Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

zoratu, zora, zoratzen

1 da/du ad. Zoro bihurtu, zentzua galdu, burua galdu; burua nahasi. Ik. erotu; burutik egin. Etxe honetan guztiak zoratu al dira? Atseginez zoratua bezala. Sendagileak zebiltzan gau eta egun zoratu beharrez, zer ote zen ezin igarrita. Afalondoan zoratu gintuzten beren barre-algarekin. Nik ez dakit jendea zerk duen zoratu. Zoratzen diote burua gauza horiek guztiek. Bai, aita, bai, zoraturik nauka Mirenek.

2 da/du ad. (zoraturik, zoratuta, zoratzen formetan). Oso pozik, atseginez beterik. Hemen ere zoraturik egon gara dantzariei begira. Lasterka jaitsi zen Erraldoia eskaileretan behera, pozez zoratzen. Herri guztia zoraturik txaloka dago. Ingurura begira dauzkagu, zoratzen. Berari begira, urte askoan, gozotasunez zoratzen bizi.

zora-zora egin Erabat zoratu. Zora-zora eginda naukazu.

zoratzaile

adj. Zoratzen duena, zentzua galarazten duena. Ik. zoragarri. Behako zoratzailez eta ele eztiz.

zorbide

iz. Bide mota, lur jabedunean zehar igaro arren, auzoek bertatik ibiltzeko eskubidea dutena. Arrasatearrek asko erabili izan duten zorbide bat garbitu dute, sasi artean galdua zegoena.

zordun

1 iz. Norbaiti zerbait, batez ere dirua, zor dion pertsona. Hartzekodun batek bazituen bi zordun. Zordun bati kendu zion hartzeko zahar bat, eta hartzeko haren parte batez kitatu zituen bere zorrak. || Hartzaile gara, eta, beraz, besteren zordun. Guregana zordun direnak. Zordun gara zenbait kultura sailetan, eta zorrak aitortzea eta ezagutzea dagokio zordun onari, pagatuko ez baditu ere. Aurrekoen zordun dira gaurko idazleak, baita berrienak ere.

2 (Izenondo gisa). Herrialde zordunei kreditua emateko.

zordundu, zordun/zordundu, zorduntzen

1 da/du ad. Zordun bihurtu. Ik. zorpetu. Hartzen duena zorduntzen da (esr. zah.).

2 du ad. Kargatu, kontu batetik kobratu. Udalak jakinarazi du helbideratutako ordainagiriak maiatzaren 9an zordunduko direla baimendutako erakunde eta kontuetan.

zordunketa

iz. Zorduntzea, kontu batetik kobratzea. Saltzaileak bankuari zordunketa egiteko agindua bidali zion.

zordunketa txartel, zordunketa-txartel Banketxeek eta finantza-erakundeek bezeroaren eskura jartzen duten txartel elektronikoa, zenbatekoa unean bertan kargatuz, ordainketak egiteko aukera eta kutxazain automatikoetara sarbidea ematen duena. Ik. kreditu txartel. Kutxabankeko presidentea Gasteizen izan zen atzo, kreditu- eta zordunketa-txartel berriak aurkezteko.

zorduru

iz. Ipar. Zorduna. Hartzekodun batek bazituen bi zorduru.

zorgabetu, zorgabe, zorgabetzen

da/du ad. Zorrik gabe gelditu edo utzi.

zorgabetze

iz. Zorrik gabe gelditzea edo uztea.

zori1

iz. Gertaera on eta txarren iturburutzat hartzen den kausa zehaztugabea; zenbaiten ustean, etorkizuna ezinbestean gidatzen duen ahalmena. Ik. patu; zorte. Dena zoriak darabil. Ez ote du bere zoriak orain arte arrisku guztietatik atera?; zoria, ordea, berak ez badaki ere, aldatua du, haizea bezala. Zoria euren alde atera zelako. Konta nezake zein izan den euskararen zoria gure Euskal Herrian 1936-37 ondoan. Horra merkatari eta langile nagiaren zoria. Baina ez dugu zori onik izan puntu horretan ere (Ik. zorion). Badirudi nitaz eta nire zoriaz etsi duela. Hau zori ederra, Paula! Etxetiar izan beharrak gara, eta etxetiar zori ezin gaiztoagokoak. Honetantxe dago zuen zori gogor guztia, honetantxe zuen kondenazioa.

zorian adb. (-tzeko atzizkiaren eskuinean). Aditzak adierazten duena ia-ia gertatu delarik, gertatu hurran delarik. Ik. puntuan 2. Algaraz lehertzeko zorian. Ez zen eten gure artean eteteko zorian egon zen asaben lokarri zaharra. Galtzeko zorian (Ik. galzori). Hiltzeko zorian dagoenari (Ik. hilzori).

zorizko adj. Zoriari dagokiona, zoriak eragina. Ik. ausazko. Mutazioak zorizko gertaerak dira. Zorizko aldagaien portaera iragartzeko ekuazioak. Zorizko jokoak.

zori2

adj. Fruituez mintzatuz, heldua. Alorrak zuri, gariak zori. Giro eta joera horren fruitu zori eta helduak dira.

zorigabe

1 adj. Zorigaiztokoa, dohakabea. Azkena arte lagundu diot senar zorigabeari. Nik al dut errua, bera umetan zorigabea izan bazen?

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulua hartzen duela). Alde guztietatik odola zeriola, dio negarrez: ene zorigabea!

zorigabeko adj. Zorigabea. Gizakia ezin da aldi berean zoriontsu eta zorigabeko izan. Eta nor ez litzateke zorigabekoa izango, begi bat baizik ez balu?

zorigaitz

iz. Zoritxarra. Ik. zorigaizto. Zorigaitz batek kentzen dizkie adiskideak. Zorigaitz beltzak ez ote zaitu bizi honetan jo? Jainkoa ukatzeari darraizkion zorigaitzak. Sekulako zorigaitza. Egun zorigaitzezko hartan. Oi, nire zorigaitza!

zorigaitzean 1 adb. Zoritxarrez. Aspaldi isilarazi zuen heriotzak, zorigaitzean, olerkari batzuen mintzoa.

2 adb. Ordu gaiztoan.

zorigaitzez adb. Zoritxarrez. Ez dituzte gure artean, zorigaitzez, gai diren guztiek beren eginkizunak egiten. Zorigaitzez, esan duguna egia da.

zorigaizto

iz. Zoritxarra. Ik. zorigaitz. Zorigaizto horretan zu ez gelditzeko. Bere zorigaiztoa madarikatzen du. Zer zorigaiztok jo zaituzte?

zorigaiztoan 1 adb. Zoritxarrez. "Gipuzkera osotuak", zorigaiztoan, ez zuen inoiz inon indar eragilerik ondotik izan.

2 adb. Ordu gaiztoan.

zorigaiztoko 1 adj. Oi, zorigaiztoko bekatuak! Oi, mihi zorigaiztokoa, Aita onari jazarri diozuna! Zorigaiztokoak gu, inguruko mendietatik harantz begiak luzatzen ez badakigu.

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulua hartzen duela). Ai, nire zorigaiztokoa!

zorigaiztoz adb. g.er. Zoritxarrez. Zorigaiztoz, eta negargarria ere bada, ez naiz bere izenaz oroitzen.

zorion

1 iz. Poz eta atsegin beteko egoera. Dirua ez da zoriona, baina haren atzetik gabiltza gehienok. Pozak, ordea, behartsuaren zorionak bezala, ez du luzaroan irauten. Nahi baduzu izan dezazun lur honetako zoriona, hauta ezazu, bai, neska prestu bat. Ez zuen, beraz, izan martiri hiltzeko zoriona. Tormesko itsumutilaren bizitza eta zorion-zorigaitzak. Bilatzen du bere zoriona aurkitzen ez den tokian, eta ez du ateratzen nekea eta nahigabea besterik. Zu zara ene zorionaren iturria. Ez dio maitasunak ernatu zion zorion nahiari ukorik egingo. Zorion osoan bizi naiz. Betiko zoriona iristeko. Zer zoriona!

2 iz. pl. Norbaiti, zorioneko zerbait gertatu zaionean, esaten zaizkion gizalegezko edo onginahizko hitzak. Horretan saiatu diren guztiek zorion beroak merezi dituzte. Har bitzate gure zorionik beroenak. Zorionak eman zizkidan.

zorion agur, zorion-agur Zorionak ematea; zorionak emateko hitzak edo agurra. Gure zorion agurrik kartsuena urteburu honetan. Zorion agurren tartea ere izango da aldizkarian.

zorionak interj. Norbaiti, zorioneko zerbait gertatu zaionean, esaten zaion gizalegezko edo onginahizko esapidea; jai jakin batzuetan, urtebetetzeetan eta kidekoetan, zoriona opatzeko, erabiltzen den esapidea. Zorionak, berriz ere, Kerexeta adiskidea. Zorionak zure urtebetetzean. Zorionak eta Urte Berri On!

zorionean 1 adb. Zorionez. Ez gaude bakarrik, zorionean, ezta alderatzeko ere. Zorionean, ez da horrelakorik gertatzen gure artean.

2 adb. Ordu onean. Zorionean utzi nituen bekaturako bideak. Zorionean ikusten zaitut, nire bihotzak hau poza.

zorioneko 1 adj. Zorionez betea. Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

2 adj. Askotan aipatu delako edo arazoak sortzen dituelako, nekagarria edo gogaikarria gertatzen dena. Ik. dontsu 2. Orain erdaraz barra-barra, ahoz aho eta lumaz luma, dabiltzan zorioneko "estructura" horiek. Dirua baita, zorioneko dirua, mundu honetako jainkoa. Baina zer arraio ote da zorioneko beatu hori? Bestela, zorioneko euskara landu-behar horrekin, hiru motatako idazlanak sortuko zaizkigu soilik. Saussureren Cours zorionekoan irakur daitekeenez.

zorionez 1 adb. Zerbait ongi edo nahi bezala gertatu dela adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. beharrik. Orain bere ahotik ikastea gertatu zait zorionez. Zorionez, eguna argitzearekin elurra egiteari utzi zion.

2 adb. Ordu onean. Aitortu behar dut ia arrastaka eraman nindutela hura ikustera, baina, zorionez, eraman ninduten, arrastaka bada ere.

zorionezko adj. Zorionez betea dena, zoriona ematen duena; zorionak eragina. Hura zen zorionezko baratze eder bat. Begiak zorionezko negarrez bustiak.

[Oharra: gaur nire zorionak dira eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak gaur nire urtebetetzea da eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du].

zorionbide

iz. Zorionekoa izateko bidea. Maitasuna, egiazko zorionbidea.

zoriondu, zorion/zoriondu, zoriontzen

1 du ad. Zah. Zorioneko bihurtu, zoriontsu bihurtu. Ik. dohatsutu. Sortu ninduzun ezerezetik; egin nauzu kristau; zoriondu nauzu alde guztietatik.

2 du ad. Zorionak eman, zorionak esan. Lehen ministro ohiak garailea zoriondu eta politika utziko duela iragarri zuen atzo. Antolatzaileak zoriondu nahi nituzke egin duten lanagatik. Hainbat gonbidatu inguratu da ezkonberriak zoriontzera. || (Osagarritzat zoriontzeko arrazoia bera hartzen duela). Gabonak zoriontzeko alkateak bidali didan txartela bueltatzea erabaki dut. Epaitegitik etortzen diren gutunak ez dira urtebetetzea zoriontzeko izaten.

zoriondun

iz. Dohatsua. Zeruko zoriondunak.

zoriontasun

1 iz. Zoriona. Ez dago gure zoriontasuna guk gura duguna egitean, baina bai Jesusen borondatea betetzean. Betiko zoriontasuna. Mundu honetan izan daitekeen zoriontasun handiena.

2 iz. Nazareteko Jesusek mendiko hitzaldian zorioneko izateko aldarrikatu zituen zortzi bideetako bakoitza. Jesu Kristok irakatsiriko zoriontasunak zortzi hauek dira: (...).

zoriontsu

adj. Zorionez betea, zorionekoa. Zoriontsu naiz, bai, guztiz zoriontsu. Gizon zuzena zoriontsua izango da. Espiritu huts zoriontsuak dira aingeruak. Eguberri zoriontsuak opa dizkizugu. || (Adizlagun gisa). Zoriontsu bizi.

zoritsu

adj. g.er. Zoriontsua.

zoritu, zori/zoritu, zoritzen

1 da/du ad. Fruituez mintzatuz, heldu. Ik. umotu. Fruitu batzuk badira, sekula ez direnak ongi zoritzen. Lurreko uzta zoritu da.

2 da/du ad. Irud. Erein duzu Jesusen bihotzarekiko jaiera euskal herrietan; erneko da, zorituko da, eta bilduko duzu inon bildu den uztarik ederrena.

zoritxar

iz. Zoriak ekarritako gertakari edo egoera kaltegarria; norbait gogor jotzen duen ezbeharra. Ik. zorigaitz; zorigaizto. Hau zoritxarra! Zoritxar handi bat gertatzen bazaizu. Jainkoa, zenbat ezbehar eta zoritxar ikusteko jaio garen! Bazirudien orbel hark zoritxarren bat zekarkiola. Zoritxarrak onena jotzen du beti. Zoritxarrak hiltzen nau nahigabez. Zoritxar aldietako betiko laguna.

zoritxarrean 1 adb. Ordu gaiztoan. Zoritxarrean egin zituzten boz emateko legeak; holako egun batek ez ditu asko hobetzen jendeak. Joan zen mendirantz, inori ezer esan gabe; bai zoritxarrean.

2 adb. Zoritxarrez. Zoritxarrean, denentzako lain ezin dugu irabazi.

zoritxarreko 1 adj. Pertsonez mintzatuz, zoritxarra duena. Hara ni, jauna, munduan emakumerik zoritxarrekoena.

2 (Gauzez mintzatuz). Oi, zoritxarreko bekatua! Iazko otsailaren 15ean gertatu zen zoritxarreko ezbeharra.

zoritxarrez adb. Ik. tamalez. Liburua, zoritxarrez, ez da sekula osorik argitaratu. Gaztetxoa artean, zoritxarrez, eta arriskurik ez zuen ikusten. Zoritxarrez, gazterik eraman zigun heriotzak. Astoak bizkarrezurrean zeukan zoritxarrez zauria.

zoritxartu, zoritxar/zoritxartu, zoritxartzen

1 da/du ad. Zoritxarrak jo.

2 (Era burutua izenondo gisa). Itsas zabal gorri batean murgildu zen, itsasontzi zoritxartu baten antzera.

zornatu, zorna, zornatzen

da/du ad. Zauri edo zaldar batean zornea egin. Gero eta gehiago dira lurrikara izan zenean zauritu eta, geroztik inork artatu ez dituelako, zauriak zornatu zaizkien pertsonak.

zorne

iz. Zauri eta handitu gaizkoatuetan sortzen den isurkari lodi zuri-horixka. Ik. pasmo 2. Aurpegi dena puslaz bete zaio, ura eta zornea dario. Zaurietako zorne usaindua.

zorne belar, zorne-belar Konposatuen familiako landarea, hosto luzangak eta lore txiki horiak dituena (Senecio vulgaris).

zornetsu

adj. Zornez betea. Jainkoari ez zaio eskaini behar zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duen abererik.

zornotzar

1 adj. Zornotzakoa, Zornotzari dagokiona.

2 iz. Zornotzako herritarra.

zoro

1 adj./iz. Zentzua galdu duena. Ik. ero2 3. Zoro errukarria. Ez dira zoroak barruan dauden guztiak, ezta ere zentzudunak kanpotik dabiltzan denak. Zoroak gu, besterik uste genuenok. Diputatu zoro haiek erresuma zatikatu zuten 83 departamendutan. || (Adizlagun gisa). Zoro-zoro dabiltza gehienak.

2 adj. Gauzez mintzatuz, zentzu gutxikoa. Gaztaroko ibilera zoroak. Amets zoroa. Oi, mundu zoro itsua! Barre zoro eta berbeta alaiak.

3 iz. Zorotasuna. Bakoitza bere zoroak bizi du.

zoro-zoroan adb. Zoroki. Eder dun zoro-zoroan Bikendiri irri egitea.

zoroaldi

iz. Zoraldi.

zoroastrismo

iz. Antzinako persiarren erlijioa, Zoroastrok sortua, etengabe elkarren lehian dauden jainkozko printzipio bitan (ongian eta gaizkian) oinarritzen dena. Zoroastrismoak eragin handia izan zuen Ekialde Hurbileko erlijioetan.

zorobilatu, zorobila, zorobilatzen

da/du ad. Zub. Zorabiatu.

zoroetxe

iz. Zoroak zaintzeko erietxea. Santa Agedako zoroetxera eraman zuten.

zoroki

adb. Zentzurik gabe, zorotasunez. Zein zoroki doazen infernura!

zoroko

adj. g.er. Zoroxka. Ai, zoroko!, nork asmatu dik hori?

zororik

adb. Zoraturik; zoroki. Zororik zegoen, bai, guztiz zororik. Zoro-zororik egin nituen ametsak.

zorotasun

iz. Buru nahastea; zoroa denaren egoera edo gaitza. Ik. zoramen. Guk ez genion igarri zorotasunik gizon hari. Arrazoirik onenak baino indar gehiago izaki bere zorotasunak. || Neskatoak ematen zizkion musuen zorotasun etsia.

zoroxka

adj. Adkor. Zoroa. Ik. txoro.

zorpe

iz. Zorretan dagoenaren egoera. (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Etxe berria egin eta zorpean sartuak. Lana lanaren gain egiten badute ere, zorpe behartsutik beren buruak ezin atera dituztela.

zorpeko

1 adj. Zorrak dituena. Noizbait aberats izandako familia hura zorpeko izatera pasatu zen. Zorpeko herrialdeek garapen ekonomikorako dituzten oztopoak.

2 adj. Fakturez eta kidekoez mintzatuz, ordaintzeko dagoena. Prozedura honi esker, zorpeko fakturak azkarrago kobratuko dira.

3 iz. Zenbaki negatiboa duen bankuko kontu baten egoera; egoera horretan dagoen kopurua. Kontabilitatean gutxienez 800 milioi pezetako zorpekoa ezkutatzeko bidea eman zuen. Kontu korronte batean 100 euroko zorpekoa utzi nuen. || (Izenlagun gisa). Zorpeko egoerengatik jasotzen den komisioa, bere interes eta guzti, ezingo da izan diruaren legezko interesa bider 2,5 baino handiagoa.

zorpetu, zorpe/zorpetu, zorpetzen

da/du ad. Zorren pean gelditu, zorrak egin. Ik. zordundu. Zorpeturik bizi dira.

zorpetze

iz. Zorren pean gelditzea, zorrak egitea. Familien zorpetze maila ere gero eta handiagoa da. Adituak gehiegizko zorpetzearen beldur dira.

zorri

iz. Anoplura ordenako intsektu bizkarroia, gizakiaren odola xurgatuz bizi dena (Pediculus humanus). Ile artean zorri eta bartzak. Zorri batzuk bezala lehertzeko. Zorrez eta zorriz estalia.

zorri belar, zorri-belar Urrebotoiaren familiako landarea, pozoitsua, buruxketan bilduriko lore urdinak ematen dituena (Delphinium staphisagria).

zorripiztu

adj. Denbora gutxian aberastu dena eta jendearekin arrandiaz jokatzen duena. Euskararen etsairik gaiztoenak etxe barrukoak direla, herri eta familia euskaldunetan hazi, eta diru eta aginte apur bat lortu duten zorripiztuak.

zorritsu

1 adj. Zorriak dituena. (Sarritan, irain gisa edo mespretxua adierazteko erabiltzen da). Ik. zikin 2. Malentxo ez da zorritsuen zale. Oso gizon polita eta txukuna zen, ez zorritsu horietakoa.

2 adj. (Gauzez mintzatuz). Burokrazia handia gainditu behar zen pistola zorritsu bat eskuratzeko.

zorrizto

iz. Bizk. Zorritsua.

zorrizu

adj. Ipar. eta Naf. Zorritsua. Ume zorrizua.

zorro

1 iz. Ehunez, larruz, paperez edo kideko gai batez eginiko poltsa modukoa, goialdean itxi daitekeena, batez ere zakua baino txikiagoa. Zorroa hartu eta hasi nintzen jatekoa ateratzen. Zorroari ahoa askatuta. Bide zorroa. Artzainaren zorroa. Zorrotik harri bat hartuta, Goliati bota zion. Larruzko zorro batean. Zakutik bihia gal edo zorrotik irina, da galtze berdina (esr. zah.). || Jakina da euskaldunok, baita garbizaleenok ere, bi hitz zorro izan ditugula aldamenean: lehenbizikoan, euskarazkotzat dauzkagunak daude; bigarrenean, berriz, erdararen ondasun itxuraz azkengabeak gordetzen dira.

2 iz. Gauzaki batzuk gordetzeko estalgarria. Ezpata zorroan sartu. Pistola zorroa. Klarinetearen zorroa bezalakoak.

3 iz. Lgart. Sabela. Mutilak, zorroa betez gero, pozik dira. Ikusi du lehoiak zimino lerroa; jadanik hasi zaio goxatzen zorroa.

zorrokada

iz. Zorro betearen edukia. Hiru zorrokada gari ehotzera zeramatzan.

zorroratu, zorrora/zorroratu, zorroratzen

da/du ad. Zorroan sartu. Ezpata zorroratu.

zorroten

iz. Teilatutik jaisten den hodia.

zorroto

iz. Zorro txikia.

zorrotz

1 adj. Punta edo ertza guztiz mehea duena; oso erraz ebakitzen duena. Anton. kamuts. Horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Bi ahoko ezpata zorrotz bat. Zenbatenaz dardo bat zorrotzago baita, hainbatenaz errazkiago sartzen baita gure gorputzean. Arantza zorrotz, gogor, latzez koroaturik burua. Katu erpe-zorrotza. Harkaitz zorrotz batzuetatik. Ogi gogorrari hagin zorrotza (esr. zah.).

2 adj. Hotsez eta soinuez mintzatuz, zolia. Tronpeta soinu zorrotz bat.

3 adj. Minaz mintzatuz, handia, zolia. Min zorrotz bat sentitu zuen. Oinaze zorrotza.

4 adj. Ahalmen handikoa. Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino. Belarri zorrotzeko jendea. Adimen zorrotzenak. Zorrotza zen pertsonak eta pertsonen xelebrekeriak begiz jotzeko. || Irud. Txirritaren ateraldi zorrotzak. Zenbat gogoeta sakon, zenbat hitz zorrotz, zenbat aukerako etsenplu!

5 adj. Besteren hutsekiko bihozbera ez dena; eginbidea betetzen estua dena. Jainkoa da hartzekodun zorrotza, egiten dituen emaitzez kontu hertsia galdetzen duena. Jauna, badakit gizon zorrotza zarela, erein ez zenuen lekuan biltzen duzula. Juje zorrotzaren aurrean. Ama serioagoa nuen; zorrotzagoa ere bai.

6 adj. Amore ematerik edo salbuespenik gabea, hertsia. Baldintzak bi eratakoak dira: beharrezkoak eta nahikoak; bigarrenak, esan beharrik ez, zorrotzagoak dira lehenbizikoak baino. Bere garaiko erregela zorrotzen morroi umil hura. Horren iritzi zorrotzak, horrenbesteko oihu eta deiadarrak, zorrotzagoak eta ozenagoak lirateke, azpian zure izen propioa baleramate. Haren kritika, zorrotza ala leuna, beti egokia zen. Gure gaitzen azterketa zorrotza. Ez du jakintzak aginte zorrotzik irudimenaren eremu lainotsuan.

7 adj. Mat. Angeluez mintzatuz, 0° eta 90°-ren artekoa.

8 (Adizlagun gisa). Ik. zorrozki. Zorrotz eta zehatz esanik. Ugari bezain zorrotz zen hizketan. Hango nagusiak txit zorrotz hartu zituen. Elizak hain zorrotz debekatzen duena. Beren legea Jainkoaren legea baino zorrotzago hartzen zuten. Lege horiek zorrotzago eta zehatzago betetzen ziren lehen. Zorrotz agintzen die ez besterekin ezkontzeko. Agindua zorrotz betearazten du.

zorrotzaile

iz. Lanabes ebakitzaileak zorroztea ogibide duen pertsona. Gaskoi bat, zorrotzaile edo piltzarketari, edo zerbait holako. Ez da urrun zorrotzailea; bere txistu soinua bertantxe entzun da.

zorrotzarazi, zorrotzaraz, zorrotzarazten

du ad. Zorroztera behartu.

zorrozkailu

iz. Arkatzak eta kidekoak zorrozteko erabiltzen den tresna. Zorrozkailua atera eta saskiaren gainera makurtu zen arkatzaren punta zorrozteko.

zorrozkeria

iz. Gehiegizko zorroztasuna, zorroztasun gaitzesgarria. Puritanoen zorrozkeria.

zorrozketa

iz. Zorroztea. Marik hartu zuen aizkora bat eta atariko zorroztarri latzean hasi zen zorrozketan.

zorrozki

adb. Zorroztasunez, zorrotz. Larramendik zorrozki aditzera ematen dituen usteak. Gurasoei zorrozki begiratzen diena. Zorrozki jujatuak. Horrelako huskeriak zorrozkiago bereizten genituen. Ez nuke hori zorrozki aginduko. Ohorezko hitz batzuek, zorrozki harturik, ez dirudite egiazkoak. Ez dut uste erregela hori zorrozki betetzen denik alde guztietan. Gai horiek orain baino zorrozkiago hartzen zituzten garai hartan.

zorrozkiro

adb. Zorrozki. Neurri horietatik irtetea txit zorrozkiro debekatu zion.

zorroztarri

iz. Lanabesak zorrozteko erabiltzen den harria. Ik. geztera. Labanarik ez duenak ez du zorroztarri beharrik. Marik hartu zuen aizkora bat eta atariko zorroztarri latzean hasi zen zorrozketan.

zorroztasun

iz. Zorrotza denaren nolakotasuna. Aizkoraren ahoaren zorroztasuna. Bistan daude Xenpelarren alde onak, bat-bateko etorriaz gainera: laburtasuna, giharra, zorroztasuna. Jainkoaren epaiaren zorroztasuna. Zorroztasun guztiarekin izanen dira etsaminatuak.

zorroztu, zorrotz/zorroztu, zorrozten

1 da/du ad. Zerbait zorrotz bihurtu, zerbaiti zorroztasuna eman. Lanabesak zorrozteko. Armak zorrozturik. Adarrak zorroztuta ekarri dute plazara. Arkatza zorrozten ari da. || Nire luma motza zorrozteko. || Ez da, berez, hizkuntza kamutsik; horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena da, soil-soilik, errua.

2 da/du ad. Zorrotzago, ahalmen handiagoko bihurtu. Besteren begiz baliatzeak gure bista gehitzea eta zorroztea dakar beti, ondorio gisa. Adimena zorrozteko sortua zen josteta hori. Jainkoak dohain bereziz argitzen eta zorrozten ditu artista garaien gogoak.

3 du ad. Begiez, begiradaz edo kidekoez mintzatuz, tinko begiratu. Itsas hegira zorrozten ditu begiak. Barren hondarrera dauzka zorroztuak begiak. Nobela aldera zorroztu behar luke orain arreta Etxaidek.

zorte

1 iz. Zoria, gertaera on eta txarren iturburutzat hartzen den kausa zehaztugabea. Ik. suerte 2; xantza. Eta gizonak bere zortea ez du bere eskuko. Zorte etsaiak Romeo eta Julieta nola galbideratzen dituen ikustea. Izan zuen apaiz leialen zorte bera, erran nahi dut heriotza.

2 iz. Zorte ona. Txanden zozketekin ere zortea izan dute. Horrek guztiak zortea eman zion.

zortzi

1 zenbtz. Zazpi eta bat, 8. Zortzi soldadu heldu ziren. Zortzi seme-alaba zituzten. Zortziren artean. Zortzi zoriontasun edo dohatsutasunak. Zortzi urteko neska txiki bat. Hogeita zortzi urterekin. Zortzi idazlanetatik bi soilik euskaraz. Zortzi egunen buruan. Orain zortzi mila urte. Zortzi edo hamar aldiz egunean. Egunean zortzi orduko lanak aspertzen zuen.

2 iz. Zenbaki arrunten segidan zortzigarrena. 1984ko abuztuaren 28an jaio nintzen, eta zortzia da nire zenbaki kuttuna. Lau eta lau zortzi dira. Zortzi zenbakia.

3 (Data adierazteko). Gaur, martxoak zortzi, astelehena. Abenduaren zortzian izango da saioa.

4 (Orduak adierazteko). Zortzietan joan ziren. Zortzi eta erdietan. Goizeko zortziak arte. Zortziak aldera etorri zen. Zortzi eta laurdenak. Zortziak eta laurden. Zortziak eta laurdenetan. Zortziak laurden gutxi dira. Zortziak eta bostean. Zortziak hamar gutxi(ago). Zortziak laurden gutxi(ago)tan. Zortzietako meza.

5 (Artikulurik eta kasu markarik gabe, gaur, bihar eta kidekoekin). Zortzi egun barru, zortzi egunera. Hilabete honen hamarrean, etzi zortzi, Donibane Garazin festa bat egitera doaz Euskal Herriko framazonak. Gaur zortzi itzuliko da lanera. || Duela zortzi egun. Gaur zortzi, ostegun goizaldera ohean hila kausitu zuten. Gure semea atzo zortzi ezkondu zen. Igandean zortzi etorri zen.

6 (Lekuzko kasu atzizkiekin). Zortzi eguneko epea adierazteko erabiltzen den hitza. Zortzian behin ikusten dituzu, beraz, etxekoak? Zortzian-zortzian, astero esan nahi dut. Zortzitik zortzira ikusi behar da lizuntzen hasi ote den.

zortzitan Zortzi aldiz. Egunean zortzitan otoitzez egoten da.

zortzialdi

iz. Zortzi eguneko denbora-bitartea. Urtero joaten zen bere amaren herriko festetara, hango senitartean zortzialdi bat egitera.

zortziehun

1 zenbtz. Zortzi bider ehun. Zortziehun ardi, zortziehunak beltzak. Zortziehun arroa ile biltzen dira Gipuzkoan.

2 iz. Zenbaki arrunten segidan zortziehungarrena. Mila eta zortziehun urte ingururaino.

zortziehuna

banatz. Bakoitzari zortziehun, bakoitzak zortziehun. Azokan postu bat jarri ahal izateko, bere kontu korrontean aldez aurretik zortziehuna euro sartzeko eskatu zien eskulangileei.

zortziehunaka

adb. Zortziehunako multzoetan.

zortziehungarren

ord. Zerrenda batean aurretik zazpiehun eta laurogeita hemeretzi dituena (800.). 1998ko maiatzean, Sorbonneko unibertsitatearen zortziehungarren urteurrena ospatu zen Parisen.

zortzigarren

1 ord. Zerrenda batean aurretik zazpi dituena (8.). Zortzigarren aldiz. Jaunaren legeko zortzigarren agindua. Hogeita zortzigarren egunean. Zein da zortzigarrena? Urriaren zortzigarrenean. Bada Klemente zortzigarrenaren gutun bat, mila seiehun eta bikoa. Zortzigarrenean bizi da. Zazpigarren egunetik zortzigarrenera.

2 (Adizlagun gisa). Zortzigarren heldu zenari.

zortziko

1 iz. Zortzik osaturiko gauza. Ik. zortzikote.

2 iz. Zortzi errealeko txanpon zaharra. Zortziko baten gazta.

3 iz. Zortzi lerro eta lau puntu dituen euskal bertso mota. Zortzikotan ondua. Hona bertso berriak zortziko zaharrean.

4 iz. Euskal erritmo mota, 5/8 konpasean idazten dena; erritmo horretan onduriko musika-lana; doinu horrekin dantzatzen den dantza. Nekazariek maite dugu zortzikoa. Zortzikoa berria da, baina 5/8-ari halako bere gisako nortasuna eman diogu. Euskal Herri osoan zabaldurik zegoen, Azkueri esker, haren zortzikoa bere doinuarekin.

5 adj./iz. Joko kartez mintzatuz, sail bereko zortzi irudi dituena. Zortziko bastoia. Zortziko diamantea.

6 iz. Mat. 8 zenbakia. Jarri koma bat bikoaren eta zortzikoaren artean.

zortziko handi Euskal bertso mota, 10 eta 8 silabako zortzi lerroz osatua dena eta 8 silabako lerroetan puntua duena. Ik. zortziko nagusi. Zortziko handian hiruna bertso bota behar dituzte. Zortziko handian bizi aritu ziren denak.

zortziko nagusi Zortziko handia. Bertsolari guztiak serio samar aritu ziren zortziko nagusiko saioan.

zortziko txiki Euskal bertso mota, 7 eta 6 silabako zortzi lerroz osatua dena eta 6 silabako lerroetan puntua duena. Zortziko txikiko gaiek ziria sartzeko aukera eskaintzen zuten.

zortzikote

iz. Zortzi lagunek osaturiko taldea, batez ere abeslariena. Zortzikote txapelketa.

zortzimaraiko

iz. Zortzi marabediko txanpon zaharra.

zortzimilako

iz. Kirol. Gailurra itsas mailatik zortzi mila metro edo gehiagora duen mendia. Nepal aipatzen denean, mendietako irudiak agertzen dira, zortzimilakoak bereziki. Horiek dira zortzimilako gehien igo dituzten bi emakumeak.

zortzina

banatz. Bakoitzari zortzi, bakoitzak zortzi. Ardi larruak zortzina erreal. Zein azkarrago hara ailegatu, zortzina arroa hartuta.

zortzinaka

adb. Zortzinako multzoetan. Zortzinaka bildu.

zortzira

banatz. Ipar. Zortzina.

zortzirazka

adb. Ipar. Zortzinaka.

zortziren

iz. Zortzi zati berdinetan banatu den zerbaiten zati bakoitza. Bost zortziren.

zortziurren

iz. Elizako jai baten ondoko zortzi egunetan egiten diren elizkizun berezien multzoa; zortzi egun horietako azkena. Ama Birjinaren hamar bertute agerikoenen festa egunak beren zortziurrenekin egiteko eskubidea eman zion.

zoru

1 iz. Eraikin edo kideko bateko lurra, gai bereziren bat erabiliz gogortu edo berdindu dena. Ik. lur 7; zola1 3. Hobiaren zoruan edo solairuan ikusi zuen Jesusen gorputza bildu zuen maindirea. Pilotalekuaren zoru jarri berriak ere mesede egin zien pilotariei. Nahiko lan zutik mantentzen zoru bustian! Nire eskalapoiek granitozko zoruaren kontra ateratzen duten soinua.

2 iz. Oinetakoen azpialdea, lurra ukitzen duena. Ik. zola1 4. Zapata esaten zaio oinetako zoru sendodunari. Larruzko oinetako zoru-lodiak. Zapata zoruak josten. Zer okela da hau?: zailago dago zorua bera baino.

zoru erdi, zoru-erdi Oinetakoen zoruaren aurreko erdia konpontzeko josten den atala.

zorupe

iz. Lurrazalaren azpian dagoen lur geruza. Zorupe aberatseko eskualdea.

zorzor

onomat. Zozoaren oihuaren onomatopeia. Kukuak kuku, zozoak zorzor.

zotal

iz. Laiaz edo aitzurraz ateratzen den lur zati belarduna. Ik. turba; zohi; mokor1 1. Zotal ebaki berria. Zotalez estaliriko borda. Lur zotalak eguzkitan ihartzen.

zotal egun, zotal-egun Urtarrileko lehen hamabi egunetako bakoitza, hurrenkeraren arabera dagokion hilaren eguraldia aurretik salatzen omen duena. Egun, urtarrilaren bia, otsailaren zotal eguna.

zotal ikatz, zotal-ikatz Erregai harroa eta arina, zingira lekuetako belardietan eratzen dena. Ik. zohikatz; turba.

zotarrain

iz. Gip. g.er. Lurrezko zorua. Donostiako kai-muturreko zotarrainean, bi emakume sareei adabakiak jartzen ari ziren.

zotin

iz. Diafragmaren bat-bateko uzkurtzeak eraginiko arnas hartze hertsatua, ahots berezi batez gertatzen dena; uzkurtze eta hots horien saila. Ik. txopin2. Gure neskatoari ez zaio zotina joaten. Zotina du. Zotin egin. Bikendiri ordu arteko malko edukiek eta zotinek eztanda egin zioten. Noizean behin, zotin itoren batekin sorbalda-ikara sortzen zitzaion. Zotin-zizpuruen hotsa. Negar, zotin eta zizpuru artean (Ik. negar-zotin). Emakumearen zotinak entzuten ditu; baina haren negarra nola isildu ez daki. Zotinei eutsi.

zotinka

adb. Zotin eginez. Negarrez eta zotinka. Bi begiak iturri, zotinka. Aurretik kontuak ateratzea on da, gero zotinka ez egoteko. || Ilunabarrez aditzen da urretxindorraren ahotsa, zotinka, laster duelako egunak heriotza.

zotukatu, zotuka, zotukatzen

da/du ad. Batez ere Zub. Higitu, mugitu.

zotuku

iz. Batez ere Zub. Higidura, mugimendua.

zotz

1 iz. Batez ere pl. Abar xehea, zotzabarra. Zotz batzuk sutarako biltzen. Elorri zotz bat.

2 iz. Makilatxoa. Ik. ziri; txotx1. Zortzi-hamar zentimetroko zotz bat hartu zuen eskuan. Kaiola batzuk zotzezkoak dira, beste batzuk burdinazkoak. Abarka zaharraren neurriko zotz batekin joan abarka berria erostera. Atearen zirritua zotz batez tapatuz. Bi zotz gurutzean emanik. Hautsi eta birrindu zizkien arraun, masta eta haize oihalak, paperez eta zotzez eginikoak balira bezala. || Esr. zah.: Errementariaren etxean zotza burruntzi. Zotzetik da ziria, hazitik bihia.

3 iz. Zenbait musika tresna jotzeko makilatxo buruduna.

zotz egin Zerbait nork egin behar duen edo nola banatuko den erabakitzeko, erdi estalirik dauden luzera desberdineko zotzak erabili; helburu horretarako, erabat zoriaren mende dagoen sistema bat erabili. Ik. zozkatu. Zotz egin zuten nork zer eramango zuen. Ez dezagun soinekoa urra, zotz egin dezagun norentzat izango den.

zotzabar

iz. Batez ere pl. Zotza, abar xehea. Zotzabar sorta bizkarrean.

zozabar

iz. Arabazozoa.

zozkatu, zozka, zozkatzen

du ad. Zotz egin.

zozketa

iz. Zotz egitea. Badira zozketan atezaintza egokitu zaienak ere. Zozketaz izendatuak. Zozketaz erabaki zuten sukaldera nor joan.

zozketa egin Zotz egin. Txandak erabakitzeko zozketa egin zuten atzo. Zozketa egiten zen danborradan aterako ziren haurrak aukeratzeko.

zozketatu, zozketa/zozketatu, zozketatzen

du ad. Zozkatu.

zozo

1 iz. Urretxindorraren familiako txoria, luma beltzak eta moko laranja (arrak) edo lumadi arrea eta moko horixka (emeak) dituena (Turdus merula). Zozo arra eta emea. Zozoak beleari ipurbeltz (esr. zah.).

2 adj. Ergela, inozoa. Bazuen mutikoak zozo aire bat. Damurik gara euskaldunak hain ezaxola eta hain zozo gure arbasoen mintzairaren aldera! || (Gauzez mintzatuz). Zoroek duten irri lelo zozo hura zuen. Beldur zozo batengatik. Zozoak ez diren arrazoiak.

ur-zozo Cinclidae familiako txoria, zozoa baino txikiagoa, lumadia arre iluna eta bularra zuria dituena (Cinclus cinclus).

zozokeria

iz. Inozokeria, ergelkeria. Zozokeria handia litzateke oraingo linguistika osoa ipar-amerikanoen eskuetan dagoela sinestea. Hainbeste ele makur eta zozokeria alde orotarik. Ez ezazu zozokeriarik esan. Zer zozokeria!

zozoki

adb. Ergelki. Ez zaitezela hain zozoki joka.

zozomikote

iz. pl. Martxoko azken bi egunak eta apirileko bi lehenengoak. Zozomikoteak ondo joaten badira... Zozomikote egunak, tristeak eta ilunak.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper