Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

patinaje

iz. Patinatzea. Pista motzeko abiadura-patinajeko 500 metrokoan, Meng Wang txinatarra nagusitu zen.

patinatu, patina, patinatzen

du ad. (nor osagarririk gabe). Patinetan ibili, patinez baliatuz, irristatuz mugitu. Neguko egun batean izotz gainean patinatzera joan ziren anaia eta biak. Oso ongi patinatzen dute.

patinatzaile

iz. Irristalaria, patinetan ibiltzen den pertsona. Europako punta-puntako patinatzaileak.

patinete

iz. Lur gogor eta berdinetan lerratuz ibiltzeko tresna, bi edo hiru gurpilen gainean jarririko ohol batek eta aurreko gurpila gidatzen duen eskuleku batek osatua dena. Patinetean zebilela, eskumuturra puskatu zuen.

patio

iz. Espainiako etxe berezi batzuetako barne barruti ez-estalia. Ik. etxarte.

patogeno

adj. Eritasun-ekarlea, eritasuna sortzen duena edo sor dezakeena. Mikrobio patogenoak.

patologia

1 iz. Medikuntzaren adarra, eritasunen eta horien ondorioen azterketa eta ikerketa helburutzat duena.

2 iz. Eritasun batek eraginiko aldaketa anatomikoen eta fisiologikoen multzoa; eritasuna. Gas horiek asma eta biriketako eritasunen patologiak areagotzea ere ekar dezakete. Gehiegi jateak, askotan, bidea zabaltzen die patologia larriei.

patologiko

1 adj. Patologiarena, patologiari dagokiona. Diagnosi kliniko-patologikoa.

2 adj. Zaletasunez, sentipenez eta kidekoez mintzatuz, neurriz gainekoa dena edo eritasun baten ondorio dena. Jakin-min patologikoa. Jokoarekiko duen zaletasun patologikoa. Heriotzarekiko beldur patologikoa.

patriarka

1 iz. Leinu edo familia handi bateko burua. Ik. aitalehen. Abraham patriarka. Itun Zaharreko patriarkak.

2 iz. Erromako Elizako zenbait apezpikuri eta Ekialdeko Eliza ortodoxoetako buruei ematen zaien izena. Ilia II.a, Georgiako patriarka.

patriarkal

adj. Patriarkarena, patriarkari dagokiona; patriarkatuan oinarritzen dena. Aspaldiko gizarte patriarkala.

patriarkatu

1 iz. Erl. Patriarkaren agintea edo kargua; patriarkaren agintea hedatzen den lurraldea.

2 iz. Soziol. Agintea gizonezkoen esku dagoen gizarte- edo familia-sistema. Patriarkatuan, familiaren erdian aita dago, lurren eta abereen jabea aita da eta herentzia aitarengandik semeengana pasatzen da. Patriarkatuaren aldia amaitzen ari da.

patrika

iz. Heg. Sakela. Ik. poltsiko. Eskua patrikan sartu, eta pizgailua atera zuen.

patrikaratu, patrikara/patrikaratu, patrikaratzen

1 du ad. Patrikan sartu. Ik. sakelaratu; poltsikoratu.

2 du ad. Norbaitek zerbait bereganatu, bere egin. Garaileak 1.675 euro patrikaratuko ditu. Herenegungo norgehiagokan sei puntu patrikaratu zituen.

patriotiko

adj. Aberkoia.

patrizio

iz. Hist. Antzinako Erromako nobleen gizarte klaseko kidea. Antzinako erromatar patrizioen diru-gosea.

patroi

1 iz. Eredua. Soinekoaren patroia.

2 iz. Nagusia, ugazaba.

3 iz. Traineru edo ontzi txiki bateko burua. Biba, Manuel, patroi leiala, San Pedrotarren burua.

4 iz. Santuez mintzatuz, zaindaria. Ignazio, gure patroi handia.

patronal

adj. Ugazabena, patroiena, patroiei dagokiena. Eskaintza onartu ezean, itxiera patronala egiteko mehatxua egin die enpresak langileei gutun bidez.

patronatu

1 iz. Fundazio jakin batzuetan, zuzendaritza-kontseilua. Joxemi Zumalabe Fundazioaren Patronatuko kideak.

2 iz. Helburu jakin batzuk dituen erakunde autonomoa. Donostiako Euskararen Patronatuak antolatzen dituen ikastaroak.

patruila

1 iz. Zaintze lana egiten duen talde txiki armaduna. Polizia patruila bat pasatu zen argiak keinuka. Soldadu patruilak dabiltza nonahi.

2 iz. Eraso lana egiten duen soldadu, itsasontzi edo hegazkin talde txikia.

patruilari

iz. Patruila-lanetan aritzen den pertsona.

patruilatu, patruila/patruilatu, patruilatzen

1 du ad. (nor osagarririk gabe). Patruila-lanak egin. Donostiako Parte Zaharrean patruilatzen duten udaltzainak.

2 du ad. (Patruila-lanak egiten diren lekua osagarritzat hartzen duela). Abbasen kontrolpean dauden tropek Gazako kaleak patruilatu zituzten atzo.

pats

iz. Sagar, mahats eta antzeko fruituetatik, sakatu ondoren gelditzen den hondarra edo hondakina. Sagar patsa eta mahats patsa. Sagardoa ateratzeaz gainera, gelditzen zaie patsa, abereak neguan bazkatzeko.

izerdi patsetan, izerdi-patsetan adb. Izerdi asko dariola. Arnasestuka eta izerdi patsetan.

pattal

1 adj. Heg. Ahula, makala, indargabea. Ik. txakal2. Luzio osasun pattalekoa da. Frantziako ekonomia pattalari bultzada emateko. Iazko denboraldia pattala izan zen zuentzat. Gaur ere eguraldi pattala.

2 adb. Heg. Ahul, makal. Pattal dabilkigu ama azken egunotan. Osasunez pattal samar dabil. Suitzak pattal ekin zion partidari. Euskal txirrindulariak pattal aritu dira.

pattalaldi

iz. Heg. Ahulaldia, makalaldia. Eztarriko minbiziaren ondorioz, azken egunetan pattalaldi handia izan zuen.

pattaldu, pattal/pattaldu, pattaltzen

da ad. Heg. Ahuldu, makaldu. Franco pattaltzen ari zen, zahartzaro bidean zegoen.

pattar

iz. Ardoaren edo beste zenbait gairen destilaziotik ateratzen den edari bizia. Kopa bat pattar. Pattarra edan. Pattar gorria hartzen.

patu

iz. Heg. Zenbaiten ustean etorkizuna halabeharrez gidatzen duen ahalmena. Ik. zori1; halabehar; adur2. Eta hau da gizonaren patu txarra: norberarekin ere borrokatu beharra. Zegokien patu gaiztoak laster hartu zituen. Kondearen maiordomoaren patu gaiztoko azkena. Madarikatua Jainkoak niri eman didan patua! Daramagun patua txit bidezkoa eta gure gaiztakeriei dagokiena da. Bakoitzari bere etorkizuna edo patua, ilunpean bederik, adierazi zion. || pl. Orfeo duzu zigor hori leporatzen dizuna, patuek eragozten ez baldin badute behintzat.

patxada

1 iz. Ezergatik larritzen ez den pertsonaren tasuna. Bere nekeetan patxada handikoa. Baserritarrak patxada gehiagokoak dira jaten, edaten eta hizketan.

2 iz. Lasaitasunezko egoera. Ik. epe 2. Lasai eta patxada onean. Ondo patxadan zegoen. Hemen ez dugun soseguz eta patxadaz elkarrizketa luzeren bat egiteko bidea aurkituko bagenu. Hizketan patxada ederrean jarduten zekien hark. Orduan presaka eta muturka egin behar zena, orain astiro eta patxada ederrean egin daiteke. Hitz egin dezagun patxadan. Patxadan ibiltzea dago gaur boladan. Patxada hartzeko. Denbora bateko zalgurdi patxada ederrekoak. || Patxadazko ibilera (Ik. patxadatsu). Etxe zabal patxadazkoak. Patxadazkoa izan bazina, topatuko zenuen andrea.

patxadatsu

adj. Patxadazkoa. Gizon patxadatsua.

patxaran

iz. Basaranekin eginiko edari bizia.

patxoi

iz. Euskal Herriko ehiza-txakurra, gorputz zabala eta belarri handi eroriak dituena. Gasteizko patxoia. Nafarroako patxoia.

pauma

iz. Indioilarraren itxura eta tamainako hegaztia, jatorriz Asiakoa, arrek lumazko gandorra eta herrestan eramaten duten edo haizemaile modura hedatzen den isats ikusgarria ezaugarri dutena (Pavus cristatus). Ik. hegazterren. Pauma arren isatsa haien gorputza baino luzeagoa da.

pausa

1 iz. Ipar. Atsedena. Ik. pausu. Egunak lanean eta otoitzean zeramatzan, kasik lorik ez pausarik gabe. Oren laurden baten pausak berritu nau.

2 iz. Ipar. Biaoa, siesta.

pausagune

iz. Pausalekua. Ik. atsedenleku. Leku ona da Iruñea txoriak ikusteko, parke asko daude, alde batetik, eta migrazio bidean pausagunea ere bada, bestetik.

pausaje

iz. Heg. Herr. Pausoa emateko modua. Ik. ibilera. Nire zaldiak zeukan pausaje nagia. Tabernatik etxera, horren pausajea! Pausajea arindu.

pausaldi

iz. Atsedenaldia. Hainbeste jan-edan, pausaldi eta aisia behargabeko.

pausaleku

iz. Pausatzeko, atseden hartzeko lekua. Eroetxeak pausaleku egokitzat zeuzkaten.

pausarazi, pausaraz, pausarazten

du ad. Pausatzera behartu, atseden harrarazi. Ez baita gauzarik, ene arima osoki pausaraz dezakeenik.

pausatu, pausa/pausatu, pausatzen

1 da ad. Batez ere Ipar. Atseden hartu. Eta zazpigarren egunean pausatu zen. Pausatu behar denean lanari lotzea. Lo egiten dute pausatu gabe, irri egiten dute alegeratu gabe. Fededun hilen arimak bakean pausa daitezela. Ez dut orain artean bilatu non pausa, bidearen luzea ez dakidan luza.

2 da ad. Batez ere Ipar. Hil. Gaitza hezurretan sartua zuen: 1947an pausatu zen, heriotzak lotsatu gabe. Jainkoa baitan pausatu.

3 da ad. Batez ere Ipar. Nonbait emeki jarri. Txori bat pausatu zen adar gorenean. Usoa itzuli zen, nehon ez zuelako pausatzeko tokirik atzeman.

4 da ad. Batez ere Ipar. Hegazkinez eta kidekoez mintzatuz, lur hartu. Handik laster hegazkina pausatu zen Parisko aireportuan.

5 du ad. Batez ere Ipar. Jarri, ipini. Ganibeta mahai hegian pausatu. Zenbaitek taxi batzuen gainean pausatzen zituzten beren puskak. Ez du non pausa bere burua. Zure bularrean burua pausa dezadan.

pausatuki

adb. Ipar. Geldiro, emeki. Pausatuki mintzatzen da.

pausatze

iz. pausatu aditzari dagokion ekintza. Hegazkin pausatze eta abiatze gehienak bertan behera utzi dituzte.

pauso

1 iz. Heg. Urratsa. Zazpi pauso aurrera eta beste zazpi atzera. Pauso hotsa. Elkarrekin emanak makina bat pauso. Ez da aski Jainkoaren bidean sartu eta zenbait pauso on han ematea. Pausoak norabait zuzendu. Bi makila zahar esku banatan, pausorik ezin eginez. Ongi begiratzen du oina non jarri, lurretik altxatu baino lehen, pauso bakoitzaren ondoreak arretaz darabiltzala gogoan. || Pauso bizkorra eta zalua. Pausoa arindu, bizkortu, moteldu.

2 iz. Irud. Heg. Pausoz pauso eta arian-arian zetorren hazkundea. Bertsolariak bertsoak jarri, moldiztegira eraman, inprimatu eta zabaldu; horiek izaten ziren egin behar ziren pausoak. Ordurako, atzerakorik ez duen pausoa emana zegoen.

pausoka

adb. Urratsez urrats.

pausu

iz. Atsedena, geldialdia. Ik. pausa. Baina ez zen ohetik higitu; pausu luze baten beharrean zen. Hemen, bada, hartzen dugu nekatuek pausua. Gizonak ez du pausurik hil ez dadin artean. Bila dezagun, beraz, bihotzaren pausua. Pausu gabe otoitz egizue. Igandeko pausuaren beharra. Hura da santuen sekulako pausua.

paxa

iz. Heg. Oihalezko zerrenda, bereziki gerriaren inguruan birak emanez, hura babesteko, lotzen dena. Zauriak edo ebakiak olio-ardoarekin igurtzi, paxarekin lotu eta ostatura eraman zuen.

paxtun

1 adj. Afganistanen eta Pakistango ipar-mendebaldean bizi den etnia batekoa, etnia horri dagokiona. Karimi paxtun etniakoa da. Buruzagi paxtunak.

2 iz. Etnia horretako kidea. Paxtunen gehiengo handi bat talibanen aldekoa dela esan dute askotan.

paxtunera

iz. Afganistanen mintzatzen den hizkuntza.

pazia

iz. Pertza. Surtan egosten pazia batean. || Esr. zah.: Nork nori, pazia zaharrak pertzari. Paziak ziotson pertzari, ken hadi ipurbeltz hori!

paziagile

iz. Paziak egiten dituen eskulangilea.

paziente

1 iz. Med. Osasun azterketa bat egiten dioten pertsona; eritasunen bat dela eta, mediku baten ardurapean dagoen pertsona. Mediku eta pazienteen arteko harremana. Nire pazienteetako bat da.

2 adj. Hizkl. Subjektuez mintzatuz, aditzaren ekintza jasotzen duena.

pazientzia

iz. Oinazeak eta eragozpenak eramateko bertutea; patxadaz itxaroteko edo eginkizun neketsu batean irauteko gaitasuna. Ik. eroapen; eramankizun; egonarri. Zure gaitzak ez du erremediorik, pazientzia baizik. Pairu eta pazientzia izateko. Ezkontzako penak pazientziarekin jasan. Nekeak pazientzia handiarekin eramateko. Lagun hurkoaren atsekabeak pazientziaz eramatea. || Pazientzia emango ahal digu zeru eta lurren jabeak.

pazientzia hartu Egoera zail, latz edo larri baten aurrean lasaitasunez jokatu. Ama gaixoak hau adituta, nola hartu pazientzia? Har ezazu pazientzia!

pazientziatsu

adj. g.er. Pazientzia handia duena. Nola gure Jainkoa baita hain on, bihozbera, miserikordios, pazientziatsu eta etorkor.

pazifismo

iz. Bakezaletasuna.

pazko

1 iz. Juduen festa nagusia, Egiptoko gatibutasunaren amaieraren oroitzapenetan egiten dena. Jerusalemera joan ziren Pazkoa egitera. Pazko hau egiten zen arkume erre, uraza min, legamia gabeko ogi eta ardoarekin.

2 iz. Kristau erlijioan, Kristoren piztuera ospatzen den festa. Pazkoa noiz den, udaberriko lehen ilbeteak markatzen du. Arropa berriak pazkoko eragin nahi ditu. Pazkoz, Mendekostez eta Eguberriz. Urte oroz pazkotan etortzen da. || pl. Aurtengo Pazkoak ere iragan dira usaiako ospean.

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Pazko afaria. Pazko bildotsa. Pazko denbora zen. Pazko argia. Pazko bezperan. Aberri eguna Pazko egunez egiten da.

pazkoak egin Ipar. Pazkokoa egin.

pazko bigarren Pazko egunaren hurrengo eguna.

pazko garizumako Kristau erlijioan, pazkoa. Gorputz santua pazko garizumakoz har dezagula.

pazko gaubeila, pazko-gaubeila Kristau erlijioan, Pazko egunaren aurreko gauean egiten den liturgia-ospakizuna. Larunbat santuko Pazko gaubeila, 20:00etan.

pazko hirugarren Pazko egunaren hurrengo asteartea.

pazko hirurren Kristau erlijioan, Jesusen nekaldi, heriotza eta piztuera gogoratzen den hiru eguneko epea, ostegun santu arratsaldean hasi eta Pazkoa igande goizaldera artekoa.

pazkokoa egin Pazkoz Jauna hartzeko agindua bete. Ik. pazkoak egin. Pazkokoa egitera jaitsi zen kalera. || pl. Pazkokoak egiteko garaia ere badatorkigu.

pazko loratu Pazko garizumakoa.

pazko maiatzeko Mendekoste eguna. Pazko maiatzeko zen, hain zuzen ere.

pazko mokots, pazko-mokots Pazko opila.

pazko opil, pazko-opil Amabitxiak besoetakoari Pazkoz opari egiten dion opil berezia.

pazko zahar Pazkoz hurrengo igandea.

pazko zuzi, pazko-zuzi Pazko gaubeilan bedeinkatzen eta pizten den kandela, erdian gurutze baten irudia marraztua duena eta elizako gainerako kandelak baino handiagoa izaten dena.

pazkoaldi

iz. Eliza katolikoaren urte liturgikoan, Pazko egunetik Mendekoste egunera arteko berrogeita hamar egunek osatzen duten denbora. Pazkoaldiko bigarren igandea.

pazo

iz. Galiziako jauregia, bereziki landan dagoena. Pazoan denboraldi bat pasatzera gonbidatu ninduten.

pazota

iz. Ipar. Hesola. Han nengoen oraino, pazota bezain tente.

pe1

iz. Alfabetoko letra (p, P).

pe2

iz. Ipar. Azpia. (Batez ere, leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Mihiaren pea. Zuhaitz baten pera badoa etzatera. Zu ene aterpe pean sartzeko. Hila eta ehortzia nago nire bekatuen pean. Harri handi baten peko aldeko gerizan. Artzainak, zatozte peko bordaraino (Ik. peko). Bostehun haur hamalau urtez pekoak. Zorren petik nolabait ateratzeko. Pekoz goiti, gain, gora: azpikoz gora.

peaje

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, peaje-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. bidesari eta ordaintoki].

pedagogia

iz. Haur hezibidea, haurrak hezteko jakintza. Pedagogiaren funtsik gabe eginiko liburuak. Pedagogiaren alorrean. Pedagogia ikastaldiak. Pedagogia metodoa.

pedagogiko

1 adj. Pedagogiari dagokiona. Metodo pedagogiko berriak: pedagogia metodo berriak.

2 adj. Pedagogiaren arauen araberakoa. Liburu pedagogikoagoak idazteko.

pedagogo

iz. Pedagogian aritzen den pertsona; irakaskuntzaren sena duen pertsona. XIX. mendeko alemaniar pedagogo handiak. Pedagogo ona.

pedal

iz. Oinaz eragiten zaion palanka edo bestelako atala. Bizikletaren pedalei eragin. Pianoaren pedalak.

pedante

adj./iz. Jakinduria alferra eta lekuz kanpokoa erakusteko joera duena. Irakasle pedantea. Apur bat pedantea da.

pedantekeria

iz. Pedantearen jokamoldea; pedantea denaren nolakotasuna; hitz edo egite pedantea. Pedantekeriak esan.

pedaxu

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, pedaxu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. petatxu].

pederasta

iz. Haurrekin sexu harremanak dituen pertsona heldua. Pederasten maitasun minkorrak.

pederastia

iz. Haurrekin sexu harremanak izatea. Pederastia sare bat desegin eta 16 gizon atxilotu dituzte gutxienez.

pediatra

iz. Haur-sendagilea.

pediatria

iz. Med. Medikuntzaren adarra, haurren eritasunak aztertzen dituena. Pediatria saila.

pediatriko

adj. Pediatriarena, pediatriari dagokiona. Onkologia pediatrikoko arduraduna.

pediera

iz. Hegoafrikan mintzatzen den hizkuntza.

pedigri

1 iz. Arraza garbiko animalia baten aurrekoen multzoa; aurreko horien berri ematen duen agiria. Txakurrak kalean harrapatu eta, pedigria faltsifikatuta, haiek saltzetik bizi zen.

2 iz. Irud. Gure hizkuntzaren eskubideak errespeta daitezen eskatzeko ez dugu inolako pedigririk aurkeztu beharrik.

pedizelo

1 iz. Bot. Perretxikoetan, txapelari eusten dion zurtoin modukoa.

2 iz. Bot. Landareetan, lore edo fruitu bakarrari eusten dion txortena.

pedofilia

iz. Haur edo nerabeenganako erakarpena edo grina; grina horrek eraginik, haurrekin edo nerabeekin sexu harremanak izatea. Pedofiliarako joera duen gazte alemaniar baten istorioa kontatzen du filmak. Internet bidez pedofilia-materiala zabaltzea egotzi diete.

pedofilo

1 adj. Pedofiliarena, pedofiliari dagokiona. 4 urteko haurtxoen irudi pedofiloak.

2 adj./iz. Haur edo nerabeenganako erakarpena edo grina duena; haurrekin edo nerabeekin sexu harremanak dituena. Orain arte, elizak linbo batean bezala edukitzen zituen apaiz pedofiloak, zeruko dohatasunik gabe, baina munduko zigorrik gabe. Pedofiloek gazteentzako txatetara jotzen dute gaztetxoak ezagutu ahal izateko.

pegar

1 iz. Lurrezko ontzi handia, sabela zabala eta ahoa eta hondoa estuak dituena. Ik. suil. Pegarra iturrian bete. Neskatxa bat agertu zen, pegarra buruan. Makurtu zuen pegarra eta edatera eman zion. Pegar bat urrez eta zilarrez betea. Iturrira maiz doan pegarrak muturra hausten du (esr. zah.).

2 iz. Pegar baten edukia. Ik. pegartara. Pegar bat esne.

pegargile

iz. Pegarrak egiten dituen eltzegilea.

pegartara

iz. Ipar. Pegar baten edukia.

pegartegi

1 iz. Sukaldean, pegarrak dauden tokia.

2 iz. Sukaldeko isurbidea. Pegartegi zuloa.

pegatu, pega, pegatzen

1 da/du ad. Heg. Lgart. Itsatsi. Ik. kolatu. Afixak pegatzen ari zen.

2 zaio/dio ad. Heg. Lgart. Eritasun edo kideko bat kutsatu.

pega-pega egin (pega-pega eginda esapidean erabiltzen da 'erabat itsatsirik' adierarekin). Heg. Lgart. Bikoteak pega-pega eginda ari dira dantzan. Igandero irratiari pega-pega eginda egoten gara. Larruazalari pega-pega eginda zuen Estherrek soinekoa.

pegesa

1 iz. Ipar. Huskeria. 50 libera zer da?, pegesa bat.

2 adj. Ipar. Hutsala.

pegeseria

iz. Ipar. Huskeria. Ik. pegesa.

pehleviera

iz. Antzinatean Iranen mintzatzen zen hizkuntza.

peia

iz. Ipar. g.er. Galga, frenoa. Ik. balazta.

peiatu, peia/peiatu, peiatzen

du ad. Ipar. g.er. Galgatu. Orgak peiatu.

peioratibo

adj. Hitzez edo esapideez mintzatuz, gutxiesgarria. Hitz horrek beti izan du kutsu peioratiboa.

peita

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, peita-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. beita].

peitu

1 iz. Zah. edo Jas. Gabezia, falta. Ik. eskasia 2; ments 2. Ur peituz zimeltzen den lorea. Pobrezian eta peituan.

2 (Izenondo gisa). Urria, eskasa. Zuen ene baitarako zerbitzu peitua. Gizon bizar-peitutik eta emazte bizartsutik ihes egik nola kutsutik (esr. zah.).

peitu izan 1 da ad. (Osagarritzat -en atzizkia hartzen duela). Falta izan. Gauza baten peitu naiz: zerbait falta zait.

2 da ad. (3. pertsonan). Falta izan. Bihia peitu den etxeko gauza guztiak saltzeko dira (esr. zah.).

peitutasun

iz. Ipar. Zah. Urritasuna, gabezia.

peka

iz. Heg. Orezta (orban txiki gorrixka).

pekada

iz. Ipar. Oilagorra.

pekari

iz. Basurdearen antzeko ugaztun amerikarra (Tayassu sp.).

pekatsu

1 adj. Heg. Oreztaz betea. Sudurra zapal samarra zeukan, matrail pekatsu bien erdian.

2 adj. Heg. Orbanez betea. Pedro Migelen erretratu bat, hori, pekatsu, pipi zuloz eta hautsez betea.

pekatu

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, pekatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. bekatu].

pekazto

adj. Bizk. Pekatsua.

pekindar

1 adj. Pekingoa, Pekini dagokiona. Ik. beijingdar. Pekindar kirolaria.

2 iz. Pekingo herritarra.

peko

iz. Ipar. Azpikoa, mendekoa. Oro dira haren peko, hura ororen gehien. Elgebarne buru, besteak haren peko. Erregea eta pekoak.

pekora 1 postpos. (-en atzizkiaren eskuinean). -en mendean. Inoren pekora egon.

2 postpos. (-en atzizkiaren eskuinean). -en kontura. Dirutxoa egingo du nire pekora.

pelagiko

adj. Itsas zabalari dagokiona.

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper