Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

usagari

iz. Landare urterokoa, lore ikusgarriak eta janarien bizigarri erabiltzen diren haziak ematen dituena (Nigella sativa).

usaia

iz. Ipar. eta Naf. Ohitura, usadioa. Ik. aztura. Lehenagoko usaia onei jarraikiz.

usaiako adj. Ipar. eta Naf. Ohikoa. Usaiako agurrak egin ondoan. Ez da usaiako bazkaria izan.

usaian 1 adb. Ipar. eta Naf. Eskuarki, normalean. Usaian besta handia antolatzen da. Afalondoan, oherat joan gara, usaian bezala. Magali usaian baino airosago iruditu zitzaidan.

2 adb. Ipar. eta Naf. Ez da bilatu behar gauza gehienik usaian dabilena, baizik hoberena: Ez da bilatu behar gehien erabiltzen den gauza, baizik hoberena.

usaimen

iz. Gorputzaren zentzumena, sudur barneko mintzean datzana eta usainak sumarazten dituena. Entzumena bezain fina zuen usaimena ere. Txakurraren usaimena gizonarena baino askoz zorrotzagoa da. Usaimen nerbioa. Uste dut usaimena galtzen hasi naizela.

usain

1 iz. Zenbait gauzari darien jario lurrunkorra, sudurrean datzan zentzumenari eragiteko gauza dena. Lilien usaina. Usain oneko olioz gantzutu. Usain gozoa darion lorea. Usain txarra bota. Usain gaiztoa, nazkagarria. Hain maite dugun garo usaina. Urrunera hedatzen zuen arbi ustel usain bat, leher egitekoa. Erre usaina. Txakurrak usaina hartu du eta ez da urrun basurdea. Itsasontzi herdoilduen usain gazia hartzen diet nik hango kaleei. Usain txarra aditzen dut hemen. Garbi usaina dute izarek. Abere usain handia zegoen.

2 iz. Irud. Ez kolorerik ez usainik duten berrikeriak. Hitzek badute beste zerbait, adieraz gainera: beren giroa, usaina, lurrina eta sentimen kutsua.

3 iz. Itxura, airea; zantzua. Badario, beraz, heresia usaina ez ezik, halako heresia kiratsa ere. Ez zuen euskal usain handirik. Berri usain bizia darie zenbait olerkiri. Eskaleak badatoz festaren usainera, beleak sarraskira doazen antzera. Usain txarra hartu zien bi hitz haiei.

usain belar, usain-belar Belar usaintsua. Usain belarrak erretzeko aldarea.

usain egin dio ad. Zerbaiten usaina hartzeko bertara sudurra hurbildu. Adituek ardoari usain egiten diote, edan aurretik. Barruan dagoen guztiari, eskuan hartu eta usain eginaz.

usaindu, usain/usaindu, usaintzen

1 da ad. Usain txarreko bihurtu. Ene zauriak usteldu eta usaindu dira. Jauna, usaindua da, badu jadanik lau egun hila dela.

2 du ad. Usain egin. Usaindu nuen ase arte bere usainaren gozoa. Txakurra alderatu zitzaion, praka zaharrak usaindu zituen eta atzeko hanka altxatzen hasi zen.

3 du ad. Sumatu, igarri. Usaindu zuten, nonbait, dirurik ez zuela.

4 (Era burutua izenondo gisa). Zorne usaindua.

usaindun

adj. Usain nabarmena duena. Ik. usaintsu. Gazta usainduna. Lore usaindunez beterik.

usaineztatu, usainezta, usaineztatzen

du ad. g.er. Norbaiti edo zerbaiti usain ona erantsi. Ik. lurrindu. Ez da musketaz, baltsamoz eta halako beste usain onez usaineztaturik ibili behar.

usaingabe

adj. Usainik ez duena. Lore usaingabeak. Gai usaingabea.

usaingarri

iz. Lurrina, usain gozoa emateko egiten den gaia. Usaingarriak egiteko nahasketak.

usainka

adb. Usain eginez, usain egiten. Usainka zebilen beti zokoetan mutiko azkarra. Txakurrak bezala, usainka.

usaintsu

adj. Usain ona dariona. Ik. usaindun; urrintsu. Arrosa usaintsua. Lorategi eder usaintsu bat.

usakume

iz. Usoaren umea. Gu beti usategi ondoan, usakume antzo.

usantza

iz. Ohitura. Ik. usadio; ekandu1. Usantza gaiztoak. Birao egiteko usantza izatea. Usantzazko bekatuak.

usapal

iz. Usoaren ordenako hegaztia, hura baino txikiagoa, bizkarreko lumak arre-gorrixkak dituena (Streptopelia turtur). Ik. uso-tortoil; usatortola; urxapal. Usapal garbi bat bezala bere senar joanaren gainean negarrez. Bi usapal elkarri urrumaka.

usategi

iz. Usoak hazteko prestatzen den tokia. Lehenengo aldiz usategitik irten den usakume ikaratia bezalaxe.

usatortola

iz. Heg. g.er. Usapala.

usatu, usa, usatzen

1 du ad. Erabili. Bestek bestetan usatu duen lizentziaz baliatzea baino ez du egin.

2 da ad. Zah. Ohitu. Usa zaitez goizean goiz jaikitzen. || du ad. Eta hainbat usatzen duzu bekatu egitea, non beldurra galtzen baituzu, eta haietan laketzen baitzaizu.

usin

iz. Doministikua. Ik. urtzintz.

usin egin Haurrak usin egin zuen zazpi aldiz.

usin eragin Usin eginarazi.

usmo

1 iz. g.er. Usna, usaimena.

2 iz. g.er. Susmoa.

usna

iz. Ipar. Usaimena. Usain goxoez gure usna loriatzeko.

usnaka

adb. Usainka. Burua tentetu eta usnaka aritu zen, luze, bere sudur zuloak ongi irekiz.

usnarazi, usnaraz, usnarazten

du ad. Usnatzera behartu.

usnatu, usna/usnatu, usnatzen

du ad. Zerbaiten usaina aditu edo hartu; zerbaiti usain egin. Usain ezti eta gozo bat usnatu zuen. Ene ahal guztiaz usnaturik ere, usain hura den gutxienik ez dut hautematen egun.

usnatze

1 iz. Usaintzea.

2 iz. Usaimena.

uso

iz. Hegazti moko-meharra eta hego-laburra, lumajearen kolorea moten arabera duena (Columba sp.). Gure herri eta hirietan bizi diren usoak gris-urdinxkak dira. Usoen urruma. Etxe usoak. Basa usoen habiak. Uso zuri ederra, zeruan zer berri? Ehiztariak usoa bezala bildu nau bere sareetara. Usotara atera. Mirua uso bihurtzea, eta otsoa ardi. Udazkeneko uso-pasea. || Esr. zah.: Kanpoan uso, etxean otso. Usoak joan, sareak heda. Azkar eta ondo, usoak hegan.

uso-tortoil Ipar. Usapala.

usoki

iz. Uso haragia.

usomando

iz. Pagausoa.

usozale

1 iz. Uso-ehiztaria. Urria bukatu da ekarriz larrazken itxura goxoa; gure usozaleak ilun aire batekin dira menditik jaisten.

2 adj./iz. Usoen zalea dena. Ni, egia esan, ez naiz ez arranozale ez usozale.

uspel1

iz. Ipar. Ubeldua. Burutik oinetaraino bete zuten uspelez.

uspel2

1 adj. Ipar. Ospela, laiotza. Larre uspela.

2 (Adizlagun gisa). Ipar. Eguzkiak kiskaltzen du erreka honen alderdi bat, bestea uspel dagoelarik.

uspeldu, uspel/uspeldu, uspeltzen

du ad. Ipar. Ubeldu. Gorputz guztia uspeldua edo urdindua.

uspeldura

iz. Uspela. Ik. ubeldura. Alde guztietatik minberatua, uspelduraz betea.

uspelgune

iz. Leku uspela, laiotza.

uste

1 iz. Norbaitek zerbaiti buruz, itxura edo aztarnen arabera duen iritzia. Nire ustea da hori. Nire uste apalean. Susmo horrek, uste sendo bihur dadin, behar lituzkeen frogak. Zernahi lortu dezakegulako ustea. Uste okerren bat dela bide. Ez du gaitzerizkoa edo uste txarra inoiz isilik eduki. Uste hori ere uste hutsa da, eta erdia ustel, dakigunez. Usteak erdia ustela. Nahiago nuke uste hori ustel agertuko balitz. Uste horretan nagoelako. Ustea ez da jakitea (esr. zah.).

2 iz. Itxaropena; konfiantza. Ik. uste on. Galtzen edo hozten zaio Zerurako ustea. Jaunaren laguntzan bere ustea ipinirik. Jesusek, ordea, ez zuen uste handirik haiengan. Zeure ontasunean daukat nik uste bete-betea. Barkazioaren uste guztia galdurik urkatu zuen bere burua. Irabazi usteek, ordea, maiz usteldu ohi dute gizona. Eska dezakegu, ukatuko ez digulako uste osoan.

3 iz. Asmoa. Nik... mojatarako ustea darabilt.

usteak uste Uste dena uste dela, uste dena gorabehera. Dena den eta usteak uste, bi gai horiek behintzat azaldu beharko ditu hitzaurre horrek. Esanak esan eta usteak uste, guk ere gehi dezakegu (...).

ustean 1 (-en atzizkiaren eskuinean). -en iritziz, -en iritzian. Ik. ustez. Arima garbi dugu guk geure ustean. Nire ustean, hori bai mutil prestua. Gizon adituen ustean premia handia denean.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). -en esperoan, -en esperantzan. Sos zikin baten ustean, anitz gehiago galtzen du.

3 (-tzeko-ren eskuinean). Asmotan, asmoz. Ik. ustez 4. Eta berehala jakinik etsaiek zein lekutan erasotzeko asmoa zuten, isil-isilik abiatu zen, itsumustuan, bidera irteteko ustean. Elkarrekin geunden ezkontzeko ustean.

4 Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez 3. Gerla bat iraungi ustean, beste handiago bat piztuko zuen. Nireak zerbait balioko duelako ustean. || Nik on ustean esandakoa ez ezazu burlatzat hartu: on beharrez. Hobe ustean dabiltzanak kontura daitezen: hobe beharrez.

uste on Norbaitek zerbaitetan edo beste norbaitengan duen itxaropen sendoa. Ik. konfiantza. Uste ona izan behar dugu, eta ez beti gaizki pentsatu. Beren buruzagienganako uste ona galdu zuten.

ustez 1 adb. (-en atzizkiaren eskuinean). -en iritziz, -en iritzian. Gure ustez ere horrelaxe da. Linguista guztien edo gehienen ustez.

2 adb. (-en atzizkirik gabe). Horretarako eraman nituen bi bertso, ustez ederrak. Sakramentu santurik ez zuten nahi etxekoek gaixoarentzat, ustez ez zegoelako premiarik.

3 adb. (Dagokion osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez eta. Gainerako irakurraldia holakoa zela ustez, geroko utzi nuen. Atera zuten hiritik kanpora, ustez hila zela. Hilko den ustez, abadea ere eroan ei diote.

4 adb. Asmotan, asmoz. Abiatu nintzen hoteleraino, bazkaltzeko ustez.

5 adb. Itxuraz. Ustez izotzarekin galdutako lorea bizitasun berriaz apaintzen da udaberrian.

6 adb. Antza denez, dirudienez. Iruñeko muinoan, ustez antzina Veleia egon zen toki hartan.

ustez eta (Dagokion osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez 3. Jaiki nintzen, ustez eta Jainkoak ez zidala besterik agintzen. Hiri handietara doaz, ustez eta han jaun handi izango direla. Ustez eta laster irekiko zuten, beha egon gara.

ustebide

1 iz. g.er. Pentsamoldea.

2 iz. g.er. Uste ona.

uste izan, uste izaten, usteko/uste izango

1 du ad. Uste batean oinarriturik pentsatu edo iruditu. Bat gatozela uste dut. Horretaz mintzatuko naizela uste omen dute. Baina zer uste duzu, gizona? Zinez uste dudana adieraztea zilegi baldin bazait. Hori da uste duguna. Hala uste du behintzat batek baino gehiagok. Nor da horrelakorik uste duena? Badut uste, luzamen handirik gabe, ministro berriak dituzkegula. Gutxien uste denean. Ez dut nik uste, beste inor baino gogo-meharragoa denik. Ez dut hala uste. Ez uste izan, bere kezkak ez direla besterenen ispilu besterik. Uste izateko da, beraz, leku beretik datozela batzuk eta besteak. Ez nuen behin ere horrelakorik usteko. || Erosoen uste nuen bidea hartu nuen.

2 du ad. (Laguntzailea ezabaturik). Gure indarra, nik uste, honetan datza. Guk hala uste. Nik ezetz uste. Zerbait falta zaiolako?, ez, nik uste. Ez uste, hori berez gertatu denik. Uste baino gehiago zor diogu. Zuek uste arren lotan daudela. Gau batean, inork uste gabe, hasi zen garrasika. Bat-batean inork uste gabekoa dator. Bagenukeela orok, gutxien ustean, haren beharra. Usterik gutxienean. Norbaitek usterik odola zela.

3 du ad. (Beste aditz bati dagokiola). Euskal Herria maite uste dugunok. Orain jakin uste duguna. Ikusi ala ikusi uste?

uste bezain Uste den (duen, zuen...) bezain. Irandarrak ez dira orobat uste bezain lanjerosak, bederen orain. Iruñean ez dute uste bezain aise irabazi. Iratzarri zen, baina ez uste bezain gogotsu. || (Ageriko subjektuarekin). Ez da zuk uste bezain erraza.

uste bezala Uste den (duen, duzun...) bezala. Nafarroako ekonomia % 3 hazi zen iragan urtean, uste bezala. Jokaldia ez zaio uste bezala irten. || (Ageriko subjektuarekin). Eta hark uste bezala gertatu ere. || (Ezezko esaldietan). Arratsalde hura uste ez bezala bukatu zen niretzat. Aitak beti konpontzen zituen gauzak inork uste ez bezala.

uste bezalako adj. Uste den (duen, duzun...) bezalakoa. Baina horrek guztiak ez zuen uste bezalako eraginik izan harengan. Aurkitu zenuena uste bezalakoa izan zen? || (Ageriko subjektuarekin). Ez nauk hik uste bezalakoa. || (Ezezko esaldietan). Bazuela euskarak guk uste ez bezalako aberastasunik.

ustekabe

1 iz. Espero ez den gauza edo gertaera. Ik. ezuste. Mundu zabal hau adimen baten eta ez ustekabearen fruitua dela. Irunen sartzerakoan, ordea, ustekabea gertatu.

2 adb. Ustekabean, espero izan gabe. Jauna, begira gaitzazu ustekabe hiltzetik. Ustekabe hartuko du suak mundu guztia.

ustekabean 1 adb. Espero izan gabe. Udazkenean, hau ere ustekabean, H. Gavel jauna galdu dugu. Ustekabean hartu gaitu haren heriotzak. Egun hura ustekabean etor ez dakizuen.

2 adb. Oharkabean. Ez dakigu ustekabean ala berariaz egin zuen. Askotan hutsak egiten ditugu ustekabean eta oharkabean.

ustekabeko 1 adj. Espero edo uste ez dena. Ustekabeko ezbeharren bat. Nire ustekabeko poza inori azaldu beharrik ez dut. Ustekabeko mirakuluz. Betan hurbiltzen denean gaitz ustekabekoa.

2 adj. Oharkabekoa.

ustekaberik adb. Ustekabean, espero izan gabe. Ustekaberik zaurtzen gaituzten kolpeak.

ustekabez 1 adb. Ustekabean, espero izan gabe.

2 adb. Ustekabean, oharkabean. Ustekabez edo jakinaren gainean.

ustekeria

iz. Ipar. Uste ustela. Guztien ustekeria zen Jesus langile ttipi baten semea zela.

ustekizun

iz. Ustea, bereziki jakintzagaiei buruzkoa. Horra non oraingo psikologiak oinarri bat eskaintzen dien parapsikologiaren ustekizunei. Orain artean behintzat ustekizun horiek ez dira egiaztatuak izan.

usteko

adj. Halakoa dela uste dena. Ik. ustezko. Hutsak eta huts ustekoak. Asko ikusi duen gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baino gehiago. Horrela agertzen dira gertatuak eta gertatu ustekoak "kondaira" horretan.

ustekunde

1 iz. Ipar. g.er. Ustea, iritzia. Indiar gaizo horiek ez dute anitz dakitelako ustekunderik.

2 iz. Ipar. g.er. Itxaropena, konfiantza.

ustel1

1 adj. Gai organikoez mintzatuz, hondatu edo galdu dena, kiratsa dariona. Ez dituzte haragi hilak eta ustelak ukitu nahi. Arrain erdi ustelak. Sagar ustelak. Ur usteletan. Barneko odol ustela. Bere hortz ustelak erakutsiaz. Ustel usaina. || Kirats ustel nazkagarria.

2 adj. Pertsonez eta animaliez mintzatuz, behar adina kemen, ausardia edo zintzotasun ez duena. Halako mutil itxura ederrekoa, eta lanean ustela.

3 adj. Alferrikakoa, ondorerik gabea. Hau ez da ene uste ustela, euskaldun anitzena baizik. Nahiago nuke uste hori ustel agertuko balitz. Ustel atera ziren saio haiek: huts egin zuten. Sozialisten iritzi hau ustela eta okerra da.

4 (-en atzizkiaren eskuinean, izen gisa). Baina arrazoibide horren ustela laster nabari da.

ustel2

iz. Musean-eta, partida batean irabazi den saioaren adierazlea. Gogotik onartuko zizun musean ustel baten egitea. Hiru usteletara jokatu izan dugu musean.

ustelarazi, ustelaraz, ustelarazten

du ad. Usteltzera behartu. Jainkoaren begietan handiak eta ttipiak oro berdin direla, guztiak lur berean ustelarazten ditu.

usteldu, ustel/usteldu, usteltzen

1 da/du ad. Gai organikoez mintzatuz, hondatu edo galdu. Gorputza usteldu zitzaion, harrak zerizkiola. Ene zauriak usteldu eta usaindu dira. Belartzan usteltzen zegoen txalupa bat. Jainko-Semearen haragi eta odol ezin ustelduzkoak.

2 da/du ad. Irud. Irabazi usteek, ordea, maiz usteldu ohi dute gizona. Noeren denborarako osotoro zikindu eta usteldu ziren Adamen umeak.

3 (Era burutua izenondo gisa). Putzu ustelduetan. Gorputz urkatu ustelduen usain gaiztoa. Mende gaizto usteldu honetan.

usteldura

iz. Ipar. Usteltasuna. Nire gorputz ustela estaltzeko, bospasei oin lur, ustelduraz, harrez, zizarez betea. Usteldura moralak dena kutsatzen du.

ustelezin

adj. Ezin ustelduzkoa. Ik. ustelgaitz. Janari ustelezinaren gose ez nintzen.

ustelgaitz

adj. Ia ustelezina. Elorriaren zur zaharra legez ustelgaitzak direlako maite ditut oroitzapen zaharrak.

ustelgarri

adj. Usteltzen duena. (Batez ere -en atzizkiaren eskuinean erabiltzen da). Materialismoa omen da munduaren ustelgarria.

ustelkeria

1 iz. Kargudun edo enplegaturen batek, bere egoeraz zilegi ez den moduan baliatuz, diru edo onuren truke, inoren mesedetan aritzeari amore ematea. Ustelkeriagatik epaitu eta zigortua.

2 iz. Usteltasuna.

ustelkor

adj. Usteltzeko joera duena, erraz usteltzen dena. Gorputz ustelkorrak arima astuntzen baitu. Ondasun ustelkorrak pilatzen.

ustelkortasun

iz. Ustelkorra denaren nolakotasuna. Giza gorputzaren argaltasuna eta ustelkortasuna.

usteltasun

1 iz. Usteltzea; gai ustela. Gangrena edo haragiaren usteltasuna. Usteltasun eta harrez beterik. Oinetatik eta gorputz guztitik usteltasuna zeriola.

2 iz. Irud. Gizarteko ohituren usteltasuna.

usteltze

1 iz. Gai organikoez mintzatuz, hondatzea edo galtzea. Gatzak, gainera, usteltze prozesua galaraziko du.

2 iz. Irud. Baina Gaillastegi hori, Gallaiztegi-ren usteltze bat da, besterik gabe. Gizartearen usteltzea familiaren gainbeherarekin etorri dela.

ustetsu

1 adj. Uste onekoa, uste onez betea. Maitasun apal, ustetsu eta saiatua.

2 adj. Harroa, buruiritzia. Haserre gorritan nago atzerriko nazio ustetsuen aurka.

ustezko

adj. Halakoa dela uste dena. Ik. usteko. Ustezko laguna. Besteren hutsak edo huts ustezkoak. Nire ustezko gehiegikeria horiek euskarari ongi ez datozkio. Ustezko, irudipenezko, engainuzko gozotasuna. Gerokoa, hobe ustezkoa, nahiago dut on oraingoa (esr. zah.).

ustiapen

iz. Ustiatzea. Informatika sistemen ustiapena. Basoen eta baliabide naturalen ustiapena.

ustiategi

iz. Zerbait ustiatzen den gunea. Dauden 400 ustiategiek, guztira, 178 milioi litro esne ekoizten dute. Amazoniako petrolio ustiategia kaltegarria dela diote adituek.

ustiatu, ustia, ustiatzen

1 du ad. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina atera; bereziki, lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak landu. Meak eta basoak ustiatu. Txintxurreneako harrobia legez kontra ustiatzeagatik.

2 du ad. Irud. Eguna ustiatu dute langile horiek.

ustiatze

iz. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina ateratzea; lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak lantzea. Ustiatze lanak.

usu1

1 adb. Maiz, sarri. Usu erabiliko den liburua. Hutsak, usu eta ugari. Urrundu nintzen, herri aldera itzuliz usu begiak. Euskal Herrian gero eta usuago ikusten ditugu pinu beltzak. Ez da hori usuegi gertatzen.

2 adj. Maiz gertatzen dena. Gertaera usuak. Aharrausi usua, gose edo lo mezua (esr. zah.).

3 adj. Sarria, tapitua. Ik. itxi2 3; ugari. Ile usua. Arbola usuak zuzen doaz goiti. Sasi usuak.

usuan adb. Batez ere Zub. Usu.

usuenik adb. Maizenik. Erdaratik euskarara izan beharrean, usuenik gertatu denez, alda ditzagun euskaratik erdarara.

usu2

iz. Ipar. Zornea. Horra non duen bere eria usua zerion zauri batean sartzen.

usuki

adb. Ipar. g.er. Usu, maiz.

usurbildar

1 adj. Usurbilgoa, Usurbili dagokiona.

2 iz. Usurbilgo herritarra.

usuri

iz. Gip. g.er. Gernua, pixa. Ik. urxuri. Usuria ezin eginik jartzen direnentzat.

usurpatu, usurpa, usurpatzen

du ad. Zuz. Legez beste norbaitena den kargu, jabetza edo eskubide baten jabe egin. Oposizioak boterea usurpatu izana leporatu zion Lukaxenkari. Maula delitua eta funtzio publikoak usurpatzea leporatu zioten; izan ere, polizia agente bat zela esan zuen.

usutasun

iz. Maiztasuna.

usutu, usu/usutu, usutzen

1 da/du ad. Ipar. Maiztu; ugaritu. Irekitzen ditu begi indargabeak, usutzen hats hartzeak. Jainko Jaunak emazteari ere erran zion: usutuko ditut zure gaitzak.

2 da/du ad. Zerbait sarriago, tapituago bihurtu.

ut

interj. Bizk. Utikan! Ut hortik! Ut, ut, ut!

utergar

1 adj. Utergakoa, Utergari dagokiona.

2 iz. Utergako herritarra.

utero

iz. Umetokia. Emakumearen uteroan txertatu aurretik, diagnostiko genetikoa egingo zaie enbrioiei.

utikan

interj. Norbait edo zerbait arbuiatzen dela, edo norbaitek alde egin dezala adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. ut. Joan hortik!; utikan! Utikan, asto nardagarria! Utikan hemendik!

utikar

1 adj. Utikakoa, Utikari dagokiona.

2 iz. Utikako herritarra.

utilitarismo

1 iz. Gauzen erabilgarritasuna lehenesteko joera. Gure konpromiso etikoa utilitarismo politikoaren gainetik dagoela esan nahi du horrek.

2 iz. Filosofia-doktrina, erabilgarritasuna balore guztien oinarritzat hartzen duena. XX. mendea arte utilitarismoa jaun eta jabe izan da etikaren ikuspegi filosofikoan.

utopia

iz. Errealitatea kontuan hartzen ez duen gizarte edo politika xedea; ezin gauzatuzkoa dirudien asmoa edo ideia. Sozialismoaren aurrerabidea utopiatik zientziara. Ilargira bidaiatzeko ametsa gehienontzat oraindik utopia hutsa da.

utopiko

adj. Utopiarena, utopiari dagokiona. Euskal Herri utopiko baten gainean eraikitako mitoak. Sozialismo utopikoa.

utzarazi, utzaraz, utzarazten

du ad. Uztera behartu. Neure beldurrak utzarazten dizkit karguak eta konpainiak. Horra zerk utzarazi dion herria Ameriketara doan euskaldunari.

utzi1, utz, uzten

1 du ad. Nolabait loturik gauden norbaitengandik, zerbaitetatik edo nonbaitetik bereizi, berehala ez itzultzekotan aldendu. Utzi dituzu leku zabalak, utzi dituzu mendiak, utzi dituzu Espainiako anaia eta lagun handiak. Aspaldi utzi zuen jaioterrira itzuli denean. Jainkoak utzi nau eta ez dit aditu nahi izan. || Amak mundu hau utzi zuen Ignazio zer bilakatuko zen ikusi gabe. || (Gauza abstraktuez mintzatuz). Ez du inork arrazoi larririk gabe bere ohitura utziko. Behin utzi zuen bekatura berriz bihurtzen dena.

2 du ad. (Norbait edo zerbait toki jakin batean gelditzen dela). Harrokerian zebiltzan denak utzi dituzu atzean. Babarrunak sutan utzi ditut. Aterkia tabernan utzi dut. Utzi zuen kutxa Aminadab zeritzan gizon baten etxean. Bezperan utzi genuen tokian, han zegoen.

3 du ad. (Norbait edo zerbait egoera jakin batean gelditzen dela). Ik. bertan behera utzi; bazterrera utzi; alde batera utzi. Zenbait egunen buruan umezurtz ninduen utzi. Eta etsaien menera ez zuen utziko. Aho bete haginekin utzi nau. Izotzak utzi gaitu oso kuzkurtuta. Txunditurik utzi ninduen, lehen aldiz ikusi nuenean. Zenbait gai utzi ditu bazterrean egileak. Nola bizirik utzi? Argi utzi nahi dudana hauxe da. Noiz kendu behar diren atzizki horiek eta noiz utzi dauden-daudenean. Erantzunik gabe utziko dut galdera.

4 du ad. Atzeratu. Utz ezazu biharko edo beste baterako. Geroko utzi. Ez zuela egundaino, egunean egin ahal zezan gauzarik biharamuneko utzi.

5 du ad. Zerbait toki batean jarri, heltzeko erabili dena toki horretatik bereiziz. Utz denak mahai gainean. || (Gauza abstraktuez mintzatuz). Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana. Besteren bizkar utzi nahi nukeela neronentzat nahi ez dudan lana. Izena utzi eta barrengo izanari begira dagoen egiazko jakitea.

6 du ad. Zerbait egiten ez jarraitu, zerbait egitetik gelditu. Artzaingoa utzi. Utz ditzagun itxurakeriak lagunartean behintzat. Gerotik gerora ibiltzea utzi. Lan hasia ezin utz. Hemen utzi beharko, labur beharrez, haren hitzak aldatzea. Ezin utzizko eginkizunen batek behartzen ez banau. || dio ad. (nor osagarririk gabe). Edateari eta erretzeari utzi dio. Bazterrak nahasteari utz diezaiogun behin betiko. Lanari utzi dio. Utzi, utzi berriketa horiei.

7 du ad. Ez eragotzi. (Dagokion aditz izena -tzen edo -tzera eran joan daiteke). Irabaziak galtzen utzi ditugu. Abarra erortzen utzi zuen neskak.

8 (Pertsona bati dagokiola). du (Ipar. eta Naf.) /dio (Bizk. eta Gip.) ad. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Zure lorategian jostatzen utzi zenidan behin. Ez zion inori laguntzen utzi. Besotik heltzen utziko didazu? Eta ez gaitzazula utz tentaldian erortzen. Mintzatzen uzten dio Inaziok. Mintzatzera uzten du Inaziok. Aska ezazue eta joatera utzi. Itotzera utzi zuen etsaia. Utz nazazu, zure bularrean burua pausa dezadan.

9 du ad. Oinordekotzan eman. Bere ondasun guztiak utzi dizkio. Obra mardula utzi digu Orixek.

10 du ad. Norbaitek beste norbaiti zerbait eman, gero berriz itzultzekotan. Deus ez eman, ez deus utz, oro ken, oro ebats. Nork utzi dizu automobila?

11 du ad. Irauten duten seinaleez mintzatuz, egin, izan. Han ere ondorio hitsak utzi ditu lurrikarak. Aztarnarik utzi gabe.

utzi2

adj. Bere egitekoez arduratzen ez dena. Utzia eta baldana, bai, gure Martin! Zabar samarra dela, zabarra eta utzia, bere teatro lanak inprimategira eramaten.

utzialdi

iz. Zerbait uzten den denbora, zerbait egiteari uzten zaion denbora; zerbait uztea, zerbait egiteari utzi. Seme-alabek 8 urte bete arte lan utzialdirako baimena izango dute gurasoek.

utzietsi, utziets, utziesten

1 du ad. Ipar. Bertan behera utzi, bazterrera utzi. Bere emazte eta haurrek utziesten dute, ez nahiz den gutienik kutsatu. Badirudi Eliza Ama Saindua infernuaren menera utziesten duela.

2 (Era burutua izenondo gisa). Haur utzietsiak biltzea eta altxatzea.

utziezin

adj. Ezin utzizkoa. Eginbehar utziezina.

utzikeria

iz. Utzia den pertsonaren jokabide edo nolakotasun gaitzesgarria; zerbait alde batera edo geroko uztea eta hartaz ez arduratzea. Beren utzikeriagatik eta axolagabekeriagatik, inoiz ere ez zirela jaikiko egoera makur hartatik. Alderdien utzikeria erabatekoa izan da. Eskubide horietako asko utzikeriaz galdu dituzte.

uve

iz. Alfabetoko letra (v, V).

uve bikoitz Alfabetoko letra (w, W).

ux

interj. Bizk. Etxeko abereak uxatzeko erabiltzen den hitza.

uxadan

iz. Ipar. g.er. Izaina.

uxaldi

1 iz. Uxatzea; zerbait uxatzen den aldia.

2 iz. Ehizatu nahi diren animaliak uxatzea edo ezkutalekutik ateraraztea. Basurde uxaldi batean parte hartzen ari zen 71 urteko ehiztari iruindarra zendu zen igandean.

uxaldu, uxal, uxaltzen

da/du ad. Zimeldu. Lili bilduak laster uxaltzen dira. Baina bertute eder hau uxaldua, maskaldua geratzen da gogoeta horiekin.

uxara

iz. Ipar. Beherakoa. Idiaren uxara sendatzeko.

uxaratu, uxara/uxaratu, uxaratzen

da ad. Ipar. Beherakoa izan. Txerriak uxaratzen direnean.

uxarka

adb. Induska. Txerria bezala uxarka.

uxarrean

adb. Uxarka. Txerria uxarrean dabil.

uxartu, uxar, uxartzen

du ad. g.er. Uxarrean jardun. Ik. induskatu; iraulkatu.

uxatu, uxa, uxatzen

1 du ad. Norbaiti edo zerbaiti ihes eragin, hurbiltzen ez utzi. Ik. haizatu; aienatu. Ez ote dugu euli hau hemendik uxatuko? Baratzeetatik txoriak uxatu.

2 du ad. Irud. Bekainetatik uxatuz loaren astuna. Erlijioaren itzala alde guztietatik uxatu nahi luketenak. Gogoak ezin uxa barneko lainoa. Zure kezka uxatzeko.

uxatzaile

adj./iz. Uxatzen duena. Aintza Zuri, arerio eta etsai zitalen beldur eta uxatzailea.

uxer

iz. Ipar. Auzitegi batzuetako bigarren mailako enplegatua. Gure herriko jaun jujea, jaun uxerra eta jaun notarioa.

uxo

iz. Adkor. Usoa. Ik. izar uxo. Uxo polit hori.

uxter

1 adj. Ipar. Samurra, beratza. Ehizaren haragi uxter ahotik ezin utzizkoa.

2 pred. Ipar. Erraz. Negarra, irria, elea uxter du.

uxtertu, uxter/uxtertu, uxtertzen

da/du ad. Ipar. Samurtu, beratu.

uxual

iz. Pattarra. Moilara baino lehen zamaketariek uxuala hartzen dute.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper