Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

idaroki ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, idaroki-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iradoki].

idarokizun iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, idarokizun-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. iradokizun].

idatzaldi

iz. Idazlan bat taxutzen den aldia; (idazlan baten) taxutzea. Eskuizkribuaren lehen idatzaldiari zenbait lagunek egin dizkioten oharrak kontuan izan ditut behin betiko idatzaldian.

idatzarau

iz. Idazteko araua.

idatzarazi, idatzaraz, idatzarazten

du ad. Idaztera behartu. Eskutitzak idatzarazten zizkidan. Euskara batuan idatzarazten duten aldizkariak.

idatzi1, idatz, idazten

1 du ad. Zerbait ikur bidez paperean edo kideko gairen batean irudikatu; bereziki, hitzak letren bidez irudikatu. Ik. izkiriatu. Lumaz idatzi. Arkatzez idatzia. Eskuz idazteko. Makinaz idatzirik. Ez daki irakurtzen eta idazten. Letra batzuk harrian idatziak. Norbaiten izena hondarrean idatzi. Idatz itzazu hemen izen-abizenak. Musika idatzi. Euskaraz idatzi.

2 du ad. Idatziz adierazi; idazlan bat egin. Eskutitz bat idatzi dio. Horrezaz liburu bat idazteko asmoa du. Hitz lauz idatzi. Gai jakin bati buruz idatzi. Legean zer dago idatzirik? Kirikiñok idatziriko irakurgaiak. Aldizkarietan idazten du. || Hitz egiten duen bezala idazten du. Ongi, garbi idatzi.

3 (Era burutua izenondo gisa). Ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatzia. Eguneroko hizkuntza idatzi arruntean.

idatzi2

iz. Idazkia. Idatzi santuetan irakurria.

idatziz adb. Testu idatzi baten bidez. Idatziz bidaliko da eskaria. Idatziz esan edo adierazi.

idatzizko adj. Idatzia.

idauztar

1 adj. Idauzekoa, Idauzeri dagokiona.

2 iz. Idauzeko herritarra.

idazgai

iz. Idazten denaren gaia. Antzinako paganoen mitoak idazgaitzat erabiliz.

idazgela

iz. Idazteko gela, idazten den gela. Bere etxeko idazgelan.

idazkari

1 iz. Erakunde, elkarte edo batzorde batean, bilera-agiriak idazteko, gainerako izkribuak prestatzeko eta haietaz arduratzeko egitekoa duen kidea. Euskaltzaindiko Idazkaria. Udaleko idazkaria. Hizkuntza batzordearen idazkaria.

2 iz. Norbaiti eskutitzak idazten dizkion eta bulego arazoetan laguntzen dion enplegatua. Zuzendariaren idazkaria. Bulegoko idazkaria.

3 iz. Zenbait alderdi politikotako buru eragilea. Frantziako Alderdi Komunistaren Idazkari Nagusia.

4 iz. Zenbait herritako ministroen izena; gobernu bateko goi kargua. Hala jakinarazi zuen Londresko Ipar Irlandarako estatu idazkariak. Estatu Batuetako Hezkuntza eta Nekazaritza idazkariak.

idazkariorde

iz. Idazkariaren ordekoa edo laguntzailea. Idazkariordearen ardurapeko zereginak. Italiako atzerri-idazkariordea.

idazkariordetza

1 iz. Idazkariordearen kargua edo lanbidea. NBEko idazkariordetza Tanzaniako atzerri-ministroak hartuko du.

2 iz. Idazkariordearen ardurapeko bulego edo zerbitzua. Gai Politikoetarako Estatu Idazkariordetza.

idazkaritza

1 iz. Idazkariaren kargua edo lanbidea. Idazkaritza utzi du.

2 iz. Idazkariaren ardurapeko bulego edo zerbitzua; erakunde baten idazki bidezko harremanak bideratzen dituen bulego edo zerbitzua. Unibertsitateko idazkaritza. Hizkuntza Eskolako Idazkaritzan. Hezkuntza Saileko Idazkaritzak bidalia.

idazkera

1 iz. Hizkuntza jakin bateko hitzak idazteko modua. Ik. ortografia. Lehen argitaraldiko idazkera aldatuz.

2 iz. Hitzak edo gogoetak ikurren bidez irudikatzea. Idazkeraren asmaketa. Idazkera ideografikoa. Idazkera fonetikoa: hizkuntza hotsak irudikatzen dituena.

3 iz. Idazte sistema jakin batean erabiltzen den ikur mota. Idazkera gotikoa, arabiarra.

4 iz. Norbaitek idazterakoan letrak marrazteko duen moldea. Idazkera irakurgaitza. Idazkera aztertuz, izaera ezagutu.

5 iz. Idazteko, zerbait idatziz adierazteko modua. Ik. estilo1; idaztankera. Idazkera bihurriko idazlea. Hanpatua, puztua zen haren idazkera.

idazketa

iz. Idaztea. Ik. idazkuntza. Irakurketa eta idazketa-ariketak.

idazki

iz. Idatzirik dagoen gauza, idatzi den gauza. Ik. idazlan; izkribu. Eskutitz, liburu eta gainerako idazkietan. Zortzi orrialdeko idazki bat. Idazki bilduma. Latinezko idazki zaharretan.

idazkintza iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, idazkintza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. idazkuntza].

idazkun

iz. Harri, diru peza eta kidekoetan idatziriko hitz multzoa. Ik. inskripzio. Hemengo idazkunetan erromatar jainkoak inoiz aipatzen dira.

idazkuntza

iz. Idazketa. Egunkariaren idazkuntza-burua.

idazlan

iz. Idatziz moldatutako lana edo obra. Ik. idazki. Mitxelenaren idazlan hautatuak. Virgilioren idazlanak osorik, latinetik euskarara itzuliak. Ingelesezko idazlanak soilik argitaratzen dituzte. Idazlan sariketa. Giro hartan sortu ziren Lizardiren poesia eta beste zenbait idazlan eder. Idazlan bat egin, prestatu, moldatu, ondu.

idazlari

1 iz. Idazlea; literaturazkoak ez diren testuak idazten dituen pertsona. Donostiako egunkari batean agertu zen, idazlariaren izenik gabe.

2 iz. Juduen artean, legea azaltzen zuen pertsona. Ik. eskriba. Idazlariak eta fariseuak.

idazle

iz. Idazlanak, eta, bereziki, literatura-lanak, moldatzen dituen pertsona. Ik. autore. Irakurleak eta idazleak. Badakigu euskal idazle izan zela, erdal idazle ez ezik. Bizkaitar idazle zaharretan. Ingelesezko idazle bikaina. Erroma eta Greziako idazleak. Idazle herrikoiak eta ikasiak. Ipuin idazlea. Liburu idazlea. Hitz lauzko idazlea. Idazle elkarteak.

idazletza

iz. Idazlearen lanbidea edo jarduera. Idazletza izan du ogibide. Irakasle lanekin batera uztartu zuen idazletza.

idazluma

iz. Luma (idazteko erabiltzen dena). Idazluma hartu, tintontzi batean sartu, eta idazten hasi zen.

idazmahai

iz. Idazteko egokitua den mahaia. Idazmahaian dituen paperak.

idazmakina

iz. Idazteko makina. Idazmakina elektrikoa.

idazmen

iz. Idazteko gaitasuna edo ahalmena. Irakurmena eta idazmena lantzeko.

idazmolde

1 iz. Idazkera, hitzak idazteko era.

2 iz. Idazkera, letrak marrazteko moldea.

3 iz. Idazkera, estiloa.

idazpen

iz. Idaztea.

idazpuru

1 iz. Idazki baten izenburua. Hil honen zazpiko Argia-n "Bide berriak" idazpuruaz idatzi duena.

2 iz. Gutunak idazteko paperaren goialdean inprimatzen den pertsona edo erakunde baten izen bereizgarria, beste zenbait daturekin batera (helbidea, etab.) agertu ohi dena.

idaztaldi iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, idaztaldi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. idatzaldi].

idaztankera

iz. Idazteko, zerbait idatziz adierazteko modua. Ik. idazkera 5; estilo1. Mendibururen idaztankera. Esaldi laburrak nagusi diren idaztankera. Hedea baino zailagoa zen haren idaztankera.

idazte

iz. idatzi aditzari dagokion ekintza. Gaur egunean, idazte-irakurtzeak asko zabaldu dira. || Erdaraz idazte honen erroa nik Bilbon ikusten dut.

idaztegi

1 iz. Idaztokia. Ik. idazgela; idazmahai.

2 iz. Liburutegia; artxibategia.

idazti

iz. Liburua.

idaztoki

iz. Idazteko tokia.

ide iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, ide-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. kide].

ideal1

1 iz. Espirituaren xede edo helburua; perfekzio eredua. Reclus eta haren gogaideen ideala giza arrazaren batasuna omen zen, kontinente guztietako arrazak elkarretaratzea. Ahalegin bat baino gehiago egin zen ideal horiek erakunde eraginkorretan gorpuzteko. Idealerantz ene baitan sumatzen dudan abiadura hori nire nahi guztiak baino lehenagokoa da: izadiak berak enegan jarria da.

2 iz. Pertsona edo gizarte baten ideia moralen, intelektualen eta artistikoen multzoa. Mendebaldeko ideal burgesaren aurka errebelatu zen.

ideal2

adj. Ideia hutsari dagokiona, gauzen munduan izatasunik ez duena. Izaki idealak. Gas idealaren legeak.

idealismo

1 iz. Gizabanakoa edo gizartea hobetzeko idealari atxikitzen zaion gogo jarrera. Gazteriaren idealismoa.

2 iz. Fil. Gogoaz kanpoko gauzei ideia hutsen izatasuna baizik aitortzen ez dien filosofia-sistema. Platonen idealismoa. Idealismoa eta materialismoa. Irakaspen horiek idealismoaren eite gehiegi dute.

idealista

1 adj. Idealismoarena, idealismoari dagokiona. Ikuspegi idealista.

2 adj./iz. Idealismoari atxikia, idealismoaren jarraitzailea. Gazte idealista bat. Alemaniako idealistak. Filosofo idealistak.

idealizatu, idealiza, idealizatzen

1 du ad. Norbaiti edo zerbaiti, egiatan ez dituen ezaugarri idealak egotzi. Iragana idealizatzeko joera. Doktrina horretan, "gizaki primitiboa" idealizatzen da.

2 (Era burutua izenondo gisa). Mundu idealizatu horretan.

idealizazio

iz. Idealizatzea. Aberriaren idealizazioa.

idealtasun

iz. Ideala denaren nolakotasuna. Gizakia eskultura-gaitzat hartzen zenean, halako idealtasun batez itxuraldatua ematen zen, edertasun idealez jasoa.

ideia

1 iz. Gauza baten irudikatze abstraktu eta orokorra, gogoak edo adimenak eratua. Ik. adigai; gogoeta. Ideiak hizkuntzaren bidez adierazi. Hitz baino ideia gehiago ditugu. Ongiaren eta gaizkiaren ideiak. Ideiak sortzeko gaitasuna. Euskal Herria —edo Espainia edo Frantzia edo honelako beste edozer— hitz bat baino gehiago dira, baina ez gogoeta bat, ideia bat baino askozaz gehiago. XIX. mendeko Europan nagusitu ziren ideiak.

2 iz. Burutapena; ustea; asmoa. Bere ideia bazuen, hark ere, haurrak hazteko moldeaz. Ezkontzeko ideiak banituen ustez. Frantsesaren ideiak beti aldrebes, gaur lau baldin badira, bihar bat ere ez. Zerbait egiteko ideian egon, ibili, etorri.

identifikagarri

1 adj. Zerbait edo norbait identifikatzen duena. Txarteltxo identifikagarria.

2 adj. Identifika daitekeena. Zuzenean edo zeharka nor den jakin daitekeen edonor da identifikagarria, eta, bereziki, nortasun-zenbaki baten bidez edo ezaugarri baten edo batzuen bidez identifika daitekeen edonor.

identifikatu, identifika, identifikatzen

1 du ad. Norbait edo zerbait nor edo zer den zehaztu. Aita-alabak identifikatu behar zituen. Identifikatu ezin dudan zerbait gogorarazten dit usainak. Gorpua identifikatu dute. || Geure buruak identifikatzeko agindu zigun soldaduak.

2 du ad. Bat egin, berdintzat jo. Euskal Herria Goierrirekin identifikatzen duenak liskarra besterik ez du sortuko, bai Baionan, bai Nafarroako Erriberan. Indarkeriaren poetika hartan, nahitaezko galtzaile ziren indiarrekin identifikatzen ginen.

identifikatzaile

adj. Identifikatzen duena. Txip identifikatzailea. Etiketa identifikatzaileak.

identifikazio

1 iz. Norbait edo zerbait nor edo zer den zehaztea. Urte berean hasi ziren identifikazio genetikoak egiten. Identifikazio txartela.

2 iz. Bat etortzea, berdintzat jotzea. Euskal irakurle askoren eta testuaren arteko identifikazio arazoak aipatu zituzten.

identitate

1 iz. Norbait edo zerbait, bereizgarri jakin batzuk izatearen ondorioz, pertsona edo gauza jakin bat izatea eta ez beste bat; izate horren kontzientzia edo ezagutza. Ik. nortasun. Identitate krisia. Giza sexualitatearen barruan hainbat identitate, desio eta nahi daudela. Identitatearen arazoa ez du nazionalismoak asmatu. Identitaterik gabe ez gara, ez pertsona, ez herri.

2 iz. Mat. Beti egiazkoa den berdintza. Ekuazioak eta identitateak.

ideografiko

adj. Ideograma bidezkoa. Idazkera ideografikoa: ideogramak erabiltzen dituena.

ideograma

iz. Ideia edo adigai baten adierazpen grafikoa, ahoskeraren berri ematen ez duena. Txinatar ideogramak.

ideologia

iz. Garai, gizarte, talde edo klase baten ideia eta usteen multzoa. Ik. doktrina. Ideologiak —edo mistikak, orain esaten dutenez— eman dio komunismoari berebiziko indarra. Ideologia bereko alderdiak. Ideologia abertzalea.

ideologiko

adj. Ideologiarena, ideologiari dagokiona. Arazo ideologikoak: ideologia-arazoak.

ideologizatu, ideologiza, ideologizatzen

1 du ad. Ideologiaz hornitu. Eredu horrekin ez da euskara ideologizatzen, ez da aukera politikoekin berdintzen.

2 (Era burutua izenondo gisa). Biktimen aldeko historia ideologizatua irakatsiz.

ideologizazio

iz. Ideologizatzea. Langileriaren ideologizazioa. Indarrean dagoen sistemaren ideologizazio tresnak.

ideologo

iz. Ideologia bat eratzen eta lantzen duen pertsona. Ik. teorialari. Sabino Arana, euskal nazionalismoaren ideologoa, EAJren sortzailea.

idi

1 iz. Abelgorri ar heldu zikiratua, lanerako erabiltzen edo haragitarako hazten dena. Ik. uztar-idi. Betleemgo idi-astoak. Idiak uztartu. Nahiago dituzte idi eta behiak lan gogorretarako, zaldi eta mandoak baino. Laborariak idi gizendutik egin behar du mozkinik hoberena. Idi zuriak ez dira gizentzeko baizik. Ostegun gizenez idi gizena paseatzen dute. Erranen du zenbaitek orga ezarri dudala idien aitzinean. Idiak gobernatzen (Ik. itzain). || Esr. zah.: Idia adarretik, gizona hitzetik. Idi berari goldea.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Idi parea saldu. Idi taldea. Idi gurdia. Idi gorotza. Idi zilaz jipoitu. Idi jabeak eskatzen diona.

idi apustu, idi-apustu Idi dema. Idi apustua jokatu zuen Mekoletaren aurka.

idiarena jo Lgart. Gizonezkoa masturbatu. Ik. kanpaia jo 2.

idi-begi 1 Kamamilaren familiako landarea, lore-horia (Anacyclus clavatus).

2 Leihatila biribila edo obala.

idi-bihotz Tulipa.

idi dema, idi-dema Idiekin egiten den dema, harri astun bat herrestan eramatean datzana. Idi dema horiek Gipuzkoan jokatzen dira.

idi-mihi Borrajaren familiako landarea, iletsua eta lore-urdina (Anchusa azurea).

idi proba, idi-proba Idi dema. Debako idi probak jokatuta, Abadiñokoen txanda heldu da.

idi uztarri, idi-uztarri Batez ere Bizk. Idi parea. Gurdi bat, idi uztarri eta guzti.

idiazabaldar

1 adj. Idiazabalgoa, Idiazabali dagokiona.

2 iz. Idiazabalgo herritarra.

idiki

iz. Idiaren okela. Idiki errea jaten dugu igandeetan.

idiko

iz. Naf. Idiskoa.

idiliko

1 adj. Idilioarena, idilioari dagokiona. Maitasun idiliko baten ondorioz. Bi herrialdeen arteko harreman idilikoak eten zirenean.

2 adj. Idilioetako giroa gogorarazten duena; idealizatua. Pagoek eta haritzek bat egiten duten paraje idiliko horretan.

idilio

1 iz. Maitemindu biren arteko maitasun harremana.

2 iz. Maitasun gaiez aritzen den artzain-olerki laburra. Teokrito greziar olerkariaren idilioak.

idiomatiko

adj. Hizkl. Hizkuntza jakin bati dagokiona. Esapide idiomatikoak.

idiosinkrasia

iz. Gizaki edo gizatalde baten aiurri berezi eta bereizgarria. Euskal kultura euskaldunen idiosinkrasiaren adierazpena da. Ondo ezagutzen zuen Ebrotik beherako idiosinkrasia berezia. Margolari hauek proposatzen dituzten sistema horiek bakoitzaren idiosinkrasiaren araberakoak dira.

idiota

adj./iz. Idioziak joa.

idiotismo

iz. Hizkl. Hizkuntza baten esapide berezia, gramatika-arauekin bat ez datorrena eta beste hizkuntza batera hitzez hitz itzul ezin daitekeena. Mintzaira guztiek dituzte beren mintzamolde berezi edo idiotismoak.

idiozia

iz. Med. Adimen urritasun larria.

idisko

iz. Txahal arra, zezen gaztea. Ik. ergi; zezenko. Idisko gaztea. Idisko mardo hezigabea. Idisko nafarra.

idiskotu, idisko/idiskotu, idiskotzen

du ad. Zezenak edo idiskoak behia estali. Idiskotzera daramate behia. Behia idiskotuta dago.

idoi1

iz. Zingira; ura pilatzen den sakonunea, maiz abereen edanleku izaten dena. Nilo ibai bulartuak sortutako idoi zabaletan. Bere asaben idoietan ardiak eradaten zituenean.

idoi2

iz. Ipar. Iraina, laidoa. Zernahi idoi jasanez. Barkatzen diogula bidegabe edo idoi egiten digunari.

idoitsu

adj. Idoi asko duena, idoiz betea. Lur idoitsuetan.

idoki, idoki, idokitzen

1 du ad. Ipar. Atera; erauzi. Zulo honetarik nik idokiko haut. Kanpora idoki zituen guztiak. Ezpata idokirik. Erroetatik idokitzen den landarea. Etsaien mendetik idoki nazazu. Gogoeta honetatik zerbait fruitu idoki ahal dezadan. Zure begiak gaizpidea ematen badizu, idoki ezazu eta urrun aurtiki ezazu.

2 du ad. Ipar. Kendu. Ik. edeki. Idoki iezadazu, arren, bizia. Oinazeak loa idokitzen du. Estalkia idokitzen dionean.

idokitzaile

adj./iz. Adierazten dena idokitzen duena. Zure grazia da sokorri emailea, lotsaren idokitzailea.

idolatra

adj./iz. Idolozalea. Ez gaude erlijio idolatren mende.

idolatria

1 iz. Idoloen gurtza. Idolatrian erori. Idolatriaren ilunpeetan. Gizon jakintsu askoren iritzia da, euskaldunen artean ez zuela idolatriak lekurik izan.

2 iz. Pertsona edo gauza batenganako maitasun itsua. Arrazoimenaren idolatria.

idolo

1 iz. Jainkotzat hartzen den zerbaiten irudia, jainko gisa gurtzen dena. Idoloak adoratzen dituztenak.

2 iz. Gurtzen den pertsona edo gauza. Zure idoloa da zure grina hori. Frantziar futbolaria da gaur egungo gaztetxoen idolo nagusia.

idolozale

adj./iz. Idoloak gurtzen dituena. Errege idolozalea. Idolozaleak zirelako. Idolozaleekin harremanak izan zituelako.

idor

1 adj. Ipar. eta Naf. Lehorra, agorra, hezetasunik ez duena. Ik. ihar; elkor; siku. Lur idor eta hotza. Belar, egur idorra. Indarrak joanak, mihia idor. Hotz idorra. Janaritzat ogi beltza eta idorra. Mahats idorra eta gazta gogorra. Hizkuntzalaritzaren eremu idorrenetarik urruntzen. || Egartsu idorra: egarri guztiz handia.

2 adj. Ipar. eta Naf. Gozotasunik, txerarik gabea. Ik. gozogabe; gozakaitz. Hartze idorra egin zidan. Irri idor batekin. Bihotz idorreko gizona. Enperadoreak ez zuen igurikitzen halako solas idorrak entzutea haur baten ahotik. Errege idor eta bihozgabea. || Lan idorra eta gaitza.

3 adj. Ipar. eta Naf. Edari alkoholdunez mintzatuz, gozoa ez dena, azukre gutxi duena. Ardo idorra.

4 adj. Ipar. eta Naf. Pertsonez edo animaliez mintzatuz, gantz gutxi duena. Ik. ihar 3; zimel 2. Ahari gizenak eta idorrak.

5 adj. Ipar. eta Naf. Hotsez mintzatuz, durundirik gabea. Hots idorra. Ihurtzuri kolpe idorrak.

6 iz. Ipar. eta Naf. Lehorra (itsaso-ren aurrez aurre). Itsasoz eta idorrez bidaiatuz.

idorrean adb. g.er. Lansariez mintzatuz, dirutan ordainduz edo kobratuz, janaria barne ez dela. Idorrean hartzen den langilea.

idorrik adb. Busti gabe. Jordango urak ireki ziren eta oro iragan ziren zangoak idorrik.

idorgarri

adj. Idorreria eragiten duena. Ik. astringente. Janari idorgarriak.

idorki

adb. Idortasunez; zakarki. Zintzurretik mintzo zen, idorki. Idorki erantzun. Arras idorki hartu zituen, nonbaiteko zelatariak balira bezala.

idoro, idoro, idorotzen

da/du ad. Aurkitu. Ik. ediren. Bilatu eta idoro naute. Galdua idoro. Gordean zegoen edertasuna idoro eta agerrarazi du. Han idoro izan bazina. Etsai gogorren artean idorotzen bagara.

idorokunde

iz. g.er. Aurkikuntza.

idorokuntza

iz. g.er. Aurkikuntza.

idorraldi

iz. Idortzea; zerbait idortzen den aldia. Idorraldi bat behar dute oihal horiek, hezeegiak dira.

idorrarazi, idorraraz, idorrarazten

du ad. Idortzera behartu. Adreiluak eguzkitan idorraraziz. Egur hezea idorrarazi.

idorreri

iz. Sabela idortzea, sabela husteko eragozpena. Tomateak hestea arintzen laguntzen du, egokia da idorreria dutenentzat.

idortasun

iz. Idorra denaren nolakotasuna. Sabel idortasuna (Ik. idorreri). Bihotzaren idortasuna. Nigandik esker txar, hoztasun edo idortasunik senti ez dezan.

idorte

iz. Agortea. Ik. lehorte. Euritea eta idortea. Idorteak hondatu ditu bazterrak. Joan den urtean bezala bi hilabetez idortea egin baligu.

idortegi

iz. Zerbait idortzeko prestatzen den tokia. Soroetan, larrain estalietan eta azao idortegietan.

idortu, idor/idortu, idortzen

1 da/du ad. Lehortu. Belarrak idortu arte. Hegoak lurra idortzen du. Gazta gehiegi idortzen bada. Gizonak zahartu direno, ikusten dira idortzen, zimurtzen, ihartzen. || Irud. Aberastasunak bihotzak idortzen ditu.

2 du ad. Idorreria eragin. Janari beroegiak sabela idortzen du.

idulki

1 iz. Enbor zatia. Idulki bat legez hilik.

2 iz. Zutabe baten euskarri edo oinarria. Harrizko hamar idulkiren gainean.

idun

iz. Bizk. Lepoa. Idunetik loturik. Zezen idun-sendoa. || Atorraren iduna. Alkandora nahiko erabilia, idun bizartsuaz.

iduneko

iz. Bizk. Lepokoa. Perlazko iduneko bat.

iduri1

iz. Ipar. eta Naf. Irudia.

ene (gure...) iduriko Ipar. eta Naf. Nire (gure...) ustez. Ene iduriko, hori ongi da.

ez idurian Ipar. eta Naf. Bestela badirudi ere; konturatu gabe. Horrela irakatsi ziguten unibertsitatean eta, ez idurian ere, horrela izaki, gutiz gehienik. Elkar ezagutzen ez duten jendeen arteko jestu horiek, ebaska bezala eginak direlarik, badukete, ez idurian, adiera sakon zerbait. Ez idurian parrokiako kermeza hurbiltzen ari da.

idurian adb. Ipar. eta Naf. Irudian. Jaitsi zen Espiritu Santua uso idurian. Badator Judas saltzailea, eta adiskidearen idurian ipintzen du Jesus bere etsaien atzaparretan.

iduri egin Ipar. eta Naf. Irudia egin, itxura egin. Ez aditu iduri egin zuen.

iduri eta (Perpaus osagarri bat lagun duela). Ipar. Ba... bezala. Atzaparka lotzen zaio, iduri eta begitarte guztia larrutu behar diola: atzaparka lotzen zaio, begitarte guztia larrutu behar balio bezala.

iduri izan 1 du ad. Ipar. eta Naf. Aipatzen denaren itxura izan, hura izango balitz bezala azaldu. Iduri du eri dela. Zezen bat iduri duen behia: zezen bat dirudien behia. Iduri du zaldiz dabilela. Arbolen adarrek hilak iduri zuten. Iduri luke berriketari batzuek plazer hartzen dutela besteen itzalak hedatzen.

2 zaio ad. Ipar. eta Naf. Iruditu. Maitearengandik urruntzen ari naizela iduri zait. Iduri zaionean eginen du galde.

iduripean adb. Ipar. eta Naf. Irudipean. Badakizue ezen deabruak mila forma har ditzakeela, eta emakume baten iduripean ager daitekeela batean, herensuge batenean bestean.

idurira adb. Ipar. eta Naf. Irudira. Gizonak ez dira Jainkoaren idurira eginak? Uhina zutitzen zen bertan pareta zabal baten idurira.

iduriz adb. Ipar. eta Naf. Irudiz. Iduriz onak eta funtsean gaiztoak direnak.

iduri2

Bezala. Ik. irudi2. Tximinoak iduri, itzulika eta jauziz.

iduri3

iz. Ikatz xehea. Belztu zituzten aurpegiak iduri bustiarekin. Egiten dute bekatu ikazkinek ikatzari jartzen badiote iduri, lur edo beste gauzaren bat.

idurimen iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, idurimen-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. irudimen].

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper