Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

poliglota

adj. Hainbat hizkuntzatan mintzatzen dena. Ik. eleaniztun. Irakurle poliglota.

poligonal

1 adj. Mat. Poligonoarena, poligonoari dagokiona; poligonoaren forma duena.

2 adj./iz. Biol. Landare angiospermoez mintzatuz, belar egiturakoa dena eta hosto bakunak eta txandakatuak dituena; (pl.) landare horiek osatzen duten ordena.

poligono

iz. Zuzenkiz mugaturiko irudia. Poligono baten aldeak eta erpinak.

poliketo

iz. Zool. Anelidoen filumeko animalia ornogabea, gorputza zurda finez estalia duena eta gehienetan itsasokoa izaten dena; (pl.) animalia horiek osatzen duten klasea.

poliki

1 adb. Era politez, aski egoki edo ederki. Ik. polito. Gertakizuna poliki josia dago. Poliki apaindua. Liburua poliki eta txukunki itzulia dago. Poliki abesten zuten. Aski poliki zekielako irakurtzen. Poliki irabazten dugu hemen.

2 adb. Astiro. Presaka eta guztia baino, hobe da erdia kontuz eta poliki irakurtzea. Poliki etorri bidean. Poliki eta isilik sartu ziren denak sukaldean. Polikiago joan beharko dugu.

poliki-poliki Poliki, astiro. Gero, poliki-poliki, bakeak egin nituen neure buruarekin. Abiatu ginen, bada, poliki-poliki. Poliki-poliki baina atertu gabe.

poliklinika

iz. Hainbat motatako eritasunak artatzeko zerbitzu bereziak dituen klinika.

polikopia

iz. Paper berezi batean idatzi denaren kopia ugari egiteko prozedura. Ik. multikopia. Polikopiaz ateratzen zen aldizkaria.

polikopiatu, polikopia/polikopiatu, polikopiatzen

du ad. Polikopia bidez kopia ugari egin.

polikromatu, polikroma, polikromatzen

du ad. Zerbait kolore asko erabiliz margotu. (Batez ere era burutuan erabiltzen da, izenondo gisa). Ama Birjinaren irudi polikromatua.

polikromia

iz. Polikromoa denaren nolakotasuna. Bere artelanak polikromiaz alaitzen eta nolabait beztitzen ditu.

polikromo

adj. Kolore askotakoa, kolore asko dituena. Aztekek landuriko zeramika polikromoa.

polimeriko

adj. Kim. Konposatuez mintzatuz, molekula berdin-berdinen elkarketaz osaturiko molekulak dituena. Material polimerikoak.

polimerizatu, polimeriza, polimerizatzen

du ad. Kim. Konposatu baten molekulak elkarrekin konbinatuz polimeroa osatu.

polimerizazio

iz. Kim. Polimerizatzea. Urratsez urratseko polimerizazioa eta erradikal askeen bidezko polimerizazioa.

polimero

iz. Kim. Molekula organiko bat errepikatuz osatzen den molekula. Plastiko edo polimero asko, berotutakoan, bigundu egiten dira. Polimeroen sailkapena.

polimetro

iz. Heg. Elektr. Multimetroa.

polimili

iz. Lgart. ETA erakundeko adar politiko-militarreko kidea. Polimiliek Espainiako turismo guneetan jarritako lehergailuak.

polimorfismo

iz. Polimorfoa denaren nolakotasuna. Gene batzuei, agertzen duten polimorfismoari esker, aise segi dakieke arrastoa belaunaldiz belaunaldi.

polimorfo

adj. Forma askotakoa, forma asko dituena edo izan ditzakeena. Izu hori unibertsala da, eta polimorfoa.

polinizatu, poliniza, polinizatzen

du ad. Polena lore baten estigmetara eraman.

polinizatzaile

adj./iz. Polinizatzen duena. Erlea da intsektuen artean polinizatzaile nagusia.

polinizazio

iz. Polinizatzea. Erleek polinizazio lan handia egiten dute.

polinomiko

adj. Polinomioarena, polinomioari dagokiona; polinomio itxura duena. Funtzio polinomikoak.

polinomio

iz. Adierazpen aljebraikoa, batuketa edo kenketa ikurren bidez lotutako aljebra-gai bi edo gehiago dituena. ax3 + bx2 - c adierazpena polinomio bat da.

poliomielitis

iz. Med. Eritasun kutsakorra, bizkar muinean kokatzen den birus batek sortua, ezaugarritzat giharrak endurtzea eta elbarritasuna dituena. Poliomielitisak jotako haurra. Poliomielitisaren ondorioak. Poliomielitisaren aurkako txertoa.

polipasto

iz. Heg. Polea finkoz eta mugikorrez osaturiko makina, kargak altxatzeko erabiltzen dena.

polipo

iz. Gorputza zaku luze baten itxurakoa duen itsas animalia, mutur bat itxia eta harkaitzei edo itsas hondoari itsatsia eta bestea irekia eta garroz inguratua duena (Fil. Coelenterata). Polipoak eta medusak.

polis

iz. Antzinako Grezian, estatu betekizuna zuen hiria. Polisaren egitura politikoak hitzaren ahalmena indartu zuen.

polisakarido

iz. Kim. Monosakarido kate luzez osaturiko karbohidratoa, oso pisu molekular handia izaten duena. Naturan dauden polisakarido garrantzitsuenetariko bi zelulosa eta almidoia dira.

polisemia

iz. Hitz edo adierazle batek adiera bat baino gehiago izatea. Sinonimia eta polisemia.

polisemiko

adj. Hitz edo morfema batez mintzatuz, esanahi bat baino gehiago dituena. Hiztegietan sarrera bakarra dute hitz polisemikoek; sarrera bereiziak, hitz homonimoek.

polit

1 adj. Itxura edo eite atsegingarria duena, halako edertasun bat duena. Ik. eder1. Ederra ez da, baina polita bai. Neska polita. Polita du aurpegia, baina politagoak begiak. Habia polita egiten du karnabak. Loreetan politena. Liburuxka polit batean bilduriko artikuluak. Erdarazko hitz polit dotoreak antzeko euskal hitz polit dotoreekin ematea. Ipuin politak kontatzen zituen. Edergarri polit eta egokiak. Amets polit bat deuseztatu zaigu, beste askoren antzera. || Pilota politak, biziak, frontisetik ongi ateratzen direnak. Giro polita. Sagardo polita.

2 adj. Aski handia. Diru pilo polita utzi zion alargunak. Irabazpide polita. Sari polita, horren erraz irabazteko.

politasun

iz. Polita denaren nolakotasuna. Gauza horren politasuna, txikia izatea. Edertasuna baino ederragoa, politasuna baino politagoa.

politburo

iz. Antzinako Sobietar Batasunean eta beste herrialde komunista batzuetan, aginte politiko osoa duen batzordea. Kubako Alderdi Komunistako politburoko kide bat bota dute, botereaz abusatzea, zintzotasun eza eta harrokeria leporatuta.

politeismo

iz. Jainko bat baino gehiago dela onartzen duen doktrina. Grekoen politeismoa.

politeista

1 adj. Politeismoarena, politeismoari dagokiona. Erlijio politeistak.

2 iz. Jainko bat baino gehiagotan sinesten duen pertsona. Jentil Aroko euskaldunak, monoteistak ala politeistak ziren?

politekniko

adj. Ikasketa-zentroez mintzatuz, zientzia eta teknikaren alorretako jakintzagai batzuetako ezagutzak irakasten direna. Hamazazpi urte zituela, Eskola Politeknikoan onartua izan zen. Fisika eta matematika ikasi zuen San Petersburgoko Institutu Politeknikoan. Doktorea da arkitekturan eta irakasle Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.

politika

1 iz. Estatu edo nazioak gobernatzeko antzea eta praktika; herri arazoen multzoa, eta herritarrek horretan duten esku hartzea. Nazioarteko politika. Eskuineko edo ezkerreko politika. Politika eta erlijioa. Administrazioko eta politikako hizkuntza erdara zenez gero. Ni orduan politikan oso sartua nengoen.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. politiko. Adiskideak, batez ere politika arloan, ez dira lagun nahitaez. Politika arazoetan. Ezkerraldera jotzen zuen gehienbat politika-gaietan.

3 iz. (Hitz elkartuetan, bigarren osagai gisa). Ekonomia politika. Europan benetako gizarte politika bultzatu nahi du. Hizkuntza-politika errotik aldatu behar dela uste du.

4 iz. Egiteko bat, batez ere herri egiteko bat, aurrera eramateko era. Gutxietsia izan da luzaroan gales hizkuntza, eskoletatik eta gizartetik baztertua; Londresko gobernuak utzia du politika hori, baina politika horren ondorioak ez dira horregatik ahitu.

politikagintza

iz. Politika, jarduera politikoa. Politikagintzan ere aldaketa sakona behar dugu. Hemengo politikagintza Alemaniakoa baino askoz ere praktikoagoa iruditu zitzaidan.

politikari

iz. Politikan edo gobernu gaietan aritzen den pertsona. Demokraziaren aldeko politikariak.

politikazale

adj./iz. Politikaren zalea dena. Ez naiz inolako moduz politikazalea.

politikero

iz. Pei. Politikaria. Herrietako buruzagi onek ikusten dute beren ahal eta borondate on guztia politikero nahasi batzuek hausten.

politiko

1 adj. Politikarena, politikari dagokiona. Arazo politikoak: politika-arazoak. Giro politikoa: politika-giroa. Alderdi politikoak. Sistema politikoak.

2 adj. Estatuari edo estatuen arteko harremanei dagokiena. Berezko mugak eta muga politikoak. Geografia politikoa.

politikoki

adb. Politika-aginpideari dagokionez; ikuspuntu politikotik. Politikoki baturik ez dagoen herria.

politizatu, politiza, politizatzen

du ad. Zerbaiti kutsu edo izaera politikoa eman. Epailearen agindua politizatzea egotzi dio PPri Jose Blanco sozialistak. Zientzia ez da politizatu behar.

politizatze

iz. Zerbaiti kutsu edo izaera politikoa ematea. Politizatze prozesurik izan ez duten hizkuntzak.

politizazio

iz. Politizatzea. Bake prozesua oztopo serioekin hasi da, Justiziaren politizazioarekin.

polito

1 adb. Bizk. Poliki, aski egoki. Polito irabazten du. Deabruak polito engainatzen ditu horrelakoak. Polito jo zion adarra.

2 adb. Bizk. Poliki, astiro. Amandre eguzkia bazihoan polito-polito bere amaganantz.

politologo

iz. Teoria eta analisi politikoan aditua den pertsona. Laurogeita hamargarren hamarkadan, nazionalismoen bukaera aurreikusten zuen ikuspegi teorikoa zabaldu zen politologoen artean.

politu, polit/politu, politzen

da/du ad. Polit edo politago bihurtu. Ik. edertu. Lorez politua.

poliuretano

iz. Kim. Dentsitate gutxiko erretxina sintetikoa, poliesterren kondentsazioaren bidez lortzen dena. Poliuretanozko leihoak.

poliza

iz. Hitzarmen bat jasotzen duen agiria, bereziki aseguru etxe batekin sinatzen dena.

polizia

1 iz. Ordena publikoa zaintzeko eta lege-hausleak epaileen aurrera eramateko zeregina duen erakundea. Ik. ertzaintza. Poliziari deitu. Polizia-bulego batean. Polizia mutil britainiarrek badute gizalegea, inork badu. Jaun serio hura poliziako komisario bezala aurkeztu zen. Epaile batek 10.800 euroko isuna jarri dio Frankfurteko Poliziako buruordea izandako Wolfgang Daschnerri.

2 iz. Poliziakidea, poliziakoa.

3 iz. Garbitasuna; ardura. Elizan ordenatua den polizia begira dezagun.

polizia eleberri, polizia-eleberri Eleberri mota, krimen misteriotsu baten inguruko gertaerak eta horiek argitzeko ikerketak gaitzat dituena, poliziakide bat edo detektibe bat protagonista duena. Erritmo zoroa eta bikain eramandako haria elkartzen ditu Bartzelonako gauetan giroturiko polizia-eleberri honek.

polizia etxe, polizia-etxe Poliziak bulegoak dituen etxea. Ik. ertzain etxe; komisaria.

polizia operazio, polizia-operazio Helburu jakin bat duten polizia-ekintzen multzoa. Enpresaburuen elkarteek gogor gaitzetsi zuten iraultza-zerga ordaindu zuten enpresarien kontra abiarazitako polizia-operazioa.

poliziaburu

iz. Poliziako sail baten burua. Hilketa izan zenean poliziaburu zenak ez du azalpenik eman.

poliziakide

iz. Poliziako kidea. Ik. poliziako.

poliziako

iz. Poliziako kidea. Ik. poliziakide. Poliziakoa barrez hasi da. Poliziako batek lagundu zion emakumeari.

polizoi

iz. Heg. Ezkutuko bidaiaria, bereziki ontzi edo hegazkin batekoa. Zipreko ontzi batean iritsitako polizoiak babes politikoa eskatu zuen atzo.

polka

iz. Mus. Poloniar jatorriko dantza, erritmo bizikoa; dantza horren doinua.

polo1

1 iz. Lurraren biratze ardatzak lurrazala ebakitzen duen bi puntuetako bakoitza. Ik. lurburu; iparburu; hegoburu. Poloetatik datozen haizeak.

2 iz. Poloen inguruko lurraldea. Ipar Poloko izotzen urtzea. 1911n, Amundsen Hego Polora iritsi zen.

3 iz. Zeru esfera ebakitzen duen ardatzaren bi puntuetako bakoitza.

4 iz. Iman baten buruetako bakoitza.

5 iz. Makina elektrikoetan, zirkuituen muturretako bakoitza. Bateriaren polo negatiboa. Motorraren poloak.

polo2

1 iz. Bi talderen arteko zaldi gaineko kirola, kirten luzeko mazo antzeko batez baliatuz, pilota aurkariaren atean sartzean datzana. Poloan aritzeko zelaia.

2 iz. Gorputza lepotik gerriraino estaltzen duen kotoizko jantzia, alkandora-lepoa, bularrerainoko irekidura botoiduna eta mahuka motzak edo luzeak dituena. Alkandora zuriaren ordez, polo urdina eramango dute ertzainek.

poloniar

1 adj. Poloniakoa, Poloniari dagokiona. Poloniar langileen ordezkariak.

2 iz. Poloniako herritarra.

poloniera

iz. Polonian mintzatzen den eslaviar hizkuntza. Polonierazko literatura.

polonio

iz. Kim. Uranio mineraletan aurkitzen den elementu kimiko erradioaktiboa, naturan oso urria dena (Po; zenbaki atomikoa, 84).

poltsa

1 iz. Dirua gordetzeko zakutoa. Ik. moltsa. Diru poltsa. Poltsa edo bizia. Zentimorik ez dauka Txirritaren poltsak. Poltsa bete.

2 iz. Poltsaren edukia. Eman zion emazteari poltsa dirua. Ikasleen poltsa urria.

3 iz. Esku zorroa, gehienetan txikia, larruzkoa edo oihalezkoa, itxigailuz eta, askotan, heldulekuz hornitua, dirua eta hainbat gauzaki eramateko erabiltzen dena. Poltsa dendan ahaztu. || Plastikozko poltsa.

poltsatxo

iz. Poltsa txikia. Amonak gerrikoaren barrenaldean jositako poltsatxoa haztatu nuen.

poltsero

iz. Heg. Lgart. Diruzaina.

poltsiko

iz. Heg. Sakela. Ik. patrika. Galtzen atzeko poltsikoan.

poltsikoratu, poltsikora/poltsikoratu, poltsikoratzen

du ad. Heg. Sakelaratu. Ik. patrikaratu. Sosik poltsikoratu gabe egin behar izaten zen lan.

poluzio

iz. Ekol. Gai kaltegarriak isurtzearen edo igortzearen ondorioz ingurumena kutsatzea; horren ondorioa. Ik. kutsadura. Poluzioak gizakiaren osasunean duen eraginarekin kezkatuak daude zientzialariak.

pomada

iz. Med. Gantzetan edo baselinatan gai eraginkorrak disolbatuz prestatzen den nahastura, larruazala igurtziz sendagai gisa erabiltzen dena. Ik. ukendu; gantzu. Azkuraren kontrako pomada. Pomadaz igurtzi. Pomada usaina.

pomelo

1 iz. Laranjondoaren familiako zuhaitza, laranja handi baten itxurako fruitu garratz-mingots azal-horiak ematen dituena (Citrus paradisi).

2 iz. Zuhaitz horren fruitua. Mandarina, pomeloa eta mingrana, udazkeneko fruta urtsuak.

ponpa

iz. Likido bat edo gas bat lekualdatzeko tresna. Ik. uhaga. Ura ponpa batez atera. Su ponpa.

ponpatu, ponpa/ponpatu, ponpatzen

du ad. Isurkari bat ponpa baten bidez goratu. Fukushimako zentralean erreaktoreak hozteko itsasoko ura ponpatzen jarraitzen dute.

ponpatze

iz. Isurkari bat ponpa baten bidez goratzea. Ura etxeetara eramateko ponpatze sistemak energia asko eskatzen du. Bihotzak ponpatze indar handia egiten du.

ponpeiar

1 adj. Ponpeiakoa, Ponpeiari dagokiona.

2 iz. Ponpeiako herritarra.

ponperia

iz. g.er. Arrandia, handikeria.

ponte

iz. Bataiarria. Ez ziren bataiatu elizako pontean, baizik bat pertzean eta bestea azpilean.

aita ponteko Aitabitxia (bataiokoa). Aita pontekoak haurra besoetan hartzen du.

alaba ponteko Alababitxia.

ama ponteko Amabitxia (bataiokoa). Nire ama pontekoa izeba Miren da.

ponte izen, ponte-izen g.er. Pertsona bat izendatzen duen izena, abizenari lotua doana eta familia bereko beste kideetatik bereizteko balio duena. Guztiek Madarixa Txikixe deitzen zuten hark Jose Manuel zuen ponte izena.

seme ponteko Semebitxia.

pontifikal

1 adj. Erl. Aita santuarena, aita santuari dagokiona. || Salamancako Unibertsitate Pontifikala.

2 adj. Erl. Mezaz mintzatuz, gotzain batek ematen duena.

pontifikatu

iz. Aitasantutza; aitasantutzako aldia.

pontifize

iz. Erl. Aita santua.

pontxe

iz. Ronarekin edo beste likore batekin eginiko edaria, besteak beste, urarekin, limoiarekin, arrautzarekin, kanelarekin eta azukrearekin nahasiz prestatzen dena. Gure amak pontxea ematen zidan goizetan indar nendin. Pontxe usaina.

pontxo

iz. Hego Amerikako berokia, tapaki baten itxurakoa dena eta burua sartzeko irekidura bat duena. Asko ibili ohi zen zaldi gainean eta Argentinatik ekarri zuen pontxo bat janzten zuen.

pop

iz. Mus. XX. mendeko hirurogeietan sorturiko musika-estiloa, britainiar herri musikaren eta rock musikaren elementuak dituena, eta melodiari garrantzi handia ematen diona. Pop taldea. Pop dotore eta alaia.

popa

1 iz. Itsasontzien atzealdea. Ik. txopa. Anton. branka. Popan eserita dago mutil gaztea. Branka eta popa.

2 iz. Lgart. Ipurtaldea. Ostikoz popan jotzen bazaitut...

poparean Popatik. Ontziek ez dute itsasoan haizea beti poparean izaten.

popatik eman Lgart. Sodomizatu. Bi eskuez gerritik helduta, gizona bizi-bizi hasi zitzaion popatik ematen.

popatik hartzera bidali Lgart. Norbait modu txarrean joanarazi; norbaiti haserrea edo gaitzespena modu txarrean adierazi. Ik. antzarak ferratzera bidali; pikutara bidali. Betiko neska-lagunak popatik hartzera bidali zuenetik noraezean zebilen.

popatik hartzera joan (Aginterazko aditzekin, arbuio bizia adierazteko). Lgart. Ik. antzarak ferratzera joan; pikutara joan. Doala popatik hartzera eta goazen hemendik! || Zoaz popatik, neska!

popalde

iz. g.er. Lgart. Ipurtaldea.

popandi

adj. Bizk. Lgart. Popa-handia, ipurtandia.

pope

iz. Eliza kristau ortodoxoetako apaiza. Bizar handia eta popeena bezalako adats luzea zituen.

populamendu

iz. Populatzea; horren ondorioa. Ik. populazio.

popular

1 adj. Herriarena. Fronte popularra.

2 adj./iz. Espainiako Alderdi Popularrari dagokiona; Espainiako Alderdi Popularreko kidea. Buruzagi popularra.

populartasun

iz. Popularra denaren nolakotasuna.

populatu, popula, populatzen

du ad. Jendeztatu. Populatu gabeko lurraldea.

populatzaile

iz. Lurralde bat populatu duten pertsonetako bakoitza. Penintsularen lehen populatzaileak.

populatze

iz. Jendeztatzea. Ik. populamendu. Gipuzkoak populatze homogeneo samarra izan du.

populazio

iz. Biztanleria. Populazioaren hazkundea.

populismo

iz. Politikan, herriarengan arrakasta duenari begira dagoen joera.

populista

adj./iz. Populismoaren aldekoa. Alderdi populistak.

populu

iz. Ipar. Lurralde bateko jendea, bereziki xehea. Ik. herri. Israelgo populua. Jerusalemeko populuari. Europako populu zaharrena. Jainkoak hura hautatu zuen bere populuaren aitzindaritzat.

pordoi

iz. Erromesak edo bidaztiak eraman ohi duen makila luzea. Pordoitik zintzilik, kurkubitan ura.

pordondantza

iz. Euskal dantza, berez Tolosan San Joan egunez dantzatzen zena. Pordondantza egiten da pordoi luzearekin, ezpata dantzaren modu berberean.

porifero

iz. Zool. Uretako animalia ornogabea, zaku edo hodi baten antzeko gorputza duena, uretan dauden partikulak iragaziz elikatzen dena; (pl.) animalia horiek osatzen duten filuma.

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper