Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

unibertsalizatu, unibertsaliza, unibertsalizatzen

da/du ad. Unibertsal bihurtu. Badirudi ingelesa unibertsalizatzen ari dela irakurketa digitaleko hizkuntza gisa, eta gainerako hizkuntzetan aukera gutxiago izango dela.

unibertsaltasun

iz. Unibertsala denaren nolakotasuna. Gero eta gobernu gehiagok jartzen dute ezbaian giza eskubideen unibertsaltasuna, kulturak eta tradizioak lehentasuna dutela argudiatuz.

unibertsitario

1 adj. Unibertsitatekoa, unibertsitateari dagokiona. Bizitza unibertsitarioa: unibertsitate bizitza.

2 iz. Unibertsitateko irakasle edo ikaslea; unibertsitate ikasketak dituen pertsona. Unibertsitarioa nintzenean. Unibertsitarioen arteko langabezia.

unibertsitate

1 iz. Goi mailako irakaskuntzako ikastetxea, fakultate eta eskolez osatua; unibertsitateko irakasleek, ikasleek eta jardunek osatzen duten erakundea. Unibertsitate publikoa. Unibertsitateko fakultateak. Oñatiko unibertsitatea.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. unibertsitario. Unibertsitate bizitza. Unibertsitate ikasketak.

unibertso

iz. Espazioan eta denboran diren gauza eta gertakari guztien multzoa. Zuzena zara, Jauna, eta zuzentasunez gobernatzen duzu unibertsoa. Unibertsoko izaki bakarra balitz bezain bakarrik.

uniboko

1 adj. Beti esanahi edo interpretazio bera duena. Hor dago koska, gaur egun, erlijioa ez dela hitz unibokoa, zentzu bakarrekoa. Urrun ikusten dugu oraindik kontzeptu horren bertsio unibokoa lortzea.

2 adj. Mat. Korrespondentziez mintzatuz, lehen multzoko elementu bakoitzari bigarren multzoko bat bakarra dagokiona. Estoikoek ikusi zuten ez zegoela erlazio unibokorik hitzaren eta esanahiaren artean. Ez dago erabat fonetikoa den ortografiarik, hots, doinuaren eta grafiaren artean korrespondentzia unibokoa ezartzen duenik.

unide

iz. Ipar. Inudea.

uniforme

1 adj. Beti-batekoa, beti forma bera duena; aldatzen ez dena. Errealitate enpirikoan, ezaugarri dialektalak eta isoglosa sortak izaten dira, eta ez hizkuntza-kode monolitiko eta uniformeak.

2 iz. Talde baten jantzi bereizgarria, kide guztiek eramaten dutena. Napoleonen denborako uniforme batekin.

uniformedun

adj. Uniformez jantzia dena. Dozena erdi bat soldadu uniformedun zeuden atarian zelatan.

uniformetasun

iz. Uniformea denaren nolakotasuna. Nik ez nuke esango globalizazioak, berez, uniformetasunera garamatzanik. Tenperaturaren uniformetasuna.

unilateral

adj. Aldebakarrekoa. Erabaki unilaterala izan da, sindikatuen iritzia kontuan hartu ez duena.

unionismo

iz. Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren batasunaren aldeko mugimendu politikoa. Unionismoak ez du inoiz ere desegite mamurik onartuko.

unionista

adj. Alderdi edo mugimendu politikoez mintzatuz, estatuaren batasunaren alde egiten duena; bereziki, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren batasunaren aldekoa dena. Ik. loialista. Inkesten arabera, Danimarkaren aldeko unionistek irabaziko dituzte bozak. Sutan daude Belfasteko unionistak, alkatetza Sinn Feinek lortu zuenetik.

unitario

1 adj. Ale bakarrekoa.

2 adj. Batasunarena, batasunari dagokiona.

3 adj. Batasunaren aldekoa.

4 adj. Batasuna duena, bat dena; bateratua.

unitarismo

1 iz. Batasun politikoaren aldeko doktrina.

2 iz. Kristau erlijioan, Jainkoaren hirutasuna ukatzen duen doktrina.

unitate

1 iz. Magnitude finitua, mota bereko beste magnitudeak neurtzeko oinarri gisa erabiltzen dena. Metroa da luzera-unitatea nazioarteko sisteman.

2 iz. Banakoa, multzo kontagai bateko banakako elementuetako bakoitza. Berez askeak diren bi hitz edo gehiago elkartuz, unitate lexiko berria sortzen du hitz elkarketak. Ibilbide osoa egiten duen ikasleak 90 unitate landuko ditu. Jaurerri horietako bakoitza unitate politiko eta ekonomiko beregaina da.

3 iz. Unitateen zifra. Ik. banako 4. 1 zenbakiak unitatea adierazten du 1 kopuruan, baina hamarrekoa da 13an eta ehunekoa 148an.

4 iz. Erakunde, lantegi eta kidekoetan, betekizun jakin bat duten instalazioen eta pertsonen multzoa. X izpien unitatea. Zainketa berezien unitatera eraman zuten. Ertzaintzaren lurralde unitateak. Bi preso hauek Black Watch Regiment unitateko soldaduen zaintzapean zeuden. Telebistako unitate mugikorreko arduraduna.

5 iz. Inform. Ordenagailuan funtzio jakin bat betetzen duen osagaia. Ordenagailuaren CPUa, hau da, prozesatzeko unitate zentrala. CD-ROM unitatea.

unitateen digitu Unitateen zifra. Ik. unitate 3.

unitateen zifra Zenbaki baten eskuin muturreko zifra. Ik. unitate 3; unitateen digitu.

unitu, uni, unitzen

da/du ad. g.er. Elikatu.

untxari

iz. Gorpuzkera fineko ehiza-txakurra, untxi edo erbiak harrapatzeko oso egokia dena.

euskal untxari Euskal Herriko untxari mota.

untxi

iz. Ugaztun marraskaria, erbiaren antzekoa, hura baino txikiagoa, asko ugaltzen dena eta lurrean egiten dituen zuloetan bizi dena (Oryctolagus cuniculus). Untxi emea hilabetean egoten da umedun eta sei aste behar ditu bere umeak hazteko. Untxiek, belar usaintsu pixka bat ematen bazaie hil baino lehentxeago, txit gustu oneko haragia izaten dute. Untxia ala katua?

Flandriako untxi Jatorriz Flandriakoa den untxi arraza; arraza horretako untxia, tamaina handikoa.

untxitegi

iz. Untxiak gordetzen diren toki itxi eta estalia. Beste baserritar bat ere ohartu zen untxitegian hamar untxi falta zitzaizkiola.

untze

iz. Bizk. Iltzea.

untzi iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, untzi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ontzi].

untzitibartar

1 adj. Untzitibarkoa, Untzitibarri dagokiona.

2 iz. Untzitibarko herritarra.

untzuetar

1 adj. Untzuekoa, Untzueri dagokiona.

2 iz. Untzueko herritarra.

upa

iz. Bizk. Upela. Ik. bukoi.

upagin

iz. Bizk. Upelgilea.

upategi

iz. Upeltegia. Jendeak nahi duena esango du, baina, ardo kontuetan, upategi klasikoak nahiago.

upel

1 iz. Zurezko xafla ganbilak uztaiez batuz eginiko ontzi handia, batez ere 1.000 litrotik gorakoa, bi buruak oholez estaliak dituena eta ardoa, sagardoa eta kidekoak gordetzeko edo garraiatzeko erabiltzen dena. Ik. upa; barrika; bukoi. Upel oholak. Amontillado upela. Upela baino lodiagoa. Sagardotegian, upelaren ondoan. Upelean irakiten duen ardo egin berriaren antzera.

2 iz. Petrolioarentzat erabiltzen den edukiera-neurria, 158,98 litroren baliokidea dena. Petrolio upelaren prezioa, dolarretan adierazita, bikoiztu egin zen 1978 eta 1985 artean.

upeleratu, upelera/upeleratu, upeleratzen

du ad. Ardoa, sagardoa edo beste zenbait likido upelean bota. Garia jaso eta ardoa upeleratu ondoren.

upelgile

iz. Upelak egiten dituen eskulangilea. Ik. upagin. Arotzek eta upelgileek ere pozik hartzen dute tuiaren zura.

upelgintza

iz. Upelgilearen lanbidea; upelak egitea. Haritzaren zura oso preziatua da, eta zurgintzan, upelgintzan eta ontzigintzan erabiltzen da.

upeltegi

iz. Ardoa, sagardoa eta kidekoak upeletan gorderik dauden tokia edo biltegia. Ik. upategi. Gertatzen da beste askotan, upeltegian dauzkagun ardo on guztiak galtzea.

upsilon

iz. Alfabeto grekoko hogeigarren letra (υ, Υ).

ur

1 iz. (-r- bakunarekin). Isurkari koloregabe, usaingabe eta zaporegabea, ibaiak, aintzirak eta itsasoak betetzen dituena, hidrogeno eta oxigeno atomoz osatua dena (H2O). Ik. lurrun; izotz. Pitxer bat ur. Ur eta ogi hutseko baraua. Ur hartatik edan zuen. Ur hotza, freskoa, epela, beroa. Ur irakinean ez da eulia pausatzen. Ur garbiaren pare. Ur gardena bezain garbi. Ur gazia eta geza. Ur huts-hutsak, edateko balio ez duen bezala. Itsasoko ura. Iturriko ura. Vichyko ura edaten. Pasatuko dira ura zubiaren azpitik bezala. Ur bila nator berriz ere iturri emankorrera. Ur destilatua. Urez bete. Urak esnea galtzen du, eske soberak adiskidea (esr. zah.).

2 iz. pl. Ur arreak. Moisesek eskua hedaturik, bet-betan urak ireki ziren. Edateko urak nonahi badira Azkainen.

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ur tanta edo ur sorta bat. Ur jarioa. Beste batzuetan, makromolekularen ur disoluzio bat erabiltzen da abiapuntu gisa. Ur putzuak.

4 iz. (Leku atzizkiekin). Itzulipurdika sartu da uretan. Bere behatz muturra uretan busti zuen. Hori ezin da uretan garbitu. Uretara bota zuten. Mutil koskorrak uretatik ateratzeko.

5 iz. (Ibai, aintzira edo itsasokoaz mintzatuz). Ur ertzetik joan. Ur hegiko lizar lerdenen andanak. Txalupa ur azalean ikusi zuenean. Ur azpian isuritako olioa urez gain ateratzen da. Ur-haizeen joera lagun ez dugunez gero. Itsasaldi handi edo ur biziak. Ur eremu handia. Gure aitari urak eraman zion etxea. Baina geroztik hona urak bide egin du. Hizkuntza gaietan urak bere bidera itzuli direnean. Urak ez daramana, uharrak (esr. zah.).

6 iz. Zukua. Limoi ura. Ur anitz duen udarea.

7 iz. Egoskina. Iltze-belar ura. || Aurtiki ezazu tripakien ura eta ezar baso bat ardo.

ur ahi, ur-ahi Paperak-eta itsasteko erabiltzen den ur eta irinezko nahastura.

urak hartu1 Ehunez edo arropez mintzatuz, bustitzearen ondorioz tamainaz txikitu. Jertsea zeharo txikitu zitzaidan, garbigailuan sartu eta urak hartuta.

urak hartu2 Ur mineral sendagarriak dituen bainuetxe batean bainuak hartu edo bertako ura edan. Zestoara joan dira urak hartzera.

ur-bazter Itsasoan, aintziretan eta ibaietan, ura eta lehorra batzen diren aldea. Urola ibaiko ur-bazterrean. Ur-bazterreko belar ederrean bazkatzen.

ur bedeinkatu Kristau erlijioan, apaiz batek bedeinkaturiko ura. Ur bedeinkatu ontzia.

ur berro, ur-berro Iturri belarra. Ik. berro 2.

ur bildu Leku jakin batean bildu edo pilaturiko ura. Eta Jainkoak lehorrari izentzat eman zion lurra; eta ur bilduei itsasoa.

ur dilista, ur-dilista Ur geldietan hazten den landare belarkara txikia, itxuran dilista gogorarazten duena (Lemna minor).

ur emari, ur-emari Ur-laster baten emaria. Danubio ibaiaren ur emaria segundoko 15.800 metro kubikokoa izatera iritsi da azken egunetan. Elurra urtu ondoren, ibaiaren ur emariak urtero gora egiten du. Iturrien ur emaria.

uretan eragin Xaboiaz edo beste garbigarriren batez garbitu den zerbaiti ur hutsez eragin, garbigarria kentzeko. Ik. urberritu. Arropa xabonatzen eta bihurdikatzen zuen bitartean eta uretan eragiten zion bitartean, Madeleinek ez zuen hausnarketarako astirik izaten.

ur etorri, ur-etorri iz. Ur emaria.

urez eragin Uretan eragin. Xanpua buru osoan zabaldu behar da, tokirik erasanenak ongi igurtziz; bost minutuz mantendu behar da, urez eragin aurretik.

ur geldi 1 Leku batean geldirik dagoen ura. Ur geldiek gaitzak ekartzen dituzte. Kiratsa dario ur geldiari.

2 Aintzira. Niantza deitzen den ur geldi handiaren aldera.

3 Ur barea. Ontzitik zilarrezko ur geldiari begira. Leku zoragarria, ur geldiak, hondartza zabalak.

ur handi 1 Ibaia. Bolaños deitu ur handia behar zuten iragan. Bere burua aurtikitzen du zubi batetik ur handira eta han itotzen da.

2 Ur sakona, ur-bazterrekoa ez dena. Ur handitako arrantza. Ur handietara joan, igerian jakin gabe. || Ur handitako arraina: eskarmentu handiko pertsona.

ur hegazkin, ur-hegazkin Ur gainean jar daitekeen hegazkina.

ur jauzi, ur-jauzi Ur-laster baten ibilbidean gertatzen den bat-bateko garaiera aldea, ura goitik behera jaustea eragiten duena; bertatik jausten den ur-masa. Niagarako ur-jauzietan.

ur laster, ur-laster Higitzen den ur masa. Ur-lasterraren erdian goaz, ez gaude ja ertzetik begira. Bizitza honen ur-lasterraren ezin gelditua.

ur lurrun, ur-lurrun Fis., Kim. Gas egoeran dagoen ura. Hezetasuna da leku eta une jakin batean airean dagoen ur lurrun kantitatea. Kalkula itzazu igarotzen den ur lurrunaren masa-unitateari dagokion lan garbia eta errendimendu termikoa.

ur mineral Iturburu bateko ura, gai mineralak disoluzioan dituena. Ik. burdin ur; metal ur. Altzolako ur minerala. Erromatarren garaian, bainuetxeek eta ur mineralek arrakasta handia zuten.

ur oxigenatu Hidrogeno peroxidoa, desinfektatzaile gisa erabiltzen dena. Ur oxigenatua botatzean, apar zuria atera zen zauritik.

ur parke, ur-parke Jolas parkea, uretan jostatzeko instalazioak dauzkana. Aqualand ur parkera irteera egingo dute DBHko gazteek.

[Oharra: Hegoaldean mugagabean erabiltzen dena, uretan, uretara, uretatik, Iparraldean mugatu singularrean erabiltzen da: urean, urera, uretik].

uraga iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uraga-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. uhaga].

urakan

iz. Haize guztiz indartsuko ekaitza. Ik. tifoi; zikloi. 2005ean Katrina urakanak AEBko Atlantikoko kostaldea gogor jo zuen eta hondamendi handia eragin zuen Louisiana, Mississippi eta Alabama estatuetan.

uraker

iz. Notonectidae familiako uretako intsektua, bizkar gainean igeri egiten duena (Notonecta glauca).

uraldi

iz. Uholdea. Uraldiak eraman zuen gure uzta guztia.

uralita

iz. Heg. Amiantoz eta zementuz eginiko materiala, iraunkorra eta erregaitza, hoditeriak eta estalkiak egiteko erabili izan dena. Neguan hotza pasatzen genuen, eta udan beroa, uralitazko estalpe haren azpian.

uranditu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, uranditu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. uhanditu].

uranio

iz. Metal gogor eta trinkoa, nikelaren kolorekoa, erradiazioak berez igortzen dituena (U; zenbaki atomikoa, 92). Plutonioa uranio 238tik lortzen da.

urardo

iz. Ura nahasi zaion ardoa. Niri urardoak sabeleko mina egiten dit; nik, ardo hutsa edo, gehienean, ur hutsa. Lehen zilar ziren, orain zabor; lehen ardo on, orain urardo.

urardotu, urardo/urardotu, urardotzen

du ad. Zerbaiti, ez dagokion gai bat nahasiz, bere funtsa edo indarra galarazi. Hizkuntza bera urardotua zegoen. Euskal kantak hedatu, bai, hedatu behar dira, baina gezatu eta urardotu gabe.

urartuar

1 adj. Urartukoa, Urarturi dagokiona.

2 iz. Urartuko herritarra.

urartuera

iz. Antzinako Urartuko erreinuan mintzatzen zen hizkuntza.

uraska

iz. Ura gordetzeko edo abereei edaten emateko aska. Zaldientzako uraska apainak.

uraza

iz. Konposatuen familiako baratze landarea, entsaladan jaten diren hosto zabal leunak dituena (Lactuca sativa). Uraza hostoak. Uraza saminak hartuko dituzue. Lau edo bost uraza buru, galantak.

urazilo

iz. Biokim. Azido nukleikoen osagai diren base nitrogenatuetako bat. RNAren osagai nagusiak lau dira: adenina, guanina, zitosina eta uraziloa.

urbanismo

iz. Hirigintza.

urbanistiko

adj. Hirigintzarena, hirigintzari dagokiona. Era guztietako aldaketa ekonomiko, demografiko eta urbanistikoak gertatzen ari diren lur honetan.

urbanizatu, urbaniza, urbanizatzen

du ad. Lur eremu bat bizitoki egituratu bihurtzeko behar diren lanak egin. Garai batean, ingurua oraindik urbanizatu gabe zegoenean.

urbanizazio

1 iz. Urbanizatzea. Ozaetako urbanizazio lanak direla-eta, kale hori trafikoarentzat moztuta egongo da. Urbanizazio proiektuak.

2 iz. Urbanizatze plangintza baten ondorioz eraikitako etxe multzoa. Luxuzko urbanizazio pribatuak.

urbano

adj. Arteaz, musikaz, kulturaz eta kidekoez mintzatuz, hip-hop kulturari dagokiona, harekin lotua dena. Arte urbanoa asko garatu da lehen grafitiak azaldu zirenetik. Break On Stage kultura urbanoaren nazioarteko jaialdia. Hip-hopa kaleko artea da, eta breakdance dantzariei buruz esaten da dantzari urbanoak direla.

rock urbano Espainian, frankismoaren azken urteetan, hiri handietako langile auzoetan sortu zen rock mota, hard-rockaren eragin handia izan zuena eta gai nagusitzat, bereziki, droga, prostituzioa eta gizarte bidegabekeria izan zituena. Taldeak 11 kantu bildu ditu 80ko hamarkadako rock urbanoaren lekuko izan nahi duen lan honetan.

[Oharra: Gainerako alorretan hobestekoak dira hiri edo hiriko-rekin egindako esapideak: hiri lurrak, hiri hondakinak, etab.].

urbatu

iz. Larruazalean, bereziki oinetan edo eskuetan, sortzen den handitu urtsua. Ik. baba 3. Oinak egosi zaizkio, eta oinpeetan urbatuak ditu.

urberritu, urberri, urberritzen

da/du ad. Ura aldatu edo berritu; bereziki, xaboiaz edo beste garbigarriren batez garbitu den zerbait ur hutsarekin berriz garbitu, garbigarria kentzeko. Ik. xafarratu; uretan eragin. Garbitu den arropa urberritu. Oraingo aldi honetan ere ez da agortu Platonen iturria, eta urberrituz doa haren uharka.

urburu

iz. Ipar. Iturburua. Nilo ibaiaren urburuak.

urdai

iz. Txerriaren azal azpiko gantz trinkoa, berotuz edo frijituz urtzen ez dena. Urdai gazia. Urdai azala. Gazta, urdai zatia edo ahal zena. Aza-lapikoa, urdai eta okela gazituaz gozatua. Urdai aska: urdaia gazitzeko erabiltzen den aska. Urdaia eta ardoa, urtekoa; adiskidea, urtetakoa (esr. zah.).

urdaiazpiko

iz. Txerriaren hanka ondua; hanka horren izterreko haragia. Ik. xingar; pernil. Dozena bat urdaiazpiko zintzilik dauzkat jarriak.

urdaiazpiko egosi Txerri haragi egosia, bereziki urdaiazpikoa, molde batean forma jakin bat ematen zaiona, xerratan ebaki eta batez ere hotzean jaten dena. Ik. york urdaiazpiko. Gazta eta urdaiazpiko egosi xerra lodiak ogi artean.

york urdaiazpiko Urdaiazpiko egosia. Ehun gramo York urdaiazpiko eskatu zion dendariari.

urdail

1 iz. Ugaztunen digestio hodiaren zati zabala, zorro itxurakoa, hestegorriaren eta heste meharraren artean dagoena. Urdaila bete, ase. Urdaileko mina sendatzeko. Hausnarkarien urdailaren zatiak. || Estatuak urdaila handia, hori asetzeko asko behar.

2 iz. Beste animalietan, digestio hodiaren zabalgunea, janaria jasotzen duena. Den bezain txikia izanik, txitxarrak baditu gorputzaren zati guztiak; baditu urdaila, hesteak, sabela, bihotza, birikak...

urdaileratu, urdailera/urdaileratu, urdaileratzen

du ad. Urdailera sartu. Adrianek salda pitin bat besterik ez zuen urdaileratu.

urdain

iz. Zah. g.er. Urdezaina.

urdaitegi

iz. Urdaia eta txerrikiak saltzen diren denda.

urdaki

iz. Zub. Urdaia.

urdalde

iz. Txerri taldea. Handik ez urrun, urdalde handi bat zegoen.

urdama

iz. g.er. Txerrama.

urdamutur

iz. Heg. Mitxoleta.

urdandegi

iz. g.er. Txerritegia. Apirila, txerria urdandegian hila (esr. zah.).

urdanga

1 iz. Txerri emea. Ik. ahardi.

2 iz. Emagaldua. (Batez ere irain hitz gisa erabiltzen da). Isil zaitez, urdanga zikin hori!

urdaxtar

1 adj. Urdaxkoa, Urdatxi dagokiona. Ik. santagraztar.

2 iz. Urdaxko herritarra.

urdazubiar

1 adj. Urdazubikoa, Urdazubiri dagokiona.

2 iz. Urdazubiko herritarra.

urde

1 iz. Txerria. Urdeak urde-jana behar du. Urde ahardia: txerri emea.

2 adj. Zikina, lizuna. Are da lizunago eta urdeago bekatua. || Urde ohoina!

urde festa, urde-festa Txerria hiltzen denean egiten den festa. Ik. txarriboda.

urde mutur, urde-mutur Ipar. Urrebotoia.

urdekeria

iz. Zikinkeria, lohikeria. Ikusten dugu gaiztakeriak, lapurretak, urdekeriak gainez egin duela munduan. Lasaikeria eta urdekeria itsusienak leku santuan egiten ziren. Haren ahotik ateratzen ziren urdekeriak.

urdeki

iz. Txerrikia. Edari ona eta urdekia ausarki.

urdetu, urde/urdetu, urdetzen

da/du ad. g.er. Zikindu, lohitu.

urdezain

iz. Ipar. Txerrizaina.

urdiaindar

1 adj. Urdiaingoa, Urdiaini dagokiona.

2 iz. Urdiaingo herritarra.

urdin

1 adj. Zeru garbiaren edo itsasoaren kolorekoa, ostadarraren bosgarren kolorekoa. Neska begi-urdina. Txapela urdina, jaka urdina, praka urdina, pipetako kea urdina, euritakoak urdinak, dena da hemen urdina, alkandora, abarka edo abarketak izan ezik. Oihal urdinezko galtza sendoak. Izar urdinetaraino. Elastiko zuri-urdinak. || (Adizlagun gisa). Zerua ere boladaz urdin-urdin jartzen dela.

2 adj. Ileaz mintzatuz, kolorea galtzen hasia, baina erabat zuritu gabea. Gaztetasunaren kemena eta sua dario alde guztietarik, ile urdinak gorabehera.

3 iz. Kolore urdina. Urdin argia, iluna. Udaberri neskatxa, urdinez jantzia.

urdinarre

adj. Urdinaren eta arrearen arteko kolorekoa. Harkaitz urdinarrea.

urdinbelar

iz. Landare lore-horia, anilaren antzeko koloregaia ematen duten hostoak dituena (Isatis tinctoria).

urdindu, urdin/urdindu, urdintzen

1 da/du ad. Ileaz mintzatuz, kolore urdina hartu. Ilea urdinduz gero. Urteak franko baditu eta urdindu zaio burua.

2 da/du ad. Ile urdineko bihurtu, zahartu. Urdindurik eskolara joatea.

3 da/du ad. Janariez-eta mintzatuz, lizundu. San Blas egunean bedeinkatzen den ogia ez da urdintzen.

4 da/du ad. Kolore urdina hartu edo eman. Urdindu zen zeru aldea.

5 (Era burutua izenondo gisa). Arto urdindua ere jango lukete. Zenbait janari urdinduz eta edari zurminduz ahoa beterik.

urdinkara

adj. Urdin itxurakoa, urdinxka. Ke urdinkara bat.

urdintasun

iz. Urdina denaren nolakotasuna. Zeruen urdintasuna. Haren begien urdintasuna.

urdinxka

adj. Urdinaren antzeko kolorekoa. Ik. urdinkara. Begi urdinxkak.

urdiñarbetar

1 adj. Urdiñarbekoa, Urdiñarberi dagokiona.

2 iz. Urdiñarbeko herritarra.

urdu

iz. Indiako zenbait eskualdetan eta Pakistanen mintzatzen den hizkuntza.

urduliztar

1 adj. Urdulizkoa, Urdulizi dagokiona.

2 iz. Urdulizko herritarra.

urdun

adj. Ura duena. Ik. urtsu.

urduñar

1 adj. Urduñakoa, Urduñari dagokiona.

2 iz. Urduñako herritarra.

urduri

1 adj. Lasaia edo geldia ez dena, ezinegonerako edo kezkarako joera duena. Ik. ekurugaitz. Gizon urduri eta gogor horien kezkak. Txori bizkor urduriak. Begi-belarri erneak eta arima urduria behar ziren, aldaketaren zirrara sumatzeko. || Inurritegi urduri horren azpian. Mundu urduri eta aldakor horretan aurkitu behar dugu bizilekua.

2 adb. Ezinegonak edo kezkak larriturik. Ik. artega. Urduri jarri nau. Biharamunean urduri zebilen neskatxa. Zerk zarabiltza urduri?

urdurialdi

iz. Urduritasunezko aldia.

urdurikeria

iz. Lasterka eta pentsatu gabe, arrapaladan ari denaren egitea. || Urdurikerian: arrapaladan.

urduritasun

iz. Lasaitasun edo gelditasun eza, ezinegona; urduri dagoenaren egoera. Ik. artegatasun. Amaitu behar zuen jokoak, eta nola inork ez zekien; hura urduritasuna, hura hezurretarainoko ikara! Ez du ezkutariak nagusiaren gogo urduritasunik, ez kezkarik. Zein da giza urduritasunaren xedea?

urduritu, urduri/urduritu, urduritzen

da/du ad. Urduri jarri, urduritasunak jo. Ik. artegatu. Aski urduritzen ninduen gauza. Urduriturik egon.

urduritze

iz. Urduri jartzea, urduritasunak jotzea.

uregazkin iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uregazkin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ur-hegazkin].

urepeldar

1 adj. Urepelekoa, Urepeleri dagokiona.

2 iz. Urepeleko herritarra.

uretaratu, uretara/uretaratu, uretaratzen

da/du ad. Uretara sartu, uretara bota; bereziki, egin berri den itsasontzi bat uretara bota. Amua uretaratu eta handik laster egundoko arrainak kosk egin ziolakoan, olio lata herdoildua atera nuen handik. Duintasunez arraun egiteko uretaratuko dira arraunlariak. Kaikuk ez du trainerurik uretaratu aurten. XVIII. eta XIX. mendeetan euskal arrantzaleek baxurako arrantzan erabiltzen zuten ontzi mota berreraiki eta uretaratu dute.

ureter

iz. Anat. Giltzurrunetik maskurira doan gernu hodia. Harriak oso mingarriak izaten dira giltzurrunean edo ureterrean trabaturik geratzen direnean.

uretra

iz. Anat. Maskuriko gernua kanporatzen den hodia. Ik. gernubide. Emakumeen uretra gizonezkoena baino laburragoa denez, bakterioak errazago igarotzen dira maskurira.

ureztabide

iz. Ureztatzeko ubidea.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper