Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

intermodal

1 adj. Geltokiez mintzatuz, garraiobide bat baino gehiagoren bilgune dena. Geltoki intermodala.

2 adj. Salgaiak garraiatzeko moduez mintzatuz, edukiontzi mota edo neurri bakarra erabiliz, ibilgailu edo garraiobide desberdinak konbinatzen dituena. Itunaren bitartez, bi administrazioek salgaien garraio intermodala sustatu nahi dute Nafarroan.

3 adj. Terminalez mintzatuz, garraio intermodalean erabiltzen diren edukiontziak garraiobide batetik bestera aldatzeko, azpiegitura eta zerbitzu bereziak eskaintzen dituena.

internauta

iz. Interneteko edo kideko sare bateko zerbitzuak erabiltzen dituen pertsona. Ik. zibernauta. Pantaila bidezko harreman elektroniko hura nahikoa ez eta, buruz buru elkar ezagutzeko irrikak bultzaturik, hitzordu bat adostu zuten bi internautek.

internazional

iz. Nazioartekoa.

internazionalismo

iz. Pol. Muga nazionalak gainditzearen eta nazioarteko elkarlana sustatzearen aldeko joera. Muga nazional guztien gaindi internazionalismo sozialista baten aukera ikusi zuten.

internazionalista

1 adj. Pol. Internazionalismoarena, internazionalismoari dagokiona. Ikuspegi internazionalista bultzatu.

2 iz. Pol. Internazionalismoaren aldekoa. Internazionalista talde bat.

Internet

iz. Mundu guztian hedatua den informatika-sarea, ordenagailuen arteko lotura zuzenaren bidez eratua, informazioa trukatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko edo jasotzeko erabiltzen dena. Internet bidez erosi eta saldu ahal izango dira bigarren eskuko objektuak. Gero eta jende gehiagok du Interneterako sarbidea. Amezketako eskolan kexu dira Internet zerbitzurik ez dutelako. Erantzuna Interneten aurkitu zuen. Egunkaria, telebista eta irratia ez ezik, Internet ere zaintzapean dute agintariek. Gurasoek ez diote beldurrik izan behar Interneti. || Bere beste liburuekin batera, liburu berria ere Internet sarean irakurtzeko aukera eskaintzen du F. Zubiagak.

interpelatu, interpela, interpelatzen

1 du ad. Zuz. Norbaiti egin edo esan duen zerbaiti buruzko azalpenak eskatu. Orain bost urte interpelatu zuten Baionako Goi Instantziako Auzitegiko prokuradore izandakoa, bost neska adingabe bortxatzea egotzita.

2 du ad. Zuz. Legebiltzarrean edo senatuan, diputatu edo senatari batek gobernuari edo mahaiari, lege-proiektu edo lege-proposamena ez den gairen bati buruz, azalpenak eskatu. Sozialistok zu eta zure gobernua interpelatu beharrean izan gara, ez dituzuelako betetzen ez zuen konpromisoak eta ez Legebiltzar honek emandako aginduak.

interpelazio

iz. Zuz. Interpelatzea. Iragan ostiralean, Nafarroa Bai talde parlamentarioak etxebizitza hutsen inguruko interpelazioa egin zuen Nafarroako Parlamentuan. PPren bozeramaileak, berriz, interpelazioa aurkeztu du Legebiltzarrean.

interpelaziogile

iz. Zuz. Interpelazio bat egiten duen pertsona. Interpelaziogilearen txanda da, orain duzu hitza.

interpolatu, interpola, interpolatzen

1 du ad. Hurrenkera bat osatzen duen gauza sail baten barnean kideko zerbait tartekatu.

2 du ad. Mat. Magnitude baten balio hurbildua kalkulatu tarte batean, tarte horretatik alde batera eta bestera dituen balioak ezagunak direnean.

interpolazio

iz. Interpolatzea; interpolatzen den testua edo balioa. Ataltxo hori, eskuizkribu batean ez baita agertzen, zenbait ikertzailek interpolaziotzat jo du. Kalkulatu nahi den denbora interpolazioz zehazten da.

interpretatu, interpreta, interpretatzen

1 du ad. Zerbaiti, bereziki oso argi ez den zerbaiti, esanahia egokitu; zerbait era jakin batean ulertu. Ikasleak jatorrizko testua interpretatzeko gai dira. Ametsak interpretatu.

2 du ad. (Musika-lan bat) jo. Mozarten piezak interpretatuko ditu Albada kuartetoak.

interpretatzaile

adj./iz. Interpretatzen duena. Aristotelesen testuaren interpretatzaileek diotenez.

interpretazio

1 iz. Interpretatzea. Testua ongi finkaturik eta ahal den neurrian argiturik dagoenean, interpretazio oso baten premian izango da.

2 iz. (Musika-lan bat edo kantu bat) jotzea edo abestea. Lan hau kalitate handikoa da, bai kantuen interpretazioari dagokionez eta baita musikari bakoitzaren gaitasunari erreparatuta ere.

3 iz. Antzerki lan bateko edo film bateko pertsonaiaren baten rola jokatzea edo antzeztea. Zinema jaialdian, interpretazio onenaren saria eraman zuten Marivi Bilbao, Ramon Barea eta Alejandro Tejeria aktoreek.

interprete

1 iz. Zerbait interpretatzen duen pertsona. Chopinen interprete entzutetsua.

2 iz. Beste hizkuntza batean diharduen solaskideak esaten duena ahoz itzultzen duen pertsona. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea. Bertakoekin hitz egiteko ez zuen interprete beharrik.

interrelazio

iz. Bi gauza edo gehiagoren arteko elkarrekiko erlazioa. Ez gara gauza interrelazio konplexu hauek azaltzeko.

intersekzio

1 iz. Mat. Elkargunea.

2 iz. Mat. Ebaketa.

3 iz. Mat. Ebakidura.

interstizial

adj. Biol. Gorputz bateko zirrituetan edo gorputz biren arteko zirrituetan dagoena. Likido interstiziala. Barrabiletako zelula interstizialak.

intimismo

iz. Art., Liter. Arte estiloa, barne sentimenduen adierazpena edo familia-giroko eta barne giroko gaien irudikapena ezaugarri dituena. Irazuren poemetan, egunerokotasunerako eta intimismorako joera goxo eta natural bat dago.

intimista

1 adj. Art., Liter. Intimismoarena, intimismoari dagokiona. Poesia intimista. Zinema intimista. Lan hau, estilo aldetik, pop eta jazz intimistaren arteko zerbait dugu. Erakusketan berrehundik gora lan erakutsiko dira, artistaren pintura intimistenak tarteko.

2 adj. Art., Liter. Lan intimistak egiten dituena. Kantugile intimista bezain berritzailea.

intimitate

1 iz. Pertsona baten eremu pertsonal eta berezia. Jendearen intimitatea babesteko. Inoren intimitatea urratu gabe. Segurtasunaren izenean askatasuna eta intimitatea lapurtu dizkigute.

2 iz. Barrukotasuna; barrukotasunezko harremana. Hura zen gure arteko intimitatearen frogarik nabariena.

intimo

1 adj. Barrukoa, pertsonaren barnekoa dena edo barnetik ateratzen dena; intimitateari dagokiona, intimitatean egiten dena. Doinu lasai eta intimoak dira disko honetakoak. Gauza intimoak eta pertsonalak kontatu dituzte. Erditzea une intimo eta delikatua da. Etxeko eszena intimoak.

2 adj. Tokiez, dekorazioaz edo giroaz mintzatuz, norbaitekin lasai eta goxo egoteko egokia dena. Leku intimoa eta erromantikoa. Giro intimoa.

3 adj. Jende gutxirekin, etxekoekin edo lagunartean, egiten dena. Gure ezkontza intimoagoa izan zen, baina... politagoa; oroitzen zara? Panel mugikor batzuk ipini dituzte aretoan, gauza txikiagoak edo intimoagoak programatzeko aukera izateko.

intolerante

adj. Besteen ideiak edo jarrerak errespetatzen ez dituena. Piztia fanatikoa, integrista intolerantea. Gobernuaren jarrera intolerantea salatuz.

intolerantzia

1 iz. Besteen ideiak edo jarrerak errespetatzen ez dituenaren jarrera. Indarkeriaren, arrazakeriaren eta intolerantziaren aurkako legea. Itsukeriaren eta intolerantziaren biktima izan direnak.

2 iz. Janari edo sendagai jakin batzuk onartzeko gaitasunik eza. Laktosarekiko intolerantzia.

intonatu, intona, intonatzen

du ad. Melodia bat doinu egokian kantatu. Kantuaren lehen bertsoak ozen intonatuz. Ongi intonatzen zuten musika-tresnen laguntzarik gabe.

intonazio

1 iz. Hizkl. Hizkuntza baten edo pertsona edo talde baten hizkeraren doinu berezia. Elgetarrek ÉL-ge-ta ahoskatzen dute beren herriaren izena, intonazio argi batean lehen silaban jarriz indarra. Liburuak Eibarko euskararen azentua eta bereziki intonazioa aztertzen ditu. Ingelesezko galderen intonazioa. Goranzko intonazioa.

2 iz. Mus. Melodia bat doinu egokian kantatzea. Kantaldiaren une batzuetan, Iesus Dominus-en adibidez, erritmo eta intonazio akatsak izan dira.

intoxikatu, intoxika, intoxikatzen

da/du ad. Gai toxiko batek gorputzean kalteak eragin. Ik. pozoitu. Lau pertsona intoxikatu dira bart karbono monoxidoa arnasteagatik.

intoxikazio

iz. Intoxikatzea. Elikagai bidezko intoxikazioak.

intrantsigentzia

iz. Eztabaida batean amore emateko edo nolabaiteko adostasunera iristeko prest ez dagoenaren jarrera. Alderdiaren intrantsigentziak eragotzi du konponbidea.

intrantsitibo

adj. Hizkl. Iragangaitza. Aditz intrantsitiboak.

intriga

1 iz. Liter., Zin. Antzerki, film edo eleberri baten korapiloa.

2 iz. Liter., Zin. Film, antzerki edo kontakizun batean, gertakizunek eta egoerek ikusle, entzule edo irakurlearengan pizten duten jakin-mina; film, antzerki edo kontakizun batek jakin-mina pizteko duen gaitasuna. Ik. suspense. Gidoi bikaina du filmak eta intrigak hasieratik amaiera arte irauten du. Egileak bidaiatzeko zaletasuna eta polizia-eleberria uztartu ditu intrigazko nobela honetan.

intrintseko

adj. Berezkoa, inguruko zertzeladen eraginetik at dena. Masa objektu materialen propietate intrintsekoa da. Gizarte modernoak paradoxa intrintseko bat bizi du: "indibidualismo instituzionala".

intsektizida

iz. Intsektuak hiltzeko produktua.

intsektu

iz. Sei hankako animalia artropodoa, gehienetan hegoduna izan daitekeena eta gehienetan metamorfosia duena; (pl.) animalia horiek osatzen duten klasea. Eulia intsektua da. Intsektu bizkarroia. Intsektuen ezaugarriak.

intsektujale

adj./iz. Intsektuz elikatzen dena. Armiarmak intsektujaleak dira. Hegazti intsektujalea. Ugaztun intsektujaleen ordena. Aspaldian, mundu guztiko landare intsektujale ugari ikusten da saltokietan.

intseminazio

iz. Arraren hazia emearen obulura helaraztea, bereziki artifizialki helaraztea. Alaba intseminazio bidez izan zuen duela zortzi urte, eta adopzioan hartutako semeak hiru urte pasatxo ditu. Intseminazio artifiziala. Hura baino lehen izan ziren beste intseminazio teknika batzuk.

intsentsatu, intsentsa, intsentsatzen

1 du ad. Intsentsu ontziari eraginez ohoratu. Gurutzeak intsentsatu zituzten. Zergatik elizan Jainkoa intsentsatzen da? Besoa luzatuz intsentsatu.

2 du ad. Gehiegi laudatu.

intsentsatzeko

iz. Ipar. Intsentsu ontzia.

intsentsu

iz. Gai erretxinaduna, erretzen denean urrin gozoa barreiatzen duena eta, batez ere, elizkizunetan erabiltzen dena. Urrea, intsentsua eta mirra eskaini zizkioten. Intsentsua erre. Intsentsu alea. Intsentsu ketan. Intsentsu gandua lo dagoen lekuan.

intsentsu belar, intsentsu-belar Kamamilaren familiako landarea, lore koloredunak eta hosto hauskarak dituena (Pericallis cruentus edo Senecio cruentus).

intsentsu ontzi, intsentsu-ontzi Intsentsua erretzeko erabiltzen den ontzixka estalkiduna, kate batzuetatik zintzilik egoten dena. Intsentsu ontzian sua ipini. || Intsentsu ontziari eragitea ez da kritika.

intsignia

iz. Heg. Ohore, maila edo titulu baten, edo erakunde edo elkarte baten ezaugarri den ikurra, eskuarki agerian, arropan jarrita, eramaten dena. Panazko uniformea zeraman, intsigniaz apaindua eta xingolaz eta galoiz hornitua. Urrezko intsignia eman zien bazkide gisa 50 urte egin zituztenei.

intsulina

1 iz. Pankreak jariatzen duen proteina-hormona, odoleko azukre maila kontrolatzen duena. Pankreak behar adina intsulina sortzen ez duenean agertzen den gaixotasun kronikoa da diabetesa.

2 iz. Intsulinaren ezaugarriak dituen gaia, sintesi bidez lortua, diabetesaren aurka erabiltzen dena. Lehenengo motako diabetesean, intsulina hartzeaz gainera, zorrotz kontrolatu behar da jaten den karbohidrato kopurua eta egiten den ariketa fisikoa.

intsumisio

1 iz. Lege jakin bat betetzeari uko egitea. Eskubide hori urratzen duen edozeren aurrean intsumisiora jotzeko eskatu zuten.

2 iz. Nahitaezko soldadutzari uko egitea.

intsumiso

1 adj./iz. Lege jakin bat betetzeari uko egiten diona. Konstituzioarekiko intsumiso agertu ziren. || Oteiza, artista intsumisoaren eredua.

2 adj./iz. Nahitaezko soldadutzari uko egiten diona.

intsusa

iz. Caprifoliaceae familiako zuhaixka, zur oso arina eta usain txarreko hostoak dituena, ginbail moduko bat eratzen duten lore txiki zuriak ematen dituena (Sambucus sp.). Intsusa loreak egosi eta haien lurruna arnastu.

intsusa txori, intsusa-txori Txinboa.

intuitibo

1 adj. Intuizioari dagokiona, intuizioan oinarritua. Ezagutza intuitiboa. Hasieran modu intuitiboagoan sortzen genuen, orain kontzienteagoa da dena.

2 adj. Batez ere intuizioaz baliatuz aritzen dena. Oso intuitiboa naiz, teknikari ez diot hainbeste erreparatzen.

3 adj. Modu intuitiboan erabiltzen dena. Instalazioa oso intuitiboa da, pauso bakoitza erraz egin daiteke.

intuizio

iz. Senaren bidezko ezaguera edo hautematea, berehalakoa eta arrazoibidez kanpokoa. Poeten mundu antzaldatu hori sumatzeko, sen berezia, intuizioa, edo musek igorritako dohain sotil hori behar da. Intuizio-argiak gidaturik.

intxaur

1 iz. Intxaurrondoaren fruitua, azal berde batez estalia dena eta zurezko bi oskolez babestua dagoen hazi oliotsua, jateko ona, daukana. Intxaur bana edo gaztaina bina. Intxaur berdeak. Intxaurrak bildu. Intxaur olioa intxaur ongi helduen mamiaz egiten da. Intxaur orea. Intxaur oskolaren antzeko ontzi batean heldu ginen Ameriketara. || Esr. zah.: Intxaurrak baino hotsak handiago. Intxaurrak bost, hotsak hamabost.

2 iz. Itxuraz edo neurriz intxaurraren antza duen fruitua. Hamar kola intxaur, Mali-n emazteagatik ordaintzen den kopurua.

3 iz. Intxaurrondoa. Etxe ondoko intxaur gainean txantxangorria kantari. Intxaur adarra. Intxaur oholezko mahaia. Intxaur zura txit aintzat hartua da zurgintzan.

4 iz. Intxaurrondoaren zura. Intxaurrezkoa zen zerraldoa.

intxaur arbola, intxaur-arbola Intxaurrondoa. Garai bateko intxaur arbola lodien tokian, hiru epaitondo motz.

intxaur beltz Intxaurrondo beltza.

intxaur hauskailu, intxaur-hauskailu Intxaur oskolak hausteko tresna.

intxaur muskatu Myristica fragans zuhaitzaren fruitua, intxaur txiki baten antzekoa, janarien bizigarri erabiltzen dena.

intxaur saltsa, intxaur-saltsa Intxaurrez, esnez eta azukrez egiten den jaki gozoa, Eguberrietan hartzen dena.

intxaur zuhaitz, intxaur-zuhaitz g.er. Intxaurrondoa.

intxaurdi

iz. g.er. Intxaurrondo saila. Alkizan intxaurdi asko ziren.

intxaurrondo

iz. Tamaina handiko zuhaitza, itzalpe handikoa eta zur oso onekoa, hostoak konposatuak eta loreak zintzilik dauden gerbetan dituena, fruitutzat intxaurrak ematen dituena (Juglans regia). Ik. intxaur 3; intxaurtze. Bertako hiru intxaurrondo gerri-zabalen itzalpean jarrita.

intxaurtze

iz. Intxaurrondoa.

intxixu

1 iz. Euskal mitologiako izakia. Intxixuak mairu baratzeetan lurperatuak daude.

2 iz. Aztia, sorginaren ahalmenak dituen gizonezkoa. Intxixu batek adina malezia bazuen Fernando zenak, barruti gutxi erosi eta beti ardiak gizenak. Intxixu batek esan omen du niregatik sorgina.

intzestu

iz. Elkarrekin ezkontzea zilegi ez duten ahaideen arteko sexu harremana.

intzigar

iz. Antzigarra.

intziri

1 iz. Oinazearen edo atsekabearen ahozko adierazpen hitzik gabekoa. Ik. zinkurin; espa; antsia2. Gizonen negar, deiadar, oihu, intziri, auhenak. Intziri sarkorra, mina. Negar intziriak. Intziriak baizik ez ziren entzuten. || Irud. Hostope ilunean haizeak intziri.

2 iz. Txakurrak eta kidekoek egiten duten ulu antzekoa. Txakurren intziriak, zaldien irrintziak, lehoi eta zezenen orroak. Otsoa intziriz hasten zaio deitzen.

intziri egin Emakumeek hartaz negar eta intziri egiten zuten.

intzirika

adb. Intziri eginez. Ik. antsika. Intzirika eta negarrez. || Irud. Ate zabal astuna intzirika ireki denean. Ezkilak intzirika abiatu ziren.

inude

iz. Inoren haurrari bularra ematen dion edo hura zaintzen duen emakumea. Ik. unide; hazama. Inudeak haurrekin zebiltzan kalean. Inude saria. Katalin inude joan da Bilbora, diru apur bat etxeratzeko.

inudetu, inude/inudetu, inudetzen

du ad. g.er. Inude batek (haurra) hazi; hazi. Gazte hau artzain artean inudetua izan da.

inudetza

iz. g.er. Inudearen lanbide edo jarduera. Hitz gogorrez jardun zuen inudetzaren kalteez; hitz haserreak esan zituen beren haurrak utzi eta besterenak haztera aberats etxeetara joaten direnengatik.

inuit

1 adj. Ipar Amerikako, Groenlandiako eta Siberiako lurralde artikoetan sakabanaturik bizi den etnia batekoa, etnia horri dagokiona. Ik. eskimal. Groenlandiako herri inuit batean pasatu nuen hilabete.

2 iz. Etnia horretako kidea. Ama inuita eta aita daniarra zituen, eta inuiten artean hazi zen. Kanadako inuitek, lurperatu beharrean, gorpuak harriekin estaltzen dituzte.

inurri

iz. Gorputza hiru ataletan banatua duen intsektu txikia, arrez, emez eta langilez osaturiko talde handiak eratuz inurritegian bizi dena (Formicidae). Ik. txindurri; xinaurri. Inurri mota asko dago. Bere zorigaitzean inurriari hegalak sortu zitzaizkion (esr. zah.).

inurrijale

adj. Inurriz elikatzen dena. Hartz inurrijalea.

inurritegi

iz. Inurrien bizilekua, igarobidez eta gelatxoz osatua. Inurritegiak diruditen etxeak.

inurritu, inurri/inurritu, inurritzen

da ad. Gorputzaren adar batean, jarrera txar baten ondorioz-edo, azkuraren antzeko sentipen ezatsegina izan edo sentiberatasuna galdu. Besoak inurrituta esnatu zen. Zangoak inurritu zaizkit.

inusturi

iz. Trumoia. Ik. ihurtzuri. Inusturien burrunba. Inusturi izugarria. Hodeitik alde egin eta inusturia topatu nuen. Inusturien atzean euria (esr. zah.).

inuzente

adj./iz. Herr. Adimenez atzeratua, eta, bereziki, adimen atzerapena aurpegian nabari zaiona. Ik. inozente. Herri guztietan da inuzenteren bat, denen txorimaloa izateko. Pagolatarren seme txikia inuzentea duk.

inuzentekeria

iz. Herr. Inuzenteari dagokion egitea. Ik. inozokeria. Inuzentekeria handia egin duzu dirua aurreratzea alproja horri.

inuzentetu, inuzente/inuzentetu, inuzentetzen

da/du ad. Lelotu. Ama perlesiarekin eta aita inuzentetua bezala du. Fraide hauek inuzentetu edo lelotu dira nonbait beren txoko horrekin.

in vitro

1 adb. Laborategiko saio-hodi batean edo ingurune artifizial batean (egin, sortu...). 1978ko uztailaren 25ean jaio zen in vitro sortutako lehen haurra.

2 (Izen gisa). In vitro ernalketa. Gaixotasun genetikoren bat duten gurasoek in vitro teknikara jo dezakete haur bat izateko.

iñhazi

iz. Ipar. Tximista.

iño

interj. Harridura, ustekabea edo mirespena adierazteko erabiltzen den hitza. —Sermoirik egon da? —Bai, ederra gainera... iño!, hura izan duk sermoia!

iodo

iz. Kim. Halogenoen saileko gai solidoa, berotzean lurrun moreak sortzen dituena (I; zenbaki atomikoa, 53). Iodo gatzak.

iodoformo

iz. Kim. Ale horixka txikietan kristaltzen den gaia, usain sarkorra duena eta antiseptiko gisa erabiltzen dena (CHI3).

ioduro

iz. Kim. Iodoaren eta metal baten arteko konbinazioa. Pekin gainean dauden hodeiak zilarrezko ioduroz bonbardatu nahi dituzte euria egin dezan.

ioi

iz. Elektroi bat edo batzuk galdu dituen atomoa edo molekula. Ioiak positiboak edo negatiboak izan daitezke. Helio ioia.

ioniko

adj. Kim. Ioiena, ioiei dagokiena. Disolbatzailearen indar ionikoa. Erradiazio ionikoa.

ionizatu, ioniza, ionizatzen

1 da/du ad. Ioi bihurtu; ioiak eratu. Gasa ionizatzeko, Eguzkiaren indarra erabiltzen du zundak.

2 (Era burutua izenondo gisa). Gas ionizatua.

ionizatzaile

adj. Erradiazioez mintzatuz, zeharkatzen dituen molekulak ionizatzeko aski energia duena. Esterilizatzeko eta iraupena luzatzeko aplikatzen zaizkie prestaturiko elikagaiei erradiazio ionizatzaileak.

ionizazio

iz. Kim. Ionizatzea. Ionizaziorik gabeko erradiazioak giza osasunean duen eragina.

ionosfera

iz. Atmosferaren goialdeko geruza ionizatua. Ionosfera atmosferaren hirugarren geruza da, eta Lurretik 50 kilometrora hasi eta 500 kilometroko altueraraino iristen da.

iota

iz. Alfabeto grekoko bederatzigarren letra (ι, Ι).

ipar

1 iz. Iparraldea. Iparretik hegora.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ipar Amerika. Ipar Afrikatik etorritako herriak. Ipar afrikarren artean. Ipar Atlantikoa. Ipar Euskal Herria.

3 iz. Iparraldetik datorren haize hotza. Kanpoan iparra dabil. Iparrak neguan elurra. Ahizpa, zoaz orain Sala-ko leihora, iparra ala hegoa denetz jakitera. Ilunak ateratzen ditu mihi gaiztoak, iparrak euria bezala. Nahiz ipar hotza dela, nahiz dela sargori. Ipar beltza: iparraldeko haize oso hotza. Ipar zuria: iparraldeko haize atsegina. Ipar argiarekin basoak ikusiko dituzu inarrosten. Galdu zituen gari-zelaiak, gailendu zaio sasia, galdu zituen ipar garbiak, gailendu trumoi nahasia.

ipar-ekialde 1 Ostertzeko puntua, iparralde eta ekialdearen arteko bitartearen erdian dagoena. Iparraldera edo ipar-ekialdera begira dauden lurrak.

2 Lurralde batean, ipar-ekialdeko eskualdea. Ipar-ekialdeko euskalkia.

ipar haize, ipar-haize Iparra. Ipar haizeak kale zokoan intziri. Donostian ipar haizeak eguraldi ona ekarri ohi du.

ipar-mendebalde 1 Ostertzeko puntua, iparralde eta mendebaldearen arteko bitartearen erdian dagoena. Hiriburutik 180 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Volta aintzira.

2 Lurralde batean, ipar-mendebaldeko eskualdea. Alemaniako ipar-mendebaldean.

ipar-orratz [Oharra: Euskaltzaindiak, ipar-orratz-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iparrorratz].

ipar-sartalde Ipar-mendebaldea.

ipar-sortalde Ipar-ekialdea.

iparburu

1 iz. Iparraldeko lurburua. 1909an heldu zen Peary Iparburura.

2 iz. Iparburu inguruko eskualdea. Iparburuko itsaso izoztua.

iparralde

1 iz. Ostertzeko lau puntu nagusietako bat, hegoaldearen aurrez aurre dagoena. Ik. ipar. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Mila eta bostehun metro iparraldera. Iparraldetik jotzen zuen haizeak. Iparraldeko izarrak.

2 iz. Lurraren, zeruaren edo lurralde baten iparraldeko eskualdea. Aragoiko iparraldean. Oiz mendiaren iparraldera. Hiriaren iparraldetik igaroz. Nafarroako iparraldeko mugetan. Iparraldeko herri hotzak. Iparraldeko gizon hezea zen; hegoalde lehorrak ez zuen gehiegi kilikatzen. Iparraldeko itsasoetan. Iparraldeko lurburua (Ik. iparburu).

3 iz. Mugaz iparraldeko Euskal Herria. Euskal idazle gehiago izan da Iparraldean Hegoaldean baino. Iparraldeko euskalkiak. Iparraldeko Nafarroa.

iparraldetar

1 adj. Iparraldekoa, iparraldeari dagokiona. Ik. ipartar.

2 iz. Iparraldeko herritarra. Iparraldetarren ile horailak.

iparramerikar

1 adj. Ipar Amerikakoa, Ipar Amerikari dagokiona.

2 iz. Ipar Amerikako herritarra. Musikal ederrak egin zituzten iparramerikarrek 60ko hamarkadan.

iparrizar

iz. Hartz Txikiko izarretako bat, iparra seinalatzen duena. Iparrizarrak gidatzen du gauaz marinela.

iparrorratz

iz. Iparra seinalatzen duen burdin atal imandu birakorra, gehienetan kutxatxo beiradun batean finkatzen dena. Ik. itsasorratz; imanorratz.

ipartar

1 adj. Iparraldekoa, iparraldeari dagokiona. Ik. iparraldetar. Ipartar aintziretako ur gardenak.

2 iz. Iparraldeko herritarra. 1014an bukatu zen ipartarren nagusigoa Irlandan.

3 adj. XIX. mendeko Ameriketako Estatu Batuetako Sezesio Gerran batasunaren eta esklabotza ezeztatzearen aldekoa zena.

ipi-apa

1 iz. pl. Xehetasunak. Ipi-apa guztiekin kontatu zidan.

2 adb. Xehetasun guztiekin, hitzez hitz. Ipi-apa sinetsi.

ipinarazi, ipinaraz, ipinarazten

du ad. Ipintzera behartu. Irudiak ipinarazi zituen aldare guztietan. Ez zen lasaitu, santua kartzelan katez beterik ipinarazi zuen artean. Belauniko ipinarazi du.

ipingi

iz. Bizk. Adabakia. Prakei ipingi bat ezartzen.

ipini, ipin, ipintzen

1 du ad. Norbait edo zerbait toki edo egoera berri batean gertarazi. Ik. jarri. Lur aldapatsuetan zuhaitzak ipini behar dira. Zorro batean ipini. Norbaiti zerbait begien aurrean ipini. Paradisuan ipini zituen gure lehen gurasoak. Itsasoari mugak ipini. Etsai ezagunen eskuetan ez nuke armarik ipiniko. Bere nahia Jaunaren eskuan ipinita. Bere buruari trabak ipintzen. Aurpegi iluna ipini. Norbaitek zerbaitetan arreta ipini. Edonoren irispidean ipini. Arriskuan ipini. Salgai ipini. Bost talentu hartu zituenak irabazian ipini eta beste bost atera zituen.

2 du ad. (Paperean) eman, idatzi. Argitaratzaileak ipini dion hitzaurrea egokia da benetan. Euskal neurtitzak izkributan ipintzera. Damu dut aitormen honen azpian, izenaren ondoan, beste zertxobait ezin ipini ahal izatea.

3 du ad. (Bestelako testuinguruetan). Ipini dizkidaten eginbeharrak. Lege bat ipini. Zerbaiti erremedioa ipini.

ipizki

iz. Bizk. Labea garbitzeko eskuila edo espartzua, haga batean loturik erabiltzen dena.

ipotx

iz. Nanoa. Aitona, egia al da ipotxak perretxikoetan bizi direla?

ipuin

1 iz. Irudimenak sorturiko alegiazko kontakizuna, jostatzeko helburua duena. Ik. alegia 4. Ahozko ipuinak. Amonari entzundako ipuinak. Ipuinak kontatzen. Euskal Herriko ipuin zaharrak "behin batean" esapideaz hasten dira. Arratoiaren eta elefantearen ipuina. Peru eta Mariaren ipuinak. Ipuinak erakusten duena. Ipuin barregarria, gordina, lizuna, lotsagarria. Ipuinak idatzi. Kirikiñoren ipuinak. Ipuin-idazlea (Ik. ipuinlari). Koldo Ameztoi ipuin kontalaria. Ipuin liburuak. Ipuin sariketa. Irratirako ipuinak.

2 iz. Egiazkoa ez den esana. Ipuinak dira horiek. Atsoen ipuinak.

ipuingile

iz. Ipuinlaria.

ipuingintza

1 iz. Ipuinak idaztea, jarduera gisa hartua; ipuinek osatzen duten literatura mota. Ipuingintza, eleberrigintza, antzerkia, ia genero guztiak ditu landuak. Ahozko ipuingintza.

2 iz. Autore baten edo garai edo hizkuntza jakin bateko ipuinen multzoa. Euskal ipuingintza. Maupassanten ipuingintza oparoa.

ipuinlari

iz. Ipuin-idazlea. Kirikiño ipuinlaria.

ipuinzale

adj. Ipuinak gogoko dituena, ipuinen zalea dena. Badakit nik euskaldunak ipuinzaleak direla. Haur ipuinzaleak.

ipurbeltz

adj. Ipurdi beltza duena. Dantza-sokaren erdian aker ipurbeltza. || Esr. zah.: Paziak ziotson pertzari, ken hadi, ipurbeltz hori! Tupinak pertzari ipurbeltz. Zozoak beleari ipurbeltz.

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper