Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

intuizio

iz. Senaren bidezko ezaguera edo hautematea, berehalakoa eta arrazoibidez kanpokoa. Poeten mundu antzaldatu hori sumatzeko, sen berezia, intuizioa, edo musek igorritako dohain sotil hori behar da. Intuizio-argiak gidaturik.

intxaur

1 iz. Intxaurrondoaren fruitua, azal berde batez estalia dena eta zurezko bi oskolez babestua dagoen hazi oliotsua, jateko ona, daukana. Intxaur bana edo gaztaina bina. Intxaur berdeak. Intxaurrak bildu. Intxaur olioa intxaur ongi helduen mamiaz egiten da. Intxaur orea. Intxaur oskolaren antzeko ontzi batean heldu ginen Ameriketara. || Esr. zah.: Intxaurrak baino hotsak handiago. Intxaurrak bost, hotsak hamabost.

2 iz. Itxuraz edo neurriz intxaurraren antza duen fruitua. Hamar kola intxaur, Mali-n emazteagatik ordaintzen den kopurua.

3 iz. Intxaurrondoa. Etxe ondoko intxaur gainean txantxangorria kantari. Intxaur adarra. Intxaur oholezko mahaia. Intxaur zura txit aintzat hartua da zurgintzan.

4 iz. Intxaurrondoaren zura. Intxaurrezkoa zen zerraldoa.

intxaur arbola, intxaur-arbola Intxaurrondoa. Garai bateko intxaur arbola lodien tokian, hiru epaitondo motz.

intxaur beltz 1 Intxaurrondo beltza. Entzuna dut intxaur beltzaren haziak zailak direla ernetzeko.

2 Zuhaitz horren zura. Intxaur beltzezko altzari ilun sendoak.

intxaur hauskailu, intxaur-hauskailu Intxaur oskolak hausteko tresna.

intxaur muskatu Myristica fragans zuhaitzaren fruitua, intxaur txiki baten antzekoa, janarien bizigarri erabiltzen dena.

intxaur saltsa, intxaur-saltsa Intxaurrez, esnez eta azukrez egiten den jaki gozoa, Eguberrietan hartzen dena.

intxaur zuhaitz, intxaur-zuhaitz g.er. Intxaurrondoa.

intxaurdi

iz. g.er. Intxaurrondo saila. Alkizan intxaurdi asko ziren.

intxaurrondo

iz. Tamaina handiko zuhaitza, itzalpe handikoa eta zur oso onekoa, hostoak konposatuak eta loreak zintzilik dauden gerbetan dituena, fruitutzat intxaurrak ematen dituena (Juglans regia). Ik. intxaur 3; intxaurtze. Bertako hiru intxaurrondo gerri-zabalen itzalpean jarrita.

intxaurrondo beltz Intxaurrondoaren generoko zuhaitz handia, enbor ilun ildaskatua eta lizarrarenaren antzeko hostoak dituena, bere zur gogor iraunkorragatik zurgintzan oso aintzat hartua dena (Juglans nigra). Apatxetako gaitza topatu izan da intxaurrondo beltzaren txirbilarekin egindako azpiak dituzten behorretan.

intxaurtze

iz. Intxaurrondoa.

intxixu

1 iz. Euskal mitologiako izakia. Intxixuak mairu baratzeetan lurperatuak daude.

2 iz. Aztia, sorginaren ahalmenak dituen gizonezkoa. Intxixu batek adina malezia bazuen Fernando zenak, barruti gutxi erosi eta beti ardiak gizenak. Intxixu batek esan omen du niregatik sorgina.

intzestu

iz. Elkarrekin ezkontzea zilegi ez duten ahaideen arteko sexu harremana.

intzigar

iz. Antzigarra.

intziri

1 iz. Oinazearen edo atsekabearen ahozko adierazpen hitzik gabekoa. Ik. zinkurin; espa; antsia2. Gizonen negar, deiadar, oihu, intziri, auhenak. Intziri sarkorra, mina. Negar intziriak. Intziriak baizik ez ziren entzuten. || Irud. Hostope ilunean haizeak intziri.

2 iz. Txakurrak eta kidekoek egiten duten ulu antzekoa. Txakurren intziriak, zaldien irrintziak, lehoi eta zezenen orroak. Otsoa intziriz hasten zaio deitzen.

intziri egin Emakumeek hartaz negar eta intziri egiten zuten.

intzirika

adb. Intziri eginez. Ik. antsika. Intzirika eta negarrez. || Irud. Ate zabal astuna intzirika ireki denean. Ezkilak intzirika abiatu ziren.

inude

iz. Inoren haurrari bularra ematen dion edo hura zaintzen duen emakumea. Ik. unide; hazama. Inudeak haurrekin zebiltzan kalean. Inude saria. Katalin inude joan da Bilbora, diru apur bat etxeratzeko.

inudetu, inude/inudetu, inudetzen

du ad. g.er. Norbaitek (haur bat) hazi. Gazte hau artzain artean inudetua izan da.

inudetza

iz. g.er. Inudearen lanbide edo jarduera. Hitz gogorrez jardun zuen inudetzaren kalteez; hitz haserreak esan zituen beren haurrak utzi eta besterenak haztera aberats etxeetara joaten direnengatik.

inuit

1 adj. Ipar Amerikako, Groenlandiako eta Siberiako lurralde artikoetan sakabanaturik bizi den etnia batekoa, etnia horri dagokiona. Ik. eskimal. Groenlandiako herri inuit batean pasatu nuen hilabete.

2 iz. Etnia horretako kidea. Ama inuita eta aita daniarra zituen, eta inuiten artean hazi zen. Kanadako inuitek, lurperatu beharrean, gorpuak harriekin estaltzen dituzte.

inurri

iz. Gorputza hiru ataletan banatua duen intsektu txikia, arrez, emez eta langilez osaturiko talde handiak eratuz inurritegian bizi dena (Formicidae). Ik. txindurri; xinaurri. Inurri mota asko dago. Bere zorigaitzean inurriari hegalak sortu zitzaizkion (esr. zah.).

inurrijale

adj. Inurriz elikatzen dena. Hartz inurrijalea.

inurritegi

iz. Inurrien bizilekua, igarobidez eta gelatxoz osatua. Inurritegiak diruditen etxeak.

inurritu, inurri/inurritu, inurritzen

da ad. Gorputzaren adar batean, jarrera txar baten ondorioz-edo, azkuraren antzeko sentipen ezatsegina izan edo sentiberatasuna galdu. Besoak inurrituta esnatu zen. Zangoak inurritu zaizkit.

inusturi

iz. Trumoia. Ik. ihurtzuri. Inusturien burrunba. Inusturi izugarria. Hodeitik alde egin eta inusturia topatu nuen. Inusturien atzean euria (esr. zah.).

inuzente

adj./iz. Herr. Adimenez atzeratua, eta, bereziki, adimen atzerapena aurpegian nabari zaiona. Ik. inozente. Herri guztietan da inuzenteren bat, denen txorimaloa izateko. Pagolatarren seme txikia inuzentea duk.

inuzentekeria

iz. Herr. Inuzenteari dagokion egitea. Ik. inozokeria. Inuzentekeria handia egin duzu dirua aurreratzea alproja horri.

inuzentetu, inuzente/inuzentetu, inuzentetzen

da/du ad. Lelotu. Ama perlesiarekin eta aita inuzentetua bezala du. Fraide hauek inuzentetu edo lelotu dira nonbait beren txoko horrekin.

in vitro

1 adb. Laborategiko saio-hodi batean edo ingurune artifizial batean (egin, sortu...). 1978ko uztailaren 25ean jaio zen in vitro sortutako lehen haurra.

2 (Izen gisa). In vitro ernalketa. Gaixotasun genetikoren bat duten gurasoek in vitro teknikara jo dezakete haur bat izateko.

iñhazi

iz. Ipar. Tximista.

iño

interj. Harridura, ustekabea edo mirespena adierazteko erabiltzen den hitza. —Sermoirik egon da? —Bai, ederra gainera... iño!, hura izan duk sermoia!

iodo

iz. Kim. Halogenoen saileko gai solidoa, berotzean lurrun moreak sortzen dituena (I; zenbaki atomikoa, 53). Iodo gatzak.

iodoformo

iz. Kim. Ale horixka txikietan kristaltzen den gaia, usain sarkorra duena eta antiseptiko gisa erabiltzen dena (CHI3).

ioduro

iz. Kim. Iodoaren eta metal baten arteko konbinazioa. Pekin gainean dauden hodeiak zilarrezko ioduroz bonbardatu nahi dituzte euria egin dezan.

ioi

iz. Elektroi bat edo batzuk galdu dituen atomoa edo molekula. Ioiak positiboak edo negatiboak izan daitezke. Helio ioia.

ioniko

adj. Kim. Ioiena, ioiei dagokiena. Disolbatzailearen indar ionikoa. Erradiazio ionikoa.

ionizatu, ioniza, ionizatzen

1 da/du ad. Ioi bihurtu; ioiak eratu. Gasa ionizatzeko, Eguzkiaren indarra erabiltzen du zundak.

2 (Era burutua izenondo gisa). Gas ionizatua.

ionizatzaile

adj. Erradiazioez mintzatuz, zeharkatzen dituen molekulak ionizatzeko aski energia duena. Esterilizatzeko eta iraupena luzatzeko aplikatzen zaizkie prestaturiko elikagaiei erradiazio ionizatzaileak.

ionizazio

iz. Kim. Ionizatzea. Ionizaziorik gabeko erradiazioak giza osasunean duen eragina.

ionosfera

iz. Atmosferaren goialdeko geruza ionizatua. Ionosfera atmosferaren hirugarren geruza da, eta Lurretik 50 kilometrora hasi eta 500 kilometroko altueraraino iristen da.

iota

iz. Alfabeto grekoko bederatzigarren letra (ι, Ι).

ipar

1 iz. Iparraldea. Iparretik hegora.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ipar Amerika. Ipar Afrikatik etorritako herriak. Ipar afrikarren artean. Ipar Atlantikoa. Ipar Euskal Herria.

3 iz. Iparraldetik datorren haize hotza. Kanpoan iparra dabil. Iparrak neguan elurra. Ahizpa, zoaz orain Sala-ko leihora, iparra ala hegoa denetz jakitera. Ilunak ateratzen ditu mihi gaiztoak, iparrak euria bezala. Nahiz ipar hotza dela, nahiz dela sargori. Ipar beltza: iparraldeko haize oso hotza. Ipar zuria: iparraldeko haize atsegina. Ipar argiarekin basoak ikusiko dituzu inarrosten. Galdu zituen gari-zelaiak, gailendu zaio sasia, galdu zituen ipar garbiak, gailendu trumoi nahasia.

ipar-ekialde 1 Ostertzeko puntua, iparralde eta ekialdearen arteko bitartearen erdian dagoena. Iparraldera edo ipar-ekialdera begira dauden lurrak.

2 Lurralde batean, ipar-ekialdeko eskualdea. Ipar-ekialdeko euskalkia.

ipar haize, ipar-haize Iparra. Ipar haizeak kale zokoan intziri. Donostian ipar haizeak eguraldi ona ekarri ohi du.

ipar-mendebalde 1 Ostertzeko puntua, iparralde eta mendebaldearen arteko bitartearen erdian dagoena. Hiriburutik 180 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Volta aintzira.

2 Lurralde batean, ipar-mendebaldeko eskualdea. Alemaniako ipar-mendebaldean.

ipar-orratz [Oharra: Euskaltzaindiak, ipar-orratz-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iparrorratz].

ipar-sartalde Ipar-mendebaldea.

ipar-sortalde Ipar-ekialdea.

iparburu

1 iz. Iparraldeko lurburua. 1909an heldu zen Peary Iparburura.

2 iz. Iparburu inguruko eskualdea. Iparburuko itsaso izoztua.

iparkorear

1 adj. Ipar Koreakoa, Ipar Koreari dagokiona.

2 iz. Ipar Koreako herritarra.

iparralde

1 iz. Ostertzeko lau puntu nagusietako bat, hegoaldearen aurrez aurre dagoena. Ik. ipar. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Mila eta bostehun metro iparraldera. Iparraldetik jotzen zuen haizeak. Iparraldeko izarrak.

2 iz. Lurraren, zeruaren edo lurralde baten iparraldeko eskualdea. Aragoiko iparraldean. Oiz mendiaren iparraldera. Hiriaren iparraldetik igaroz. Nafarroako iparraldeko mugetan. Iparraldeko herri hotzak. Iparraldeko gizon hezea zen; hegoalde lehorrak ez zuen gehiegi kilikatzen. Iparraldeko itsasoetan. Iparraldeko lurburua (Ik. iparburu).

3 iz. Mugaz iparraldeko Euskal Herria. Euskal idazle gehiago izan da Iparraldean Hegoaldean baino. Iparraldeko euskalkiak. Iparraldeko Nafarroa.

iparraldetar

1 adj. Iparraldekoa, iparraldeari dagokiona. Ik. ipartar.

2 iz. Iparraldeko herritarra. Iparraldetarren ile horailak.

iparramerikar

1 adj. Ipar Amerikakoa, Ipar Amerikari dagokiona.

2 iz. Ipar Amerikako herritarra. Musikal ederrak egin zituzten iparramerikarrek 60ko hamarkadan.

iparrizar

iz. Hartz Txikiko izarretako bat, iparra seinalatzen duena. Iparrizarrak gidatzen du gauaz marinela.

iparrorratz

iz. Iparra seinalatzen duen burdin atal imandu birakorra, gehienetan kutxatxo beiradun batean finkatzen dena. Ik. itsasorratz; imanorratz.

ipartar

1 adj. Iparraldekoa, iparraldeari dagokiona. Ik. iparraldetar. Ipartar aintziretako ur gardenak.

2 iz. Iparraldeko herritarra. 1014an bukatu zen ipartarren nagusigoa Irlandan.

3 adj. XIX. mendeko Ameriketako Estatu Batuetako Sezesio Gerran batasunaren eta esklabotza ezeztatzearen aldekoa zena.

ipi-apa

1 iz. pl. Xehetasunak. Ipi-apa guztiekin kontatu zidan.

2 adb. Xehetasun guztiekin, hitzez hitz. Ipi-apa sinetsi.

ipinarazi, ipinaraz, ipinarazten

du ad. Ipintzera behartu. Irudiak ipinarazi zituen aldare guztietan. Ez zen lasaitu, santua kartzelan katez beterik ipinarazi zuen artean. Belauniko ipinarazi du.

ipingi

iz. Bizk. Adabakia. Prakei ipingi bat ezartzen.

ipini, ipin, ipintzen

1 du ad. Norbait edo zerbait toki edo egoera berri batean gertarazi. Ik. jarri. Lur aldapatsuetan zuhaitzak ipini behar dira. Zorro batean ipini. Norbaiti zerbait begien aurrean ipini. Paradisuan ipini zituen gure lehen gurasoak. Itsasoari mugak ipini. Etsai ezagunen eskuetan ez nuke armarik ipiniko. Bere nahia Jaunaren eskuan ipinita. Bere buruari trabak ipintzen. Aurpegi iluna ipini. Norbaitek zerbaitetan arreta ipini. Edonoren irispidean ipini. Arriskuan ipini. Salgai ipini. Bost talentu hartu zituenak irabazian ipini eta beste bost atera zituen.

2 du ad. (Paperean) eman, idatzi. Argitaratzaileak ipini dion hitzaurrea egokia da benetan. Euskal neurtitzak izkributan ipintzera. Damu dut aitormen honen azpian, izenaren ondoan, beste zertxobait ezin ipini ahal izatea.

3 du ad. (Bestelako testuinguruetan). Ipini dizkidaten eginbeharrak. Lege bat ipini. Zerbaiti erremedioa ipini.

ipizki

iz. Bizk. Labea garbitzeko eskuila edo espartzua, haga batean loturik erabiltzen dena.

ipotx

iz. Nanoa. Aitona, egia al da ipotxak perretxikoetan bizi direla?

ipuin

1 iz. Irudimenak sorturiko alegiazko kontakizuna, jostatzeko helburua duena. Ik. alegia 4. Ahozko ipuinak. Amonari entzundako ipuinak. Ipuinak kontatzen. Euskal Herriko ipuin zaharrak "behin batean" esapideaz hasten dira. Arratoiaren eta elefantearen ipuina. Peru eta Mariaren ipuinak. Ipuinak erakusten duena. Ipuin barregarria, gordina, lizuna, lotsagarria. Ipuinak idatzi. Kirikiñoren ipuinak. Ipuin-idazlea (Ik. ipuinlari). Koldo Ameztoi ipuin kontalaria. Ipuin liburuak. Bere bigarren ipuin bilduma kaleratu du idazle gipuzkoarrak. Ipuin sariketa. Irratirako ipuinak.

2 iz. Egiazkoa ez den esana. Ipuinak dira horiek. Atsoen ipuinak.

ipuingile

iz. Ipuinlaria.

ipuingintza

1 iz. Ipuinak idaztea, jarduera gisa hartua; ipuinek osatzen duten literatura mota. Ipuingintza, eleberrigintza, antzerkia, ia genero guztiak ditu landuak. Ahozko ipuingintza.

2 iz. Autore baten edo garai edo hizkuntza jakin bateko ipuinen multzoa. Euskal ipuingintza. Maupassanten ipuingintza oparoa.

ipuinlari

iz. Ipuin-idazlea. Kirikiño ipuinlaria.

ipuinzale

adj. Ipuinak gogoko dituena, ipuinen zalea dena. Badakit nik euskaldunak ipuinzaleak direla. Haur ipuinzaleak.

ipurbeltz

adj. Ipurdi beltza duena. Dantza-sokaren erdian aker ipurbeltza. || Esr. zah.: Paziak ziotson pertzari, ken hadi, ipurbeltz hori! Tupinak pertzari ipurbeltz. Zozoak beleari ipurbeltz.

ipurdi

1 iz. Giza enborraren behe eta atzeko aldea, esertzean gorputzari eusten diona. Ipurdi zabala. Gizon motz ipurdi-lodi bat (Ik. ipurtandi). Kolpe bat hartu ipurdian. Ipurdian ostiko bat eman (Ik. ipurdiko). Ipurdia berotu.

2 iz. Abere eta animalia batzuetan, uzkiaren aldea. Azkenean txakurraren ipurdira bidali behar izan diat (arrunk.): pikutara bidali behar izan diat.

3 iz. Ontziez eta kidekoez mintzatuz, hondoa. Lapikoaren, saskiaren ipurdia. Pertzaren ipurdia baino beltzagoa. Ontzi ipurdi-zabala. Aulkiaren ipurdia: esertzean ipurdiaz ukitzen den zatia.

4 iz. Fusilaren eta antzeko su armen atzeko zatia, gehienetan zurezkoa, tiro egitean sorbaldan bermatzen dena. Ik. ipurtondo. Eskopetaren ipurdiaz jo zuen.

ipurdi-has adb. Ipar. Ipurdia agerian dela. Ipurdi-has utzi dute Txomin, gehiegizko irabazpideak salatzean.

ipurditik atera, erauzi Sustraitik atera, erauzi. Zuhaitzik lerdenenak ipurditik atera beharrean. Aterako nuen nik ipurditik Anbotoko harkaitza bera ere. || Benitok etxea ipurditik ateratzen zuen horrelakoetan, baina ordu pare baterako haren trumoiak baretzen ziren. Etxea ipurditik atera beharrean arrantzaka.

ipurdiz gora adb. Ipurdia goialdean, gora begira dagoela. Ik. hankaz gora. Ipurdiz gora jarri. Ipurdiz gora erori zen gizona. Etxea hotza eta gauza guztiak ipurdiz gora aurkitu zituen. Zuhaitz bat dirudi, zerutik jaten, ipurdiz gora. Beribil zahar bat ipurdiz gora irauli dute eta beste bi sutan jarri.

ipurdi zikin Karta-jokoa, pareak eratu ahala kartak baztertuz, eskuetan kartarik gabe geratzea helburu duena.

ipurdikara

1 iz. Buztanikara.

2 adj. Ipurtarina.

ipurdiko

iz. Ipurdian hartzen edo ematen den kolpea. Ipurdiko ederrak hartu zituen umetan. Emazkiozu ipurdiko batzuk, ea isiltzen den. Erori eta egundoko ipurdikoa hartu du (Ik. ipurkada).

ipurgarbitzaile

adj. Lgart. Lausengaria. Hala usteko du, noski, ipurgarbitzaileen samalda azkengabeak, hitz zuri faltsua aho-beteka botatzen bestetan ez dakien jende modu horrek.

ipurkada

iz. Ipurdiaz ematen den ukaldia; erortzean hartzen den ipurdikoa.

ipurkadaka

adb. Ipurkadak emanez. Bultzaka eta ipurkadaka leku on bat hartu nahiz.

ipurkonkor

iz. Ipurtezurra. Ik. ipurtxuntxur. Ipurkonkorreko mina.

ipurmami

iz. Ipurdiko bi alde mamitsuetako bakoitza. Ik. ipurmasail.

ipurmasail

iz. Ipurdiko bi alde mamitsuetako bakoitza. Ik. ipurmami. Adarra sartu zion zezenak ezkerreko ipurmasailean. Abereari ez zaizkio behin ere ikusi behar ipurmasailak gorotzez zikinduak.

ipurtalde

iz. Ipurdi aldea. Belearen ipurtaldea baino beltzago. Ipurtalde zabaleko emakumea.

ipurtandi

adj. Ipurdi handia duena. Aurrean du behi ipurtandi pintoa.

ipurtargi

1 iz. Lampyridae familiako intsektu gorputz-biguna, ipurtaldean argi ahul berdexka bat ematen duen organo bat duena (Lampirys noctiluca).

2 iz. (Argi iturri batek ematen duen argia oso motela dela adierazteko). Hau da ipurtargia daukaguna!

ipurtarin

adj. Inon geldirik ezin egon daitekeena. Ahuntz ipurtarinak. Benito, beti bezain ipurtarin, Bergaran agertu zen Gabon bezperan.

ipurtats

iz. Ugaztun haragijalea, arre iluna, txikia eta gorputz-luzea, Europa, Asia eta Ipar Afrikako basoetan bizi dena eta usain nardagarria botatzen duena (Putorius putorius).

ipurterre

adj. Erretxina, berehala haserretzen eta espaka hasten dena. Agure ipurterrea.

ipurteste

iz. Heste lodiaren azken zatia, uzkian bukatzen dena.

ipurtezur

iz. Bizkarrezurra amaitzen den hezurra, ipurdiaren gainaldean dagoena. Ik. sakro. Erori eta ipurtezurra hautsi du. Natura ere kontserbadorea baita, ipurtezurrean, buztan desagertu baten aztarna daramagu.

ipurtondo

iz. Fusilez eta kidekoez mintzatuz, ipurdia. Fusilaren ipurtondoarekin buruan eman zion.

ipurtxuntxur

1 iz. Ipurtezurra. Ik. ipurkonkor.

2 iz. Hegaztietan, atzealdeko atal higikorra, bizkarraren eta buztanaren artean dagoena. Eskinosoak luma urdin deigarriak ditu, buztana beltza eta ipurtxuntxurra zuria.

ipurtzulo

iz. Ipurdiko zuloa. Ik. uzki. Zoaz txakurraren ipurtzulora (arrunk.): zoaz pikutara.

ipurtzuri

adj. Alfer handia. Ik. alferrontzi. Ipurtzuri galanta duk hori lanerako!

ipuru1

iz. Nekostaren familiako zuhaixka, hosto-zorrotza, oso urrintsuak diren fruitu beltz edo moreak ematen dituena (Juniperus communis). Ik. orre1.

ipuru2

iz. Alor baten ertza, landu gabe geratzen dena. Ipuruan zutik zeuden gizonak.

ipuruko

iz. Kopetakoa, idiei eta behiei, uztartzean, kopetan jartzen zaiena. Ipuruko berri bat.

ira

iz. Bizk. Iratzea. Ik. garo1. Ira berdea. Ira sail handia, gaur ebaki duguna. Basoan gelditzen den ira-zuztarra. Ira-metak egiten.

irabarnetar

1 adj. Irabarnekoa, Irabarneri dagokiona.

2 iz. Irabarneko herritarra.

irabazarazi, irabazaraz, irabazarazten

du ad. Irabaztea eragin. Bekatuak paradisua galarazten dizula eta irabazarazten infernua.

irabazi1, irabaz, irabazten

1 du ad. Egin den lanaren, aurrezkiaren edo inbertsioaren ondorioz, diru sari bat eskuratu. Diru asko irabazi du aurten. Zenbat irabazten duzu hilabetean? Ikazkintzan irabazten zituen sos apurrak. Bost talentu zituenak beste bost irabazi zituen. Lan asko egiten du, eta gutxi irabazten. Salmentan irabazi zuenarekin. Nekearen nekez irabazitako txanponak. Eguneroko ogia irabazteko. Jateko adina irabazi. || (Jokoan). Anton. galdu 4. Dirutzak irabazi zituen musean. Jokoan irabazia omen zuen zeukan guztia.

2 du ad. Onura edo abantaila bat lortu. Itzul-lanetan irabazi duen entzutea. Guztion aitormenez irabazia zuen gidaritza ukatu dio oraintsu batek baino gehiagok. Barkamen osoa irabazteko. Betiko bizitza irabaz dezagun. Ongi irabazia du gaur egiten zaion omenaldia. || (Onurak edo abantailak ez diren gauzez mintzatuz). Ik. garagarrak irabazi; zaldaleak irabazi. Gure mutiko bihurriak zigorra irabazita zuen. Bekatuaz egin naiz bere arerio; irabazi dut infernua eta galdua naiz betiko.

3 du ad. Lehiaketa edo txapelketa batean saria eskuratu, garaile gertatu. Lehen saria irabazi duena. Nobel saria irabazi. Cannesko urrezko palma irabazi duen filma. Aurkeztu den lehiaketa guztiak irabazi ditu. Apustua irabazi. Hauteskundeak irabazi zituenean. Gerra irabazi zutenak. Gure hizkuntzaren borroka irabazi arte. Ea nolatan irabazi zuen hainbeste garaitia. Pilota-partida irabazi du. || dio ad. (nor osagarririk gabe). Beti irabazten dio pilotan. Alde handiz irabazi digu.

4 du ad. Konkistatu. Gizonak hilaz eta lurra odolduaz erreinu asko irabazi zituen. Geroztik, irlanderak ezin irabazi du lehen galdu zuen eremua. Bere arma guztiez baino hiri gehiago irabazi, garaitu eta erdietsi zituen hitz onez eta arrazoi gozoz. Irabazten zituzten herriei beren hizkuntza harrarazten zien. || Zer balio du gizonak mundua irabaz dezan, arima galtzen baldin badu? Balaku eta losintxekin israeldarren gogoa irabazi eta beretu zuen. Jainkoaren legearentzat arimak irabazi.

5 du ad. (nor osagarririk gabe). (Pertsona, animalia edo landare bat) hazi, sendotu. Arbolak aski irabazi duela iruditzen zaizunean. Joan den urtetik hona anitz irabazi du gure semeak.

6 du ad. (nor osagarririk gabe). Zerbaitetan hobetu. Batek baino gehiagok esan dio bere lanak asko irabaziko lukeela hitzaurre bat balu.

irabazi2

1 iz. (Pluralean nahiz singularrean). Egin den lanaren, aurrezkiaren edo inbertsioaren ondorioz irabazten den gauza. Ik. irabazkin; etekin; mozkin. Zure lanaren irabazia egunero hartzen duzu. Urteko irabaziak. Irabazi garbia, gordina. Irabaziak eta galerak kontuan harturik. Irabaziak eta zorrak. Niretzat lana, zuretzat irabaziak. Irabazien erdia emango ziola. Ez du ezerk irabazi handiagorik ematen aziendak baino. Lur haiek urteko mila euroren irabazia emango diote beren jabeari. Liburuen irabaziak behartsuen artean banatzen zituen. Irabazi motza, laburra. Irabazi urriak lortu. Jokalariak azkenean irabazi gutxi. Bakoitzaren irabazien arabera. Damurik, ez da dena irabazi hutsa izango. Irabaziak oinak arin (esr. zah.).

2 iz. Merezimendua. Zerurako irabazirik egin gabe. Zoriontasuna izango da handiagoa edo txikiagoa, bakoitzaren irabazi eta merezimenduen neurrian.

irabazian 1 adb. Irabazten. Norgehiagoka hauetan, bat gertatuko da irabazian eta bestea galduan.

2 adb. Etekin bat lortzen. Dirua irabazian ipintzeko.

irabazi-asmo Jarduera edo ekintza batean irabaziak lortzeko asmoa. Irabazi-asmorik gabeko erakundea.

irabazkin

iz. Irabazia. Ondasun eta irabazkinen iturri bakarra lana da. Borroka bidez irabazi ditu irabazkinak.

irabazle

iz. Irabazten duen pertsona. Ik. irabaztun. Sariaren irabazlea. Zozketaren irabazleak. Hirugarren irabazlea. Nor izan da irabazlea? Gerretan ez dago irabazlerik.

irabazpide

1 iz. Zerbait irabazteko era edo bidea. Irabazpiderik gabeko behartsua. Irabazpide errazen bila. Baserriaren irabazpideak.

2 iz. Etekina ateratzen den jarduna. Zuhaiztiak egitea da irabazpiderik onena. Biziki irabazpide ona zela uste izanik. Irabazpideari porrot eragiteko. Irabazpide baterako diru pixka bat behar dut.

3 iz. Ogibidea, bizibidea. Hori da nire lanbidea eta hori nire irabazpidea.

irabazpidezko

1 adj. Zuz. Ondasunez mintzatuz, ondasunen banatzea egin ez duten ezkontideek ezkondu ondoren irabazi dituztenak, legez bienak direnak. Irabazpidezko ondasunak eta ezkontide bakoitzak ekarritakoak.

2 adj. Zuz. Sozietate edo erkidegoez mintzatuz, ezkontideek ezkondu ondoren irabazi dituzten ondasunak legez bienak direla ezartzen duena. Irabazpidezko sozietatea desegin.

irabazte

iz. irabazi aditzari dagokion ekintza. Ik. irabazi2.

irabaztun

iz. Irabazlea, bereziki jokoan edo apustu batean. Irabaztunak txartela bidali zion aitari eta honek esan zuen: hamabi mila dukat galdu ditu nire semeak? Irabaztunak pozik dabiltza, galdu dutenentzat kalte.

irabelar

iz. Urrebotoiaren familiako landare pozoitsua, Eurasiako eskualde epel eta hotzetan hazten dena, lore urdin ilun estalkidunak ematen dituena (Aconitum napellus). Ik. akonito. Herakleako eztia irabelarrarekin egiten da.

irabiagailu

iz. Janariak irabiatzeko tresna. Ik. malats2. 1910ean asmatu zen irabiagailua, gaur egun arrautzak eta kidekoak jotzeko sukaldean egunero erabiltzen dugun tresna.

irabiaketa

iz. Irabiatzea.

irabiaki

iz. Esnea azukrearekin eta frutekin edo beste zenbait gairekin nahasiz eta irabiatuz prestatzen den edaria. Ik. irabiatu2. Txokolatezko irabiakia.

irabiatu1, irabia, irabiatzen

1 da/du ad. Irauli, iraulkatu. Izarrak eroriko dira zerutik, hemengo gauza guztiak irabiatuko dira, eta ibiliko dira batzuk gora besteak behera. Zoaz lizunkerian eta bizitza lohian irabiatzera. Odoletan irabiaturik hila aurkitu zuten.

2 da/du ad. Nahasi, nahaspilatu. Ardoaren indarrak burua irabiatzen badio. Irabiatu zitzaion gorputzeko odol guztia.

3 du ad. Irauliz nahasi. Arrautzak irabiatu. Esne gaina irabiatu, gurina egiteko.

4 (Era burutua izenondo gisa). Munduko itsaso irabiatu edo nahasi honetan ditugun arriskuak.

irabiatu2

iz. Esnea azukrearekin eta frutekin edo beste zenbait gairekin nahasiz eta irabiatuz prestatzen den edaria. Ik. irabiaki. Esnea, jogurtak eta irabiatuak.

irabiatze

iz. irabiatu aditzari dagokion ekintza.

irabio

iz. Urduritasunak eragiten duen astinaldia. Giza multzoaren dardara eta irabioa.

irabioka

adb. Iraulka.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper