Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

zurrutada

iz. Hurrupa, zurruta. Zurrutada bat ur fresko edanaz. Zurrutada esne hori hartu ezinik. Zurrutada batean irentsi gura du dena.

zurrutaka

1 adb. Jario ugarian. Ik. purrustan; turrustaka; zurrutan. Odola zurrutaka dihoakio alde orotarik.

2 adb. Zurrupaka.

zurrutero

adj. Lgart. Edalea. Aita zurrutero eta jokalaria. Senarra nahi zuen bihozbera, zurruteroa ez zena, afaltzera zintzo-zintzo etorriko zitzaiona.

zurt

adb. Erne. Adi eta zurt zegoen.

zurtoin

iz. Landareetan, sustraiaren aurkako noranzkoan hazten den eta hostoak ematen dituen zatia. Belar landareen zurtoina. Begiak zabal-zabalik, apio zurtoin bati ausikika. Saltokiko neska arrosen zurtoinak paperean biltzen ari zen. Lurpeko zurtoina duten landareak.

zurtu, zur/zurtu, zurtzen

da/du ad. Harritu. Munduko jakintsu guztiak zurtu behar dituen gauza. Mikel zurtuta zegoen, esaten zuela: "gizonaren zoroa!". Harri eta zurtu daitezen.

zurtz

1 adj. Haurrez mintzatuz, aita, ama edo guraso biak galdu dituena. Ik. umezurtz. Jende zurtz eta beharrentzat. Haurtxo bat bezain ahul eta zurtz gelditzen delarik. Zurtzak eta emazte alargunak.

2 adj. Irud. Halatan, bada, gure euskara zurtz jabe gabeko honentzat nahi nuke bilatu buruzagi on bat bakarra. Hortxe dago, harkaitz zurtz, aratz eta gogor horren gainean. Beraz, poz handi hartaz zurtz gelditzeak zauritzen zidan arima.

zurubi

1 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Sokaz eginiko eskailera; esku eskailera, bi langa luzeren artean zeharka ezarririko langa-mailaz egina. Sorbaldan zurubi bat daraman gizona. Zurubia eman zuen murruari kontra. Gauerdian joaten da Migel Santa Barbarako eskola-etxera, kordazko zurubi bat galtzarbean, sastakaia papoan.

2 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Eskailera. Bigarren solairura igotzeko zurubia. Ametsetan zurubi handi bat ikusi zuen, lurretik zeruraino zihoana. Begoñako zurubietan behera nentorrela. Zurubian gora joan zen. Zurubiaren mailetan. Zurubiaren gain-gainera igoa. Jakoben zurubiak.

zurztasun

iz. Zurtza denaren nolakotasuna eta egoera. Oi, nolako ama galdu dudan, nolako zurztasun dohakabera erori naizen! Euskararen zurztasunak, ahaiderik ezak, irtenbideak mozten dizkigu.

zurzuri

iz. Makalaren familiako zuhaitza, garaia eta hostotsua, leku hezeetan hazten dena, zura zuria, arina eta uretan usteltzen zaila, azala grisa, eta hostoak gainetik berdeak eta azpitik zuhailak dituena (Populus alba). Zurzuria bezain luzea. Zurzuri ahul eta meharrak.

zut

1 adj. Plomuaren norabidean doana. Ik. tente. Lerro zuta. Landare lerden eta zuta dirudi arrantzale gazte hark. || Ehunaren hari zutak eta zeharkakoak.

2 adj. Beste lerro edo plano batekin angelu zuzena egiten duena. Ik. elkarzut. Beste batekiko zuta den lerro zuzena. || Zut bat marraztu.

3 adb. Plomuaren norabidean. Ik. zutik. Haiekin nenbilen, burua zut, nire bideak maitatuz, ez Zureak. Lepoa luzaturik, bi belarriak zut. || Gogoa zut egon arren, ez dago gorputza gai.

zut-zuta adb. Ipar. Makila handi bat eskuan zut-zuta.

zutabe

1 iz. Eraikin baten euskarri zuta, gehienetan zilindro eitekoa, oinarri baten gainean ezarria eta kapitel batek burutua. Ik. pilare. Bi zutabe eta goi habe bat. Zutabeen idulkia.

2 iz. Orrialde idatzia banatzen den zerrenda zut bakoitza. Testua bi zutabetan antolaturik zegoen, tokia aurrezteko.

3 iz. Egunkari edo aldizkarietako iritzi artikulua, aldizka agertzen dena eta egile ezagun eta bakarra izan ohi duena. Egunkarian astero zutabe bat idazten dutenei.

4 iz. Taula batean, goitik behera doazen gelaxkek edo bertan dauden datuek osatzen duten segida.

zutabegile

iz. Egunkari edo aldizkari batean zutabe bat idazten duen pertsona. El País egunkariko zutabegile finkoa da Millas. Duela gutxi, zutabegile ezagun batek honela zioen, bere buruarekin haserre: (...).

zutaratu, zutara, zutaratzen

da/du ad. Ipar. g.er. Zureganatu.

zutarri

iz. Harroina. Prentsa askatasuna funtsezkoa da, demokraziaren zutarrietako bat da.

zutiarazi, zutiaraz, zutiarazten

du ad. Zutitzera behartu. Besotik hartu eta zutiarazi zuen.

zutiarazle

adj. Zutiarazten duena. Gihar zutiarazleak.

zutik

1 adb. Oinen edo oinarrien gainean zuzen, ez eseririk, ez eroririk, ez etzanik. Ik. tente. Esan zion jaiki eta zutik jartzeko. Zutik eta makilak eskuan dituzuela egon behar duzue. Nekatuko zara zutik. Han zeuden, bada, eliz atarian zutik, Oteizaren apostoluak. Auzi nahasiak bideratzen, etxeak zutik edukitzen bezain trebea zen. || Zuhaitza zutik dagoenean, makurtua dagoen aldera erortzen baita. || Gogoko dute sinagoga eta plazetan zut-zutik otoitz egitea.

2 adb. Irud. Ez diot ezer Oñatiko Unibertsitateaz, eroria baikeneukan zutik zegoelako itxuran. Argitasun huts horiek, ordea, teoriaren hezurrak behar dituzte, zutik egongo badira. Ea gizartea zutik egon daitekeen Jainkorik gabe. Zutik gelditzen zitzaizkigun mito apurrak ere deseginik ikusi behar orain.

zutikako adj. Zutik dagoena. Bi kana-erdiko, bata zutikakoa eta etzana bestea. Zutikako erloju handia. Zutikako euskarriak.

zutikai

iz. g.er. Euskarria.

zutiko

iz. Euskarri zuta. Gure etxeak bazituen behean zutiko lodiak.

zutikor

adj. Zutitzeko gai dena, zutitzeko joera duena. Atal zutikorra.

zutikortasun

iz. Zutikorra denaren nolakotasuna.

zutitasun

iz. Zuta denaren nolakotasuna.

zutitu, zuti, zutitzen

1 da/du ad. Zutik jarri. Elbarriari esan zion zutitzeko. Gero, zutitu eta jende guztia bedeinkatu zuen. Belaunikatzera doala, bat-batean zutitu eta atzeratzen da. Erortzen naizenean zutitzeko. Azkenekoz, paldoa zutitzen da eta lurrean landatzen. || Nire aurka nire gaiztakeriak zutitu ninduen.

2 (Era burutua izenondo gisa). Gauza jakina da belarri txiki zutituak dituen txerria ez dela izango lodi eta handia. Orduko lotsa poz bihurtu zaio, orain zutik du burua; ekaitz ondoko eguzkipetik, hala lore zutitua.

zutitze

iz. Zutik jartzea.

zutoihal

iz. Estandartea. Zalditeria kapitainaren zutoihalaren ondoan bilduta.

zutoin

iz. Euskarri edo seinale gisa ezartzen den zutikako haga modukoa. Bikendi zutoina bezain zurrun gelditu zen ikaraz. Telegrafo zutoinak.

zutundu, zutun, zutuntzen

da/du ad. Bizk. Zutitu.

zutunik

adb. Bizk. Zutik.

zuzemen

iz. Arazo edo egiteko bat konpondu edo bideratzeko egiten den gauza. Ik. izapide. Bitarte hau, bere anaia etxeratzeko zuzemenak egiten igaro zuen. Gaitzik ez sortzeko, ongi zaindu behar dira fruituak eta horretarako zuzemenak egin.

zuzen

1 adj. Norabidez aldatzen ez dena, alde batera nahiz bestera makurtzen edo okertzen ez dena. Bide zuzen horretatik sekula ez saihesteko. Izeiaren gerria zuzena da oso. Enbor zuzenekoa da eta adar sendoak ekartzen ditu. Lerrorik laburrena lurgainean, ez da lerro zuzena. Irakurlea aspertu egiten dute maiz bide zuzen eta zabalek: bihurgune ezkutuak nahi ditu, gora eta beherako aldapa zorrotzak, ustekabeko bidegurutzeak. Erraz ziruditenak zailduz eta zuzen ziruditenak bihurrituz.

2 adj. Mat. Angeluez mintzatuz, 90°-koa.

3 adj. Bitartekorik gabea. Haren ondorengo zuzena. Berri zuzenagorik eta zehatzagorik ez dugun bitartean. Harena ez baita gure arteko umorea, atzerri haietako "humour" delakoaren kide eta oihartzun zuzena baizik. Bide zuzenetik dakit. Esplikatu dudana besteren gogoeten ispilu zuzen izan ledin nahi nuke.

4 adj. Egiaren araberakoa. Ez dut uste iritzi hori zuzena denik. Erantzun zuzena emango luke baita kamutsenak ere. Ezaguera zuzenak berak erakusten du, epetan gauza emateagatik ezin ken daitekeela ezer. Beste zerbait ere aurkitzen dut haren esanetan, aski zuzen ez deritzadana. Idazle ikasi haiek herri hizkeratik ahalik eta urrutien saihesten ziren; beraz, ez ditugu lekuko zuzen, hizkuntza jendeak nola erabiltzen zuen jakiteko. || Itzulpen hau, berriz, zuzena izanik, jatorra da.

5 adj. Zuzentasunaren araberakoa. Irakats iezadazu zeure lege zuzena. Jainkoaren tribunal guztiz zuzenean. Nire epaia zuzena da, ez baitut nire nahia bilatzen. Eskabide zuzena izanik. Eta darabiltzagun asmo guztiak ere ez direla, gerok darabiltzagulako, artezak eta zuzenak. Ez litzateke zuzen orduan esan nizkizunak orain aldatzen hastea. Hori ez da jokabide zuzena. Zuzen dena emango dizuet. Zuzen eta bidezkoa da.

6 adj. Arauen edo ereduen araberakoa. Idazkera zuzen batean, hots bakoitzari letra bat dagokio. Bertso egokiak eta kaxkarrak bereizteko neurri zuzena. Ez du gauza zuzenik egingo. Badaiteke galderak berak makurrak izatea, zuzenak izan beharrean. Saioetan teoriak, eta teoria zuzenak, behar du izan gidari. Ekidin hori zuzena ote zen ala hutsen batek sortua. -en da atzizki zuzen bakarra horrelakoetan. Faksimileak, nahiz bere arloan probetxugarriak izan, ez dira edizio kritiko onaren ordain zuzen.

7 adj. Bakoitzari dagokiona ematen diona, zuzentasunez jokatzen duena. Haurrak, lauda ezazue gure Jainko zuzena. Epaile zuzen baten aurrean. Ihes egitea aitor-entzule zuzen, arimazale eta begiratuetarik.

8 adj. Jainkoaren legearen edo lege moralaren arabera jokatzen dena. Zakarias gizon ona eta zuzena zen. Humphrey Bogart ere, makur antzeko gizon zuzena, hor daukagu. Guztiz langile ona da eta bere obretan zuzena. Nekazari zuzen, garbi eta Jainkoaren beldurrekoak.

9 (Izen gisa). Zuzen dagoen gauza. Zuzenak okertzen, okerrak makurtzen. Aitzitik, nahasmendu hori zuzen-okertzaileek berek sortu dute, guztiok dakigun bidez, gero, oker-zuzentzaile ager daitezen.

10 iz. Zuzentasuna. Bakea eta zuzena. Gizarteko zuzenaren alde dago Eliza. Besterena zuzen kontra hartzea. Zuzenaren kontrako legea.

11 iz. Eskubidea. Ama guztiek bere umeen gainean duten zuzen bera. Nik baino zuzen gehiago du zurekin ezkontzeko. Denak lur beraren umeak direnez gero, zuzen berak dituzte. Bazuen zerbait zuzen, apaizetxean zenbait sar-jalgi egiteko. Euskara ken, zer zuzenez? Jainkoaren beraren gozamenera zuzen izatea. || Paretetan josirik dauden harriek ere zuzen dute eta arrazoi, bekatariaren kontra jaikitzeko.

12 iz. Mat. Definitzeko bi puntu besterik behar ez dituen lerro infinitua. Ik. lerro zuzen. Zeren hiru puntuak lerrokaturik baldin badaude, orduan ez da zirkulu bat pasatuko, zuzen bat baizik.

13 adb. Norabidez aldatu gabe, alde batera nahiz bestera makurtu edo okertu gabe. Jainkoaren bidean zuzen dabilena. Oraindik lepoa zuzen daramazu. Kontaketaren haria zuzen segi dezan. Aurrez aurre eta zuzen begiratuz. || Trebes heldu diren gauzak nik zuzen ditut hartzen.

14 adb. Zeharkakorik gabe. Isidro elizara bezala, zu tabernara zuzen. Zuzen helbururaino. Manresa aldera jo zuen zuzen-zuzen. Gaiari zuzen-zuzen dagozkion oharren bat edo beste. Errekara goaz zuzen baino zuzenago.

15 adb. Zuzentasunaren arabera; egiaren arabera. Ik. zuzenki1. Zuzen ikusteko eta zuzen erabakitzeko, burua bezain bihotz garbiko jendea behar. Bere eginbideetan herriaren alde zuzen jokatu zuen. Nola igartzen diogu lehenengoz ikusten dugun norbaiti, eta % 90etik gora zuzen igarri, zer pentsa dezakeen honetaz eta hartaz? Mende honetako arazoak ere ez daude aski zuzen kontatuak, ezjakinaren poderioz, noski. Nire patuak, edo zuzenago esateko, nire bekatuak eragin zuen. Uste zuten, zuzen noski, ez zirela euskara nahaspilatzen eta zikintzen ari. Jaunaren esanak zuzen egitea. Neure iritzi ezkorretan zuzen banabil. Ez nintzateke, haatik, egiaren aldeko zuzen agertuko, guztiok dakigun zerbait isilduko baldin banu.

16 adb. Ereduaren edo arauen arabera. Norbaitek oker edo zuzen, trakets edo dotore, garbi edo mordoilo lantzen ez badu, lantzeke geldituko da alorra. Neurria bera ere ez zuen, dirudienez, txit zuzen erabiltzen beti Imazek. Dioena zuzen badago. Beharbada, nire zuzenketak izango dira behin edo behin zuzen ez daudenak. Txartelok alfabetoari jarraituz zuzen ipini ondoren, paper handietara aldatu nituen. || Heriotza zetorkionerako arimako gauzak zuzen ipini nahirik.

17 adb. Zehaztasunez. Guztia zuzen eta zehatz kontatuko digu. Prezioak, zuzen esateko, ez dauzkat gogoan.

zuzen egon Arrazoia izan. Anton. oker egon. Gauza batean zuzen dago. Zuek maisu eta jaun deitzen nauzue; eta zuzen zaudete, halaxe naiz eta. Nor zegoen zuzen?

zuzenetara adb. Zuzen.

zuzen ibili Zuzen egon, arrazoia izan. Uste dut, ordea, zuzen zebilela Irigarai eta gu oker.

zuzenangeluar

adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, zuzenangeluar-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. angeluzuzen].

zuzenarazi, zuzenaraz, zuzenarazten

du ad. Zuzentzera behartu, bide onera ekarri. Makur dabilen bekataria zuzenarazteko. Munduko guztien arimak zerura zuzenarazteko.

zuzenbide

1 iz. Gizartean bizi diren gizakien arteko harremanak bideratzeko arau eta legeen multzoa. Ez da ahaztu behar zuzenbidea legea baino lehenagokoa dela. Lege erromatarrek osaturiko zuzenbide idatziak Europa eraman du goiko mailara. || Zuzenbide ikasketak egin zituen.

2 iz. Bakoitzari dagokiona emanez, zuzentasunez jokatuz aritzeko era; zuzentasunezko trataera. Ik. justizia. Oiartzungo herriak, zuzenbiderik gelditzen bada, jasoko dion oroitarrian. Bazekien, ordea, bere buruaren aurrean zuritu behar zuela, zuzenbideari dagokiona ematekotan, arrotzen aurrean aldarrikatu zuen euskararen berri ona. Zuzenbidez zor dena. Zuzenbidezkoa den guztia bete behar dugu. Nori berea da zuzenbidea (esr. zah.).

zuzendari

1 iz. Zenbait erakunde, talde edo zerbitzuren jarduera edo beste egiteko edo lan bat zuzentzen duen pertsona. Herriko ikastetxearen zuzendaria. Arte Ederren museoaren zuzendaria. Julio de Urquijo Mintegiaren zuzendari izan zen. Abesbatzaren, antzerki taldearen, egunkariaren zuzendaria. Aldizkari horren zuzendarietarik batek. El Día-ko "euskal orriaren" zuzendaria. Eta, horretarako, gutxi bezalako antzezlari bat aurkitu du filmaren zuzendariak. Euskadiko orkestraren zuzendari berria. Tesiaren zuzendariari. Oinkadak zuzen emateko gidari eta zuzendari on bat behar duzu.

2 (Izenondo gisa). Apaiz zuzendari bati ireki iezaiozu zure barrua.

3 iz. Administrazioko zuzendaritza bateko buruari edo enpresa batzuetako zenbait sailetakoari ematen zaion izena. Iruñeko Epaitegiak Hezkuntza zuzendariaren aurka ahozko epaiketa abiatzeko.

zuzendariondoko

iz. Zuzendariari bere lanean laguntzen dion pertsona. Carlos Urroz, ARCO azokako zuzendari berria, azokako zuzendariondokoa izan zen lau urtez.

zuzendariorde

iz. Zuzendariaren ordekoa edo laguntzaile nagusia. Zuzendariak zuzendariordea bidali zuen bilerara.

zuzendariordetza

iz. Zuzendariordearen kargua, titulua edo betekizuna. Zuzendariordetza utzi.

zuzendaritza

1 iz. Zuzendariaren kargua, titulua edo betekizuna. Gerra aurrean, Iruñeko El Pensamiento Navarro egunkariaren zuzendaritza bete zuen. Espainiako Orkestra Nazionala A. Argentaren zuzendaritzapean zegoenean. Sindikatuko zuzendaritza-batzordea. || Giza arima bakoitzaren hazia Jainkoak berak sortua izan da, eta arima horrek bere kontura hartzen du haragi sortu berriaren zuzendaritza.

2 iz. Zenbait erakunderen jarduna zuzentzen duten kargudunen multzoa. Euskaltzaindiaren zuzendaritzak. Zuzendaritzaren burua. Zuzendaritzaren baimenarekin.

3 iz. Administrazioko zenbait atalen edo enpresa batzuetako sail nagusien izena. Donostiako Udaleko Ingurumen zuzendaritza. Zuzendaritza Nagusia.

zuzendu, zuzen/zuzendu, zuzentzen

1 du ad. Okerturik-edo dagoena zuzen ezarri. Arbola mardotu eta lodituak, nork zuzendu, okertuak badaude? Kakaoa jaurti genuen beste aldera eta zuzendu zen ontzia. Gaixoak osatu, herrenak zuzendu. Prestatu bideak Jaunari, zuzendu bidexkak hari.

2 du ad. Gaizki edo oker dagoena zuzen ezarri. Idazlanak zeuden-zeudenean datoz berriz, hutsik ere zuzendu gabe. Gainerako hitzak aski oker zuzenduak daude. Liburu honetan oker ezarri diren hitzen zuzentzeko bidea. Makurrak, diotenez, ezin zuzen daitezkeen horietakoak baitira. Ikaskizun gutxi utzi digute aurrekoek, eta utzi diguten gutxia ere aise zuzen eta hobe dezakeguna. Lastima da horrako zuzentzaile horrek liburua zuzendu duen bezain erraz mundua ezin zuzendu izatea; ez dakit, halere, ez ote nukeen nahiago gauden mundu traketsean bizi, berak zuzendutakoan baino. Haren iritziak zuzenduaz.

3 du ad. Gidatu, norabide jakin batean joanarazi. Ik. bideratu. Zeruko bidean arimak ondo zuzentzea. Arteztu itzazu nire egikerak, zuzendu nire ibilerak. Zuk agindu, zuk zuzendu, eta nik jarraitu; zuk esan, eta nik egin. Pausoak ongi neurtu eta zuzendu beharrean aurkitzen gara. Hemen aurkituko dituzte euskaldun nekazari eta gazte guztiek irakaste ederrak beren bizitza zuzentzeko. Haur ginela, gure bizitza bestek zuzentzen zuen. Badirudi, gainera, iratxo madarikaturen batek okertzen zituela —ezin zuzentzen esan— gure pausoak, hitz jatorren bila genbiltzanean.

4 du ad. Zerbait beste zerbaitetara edo norbaitengana bideratu. Besoa zabaldurik, semeagana zuzendu du hatza. Begiok gugana zuzendu eta eraman gaitzazu zugana. Bihotzak zerurantz zuzendurik, Jaunari eskatzen zioten. Horretara zuzendu zituen, gero ere, bere ahaleginak. Hona orain gure galdera, irakurle guztiei zuzendua. Tovar jaunaren erantzun bat, Corominas jaunari zuzendua.

5 du ad. Antolatu. Gauza guztiak biderako zuzenduta, San Paulo beste preso batzuekin Erromara itsasoz bidali zuen. Ordurako hire kontuak zuzendu beharko dituk.

6 du ad. Erakunde edo talde baten jarduna, edo egiteko edo lan bat, buru gisa kudeatu. Zeren berak zuzentzen baitu Eliza. Ikastetxe bat, orkestra bat zuzendu. Arrakasta handiko antzerki lan bat zuzendu zuen.

7 da/du ad. Gaitzerako bidea utzi edo utzarazi. Denbora da zuzen gaitezen, horrelakorik gerta ez dadin. Ezin zenbatu litezke liburu onek zuzendu, ondu eta zeruko bide artezera ekarri dituzten bekatariak. Honela zuzenduz joango da bekataria bere bizieran. Lehen okerrak ziren bihotzak zuzendu eta lehen lakatzak ziren bideak leundu eta zelaituko dira. Miserikordiazko hirugarren obra, huts egiten duena zuzentzea.

8 da ad. Norbaitengana edo norabait jo. Estutasun honetan zuzendu zen Jainkoaren Amagana. Mireioren landetxerantz zuzendu zen. Damua zuzentzen da igarotako bekatuetara, baina asmoa etorkizunetara.

9 (Era burutua izenondo gisa). Honi eskerrak, milaka dira zango zuzenduak, betoker sendatuak.

10 (Era burutua izen gisa). Agintari eta mendekoak, zuzendari eta zuzenduak.

zuzendun

adj./iz. g.er. Eskubideduna.

zuzenean

1 adb. Itzulingururik gabe; bitartekorik gabe. Bazekien zein tabernatan egongo zen, eta zuzenean joan zen bertara. Erromatarren hizkuntzatik zuzenean hartua. Hotsei zuzenean dagozkien xehetasun guztiak. Maizago jakiten dut gauza horien berri zeharka, zuzenean baino. Mintzatzea ukatu zaiolako, bai zuzenean eta bai zeharbidez. || Ostatura joan nintzen zuzen-zuzenean. Zuzen-zuzenean Zadorrara doan erreka. Erlijioaren iturburuetara zuzen-zuzenean edatera doana.

2 adb. Emanaldiez mintzatuz, aldez aurretik grabatu gabe; aurrez aurre. Aretoa goraino betea zegoen eta Radio Popularrek zuzenean eman zuen kontzertua. Musika zuzenean entzuteko aukera izan zuten. Urte mordoa daramatza artista ezagunekin baxua jotzen, zuzenean nahiz estudioko grabazioetan.

3 adb. (Disko edo kideko bat) zuzenean izandako emanaldi batean (grabatu). Diskoa zuzenean grabatua dago.

zuzeneko adj. Zuzenean doana; zuzenean egiten edo gertatzen dena. Gizon bat da, okerreko bidetik abiatu dena, eta zuzeneko bidera itzularazi behar duguna. Zuzeneko harremana izaten saiatzen gara, ez telefono bidezkoa soilik. Zientzia beti atzetik ibiltzen baita asmakuntza praktikoei dagokien guztian, eta asmakuntzek ez dute zuzeneko inolako eraginik zientziaren garapenean. Taldeak disko berria prestatu du zuzeneko emanaldiekin. Bartzelonan urtarrilean emandako kontzertua zuzeneko disko batean argitaratu du taldeak.

zuzeneratu, zuzenera/zuzeneratu, zuzeneratzen

1 da ad. g.er. Zuzendu, gaizki edo oker dagoena zuzen jarri.

2 da ad. g.er. Onbideratu.

zuzenerdi

iz. Lerro zuzen bateko puntu batetik aurrera noranzko batean hedatzen den zuzen zatia. Zuzenerdiaren jatorri puntua.

zuzenetsi, zuzenets, zuzenesten

du ad. Zuzentzat jo edo hartu, onetsi.

zuzengabe

adj. Zuzentasunik edo zuzenbiderik gabea. Erabaki zuzengabea. Gauza txikietan zuzengabea dena handietan ere zuzengabea da.

zuzengabeko adj. Zuzengabea. Zuzengabeko galdeak.

zuzengabekeria

iz. Bidegabekeria. Zuzengabekeria anitz izaten da bazterretan. Zuzengabekeriarik egin gabe. Izan ere, zer da zuzentasuna zuzengabekeriaren aldean?

zuzengaitz

adj. Zuzentzen gaitza dena, ia ezin zuzenduzkoa. Okerraren bihotza zuzengaitza da.

zuzengarri

adj./iz. Zah. Zentzagarria. Jakitunen hitz edo esan zuzengarriak. Espirituari beti aurrera eragin eta haragiari beti atzera eragin: hau zuzengarri segurua da, neure kristauak.

zuzengune

iz. Errepide, bide, burdinbide eta kidekoetan, zati zuzena, bihurgunerik gabea. Aldaparen ondorengo zuzengunea toki aproposa da aurreratzeko. Turinera iritsi aurretik autobideak ia hirurogei kilometroko zuzengunea du.

zuzenik

adb. g.er. Zuzenean. Eraman nazazu zerura zuzenik.

zuzenka

adb. Zuzenean. Egungo egunean bertan, nabari dugu, zuzenka eta zeharka, haien errainua gure egintzetan.

zuzenketa

1 iz. Oker-edo dagoena zuzentzea, bereziki idazlan batean egiten dena. Artean Joanaren sasiezkontza hura zegoen garbitzeke, eta gizona Europan eta andrea Ameriketan zela, kontu haren zuzenketa ez zen erraza. Une honetan egoki izango da Gorosabeli zuzenketa bat egitea. Zenbait ohar eta zuzenketa bidali zizkidan nire liburuan agertzen diren argitasun eta iritzien inguruan. Zuzenketa okerrak. Zuzenketa den aldaketa. Beharbada, nire zuzenketak izango dira behin edo behin zuzen ez daudenak.

2 iz. Legegai edo kideko batean egiten den aldaketa-proposamena. Zuzenketak aurkezteko epea. EAk proposatu dituen hogei zuzenketak.

zuzenki1

adb. Zuzentasunez. Ik. zuzen 15. Hil eta bizi guztiak zuzenki jujatzera. Haiek bezain zuzenki munduan barrena ibiltzeko gai izan ez naizelako. Badakit ez ditudala franko gauza behar bezain zuzenki azaldu. Esan nuena jaso zutenek ez baitzuten erabat zuzenki jaso.

zuzenki2

iz. Segmentua, zuzen zatia.

zuzenkontra

adb. Bidegabeki, bidegabe. Jainkoak debekatzen digu besteena zuzenkontra hartzea edo atxikitzea.

zuzenkontrako adj. Bidegabea, bidegabekoa. Ez da bidezkoa, zuzenkontrakoa da.

zuzentarau

iz. Zuz. Europako Parlamentuak edo Kontseiluak ezartzen duten araua, Europar Batasuneko estatu kideek gai edo alor jakin batean bete beharreko helburuak zehazten dituena eta estatu kideei helburu horiek lortzeko modua eta bitartekoak aukeratzeko ahalmena uzten diena. Ik. direktiba. Europar Batasuneko Energia ministroek eraginkortasun energetikoa bultzatzeko zuzentaraua onartu zuten atzo. Zuzentarauak emaitza jakin bat lortzera behartzen ditu gobernuak, baina estatu bakoitzaren esku uzten du emaitza lortzeko modua eta bitartekoak aukeratzea.

zuzentasun

1 iz. Egiaren arabera epaitzera eta aritzera, eta bakoitzari dagokiona ematera bultzatzen duen bertutea. Ik. zuzenbide 2. Jainkoaren zuzentasun neurrigabea. Zuri eta beltz ikusten nuen zuzentasun eta bidegabekeria hitzen erabateko balioa. Jainkoaren jujamenduen zuzentasuna. || Zuzentasun gabe zin egitea.

2 iz. Zuzena, zintzoa denaren nolakotasuna. Ik. zintzotasun. Epailea izateko eduki behar da sendotasuna eta zuzentasuna, berdintasunez egiteko kontzientziak agintzen diona. Herriko buruzagien zuzentasuna. Zure arimaren zintzotasun eta zuzentasunaren erakusgarria. Galdu zuen orduan gizonak jatorrizko zuzentasuna.

zuzentza

iz. Justizia. Erailea zuzentzagandik iheska. Zuzentzan ere lan banaketa sortu dugu beste gaietan bezala; gaizkile ustekoa batek atzi, besteak gorde giltzapean, besteak kondena, besteak urka... eta besteak, guk alegia, egunkarietan irakur.

zuzentzaile

adj. Oker-edo dagoena zuzentzen duena. Lastima da horrako zuzentzaile horrek liburua zuzendu duen bezain erraz mundua ezin zuzendu izatea; ez dakit, halere, ez ote nukeen nahiago gauden mundu traketsean bizi, berak zuzendutakoan baino. Aitzitik, nahasmendu hori zuzen-okertzaileek berek sortu dute, guztiok dakigun bidez, gero, oker-zuzentzaile ager daitezen.

zuzentze

iz. zuzendu aditzari dagokion ekintza. Ik. zuzenketa. Zuzentze gehienak Astarloaren lehen liburuari dagozkio. || Nik ez dakit zer-nola izango den okerrak zuzentze delako hori.

zuzi

iz. Zurezko makila modukoa, burua erretxinaz edo bestelako gai sukoi batez bustia duena, argi egiteko eskuan eramaten edo horman ezartzen dena. Ik. lastargi. Zuzi bat pizturik. Zuzi-argitara, senarraren etxera eraman ohi zuten emaztea. O, adimen guztien zuzi argitzailea.

argi zuzi, argi-zuzi Zuzia. Eskuan argi-zuzi irazekia. Begia da gorputzaren argi zuzia.

zuzitu, zuzi/zuzitu, zuzitzen

du ad. Batez ere Bizk. Birrindu, suntsitu. Txalupa lehorrera jaso behar dugu, olatuek haitzetan zuzitu ez dezaten.

zuzkidura

iz. Hornidura.

zuzkitu, zuzki, zuzkitzen

du ad. Hornitu. Fundazio horrek bere jarduerak gauza ditzan, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ondare jakin batez zuzkituko du.

zuzpertu

ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, zuzpertu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. suspertu].

zuztar

1 iz. Sustraia. Zuztarretik atera. Etxe guztia zuztarretik itzuliko zuen. || Zuhaitz gerrian irteten diren hosto, muskil eta horrelakoak, ebaki zuztarretik.

2 iz. Zurtoina.

3 iz. Sagarretan eta udareetan, jan gabe uzten den barnealdea, haziak gordetzen dituena. Ik. mutxikin 2. Sagar zuztar batetik ere hatz markak atera al daitezke?

4 iz. Zigarro edo zigarretetan, erre gabe uzten den hondakina. Ik. mutxikin 1. Nork ez du aurkitu inoiz zigarro baten zuztarra etxeko eskaileretan, auzokoren batek nahita botata?

zuztartu, zuztar/zuztartu, zuztartzen

da/du ad. g.er. Sustraitu.

zuzter

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, zuzter-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zuztar].

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper