Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

uxuetar

1 adj. Uxuekoa, Uxueri dagokiona.

2 iz. Uxueko herritarra.

uzan iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uzan-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. izain].

uzbekera

iz. Uzbekistanen mintzatzen den hizkuntza.

uzbekistandar

1 adj. Uzbekistangoa, Uzbekistani dagokiona.

2 iz. Uzbekistango herritarra.

uzbeko

adj./iz. Asia erdialdean bizi den etnia batekoa.

uzi

iz. Bizk. g.g.er. Grina, irrika. Gizon hau zuritzea baino errazagoa da katu bati sagu uzia kentzea.

uzkailarazi, uzkailaraz, uzkailarazten

du ad. Ipar. Iraularazi. Balantzaka hasirik, ontzia uzkailarazi dute.

uzkaili, uzkail, uzkailtzen

1 da/du ad. Irauli, azpikoz gora jarri; albo baten gainera etzan. Mahaia uzkaili. Arrantza-ontzi bat Baionako barran uzkaili da, uhin handi batek aurtikirik. Noiznahi uzkailtzera zihoazen gure orgak. Zenbat aldiz, makila hartuz, behien errapetik zekorrak erauzi zituen; zenbat ergi eta zekor uzkaili zituen Camarguen!

2 (Era burutua izenondo gisa). Eta han lehertua kausitu dute orga uzkailiaren pean.

uzkaldu, uzkal, uzkaltzen

du ad. g.er. Lotu, estekatu. Oin-eskuak uzkaldurik.

uzker

iz. Bizk. eta Ipar. Puzkerra.

uzkerti

adj. Bizk. eta Ipar. Puzker asko botatzen dituena.

uzki

1 iz. Digestio hodia amaitzen den irekigunea, ipurmamien artean dagoena. Ik. ipurtzulo.

2 iz. Ipurdia. Tximinoak gora iganago eta uzkia ageriago.

uzkin

iz. Hondarra, hondakina.

uzkinaxo

iz. Ipar. Eskinosoa.

uzkorno

iz. Anat. Isatsik gabeko ornodunetan, bizkarrezurreko azken ornoek osatzen duten hezurra, sakroaren hurrengoa dena.

uzkur

1 adb./pred. Atsegina ez den egoera batean halako nagitasuna edo atzera egiteko gogoa agertzen duela. Ik. herabe. Uzkur gara den nekerik xumeena hartzera. Jaun handi batekin hitz egitera doana uzkur joaten da. Isilka sartuak dira, uzkur, hainbeste begiren aitzinean agertzeko. Gu uzkur bezain, horiek erne eta lehiatuak dira. Uzkur direnak sustatzeko. Ez izan uzkur, ez herabe. Mutu eta uzkur, arretaz bildu zituen bere puskak, eta ez zion inori laguntzen utzi. || Euskara hain uzkur baldin bada eta kilika, apaizek dute horretaratua.

2 (Izenondo gisa). Gizon bildua eta uzkurra. Mutiko gazteak irri uzkur bat atera zuen. Zenbait kritikarik harrera uzkurra egin diote.

uzkur egin Uzkurtasuna agertu. Baina euskal prosak uzkur egin dio gehienetan gai horri.

uzkurdura

1 iz. Uzkurtzea. Ik. uzkurtasun. Uzkurdurak eta, azkenekoz, etsipenak hartu zuen karlisten armada guztia.

2 iz. (Giharrez eta kidekoez mintzatuz). Hasiera batean zuntz haustura zirudiena gihar uzkurdura baino ez da, eta aste pare bateko atsedena nahikoa izango du sendatzeko.

uzkurgarri

1 adj. Uzkurtasuna eragiten duena. Eraikin hari indar iluna zerion, uzkurgarria.

2 adj. Uzkur daitekeena. Ik. uzkurkor. Zain uzkurgarria.

uzkurka

adb. Uzkur eginez. Masailak gorririk, uzkurka, burua makurka.

uzkurkeria

iz. Uzkurtasun gaitzesgarria. Gogo onez eta uzkurkeriarik gabe obedi buruzagiei.

uzkurki

adb. Uzkurtasunez, uzkurkeriaz. Arneguak eginen dituzu, isildu gabe uzkurki.

uzkurkor

adj. Uzkurtzeko gai dena, uzkurtzeko joera duena. Ik. uzkurgarri 2. Zuntz uzkurkorra.

uzkurraldi

iz. Uzkurtasunezko aldi igarokorra. Urrea suan ezagutzen da eta gizona uzkurraldietan.

uzkurtasun

iz. Atsegina ez den egoera batean atzera egiteko gogoa. Ik. atzerakuntza. Ohetik ilkitzeko uzkurtasuna garaitu. Gogoaren epeltasun, urritasun edo uzkurtasun bat.

uzkurtu, uzkur/uzkurtu, uzkurtzen

1 da/du ad. Batez ere gorputzaz, giharrez eta kidekoez mintzatuz, tamaina txikiagoko bihurtu, laburrago bihurtu. Ik. kuzkurtu. Hotzak uzkurtua dauka su ondoan. Gihar bat uzkurtu.

2 da/du ad. Makurtu. Zure uztarri bigunari lepoa uzkurtzeko. Bere burua uzkurtzen duenaren otoitzak igaroko ditu hodeiak.

3 da/du ad. Kikildu, adorea galdu edo kendu, ezeri aurre egiteko gauza ez dela gertatu; uzkurtasuna sentitu. Uzkurtua gelditzen da Jainkoaren aitzinean. Heriotzaren oroitzapenak uzkurtzen du bekataria. Hain karitate sutuaz miretsi eta uzkurturik.

uzkurtze

1 iz. Batez ere gorputzaz, giharrez eta kidekoez mintzatuz, txikiago bihurtzea. Ik. uzkurdura. Bihotzaren uzkurtze eta hanpatzeak.

2 iz. Adorea galtzea edo kentzea.

uzta

1 iz. Laboreak biltzea; biltze horren garaia; biltzeko den edo bildu den labore multzoa. Uzta denboran. Landare batek ere ez du behar den uztarik emanen, hazi behar duen sasoian ekaizpean egona bada. Ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Zuen bizia izan ez dadin, uzta gabeko uda bat. Urtero Elizondora jotzen zuten uzta aldean. Uzta arratsalde luzeetan. Uzta ugaria bildu. Lurrak bere uzta eman dezan. Gari uzta. Uzta bilketa. Uzta-biltzaileak. || (Fruituez mintzatuz). Urrian izaten zen datilen uzta. Fruitu-uzta handia bildu zuten.

2 iz. Irud. Azkueren bizitza (urtez eta lanez ugaria) bukatu zenean, uzta aberatsa utzi zigun bildurik. Adibideen uzta emankorrago agertzen da alor horretan.

uztai

1 iz. Biribilean itxitako lerro baten forma duen gauzakia. Upelaren uztaiak. Joareak abereei lepotik esekitzeko uztaiak. Ez da denbora asko ikusten zirela emakumeen bular inguruan uztai handi batzuk. Zorro horren ahoa burdin uztai batez ixten zen. || Giza uztai baten barruan, danbolinaren aldamenean.

2 iz. Arkua. Uztaitik gezia bezala.

3 iz. Ibilgailuen gurpilen metalezko ingurua. Ik. hagun2. Gurpil barne-hutsen izpiak eta uztaia.

uztail

1 iz. Urteko zazpigarren hila. Uztaileko lehen egunak ziren. Datorren uztailean. Uztail beroa, uztail ederra, guhaur ontzen gaituena!

2 iz. (Data adierazteko, -en atzizkia hartzen duela). Uztailaren zazpia. Iragan uztailaren 15ean. || (Aposizioan, -k atzizkia hartzen duela eta zenbakia artikulurik eta kasu markarik gabe). Gaur, uztailak 25, asteartea.

uztailari

1 iz. Arkua eta gezia erabiliz borrokatzen zen soldadua.

2 iz. Arkuarekin geziak jaurtitzen dituen kirolaria.

uztaldi

iz. Uzta biltzen den aldia. Marihuanaren uztaldian, udan eta udazken hasieran, kolore guztietako poliziak kalamu landareak atzematen eta landatzaileak atxilotzen ibiltzen dira.

uztao

1 iz. Rumex generoko belar landarea (Rumex sp.). Ik. lapaitz.

2 iz. Landare sustrai-luzea, hosto zabal eta luzeak dituena, baratze eta soroetan belar txartzat hartzen dena (Rumex crispus).

uztapiku

iz. Fruituak urtean birritan ematen dituzten pikondoetan, lehen fruitua.

uztar

iz. Ipar. Ostikoa. Fereka ezak astoa, emanen dik uztar (esr. zah.).

uztar-behi

iz. Lanerako erabiltzen den behia. Zure alaba hau artizarra zen lehen; orain, berriz, uztar-behia bezala lepoa makurtzera behartu duzu.

uztardura

iz. Uztartzea; uztartzen duen lotura. Eta elkarri josiak izanen dira azpitik gaineraino, eta uztardura batek edukiko ditu guztiak.

uztargi

iz. Ostadarra. Kolore ederrez beteriko uztargia.

uztargile

iz. Uztarriak egiten dituen eskulangilea. Uztargilearen lantegian.

uztargintza

iz. Uztarriak egitea; uztargilearen lanbidea.

uztar-idi

iz. Lanerako erabiltzen den idia. Uztar-behi edo uztar-idiekin lanean dabilenari ere itzaina deitu ohi zaio. Artean ez zekien uztar-idi batekin soroko lanak egiten baizik. Bost uztar-idi erosi ditut.

uztariztar

1 adj. Uztaritzekoa, Uztaritzeri dagokiona.

2 iz. Uztaritzeko herritarra.

uztarka

adb. Ipar. Ostikoka. Mandoa uztarka hasi zen.

uztarkari

adj. Ipar. Ostikolaria.

uztarketa

iz. Uztartzea. Rock klasikoaren eta blues doinuen arteko uztarketa egiten du talde horrek.

uztarkide

iz. Abere batentzat, uztarrian kide duen aberea. Badira idi batzuk kasik ezin uztar daitezkeenak, ez baitute uztarkidearekin batean ibili nahi.

uztarko

iz. Ipar. g.er. Ostikoa, uztarra.

uztaro

iz. Uzta biltzeko sasoia. Uztaroan dator beti ekaitzik handiena.

uztarpe

iz. (Batez ere leku atzizkiekin, singularrean). Uztarriaren azpia; mendekotasuna. Idiskoak lepoa uztarpean gatibu zuen. Uztarpeko aberea. Emazu lepoa uztarpera, eta alboan jarriko dut nik ere nirea. Uztarpetik askatu. Deabruaren uztarpe gogorrean.

uztarperatu, uztarpera/uztarperatu, uztarperatzen

du ad. Uztarpera eraman, uztarpetu. Uztarperatu eta gero, bere mendean jopu eginda dauka.

uztarpetu, uztarpe/uztarpetu, uztarpetzen

du ad. Uztarpean ezarri; menderatu. Hobe genuke ikasiagoengandik ikasi, asmatu berri ditugun legeen azpian arrotzak uztarpetzen saiatu baino.

uztarrarazi, uztarraraz, uztarrarazten

du ad. Uztartzera behartu.

uztarri

1 iz. Zurezko atal sendoa eta landua, idi, behi edo kidekoei, lanerako lotzeko, lepo gainean ezartzen zaiena. Uztarria lotzeko larruzko lokarria. Bota zuen uztarria, uhalak urraturik. Zure uztarri bigunari lepoa uzkurtzeko. Ez gara uztarri bereko eginak.

2 iz. Irud. Legearen uztarria. Uztarriaren azpian (Ik. uztarpe). Ezkonduak, beren borondatez, uztarri baten azpian jartzen dira. Nire uztarria biguna baita, eta nire zama arina.

3 iz. Elkarrekin uztartzen diren abereen bikotea. Uztarri bi ari ziren lanean Eperzelaietako soroan.

uztarri motz Abere bakarrarentzako uztarria.

uztarroztar

1 adj. Uztarrozekoa, Uztarrozeri dagokiona.

2 iz. Uztarrozeko herritarra.

uztartu, uztar/uztartu, uztartzen

1 du ad. Uztarrian lanerako lotu. Ez zaitut nik uztartu gurdia erabiltzeko, eta bai bakarrik hezteko zure lepo gogorra. Badira idi batzuk kasik ezin uztar daitezkeenak, ez baitute uztarkidearekin batean ibili nahi. Egun batez gure xaharra joan zen, behiak uztarturik orgari oihanera oteketa. Sokrates sofistekin elkartzea idia astoarekin uztartzea litzateke.

2 du ad. Irud. Ezkontzaz uztartutako senar-emazteak. Sinestea eta jakintza uztartzea.

uztartze

1 iz. Uztarrian lotzea. Musiken eta hizkuntzen uztartze horrek giro ezinago goxoa sortzen du.

2 iz. Errugbian, bi taldeetako jokalarien aurrez aurreko lehia, elkarri sorbaldetatik heldurik eta aurrerantz makurturik jarri, eta bultzaka, bi taldeen erdian lurrean dagoen baloia eskuratzean datzana. Uztartze batetik irtenda lortu zuen lehen entsegua Galesek.

uztatu, uzta/uztatu, uztatzen

du ad. Ipar. g.er. Uzta bildu. Batek ereiten du, besteak uztatzen.

uzte

iz. utzi aditzari dagokion ekintza. Haragi uzte eta barauak. —Zergatik agindu zigun, bada, Moisesek, emazteari uzte-agiria eman eta bidaltzeko? —Zuen bihotz-gogortasuna dela-eta eman dizue Moisesek nork bere emaztea uzteko baimen hori.

uztondo

1 iz. Garia ebaki den soroa. Ik. galondo. Uztondoan arbia erein dugu.

2 iz. Uzta bildu ondoren lurrean gelditzen den zurtoin hondakina. Nekazariek uztondoa baimenik gabe erretzen dutenean gertatzen dira suteak, batez ere.

uzu

adj. Bizk. g.g.er. Abereez mintzatuz, izua, hezigaitza. Piztia uzuak.

v

1 Ik. uve.

2 (Letra larriz). volt-en nazioarteko sinboloa.

VA

voltampere-ren nazioarteko sinboloa.

vaduztar

1 adj. Vaduzkoa, Vaduzi dagokiona.

2 iz. Vaduzko herritarra.

valletar

1 adj. Valletakoa, Valletari dagokiona.

2 iz. Valletako herritarra.

valoniar

1 adj. Valoniakoa, Valoniari dagokiona.

2 iz. Valoniako herritarra.

valtierrar

1 adj. Valtierrakoa, Valtierrari dagokiona.

2 iz. Valtierrako herritarra.

vanuatuar

1 adj. Vanuatukoa, Vanuaturi dagokiona.

2 iz. Vanuatuko herritarra.

var

iz. Fis. Korronte alternoko zirkuituen potentzia erreaktiboa neurtzeko unitatea. Ik. voltampere erreaktibo.

varsoviar

1 adj. Varsoviakoa, Varsoviari dagokiona. Varsoviar agintariak.

2 iz. Varsoviako herritarra.

vatikanoar

1 adj. Vatikanokoa, Vatikanoari dagokiona.

2 iz. Vatikanoko herritarra.

vatu

iz. Vanuatuko diru unitatea.

vedette

1 iz. Ikuskizun bateko artista nagusia. Ugariak ziren han yiddish antzeztokiak; hango vedetteek —Maurice Schwartz, Jacob Adler, Molly Picon— jendetzak erakartzen zituzten.

2 iz. Giro eta alor jakin batean oso ezaguna den pertsona. Zientzian baino ez du lortu euliak vedette bilakatzea.

vediko

1 adj. Veda Indiako liburu sakratuei dagokiena. Erritu vedikoa.

2 iz. Veda-k idatzita dauden hizkuntza.

vendera

iz. Hegoafrikan mintzatzen den hizkuntza.

veneziar

1 adj. Veneziakoa, Veneziari dagokiona.

2 iz. Veneziako herritarra.

venezuelar

1 adj. Venezuelakoa, Venezuelari dagokiona. Venezuelar agintariak.

2 iz. Venezuelako herritarra.

venus

iz. Estatua mota, emakume bat, bereziki gorpuzkera edo ezaugarri oso markatuak dituena, irudikatzen duena. Ezagunak dira Historiaurreko venus mamitsuak, ugalkortasunari loturiko ezaugarriak (bularrak eta aldakak) azpimarratzen dituztenak.

verismo

iz. Liter. XIX. mendearen amaieran Italian sorturiko literatura-mugimendua, Frantziako naturalismoan inspiratua, Italiako hegoaldeko arazo sozialei arreta berezia jartzen diena eta errealitatea idealizaziorik gabe erakusten duena. Giovanni Verga eleberrigile, antzerkigile eta kontakizun laburren idazle gisa nabarmendu zen, eta Italiako verismoaren edo errealismoaren jarraitzaile nagusia izan zen.

versus

Aipatzen diren bi kontzeptu edo hitzak aurrez aurre jartzen dituen hitza. Vizcaya versus Bizkaia: Vizcaya Bizkaia-ren aurka. Publikoa versus pribatua.

vianar

1 adj. Vianakoa, Vianari dagokiona.

2 iz. Vianako herritarra.

vibrato

iz. Mus. Ahotsaren bitartez edo musika-tresnen bitartez egiten den soinuaren ondulazioa, tonu aldaketa laster eta txikiek eragina dena. Welker baritonoak uhin luzeko vibratoa erakutsi zuen.

victoriar

1 adj. Victoriakoa, Victoriari dagokiona.

2 iz. Victoriako herritarra.

vienar

1 adj. Vienakoa, Vienari dagokiona. Vienar musikariak.

2 iz. Vienako herritarra.

vientiandar

1 adj. Vientiangoa, Vientiani dagokiona.

2 iz. Vientiango herritarra.

vietnamdar

1 adj. Vietnamgoa, Vietnami dagokiona. Vietnamdar nekazariak.

2 iz. Vietnamgo herritarra.

vietnamera

iz. Vietnamen mintzatzen den hizkuntza ofiziala.

viktoriar

adj. Ingalaterrako Viktoria erreginarena edo haren erreinaldi edo garaikoa, erreinaldi edo garai hari dagokiona. Viktoriar garaiko Europan. Gizarte viktoriarra.

villa

iz. Hist. Antzinako Erromako etxalde aberatsa; bereziki, Erromako aristokrata eta enperadoreek, aisialdirako eta atseden hartzeko erabiltzen zuten etxea edo etxe multzoa, hiritik kanpo eraikitzen zena. Hadrianoren villa.

villabuenar

1 adj. Villabuenakoa, Villabuenari dagokiona.

2 iz. Villabuenako herritarra.

villamayortar

1 adj. Villamayor de Monjardingoa, Villamayor de Monjardini dagokiona.

2 iz. Villamayor de Monjardingo herritarra.

villatuertar

1 adj. Villatuertakoa, Villatuertari dagokiona.

2 iz. Villatuertako herritarra.

vilniustar

1 adj. Vilniuskoa, Vilniusi dagokiona.

2 iz. Vilniusko herritarra.

virgo

1 iz. (V larriz). Astron. Zodiakoko konstelazioa. Ik. birjina 2. Virgo konstelazioa. Handik ez oso urruti Virgoren irudia azaltzen da, eskuineko sorbaldaren gainean izar txit distiratsua duena.

2 iz. Astron., Astrol. Zodiakoa banatzen den hamabi zatietako seigarrena, eguzkia Virgo konstelazioaren aurrean ikusten den aldiari (abuztuaren 23tik irailaren 22 artekoari) dagokiona; zati horri dagokion ikurra. Ik. birjina 3.

3 iz. Astrol. Aldi horretan jaiotako pertsona. Virgo: nahi duzun hori eskuratu ahal izateko, utzi alde batera gauzak lortzea oztopatzen dizuna.

vodka

1 iz. Errusiar jatorriko edari bizia, zekale edo garagar alez egiten dena. Botila bat vodka hustu.

2 iz. Edontzi bat vodka. Vodka bat hartu.

volapük

iz. Schleyer apaizak, XIX. mendearen amaieran, hizkuntza unibertsal bihur zedin, asmatu zuen hizkuntza.

volt

iz. Elektrizitate tentsioa neurtzeko unitatea (V). 32 urteko langileak 380 volteko deskarga elektrikoa jaso zuen eta unean bertan hil zen.

volt metroko Eremu elektrikoaren intentsitatea neurtzen duen unitatea (V/m).

voltaiko

adj. Elektr. A. Voltaren pila elektrikoarena, A. Voltaren pila elektrikoari dagokiona; pilaz sorturiko elektrizitateari dagokiona. Voltak asmatu zituen beste tresna batzuk, baina pila voltaikoak bide berri garrantzitsuak zabaldu zizkion zientziari.

arku voltaiko Potentzial diferentzia bat ezartzen zaien bi elektrodoren artean sortzen den deskarga elektriko argitsua. Paul Jablochkoff fisikari errusiarrak kandela formako arku voltaikoa asmatu zuen, beirazko tutu baten barnean sartua zegoena.

voltampere

iz. Fis. Korronte alternoko zirkuituen itxurazko potentzia neurtzeko unitatea (VA).

voltampere erreaktibo Fis. Korronte alternoko zirkuituen potentzia erreaktiboa neurtzeko unitatea. Ik. var.

voltmetriko

adj. Elektr. Elektrizitate tentsioari eta haren neurketari dagokiona. Haril voltmetrikoa.

voltmetro

iz. Elektrizitate tentsioa neurtzeko tresna.

voyeur

iz. Ikuskizun edo eszena erotikoei ezkututik begiratzen zalea den pertsona. Ikuslea voyeur gisa dago hoteleko logelan gertatzen denari begira.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper