik. Arku edo ganga bat osatzen duten harrietako bakoitza, ziri forma duena. Modu egokian antolatu behar dira, pareten pisua arintzen saiatuz eta arkuak dobeletan zatituta jarriz.

dobera iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, dobera-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. tobera].

doberman

iz. Zaintzako eta babeserako erabiltzen den txakur arraza; arraza horretako txakurra, gorputz lirain eta gihartsua, ile labur beltz distiratsua eta belarri txikiak dituena, oso oldarkorra izan daitekeena. Etxeko dobermanak bost urteko alabatxoari hozka egin zion.

doblatu, dobla, doblatzen

1 du ad. Errepikatu. Bertsoen doblatzea da haien berdin bururatzea. Hona zer kantatu zuen, bertso bakoitza ederki doblatuz. Otoitz hauek dobla ditzakezu prozesioa akabatu artean.

2 du ad. Bi halako egin, bikoiztu. Bihurtu zizkion doblaturik, etsaiak kendu zizkion ondasunak.

3 du ad. Tolestu.

doble

adj. Bi halako dena; bikoitza. Irabazi doblea ateratzen dela.

doblezka

adb. Ipar. Bi bider. Bi gisatara abertzalea naiz, doblezka abertzalea naiz! Eritasun handiari, erremedioa doblezka.

dobloi

iz. Espainiako urrezko diru zaharra.

dobra

iz. Sao Tome eta Principeko diru unitatea.

dodekaedro

iz. Mat. Hamabi pentagonok mugatzen duten poliedroa.

dodekagono

iz. Mat. Hamabi alde dituen poligonoa.

dodomar

1 adj. Dodomakoa, Dodomari dagokiona.

2 iz. Dodomako herritarra.

dodonar

1 adj. Dodonakoa, Dodonari dagokiona.

2 iz. Dodonako herritarra.

doe iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, doe-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. dohain].

dogma

iz. Erlijio edo filosofia-eskola batean, oinarrizkotzat eta ezin eztabaidatuzkotzat hartzen den baieztapena. Kristautasunaren dogmak (Ik. sinesgai). Dogmatzat hartua. Marxismoaren dogmak.

dogmakeria

iz. Dogmatismoa.

dogmatiko

1 adj. Dogmari dagokiona, dogmarena. Objekzio guztiak objekzio dogmatiko, kritiko eta eszeptikoetan sailka ditzakegu.

2 adj. Dogmatismoaren jarraitzailea. Katolizismo dogmatiko itogarriaren aurka.

3 adj. Pertsonez mintzatuz, bere iritziak ezin eztabaidatuzko egiatzat dauzkana. Ekintzaile dogmatikoak.

4 adj. Pertsona dogmatikoari dagokiona. Pentsamendu dogmatikoa.

dogmatismo

iz. Jarrera edo jokaera dogmatikoa. Dogmatismo erlijiosoa.

dogo

iz. Txakur arraza sendoa; arraza horretako txakurra, buru biribila eta lepoalde motz lodia dituena, indar eta adore handikoa, etxeak eta lurrak babesteko, arrisku handiko ehizarako eta basapiztien aurka borrokatzeko erabiltzen dena. Dogo argentinarra.

dogon

1 adj. Maliko erdialdean bizi den etnia batekoa, etnia horri dagokiona. Horrek asko lagundu zigun dogon herria hobeto ulertzen.

2 iz. Etnia horretako kidea. Dogonen tradizioek eta sinesmenek jende asko liluratu dute.

dograera

iz. Indian eta Pakistanen mintzatzen den hizkuntza. Ik. dogri.

dogri

iz. Dograera.

dohain

1 iz. Emaitza, bereziki Jainkoagandik edo izaditik hartzen dena. Arimako graziaren dohain miragarria. Fedearen dohain baliotsua. Espiritu Santuaren dohainak. Jainkoaren dohain berezia. Bosgarrena, sendotasunaren dohaina. Urte asko bizitzea berez on da, Jainkoaren dohaina da. Naturak dohain guztiez hornitua. Dohain emana zerbait hoberen eske dago.

2 iz. Norbaitek duen nolakotasun ona. Ik. bertute. Dohain berezia du asmatzeko. Hitz neurtuak kantuz egoki emateko duten dohain berezkoa. Ugaritasuna, etorria, jario gozoa: eskas zaizkigun dohain horietan apartekoa genuen Xalbador.

3 iz. Zerbaitek duen nolakotasun ona. Gipuzkoako iturri miraritsuen dohain handiak. Hizkuntzaren dohainak agerrarazten.

dohaindu, dohain/dohaindu, dohaintzen

du ad. Dohatu. Bizitzaren gorabeherek bikain dohaindu zuten musikarako.

dohainezko

adj. Doakoa.

dohainik

adb. Ezer ordaindu gabe. Ik. doan; urririk. Dohainik eman zenidan.

dohainikako

adj. Ipar. Zah. Doakoa.

dohaintasun iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, dohaintasun-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. doakotasun].

dohaintza

iz. Zuz. Norbaiti, borondatez eta ordainetan saririk hartu gabe, zerbait ematea; horrela ematen den gauza. Dohaintzen gaineko zerga ezarri nahi dute.

dohakabe

1 adj. Zorigaiztokoa, zorigaitzak joa. Anton. dohatsu. Gizon dohakabe eta errukarria! Arima dohakabe, guztia atsekabeetan hondatu hura! Gaiztagin dohakabea. Hiltzera doan dohakabea. Errukitu zela dohakabe hartaz. Sodoma eta Gomorra hiri dohakabeak. Zorakeria dohakabea! Zeruan edo beheko su leizean, betiko dohatsu edo betiko dohakabe. Besterik merezi zuen dohakabeak!

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulua hartzen duela). Oi, nire dohakabea! Ala ene dohakabea! Oi, zure dohakabea, orain aditu nahi ez baduzu Jaunaren deia; zure dohakabea, biraoak botatzeko ohitura gaiztoa duzuna!

dohakabeki

adb. Dohakabetasunez, era dohakabean. Dohakabeki eta zorigaiztoan hil zen. Anitz pertsona tentazioei ihesi dabiltzanak dohakabekiago erortzen dira haietan.

dohakabetasun

iz. Zorigaitza. Zure betiko dohatsutasun edo dohakabetasuna. Dohakabetasun auhendagarria. Ene dohakabetasuna oinazez daramat. Zein dohakabetasun handia litzatekeen hori munduarentzat. Dohakabetasunezko betikotasuna. Oi, dohakabetasunaren handia!

dohakabetu, dohakabe/dohakabetu, dohakabetzen

da/du ad. Dohakabe bihurtu. Euskal Herria dohakabetu, gaiztotu eta hondamendi izugarrian amilarazteko.

dohakaitz

iz. Ipar. g.er. Zorigaitza, dohakabetasuna. Ez nazazula bazterrera utz nire dohakaitzean.

dohatar

1 adj. Dohakoa, Dohari dagokiona.

2 iz. Dohako herritarra.

dohatasun

iz. g.er. Dohatsutasuna, zoriona. Igaro da munduko nekea eta etorri da zuentzat betiko dohatasunaren udaberria.

dohatsu

1 adj. Zorionekoa. Ik. dontsu. Anton. dohakabe. Betiko bizitza dohatsua iristeko. Zahartzaro dohatsua izan. Munduak dohatsutzat dauzkanak. Dohatsua egia bere baitan ezagutzen duena. Denbora dohatsu haietako guraso zintzoak. Ordu dohatsu hartatik bertatik karrez beteak izan ziren. Eta ikuste horrek dohatsu bilakatuko gaitu. Dohatsu bihotzez direnak garbi, haiek ikusiko baitute Jainkoa. Dohatsu zuek, negarretan bizi zaretenok.

2 adj./iz. Zerua erdietsi duena; bereziki, santuen azpitik, Eliza katolikoak halakotzat hartua duena. Santu, dohatsu eta agurgarri guztien bizitzak idatz zitzala. Balentin Berriotxoa dohatsua. Birjina eta santu dohatsuak.

dohatsuki

adb. Dohatsuen eran. Dohatsuki bizi diren senar-emazteak. Mundu honetatik dohatsuki ilkitzeko.

dohatsutasun

1 iz. Zoriona. Betiereko dohatsutasuna. Zertan datza santuen dohatsutasuna?

2 iz. Zoriontasuna (Nazareteko Jesusek aldarrikatu zuena). Ebanjelioko zortzi dohatsutasunak. Laugarren dohatsutasuna.

dohatsutu, dohatsu/dohatsutu, dohatsutzen

du ad. Dohatsu egin.

dohatu, doha, dohatzen

1 du ad. Ipar. Dohainen batez hornitu. Jainkoak gizon batzuk dohatu ditu bertsolari izateko. Dohain onez dohatu nau Jainkoak. Eskasik gabea, indar edo ahal guztiez dohatua.

2 (Era burutua izenondo gisa). Nornahi bezain trebeak eta dohatuak. Mutil dohatu horiek aritzen diren gisan, nork ez luke nahiko pilotari izan. Pilotari, predikari dohatua.

doi

1 adj./iz. Behar adinakoa soil-soilik dena. Delako "gustu" doi hori ez zen Arestirena, gehiegizkoa nahiago izaten baitzuen maizenik, neurrizkoa baino. Ditxolariak behar duen ozarkeria doi hura: gehiagorik ez. Doiaz elikatzen gara. Doiaz baino gehiagoz ez nadin gutizia. Mahats ardo doiak ditu flakoak azkartzen; soberak, azkarrak flakatzen (esr. zah.).

2 iz. (-tzeko edo -en atzizkiaren eskuin-eskuinean). Ez diat behin ere jan, edan, lo egin, bizitzeko doia baino haboro. Gizonak, zoriontsu izateko, ez du nasaiki aberats behar, bizitzeko doi hura aski du. Zuhurtziaz bilduko dute umeak hazteko doia. Bakoitzak bere doia, eguneko doia, bildu behar zuen egun guztiez. Titare hau ez da ene eriaren doi. Bekatuaren doiko zigorra. Zein da orotako aberatsena?: bere doiaz gogobetetzen dena (esr. zah.).

3 adb. Doi-doia. Adar-muturrak doi ageri zaizkie. Lepoan zapia muga duela, doi ukitu dio axala.

doi bat Pixka bat. Aitaren oroitzapena doi bat bizirik zuen. Doi bat zuzendurik. Nire gogoetak doi bat argitzen dira. Doi bat denbora emanez.

doi-doi(a) 1 adb. Ia ez; besterik ez. Ik. ozta. Doi-doia jasan ahaleko oinazeak. Hainbesteraino ahuldu zen, non doi-doi zutik egon ohi zen. Hirurogei zenbat diren doi-doia jakingo omen zuen. Hitz bat esan zuen doi-doia. Doi-doia ahamen bat hartzen nuela bidean. Doi-doi ikustez nuen ezagutzen. Janzteko doi-doia duenak. Irabazten zutenarekin doi-doia bizi ziren. || Senideekin ere doi-doiako adiskidetasuna besterik ez zuen.

2 adb. Zehazki.

doi-doian adb. g.er. Doi-doia. Doi-doian salbatu ginen.

doi-doietarik adb. Zub. Doi-doia. Doi-doietarik ihes egin zuen Erreginak, erdia beztitua, bere ganberatik.

doiki

adb. g.er. Neurri egokian. Ezin baititzakegu doiki itzul eskerrak.

doikuntza

iz. Doitzea, neurri egokira etorraraztea. Aurrezkiaren eta gastuaren artean egin beharreko doikuntza.

doilor

1 adj. Mespretxua bereganatzen duena, leialtasunik edo esker onik agertzen ez duena. Ik. bilau 2. Guztiz eskergabea eta doilorra izan behar da, hain Ongile oparoari horrela erantzuteko. Otsein doilorren zantarkeria. Doilorra, hezurrak hautsiko dizkiat. Bihotz doilorrekoa. || Esr. zah: Txori doilorrak kanta doilorrak. Emazte doilorraren jabea, jopu.

2 adj. Zekena, zikoitza.

doilorkeria

iz. Doilorraren nolakotasuna; doilorrari dagokion egitea. Ik. bilaukeria; belzkeria. Doilorkeria hura ordaintzeko. Lapurreta eta gainerako elkarri egiten zizkioten doilorkeriak eta bidegabeak. Ahalkea, ohorea eta prestutasun guztia galdurik, doilorkeriaz prezatzea. Doilorkeriak esaten. Andre Otxandaren doilorkeria eta azpikeriak.

doilorki

adb. Doilorkeriaz. Zertan huts egin diegu, gurekin honen doilorki jokatzeko?

doilorkume

iz. Gizonezkoak iraintzeko erabiltzen den hitza. Ik. putaseme. Doilorkume ustelok! Doilorkume arraioa!

doilortu, doilor/doilortu, doilortzen

da/du ad. Doilor bihurtu. Ez izanak ez dik gizona doilortzen, ez lohitzen. Laster doilorturik, makurtzen da edozein grinaren azpira. Atzerrian doilortu zen.

doinu

1 iz. Kantatua izateko gai den musika-noten segida. Ik. aire 4; melodia. Hurrenak entzungo du aparteko soinua, hala nola hurbilean kantatzen den doinua. Doinua, Xenpelarren "Berrio-Otxoa"-rena bezala. "Esne-saltzailea"-ren doinuan. Zuk ere hiru bertso, nahi duzun doinua hartuta, udaberriari kantatu behar dizkiozu. Ahairearekin edo doinuarekin bat egin behar dute hitzek. Doinu zaharrak saihesturik, berrien bila abiatu direnak. Zuberotar koblakarien doinuak.

2 iz. Ahotsaren tonu aldaketen segida, hizkera bakoitzaren ezaugarri gertatzen dena. Euskalkien azentu eta doinuari buruzko azterketak. Hitz bakoitzak badu bere doinua.

doinuera

iz. Doinua (ahotsarena). Garrantzitsua da ebakera zuzenez eta doinuera egokiz irakurtzen jakitea.

doitasun

iz. Doia denaren nolakotasuna.

doitu, doi/doitu, doitzen

du ad. Neurri egokira etorrarazi. Kostuak doitzeko lanean ari gara.

doitxera iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, doitxera-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aleman].

doitzaile

adj./iz. Doitzen duena.

doixtar [Oharra: Euskaltzaindiak, doixtar-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. alemaniar; aleman].

doktoradutza [Oharra: Euskaltzaindiak, doktoradutza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. doktoretza; doktorego].

doktore

1 iz. Unibertsitateko ikasketa sail batean maila gorena lortu duen pertsona. Letretan doktorea zen.

2 iz. Kristautasunaren dogmak azaltzen zituen teologoa; Juduen Legea erakusten zuen irakaslea. Elizako doktoreak. Beste Agustin bat, edo maisuen doktore, doktoreen maisu, munduko ikasle guztien irakaslerik jakintsuena. Sinagogako doktoreak.

doktore tesi, doktore-tesi Doktoregoa lortzeko aurkezten den ikerketa-lana. Ik. tesi 2; doktorego tesi. Ingeniari titulua eskuratzeko ikasketak amaitu ondoren, doktore tesia egin behar du ikerkuntza-lanetan hasi nahi duenak. Doktore tesia aurkeztu, defendatu.

doktoregai

iz. Doktore tesia egiten ari den ikaslea.

doktorego

iz. Doktore maila. Ekialdeko hizkuntzetan doktoregoa lortu zuen Sorbonako Unibertsitatean.

doktorego tesi, doktorego-tesi Doktoregoa lortzeko aurkezten den ikerketa-lana. Ik. tesi 2; doktore tesi. Doktorego tesia aurkeztu, defendatu.

doktoretza

iz. Doktoregoa. Doktoretza-ikastaroak.

doktrina

iz. Egile edo eskola baten ideia edo iritzi multzo egituratua. Ik. dotrina. Aristotelesen doktrina. Fedegabe hark bere doktrina galgarriak zabaltzen zituen lekuetan. Filosofia-doktrinak.

doktrinal

adj. Doktrinari dagokiona, doktrinarena. Protestanteen etikaren sustrai doktrinalak eta soziologikoak.

doktrinatu, doktrina/doktrinatu, doktrinatzen

du ad. g.g.er. Norbaiti doktrina jakin bat harrarazi. Rousseauk garbi uzten du zeintzuk diren heziketa sexual burgesaren helburuak: nerabeen sexualitatea gogor zapaltzea eta kastitatearen bidean doktrinatzea.

dokumental

1 adj. Filmez eta kidekoez mintzatuz, pertsonaia eta egoera errealekin edo errealei buruz egina, helburutzat zerbaiten berri ematea edo zerbait irakastea duena. Film dokumental interesgarriak ikusi dituzte.

2 iz. Film dokumentala. Dokumental batean jaso dute diskoaren grabazio prozesua.

dokumentalgile

iz. Dokumentalak egiten dituen pertsona. Europar Batasunak Afganistango emakumeen eskubideen gaineko erreportaje bat egiteko eskatu zion dokumentalgile talde bati.

dokumentalista

iz. Gai jakin bati buruzko datuak eta dokumentuak aztertzen eta biltzen dituen pertsona.

dokumentatu, dokumenta, dokumentatzen

du ad. Dokumentuen bidez argitu edo frogatu. Frantziskotarren historia ongi dokumentatua iritsi zaigu.

dokumentazio

1 iz. Dokumentu multzoa. Kaltetuen elkarteak bi urtean pilatu duen dokumentazio guztia eman dio arartekoari. Dokumentazio zentroa.

2 iz. Dokumentatzea. Nobela historikoak dokumentazio lana behar du, baina baita fikzioaren indarra ere.

dokumentu

iz. Zerbait frogatzeko edo zerbaiten berri emateko balio duen agiria. Norbera ibili den toki guztietako dokumentuak eskatzen omen ditu apaizak. Dokumentuaren kopia bat. Balio ez duen dokumentua. Dokumentua aztertu.

dolamen

1 iz. Auhena, adia. Ik. deitore; erosta; intziri; aiene. Ene bihotz zaurtuaren auhenak eta dolamenak. Dolamenez eta hasperenez egonen zaretela. Negarrezko haran honetan dolamenetan gauden orduetan.

2 iz. Irud. Gauaz dolamen egiten badu haizeak.

dolar

iz. Ameriketako Estatu Batuetako eta beste zenbait herritako diru unitatea. Hilean 50 dolar irabaziz. 2.700 milioi dolar ordaintzea onetsi zuen atzo Libiak. Hamar dolarreko urrezko txanpon biribil berri bat.

dolar australiar Australiako eta inguruko uharte eta herrialde batzuetako diru unitatea. Behatokia berriz eraikitzeko 40 milioi dolar australiar beharko dira, gutxi gorabehera.

dolar bahamar Bahametako diru unitatea.

dolar barbadostar Barbadosko diru unitatea.

dolar belizetar Belizeko diru unitatea.

dolar bruneitar Bruneiko diru unitatea.

dolar estatubatuar Ameriketako Estatu Batuetako diru unitatea. 20 milioi dolar estatubatuarren truke, nahi zuena egiteko baimena eskuratu zuen Enronek.

dolar fijiar Fijiko diru unitatea.

dolar guyanar Guyanako diru unitatea.

dolar jamaikar Jamaikako diru unitatea.

dolar kanadar Kanadako diru unitatea. Kanadak 683 milioi dolar kanadar emango ditu, indigenen herrietako osasun zerbitzuak hobetzen laguntzeko.

dolar liberiar Liberiako diru unitatea.

dolar malaysiar Malaysiako diru unitatea, ringgita ezarri zen arte.

dolar salomondar Salomon Uharteetako diru unitatea.

dolar singapurtar Singapurko diru unitatea.

dolar surinamdar Surinamgo diru unitatea.

dolar taiwandar Taiwango eta inguruko uharte batzuetako diru unitatea.

dolar zeelandaberritar Zeelanda Berriko eta inguruko uharte batzuetako diru unitatea.

dolar zimbabwetar Zimbabweko diru unitatea. Ogia erosteko milioi bat dolar zimbabwetar behar dute Zimbabweko herritarrek.

Ekialdeko Karibeko dolar Karibe itsasoko uharteetan banaturik dauden herrialde eta lurralde batzuetako diru unitatea.

Trinidad eta Tobagoko dolar Trinidad eta Tobagoko diru unitatea.

dolare

iz. Mahats aleak, sagarrak eta kidekoak, zukua ateratzeko, zanpatzen diren tresna; tresna hori dagoen tokia. Sagardoa egiteko dolarea. Inguruko nekazariek, beren etxeetako dolareetan edariak eginik, eramaten dituzte erostunetara. Dolareetako ardatz lirain sendoak.

dolda belar, dolda-belar

iz. Teilatu belarra.

dolganera

iz. Taimyr penintsulan mintzatzen den hizkuntza.

dolmen

iz. Trikuharria.

dolomia

iz. Miner. Kareharriaren antzeko sedimentazio harria, osagai nagusitzat dolomita duena. Urtegiaren inguruan badira kareharriak eta dolomiak ere.

dolomita

iz. Miner. Kaltzio eta magnesio karbonatoa, dolomiaren osagai nagusia dena. Pagoek eta izeiek estaltzen dute kareharrizko eta dolomitazko eremua.

dolomitiko

adj. Osagaitzat dolomita duena. Kareharri dolomitikoa.

doloragarri

adj. Ipar. Zah. Mingarria. Pasioko gau doloragarri hartan.

doloratu, dolora, doloratzen

da/du ad. Ipar. Zah. Mindu, atsekabetu. Ene arima doloratzen da, batzuetan negarretaraino.

dolore

iz. Atsekabea, nahigabea. Ik. oinaze. Urdaileko oinazea eta arimako dolorea. Andredena Mariaren zazpi doloreak. Damu eta dolore dut, bidera ezin ilkia. Dolore min bat bihotzean. Doloreetako Ama Birjina.

dolorez adb. Dolorez, hitzik asmatu ezinik.

dolorezko adj. Dolorezko deiadar tristeak. Munduko haran dolorezkoa. Amorezko ezkontza, dolorezko bizitza (esr. zah.).

doloros

adj. g.g.er. Dolorezkoa.

doloroski

adb. g.g.er. Dolorez, atsekabez.

doloroso

adj. g.g.er. Dolorezkoa.

dolorosoki

adb. g.g.er. Dolorez, atsekabez.

dolu

1 iz. Atsekabea, bereziki norbaiten heriotzak sortzen duena. Utziz bozkarioa, doluan sar hadi. Soinua jotzen dugu, eta ez zarete dantzatzen; hiletak kantatzen ditugu, eta ez duzue dolurik egiten. Gaitz handi bazter guztiak doluan ezarri zituen batek gure aita eta ama eraman zituen. Euskal Herria dolutan dauka zure heriotzak. Dolu beltzez estaltzen du gorte dohatsuena. Doluzko jantzia. Gure doluzko goraintziak senideei.

2 iz. Dolua erakusteko seinaleak, adibidez jantzi beltzak. Ama galdu zuen hogei urtetan, eta dolua ekarri zion hiru urtez. Dolua utzi. Nafarroan dolu eguna izendatu zuten atzo.

dolu izan Damu izan. Dolu zuen mutikoa poliziaren jauregira eramana(z). Baina dolu dut, bekatu egin dudala baitakit.

dolugarri

adj. Ipar. Errukarria; deitoragarria. Haurño hori dolugarri da, bere aita-amak galdurik. Gertakari dolugarria.

dolumen

iz. Zub. Dolua. Dolumenezko sentimenduak.

dolumin

iz. Dolua; (pl.) norbaiti bere doluan egiten zaizkion atsekabe eta atxikimenduzko erakutsiak. Doluminak igorri, bidali. Doluminak eman norbaiti. Familiak onar ditzala gure doluminik bizienak.

dolutu, dolu/dolutu, dolutzen Batez ere

zaio ad. Atsekabetu; damutu. Han izatea ez zait dolutu. Etxea artatzen baduzu, ez zaizu dolutuko. Hartaz oroiturik, gauden doluturik. Egin zuenaz dolutzen hasi zenean.

domaia

iz. Ipar. Pena, lastima. Domaia da ez baititut 30 urte gutxiago.

damu-domaia Ipar. Kalte-ordaina. Bizikleta hautsi didazue; damu-domaiak zor dizkidazue. Sei mila euroko damu-domaiak pagatu beharko dizkio. || Mila libera damu-domaia eman zioten.

domatu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, domatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hezi; bezatu].

domeinu

iz. Inform. Webgune bati lotua den izena, ordenagailuaren identifikazio zenbakia gogoan hartzeko errazagoa den eran ordezkatzen duena eta puntuz bereizitako ataletan banatua dena; bereziki, azken puntuak bereizten duen atala. Bigarren fasean, sarean jada edukiak katalanez argitaratzen dituzten erakunde edo banakoek eskuratu ahal izango dute .cat domeinua.

domeka

iz. Bizk. Igandea.

domekero

adb. Bizk. Igandero.

domina

iz. Metalezko atala, gehienetan biribila, irudi edo idazkun bat daramana. Ik. medaila. Zilarrezko domina bat zeraman lepotik zintzilik. Euskaltzaindiaren VIII. biltzarraren amaieran banatu ziren dominak. Karmengo Ama Birjinaren domina.

dominante

1 iz. Mus. Eskala diatonikoaren bosgarren gradua.

2 adj. Biol. Aleloez edo geneez mintzatuz, karaktere batentzat bi alelo desberdin daudenean nagusitzen dena.

domingotar

1 adj./iz. San Domingoren ordenako kide dena. Bere adiskide Aita Rocco domingotarra zuen lagun. Domingotar alemanen bidetik.

2 adj. Ordena horri dagokiona.

dominikano

adj./iz. Ipar. Domingotarra. Dominikanoen komentuan. Apaiz dominikano bat.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper