Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

ustiatze

iz. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina ateratzea; lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak lantzea. Ustiatze lanak.

usu1

1 adb. Maiz, sarri. Usu erabiliko den liburua. Hutsak, usu eta ugari. Urrundu nintzen, herri aldera itzuliz usu begiak. Euskal Herrian gero eta usuago ikusten ditugu pinu beltzak. Ez da hori usuegi gertatzen.

2 adj. Maiz gertatzen dena. Gertaera usuak. Aharrausi usua, gose edo lo mezua (esr. zah.).

3 adj. Sarria, tapitua. Ik. itxi2 3; ugari. Ile usua. Arbola usuak zuzen doaz goiti. Sasi usuak.

usuan adb. Batez ere Zub. Usu.

usuenik adb. Maizenik. Erdaratik euskarara izan beharrean, usuenik gertatu denez, alda ditzagun euskaratik erdarara.

usu2

iz. Ipar. Zornea. Horra non duen bere eria usua zerion zauri batean sartzen.

usuki

adb. Ipar. g.er. Usu, maiz.

usurbildar

1 adj. Usurbilgoa, Usurbili dagokiona.

2 iz. Usurbilgo herritarra.

usuri

iz. Gip. g.er. Gernua, pixa. Ik. urxuri. Usuria ezin eginik jartzen direnentzat.

usurpatu, usurpa, usurpatzen

du ad. Zuz. Legez beste norbaitena den kargu, jabetza edo eskubide baten jabe egin. Oposizioak boterea usurpatu izana leporatu zion Lukaxenkari. Maula delitua eta funtzio publikoak usurpatzea leporatu zioten; izan ere, polizia agente bat zela esan zuen.

usutasun

iz. Maiztasuna.

usutu, usu/usutu, usutzen

1 da/du ad. Ipar. Maiztu; ugaritu. Irekitzen ditu begi indargabeak, usutzen hats hartzeak. Jainko Jaunak emazteari ere erran zion: usutuko ditut zure gaitzak.

2 da/du ad. Zerbait sarriago, tapituago bihurtu.

ut

interj. Bizk. Utikan! Ut hortik! Ut, ut, ut!

utergar

1 adj. Utergakoa, Utergari dagokiona.

2 iz. Utergako herritarra.

utero

iz. Umetokia. Emakumearen uteroan txertatu aurretik, diagnostiko genetikoa egingo zaie enbrioiei.

utikan

interj. Norbait edo zerbait arbuiatzen dela, edo norbaitek alde egin dezala adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. ut. Joan hortik!; utikan! Utikan, asto nardagarria! Utikan hemendik!

utikar

1 adj. Utikakoa, Utikari dagokiona.

2 iz. Utikako herritarra.

utilitarismo

1 iz. Gauzen erabilgarritasuna lehenesteko joera. Gure konpromiso etikoa utilitarismo politikoaren gainetik dagoela esan nahi du horrek.

2 iz. Filosofia-doktrina, erabilgarritasuna balore guztien oinarritzat hartzen duena. XX. mendea arte utilitarismoa jaun eta jabe izan da etikaren ikuspegi filosofikoan.

utopia

iz. Errealitatea kontuan hartzen ez duen gizarte edo politika xedea; ezin gauzatuzkoa dirudien asmoa edo ideia. Sozialismoaren aurrerabidea utopiatik zientziara. Ilargira bidaiatzeko ametsa gehienontzat oraindik utopia hutsa da.

utopiko

adj. Utopiarena, utopiari dagokiona. Euskal Herri utopiko baten gainean eraikitako mitoak. Sozialismo utopikoa.

utzarazi, utzaraz, utzarazten

du ad. Uztera behartu. Neure beldurrak utzarazten dizkit karguak eta konpainiak. Horra zerk utzarazi dion herria Ameriketara doan euskaldunari.

utzi1, utz, uzten

1 du ad. Nolabait loturik gauden norbaitengandik, zerbaitetatik edo nonbaitetik bereizi, berehala ez itzultzekotan aldendu. Utzi dituzu leku zabalak, utzi dituzu mendiak, utzi dituzu Espainiako anaia eta lagun handiak. Aspaldi utzi zuen jaioterrira itzuli denean. Jainkoak utzi nau eta ez dit aditu nahi izan. || Amak mundu hau utzi zuen Ignazio zer bilakatuko zen ikusi gabe. || (Gauza abstraktuez mintzatuz). Ez du inork arrazoi larririk gabe bere ohitura utziko. Behin utzi zuen bekatura berriz bihurtzen dena.

2 du ad. (Norbait edo zerbait toki jakin batean gelditzen dela). Harrokerian zebiltzan denak utzi dituzu atzean. Babarrunak sutan utzi ditut. Aterkia tabernan utzi dut. Utzi zuen kutxa Aminadab zeritzan gizon baten etxean. Bezperan utzi genuen tokian, han zegoen.

3 du ad. (Norbait edo zerbait egoera jakin batean gelditzen dela). Ik. bertan behera utzi; bazterrera utzi; alde batera utzi. Zenbait egunen buruan umezurtz ninduen utzi. Eta etsaien menera ez zuen utziko. Aho bete haginekin utzi nau. Izotzak utzi gaitu oso kuzkurtuta. Txunditurik utzi ninduen, lehen aldiz ikusi nuenean. Zenbait gai utzi ditu bazterrean egileak. Nola bizirik utzi? Argi utzi nahi dudana hauxe da. Noiz kendu behar diren atzizki horiek eta noiz utzi dauden-daudenean. Erantzunik gabe utziko dut galdera.

4 du ad. Atzeratu. Utz ezazu biharko edo beste baterako. Geroko utzi. Ez zuela egundaino, egunean egin ahal zezan gauzarik biharamuneko utzi.

5 du ad. Zerbait toki batean jarri, heltzeko erabili dena toki horretatik bereiziz. Utz denak mahai gainean. || (Gauza abstraktuez mintzatuz). Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana. Besteren bizkar utzi nahi nukeela neronentzat nahi ez dudan lana. Izena utzi eta barrengo izanari begira dagoen egiazko jakitea.

6 du ad. Zerbait egiten ez jarraitu, zerbait egitetik gelditu. Artzaingoa utzi. Utz ditzagun itxurakeriak lagunartean behintzat. Gerotik gerora ibiltzea utzi. Lan hasia ezin utz. Hemen utzi beharko, labur beharrez, haren hitzak aldatzea. Ezin utzizko eginkizunen batek behartzen ez banau. || dio ad. (nor osagarririk gabe). Edateari eta erretzeari utzi dio. Bazterrak nahasteari utz diezaiogun behin betiko. Lanari utzi dio. Utzi, utzi berriketa horiei.

7 du ad. Ez eragotzi. (Dagokion aditz izena -tzen edo -tzera eran joan daiteke). Irabaziak galtzen utzi ditugu. Abarra erortzen utzi zuen neskak.

8 (Pertsona bati dagokiola). du (Ipar. eta Naf.) /dio (Bizk. eta Gip.) ad. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Zure lorategian jostatzen utzi zenidan behin. Ez zion inori laguntzen utzi. Besotik heltzen utziko didazu? Eta ez gaitzazula utz tentaldian erortzen. Mintzatzen uzten dio Inaziok. Mintzatzera uzten du Inaziok. Aska ezazue eta joatera utzi. Itotzera utzi zuen etsaia. Utz nazazu, zure bularrean burua pausa dezadan.

9 du ad. Oinordekotzan eman. Bere ondasun guztiak utzi dizkio. Obra mardula utzi digu Orixek.

10 du ad. Norbaitek beste norbaiti zerbait eman, gero berriz itzultzekotan. Deus ez eman, ez deus utz, oro ken, oro ebats. Nork utzi dizu automobila?

11 du ad. Irauten duten seinaleez mintzatuz, egin, izan. Han ere ondorio hitsak utzi ditu lurrikarak. Aztarnarik utzi gabe.

utzi2

adj. Bere egitekoez arduratzen ez dena. Utzia eta baldana, bai, gure Martin! Zabar samarra dela, zabarra eta utzia, bere teatro lanak inprimategira eramaten.

utzialdi

iz. Zerbait uzten den denbora, zerbait egiteari uzten zaion denbora; zerbait uztea, zerbait egiteari utzi. Seme-alabek 8 urte bete arte lan utzialdirako baimena izango dute gurasoek.

utzietsi, utziets, utziesten

1 du ad. Ipar. Bertan behera utzi, bazterrera utzi. Bere emazte eta haurrek utziesten dute, ez nahiz den gutienik kutsatu. Badirudi Eliza Ama Saindua infernuaren menera utziesten duela.

2 (Era burutua izenondo gisa). Haur utzietsiak biltzea eta altxatzea.

utziezin

adj. Ezin utzizkoa. Eginbehar utziezina.

utzikeria

iz. Utzia den pertsonaren jokabide edo nolakotasun gaitzesgarria; zerbait alde batera edo geroko uztea eta hartaz ez arduratzea. Beren utzikeriagatik eta axolagabekeriagatik, inoiz ere ez zirela jaikiko egoera makur hartatik. Alderdien utzikeria erabatekoa izan da. Eskubide horietako asko utzikeriaz galdu dituzte.

uve

iz. Alfabetoko letra (v, V).

uve bikoitz Alfabetoko letra (w, W).

ux

interj. Bizk. Etxeko abereak uxatzeko erabiltzen den hitza.

uxadan

iz. Ipar. g.er. Izaina.

uxaldi

1 iz. Uxatzea; zerbait uxatzen den aldia.

2 iz. Ehizatu nahi diren animaliak uxatzea edo ezkutalekutik ateraraztea. Basurde uxaldi batean parte hartzen ari zen 71 urteko ehiztari iruindarra zendu zen igandean.

uxaldu, uxal, uxaltzen

da/du ad. Zimeldu. Lili bilduak laster uxaltzen dira. Baina bertute eder hau uxaldua, maskaldua geratzen da gogoeta horiekin.

uxara

iz. Ipar. Beherakoa. Idiaren uxara sendatzeko.

uxaratu, uxara/uxaratu, uxaratzen

da ad. Ipar. Beherakoa izan. Txerriak uxaratzen direnean.

uxarka

adb. Induska. Txerria bezala uxarka.

uxarrean

adb. Uxarka. Txerria uxarrean dabil.

uxartu, uxar, uxartzen

du ad. g.er. Uxarrean jardun. Ik. induskatu; iraulkatu.

uxatu, uxa, uxatzen

1 du ad. Norbaiti edo zerbaiti ihes eragin, hurbiltzen ez utzi. Ik. haizatu; aienatu. Ez ote dugu euli hau hemendik uxatuko? Baratzeetatik txoriak uxatu.

2 du ad. Irud. Bekainetatik uxatuz loaren astuna. Erlijioaren itzala alde guztietatik uxatu nahi luketenak. Gogoak ezin uxa barneko lainoa. Zure kezka uxatzeko.

uxatzaile

adj./iz. Uxatzen duena. Aintza Zuri, arerio eta etsai zitalen beldur eta uxatzailea.

uxer

iz. Ipar. Auzitegi batzuetako bigarren mailako enplegatua. Gure herriko jaun jujea, jaun uxerra eta jaun notarioa.

uxo

iz. Adkor. Usoa. Ik. izar uxo. Uxo polit hori.

uxter

1 adj. Ipar. Samurra, beratza. Ehizaren haragi uxter ahotik ezin utzizkoa.

2 pred. Ipar. Erraz. Negarra, irria, elea uxter du.

uxtertu, uxter/uxtertu, uxtertzen

da/du ad. Ipar. Samurtu, beratu.

uxual

iz. Pattarra. Moilara baino lehen zamaketariek uxuala hartzen dute.

uxuetar

1 adj. Uxuekoa, Uxueri dagokiona.

2 iz. Uxueko herritarra.

uzan iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uzan-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. izain].

uzbekera

iz. Uzbekistanen mintzatzen den hizkuntza.

uzbekistandar

1 adj. Uzbekistangoa, Uzbekistani dagokiona.

2 iz. Uzbekistango herritarra.

uzbeko

adj./iz. Asia erdialdean bizi den etnia batekoa.

uzi

iz. Bizk. g.g.er. Grina, irrika. Gizon hau zuritzea baino errazagoa da katu bati sagu uzia kentzea.

uzkailarazi, uzkailaraz, uzkailarazten

du ad. Ipar. Iraularazi. Balantzaka hasirik, ontzia uzkailarazi dute.

uzkaili, uzkail, uzkailtzen

1 da/du ad. Irauli, azpikoz gora jarri; albo baten gainera etzan. Mahaia uzkaili. Arrantza-ontzi bat Baionako barran uzkaili da, uhin handi batek aurtikirik. Noiznahi uzkailtzera zihoazen gure orgak. Zenbat aldiz, makila hartuz, behien errapetik zekorrak erauzi zituen; zenbat ergi eta zekor uzkaili zituen Camarguen!

2 (Era burutua izenondo gisa). Eta han lehertua kausitu dute orga uzkailiaren pean.

uzkaldu, uzkal, uzkaltzen

du ad. g.er. Lotu, estekatu. Oin-eskuak uzkaldurik.

uzker

iz. Bizk. eta Ipar. Puzkerra.

uzkerti

adj. Bizk. eta Ipar. Puzker asko botatzen dituena.

uzki

1 iz. Digestio hodia amaitzen den irekigunea, ipurmamien artean dagoena. Ik. ipurtzulo.

2 iz. Ipurdia. Tximinoak gora iganago eta uzkia ageriago.

uzkin

iz. Hondarra, hondakina.

uzkinaxo

iz. Ipar. Eskinosoa.

uzkorno

iz. Anat. Isatsik gabeko ornodunetan, bizkarrezurreko azken ornoek osatzen duten hezurra, sakroaren hurrengoa dena.

uzkur

1 adb./pred. Atsegina ez den egoera batean halako nagitasuna edo atzera egiteko gogoa agertzen duela. Ik. herabe. Uzkur gara den nekerik xumeena hartzera. Jaun handi batekin hitz egitera doana uzkur joaten da. Isilka sartuak dira, uzkur, hainbeste begiren aitzinean agertzeko. Gu uzkur bezain, horiek erne eta lehiatuak dira. Uzkur direnak sustatzeko. Ez izan uzkur, ez herabe. Mutu eta uzkur, arretaz bildu zituen bere puskak, eta ez zion inori laguntzen utzi. || Euskara hain uzkur baldin bada eta kilika, apaizek dute horretaratua.

2 (Izenondo gisa). Gizon bildua eta uzkurra. Mutiko gazteak irri uzkur bat atera zuen. Zenbait kritikarik harrera uzkurra egin diote.

uzkur egin Uzkurtasuna agertu. Baina euskal prosak uzkur egin dio gehienetan gai horri.

uzkurdura

1 iz. Uzkurtzea. Ik. uzkurtasun. Uzkurdurak eta, azkenekoz, etsipenak hartu zuen karlisten armada guztia.

2 iz. (Giharrez eta kidekoez mintzatuz). Hasiera batean zuntz haustura zirudiena gihar uzkurdura baino ez da, eta aste pare bateko atsedena nahikoa izango du sendatzeko.

uzkurgarri

1 adj. Uzkurtasuna eragiten duena. Eraikin hari indar iluna zerion, uzkurgarria.

2 adj. Uzkur daitekeena. Ik. uzkurkor. Zain uzkurgarria.

uzkurka

adb. Uzkur eginez. Masailak gorririk, uzkurka, burua makurka.

uzkurkeria

iz. Uzkurtasun gaitzesgarria. Gogo onez eta uzkurkeriarik gabe obedi buruzagiei.

uzkurki

adb. Uzkurtasunez, uzkurkeriaz. Arneguak eginen dituzu, isildu gabe uzkurki.

uzkurkor

adj. Uzkurtzeko gai dena, uzkurtzeko joera duena. Ik. uzkurgarri 2. Zuntz uzkurkorra.

uzkurraldi

iz. Uzkurtasunezko aldi igarokorra. Urrea suan ezagutzen da eta gizona uzkurraldietan.

uzkurtasun

iz. Atsegina ez den egoera batean atzera egiteko gogoa. Ik. atzerakuntza. Ohetik ilkitzeko uzkurtasuna garaitu. Gogoaren epeltasun, urritasun edo uzkurtasun bat.

uzkurtu, uzkur/uzkurtu, uzkurtzen

1 da/du ad. Batez ere gorputzaz, giharrez eta kidekoez mintzatuz, tamaina txikiagoko bihurtu, laburrago bihurtu. Ik. kuzkurtu. Hotzak uzkurtua dauka su ondoan. Gihar bat uzkurtu.

2 da/du ad. Makurtu. Zure uztarri bigunari lepoa uzkurtzeko. Bere burua uzkurtzen duenaren otoitzak igaroko ditu hodeiak.

3 da/du ad. Kikildu, adorea galdu edo kendu, ezeri aurre egiteko gauza ez dela gertatu; uzkurtasuna sentitu. Uzkurtua gelditzen da Jainkoaren aitzinean. Heriotzaren oroitzapenak uzkurtzen du bekataria. Hain karitate sutuaz miretsi eta uzkurturik.

uzkurtze

1 iz. Batez ere gorputzaz, giharrez eta kidekoez mintzatuz, txikiago bihurtzea. Ik. uzkurdura. Bihotzaren uzkurtze eta hanpatzeak.

2 iz. Adorea galtzea edo kentzea.

uzta

1 iz. Laboreak biltzea; biltze horren garaia; biltzeko den edo bildu den labore multzoa. Uzta denboran. Landare batek ere ez du behar den uztarik emanen, hazi behar duen sasoian ekaizpean egona bada. Ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Zuen bizia izan ez dadin, uzta gabeko uda bat. Urtero Elizondora jotzen zuten uzta aldean. Uzta arratsalde luzeetan. Uzta ugaria bildu. Lurrak bere uzta eman dezan. Gari uzta. Uzta bilketa. Uzta-biltzaileak. || (Fruituez mintzatuz). Urrian izaten zen datilen uzta. Fruitu-uzta handia bildu zuten.

2 iz. Irud. Azkueren bizitza (urtez eta lanez ugaria) bukatu zenean, uzta aberatsa utzi zigun bildurik. Adibideen uzta emankorrago agertzen da alor horretan.

uztai

1 iz. Biribilean itxitako lerro baten forma duen gauzakia. Upelaren uztaiak. Joareak abereei lepotik esekitzeko uztaiak. Ez da denbora asko ikusten zirela emakumeen bular inguruan uztai handi batzuk. Zorro horren ahoa burdin uztai batez ixten zen. || Giza uztai baten barruan, danbolinaren aldamenean.

2 iz. Arkua. Uztaitik gezia bezala.

3 iz. Ibilgailuen gurpilen metalezko ingurua. Ik. hagun2. Gurpil barne-hutsen izpiak eta uztaia.

uztail

1 iz. Urteko zazpigarren hila. Uztaileko lehen egunak ziren. Datorren uztailean. Uztail beroa, uztail ederra, guhaur ontzen gaituena!

2 iz. (Data adierazteko, -en atzizkia hartzen duela). Uztailaren zazpia. Iragan uztailaren 15ean. || (Aposizioan, -k atzizkia hartzen duela eta zenbakia artikulurik eta kasu markarik gabe). Gaur, uztailak 25, asteartea.

uztailari

1 iz. Arkua eta gezia erabiliz borrokatzen zen soldadua.

2 iz. Arkuarekin geziak jaurtitzen dituen kirolaria.

uztaldi

iz. Uzta biltzen den aldia. Marihuanaren uztaldian, udan eta udazken hasieran, kolore guztietako poliziak kalamu landareak atzematen eta landatzaileak atxilotzen ibiltzen dira.

uztao

1 iz. Rumex generoko belar landarea (Rumex sp.). Ik. lapaitz.

2 iz. Landare sustrai-luzea, hosto zabal eta luzeak dituena, baratze eta soroetan belar txartzat hartzen dena (Rumex crispus).

uztapiku

iz. Fruituak urtean birritan ematen dituzten pikondoetan, lehen fruitua.

uztar

iz. Ipar. Ostikoa. Fereka ezak astoa, emanen dik uztar (esr. zah.).

uztar-behi

iz. Lanerako erabiltzen den behia. Zure alaba hau artizarra zen lehen; orain, berriz, uztar-behia bezala lepoa makurtzera behartu duzu.

uztardura

iz. Uztartzea; uztartzen duen lotura. Eta elkarri josiak izanen dira azpitik gaineraino, eta uztardura batek edukiko ditu guztiak.

uztargi

iz. Ostadarra. Kolore ederrez beteriko uztargia.

uztargile

iz. Uztarriak egiten dituen eskulangilea. Uztargilearen lantegian.

uztargintza

iz. Uztarriak egitea; uztargilearen lanbidea.

uztar-idi

iz. Lanerako erabiltzen den idia. Uztar-behi edo uztar-idiekin lanean dabilenari ere itzaina deitu ohi zaio. Artean ez zekien uztar-idi batekin soroko lanak egiten baizik. Bost uztar-idi erosi ditut.

uztariztar

1 adj. Uztaritzekoa, Uztaritzeri dagokiona.

2 iz. Uztaritzeko herritarra.

uztarka

adb. Ipar. Ostikoka. Mandoa uztarka hasi zen.

uztarkari

adj. Ipar. Ostikolaria.

uztarketa

iz. Uztartzea. Rock klasikoaren eta blues doinuen arteko uztarketa egiten du talde horrek.

uztarkide

iz. Abere batentzat, uztarrian kide duen aberea. Badira idi batzuk kasik ezin uztar daitezkeenak, ez baitute uztarkidearekin batean ibili nahi.

uztarko

iz. Ipar. g.er. Ostikoa, uztarra.

uztaro

iz. Uzta biltzeko sasoia. Uztaroan dator beti ekaitzik handiena.

uztarpe

iz. (Batez ere leku atzizkiekin, singularrean). Uztarriaren azpia; mendekotasuna. Idiskoak lepoa uztarpean gatibu zuen. Uztarpeko aberea. Emazu lepoa uztarpera, eta alboan jarriko dut nik ere nirea. Uztarpetik askatu. Deabruaren uztarpe gogorrean.

uztarperatu, uztarpera/uztarperatu, uztarperatzen

du ad. Uztarpera eraman, uztarpetu. Uztarperatu eta gero, bere mendean jopu eginda dauka.

uztarpetu, uztarpe/uztarpetu, uztarpetzen

du ad. Uztarpean ezarri; menderatu. Hobe genuke ikasiagoengandik ikasi, asmatu berri ditugun legeen azpian arrotzak uztarpetzen saiatu baino.

uztarrarazi, uztarraraz, uztarrarazten

du ad. Uztartzera behartu.

uztarri

1 iz. Zurezko atal sendoa eta landua, idi, behi edo kidekoei, lanerako lotzeko, lepo gainean ezartzen zaiena. Uztarria lotzeko larruzko lokarria. Bota zuen uztarria, uhalak urraturik. Zure uztarri bigunari lepoa uzkurtzeko. Ez gara uztarri bereko eginak.

2 iz. Irud. Legearen uztarria. Uztarriaren azpian (Ik. uztarpe). Ezkonduak, beren borondatez, uztarri baten azpian jartzen dira. Nire uztarria biguna baita, eta nire zama arina.

3 iz. Elkarrekin uztartzen diren abereen bikotea. Uztarri bi ari ziren lanean Eperzelaietako soroan.

uztarri motz Abere bakarrarentzako uztarria.

uztarroztar

1 adj. Uztarrozekoa, Uztarrozeri dagokiona.

2 iz. Uztarrozeko herritarra.

uztartu, uztar/uztartu, uztartzen

1 du ad. Uztarrian lanerako lotu. Ez zaitut nik uztartu gurdia erabiltzeko, eta bai bakarrik hezteko zure lepo gogorra. Badira idi batzuk kasik ezin uztar daitezkeenak, ez baitute uztarkidearekin batean ibili nahi. Egun batez gure xaharra joan zen, behiak uztarturik orgari oihanera oteketa. Sokrates sofistekin elkartzea idia astoarekin uztartzea litzateke.

2 du ad. Irud. Ezkontzaz uztartutako senar-emazteak. Sinestea eta jakintza uztartzea.

uztartze

1 iz. Uztarrian lotzea. Musiken eta hizkuntzen uztartze horrek giro ezinago goxoa sortzen du.

2 iz. Errugbian, bi taldeetako jokalarien aurrez aurreko lehia, elkarri sorbaldetatik heldurik eta aurrerantz makurturik jarri, eta bultzaka, bi taldeen erdian lurrean dagoen baloia eskuratzean datzana. Uztartze batetik irtenda lortu zuen lehen entsegua Galesek.

uztatu, uzta/uztatu, uztatzen

du ad. Ipar. g.er. Uzta bildu. Batek ereiten du, besteak uztatzen.

uzte

iz. utzi aditzari dagokion ekintza. Haragi uzte eta barauak. —Zergatik agindu zigun, bada, Moisesek, emazteari uzte-agiria eman eta bidaltzeko? —Zuen bihotz-gogortasuna dela-eta eman dizue Moisesek nork bere emaztea uzteko baimen hori.

uztondo

1 iz. Garia ebaki den soroa. Ik. galondo. Uztondoan arbia erein dugu.

2 iz. Uzta bildu ondoren lurrean gelditzen den zurtoin hondakina. Nekazariek uztondoa baimenik gabe erretzen dutenean gertatzen dira suteak, batez ere.

uzu

adj. Bizk. g.g.er. Abereez mintzatuz, izua, hezigaitza. Piztia uzuak.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper