Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

oriotar

1 adj. Oriokoa, Oriori dagokiona.

2 iz. Orioko herritarra.

orisoaindar

1 adj. Orisoaingoa, Orisoaini dagokiona.

2 iz. Orisoaingo herritarra.

oritz

iz. Erditu berriaren lehen esnea. Oritzak ez du parerik aratxea hazteko.

oriya

iz. Indian mintzatzen den hizkuntza.

orka

iz. Izurdearen familiako itsas ugaztun handia, bizkar hegal zorrotzekoa, gaina beltza eta azpia eta begi inguruak zuriak dituena (Orcinus orca).

orkatila

iz. Zangoak eta oinak bat egiten duten tokian alde bietara nabarmentzen den irtengunea. Orkatila hautsi dut. Orkatila bihurritu. Orkatiletatik arrastaka burdin kateak.

orkatz

iz. Oreinaren familiako ugaztun hausnarkaria, hura baino txikiagoa, ile-gorrixka eta adar-txikia (Capreolus capreolus). Ik. basahuntz 2. Orkatz arra, emea. Orkatz lasterkaria. Orkatz bati behin hurbildu direnek badakite leher egiteko usain bat baduela.

orkestra

iz. Hainbat musika-tresna mota jotzen dituzten musikarien taldea. Orkestra txikia. Hirurogei kideko orkestra. Filadelfiako Orkestra Sinfonikoa. Piano eta orkestrarako kontzertua. Orkestra-zuzendaria.

ganbera orkestra, ganbera-orkestra Orkestra txikia, areto txikietan musika klasikoa jotzeko eratua dena.

orkestratu, orkestra/orkestratu, orkestratzen

du ad. Mus. Musika-lan bat orkestrarako egokitu. Ravelek orkestratu zuen Mussorgskiren Erakusketa bateko margolanak piano obra.

orkestratze

iz. Musika-lan bat orkestrarako egokitzea. Moskuko Kontserbatorioko harmonia eta orkestratze irakaslea. Orkestratze lanak.

orkidea

iz. Landare hosto-bakuna, maiz mordoetan biltzen diren lore ikusgarriak ematen dituena; landare horren lorea (Fam. Orchidaceae).

orkoi

iz. Oinetakoak egiteko erabiltzen den oin itxurako pieza. Zapatak jantzi berrian hertsitzen du, baina apur bat erabiliz gero, moldatzen da, oinaren neurrira eta orkoira etortzen da.

orkoiendar

1 adj. Orkoiengoa, Orkoieni dagokiona.

2 iz. Orkoiengo herritarra.

orkomenoar

1 adj. Orkomenokoa, Orkomenori dagokiona.

2 iz. Orkomenoko herritarra.

orkoro

iz. Bizk. Erpurua. Gurutze hauek egin behar ditugu eskuineko eskuko orkoroarekin.

orkume

iz. g.er. Oraren kumea. Ik. txakurkume.

orlegi

1 adj. Berdea. Zelai orlegiak.

2 iz. Kolore berdea. Dena orlegi biziz jantzia.

ormaiztegiar

1 adj. Ormaiztegikoa, Ormaiztegiri dagokiona.

2 iz. Ormaiztegiko herritarra.

ornamentu

iz. pl. Erl. Apaizak elizkizunetan erabiltzen dituen jantziak; aldarea apaintzeko erabiltzen diren zapiak. Kasulla eta gainerako ornamentuak. Aldareko ornamentuak. Ornamentu sakratuak.

ornitologia

iz. Zoologiaren adarra, hegaztiak aztertzen dituena. Ornitologia ikerketak.

ornitologo

iz. Ornitologian aditua den pertsona.

ornitorrinko

iz. Australiako ugaztun errulea, urlehortarra, mokoa gogorra eta hankak igeri egiteko prestatuak dituena (Ornithorrhynchus sp.).

orno

iz. Bizkarrezurra osatzen duten hezurretako bakoitza. Orno bat hautsia du.

orno muin, orno-muin Bizkarrezurreko muina. Ik. bizkar muin. Bizkarrezurrak orno-muina babesten du.

ornodun

1 adj. Ornoak dituena, hezurduraz hornitua. Animalia ornodunak.

2 iz. pl. Animalien saileko adar nagusia, bizkarrezurra duten mota guztiek osatua. Ornodunen bost klaseak: arrainak, narrastiak, anfibioak, hegaztiak eta ugaztunak.

ornogabe

1 adj. Ornorik ez duena, hezurduraz hornitu gabea. Animalia ornogabeak.

2 iz. pl. Animalien saileko adarra, bizkarrezurrik ez duten mota guztiek osatua. Intsektuak ornogabeak dira.

oro

1 zenbtz. Guztiak. (Mugagabean erabiltzen da; adiera honetan, aditzarekiko komunztadura, batez ere singularrean egiten da). Ik. guzti 3. Gizon orok behar du hil eta salbatu. Enetzat ardi oro onak dira, zahar eta gazteak. Giputzei eta euskaldun orori. Bedeinkatua zara emazte ororen artean. Zeruan, lurrean eta leku orotan. Aldi eta alde orotako kristauak. Mundua gaiztakeria orotara emana baita. Begira nazazu bekatu orotarik. || (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Gizon den orok badaki.

2 zenbtz. (Artikulu plurala hartzen duen izen sintagma baten eskuinean). Gizonak oro etorri ziren. Lurreko lohiez mamituak daude lurreko gauzak oro. Ihesi joan direla ene gogoeta gaiztoak oro. Gorde behar genituenak oro gorde ez ditugularik. Ikasiak oro Jainkoaren zerbitzuko eman ditu. Haurrek orok ukatzen zuten. Hori uste zutenek orok. Gauzen ororen kreatzailea.

3 zenbtz. (Erakuslearen eskuinean). Eginbide horiek oro. Hauek oro, bada, zer dira? Horiek orok ez diokete onik egin haren osasunari. Haiei orori. Izan gaitezen zorigaitz horien ororen beldur. Herri horietan orotan. Horietarik orotarik zer ikasten dugu? Horiengatik orogatik zer da zuen pagua? Indar horietaz orotaz baliatzen da. Ondasun horietaz orotaz betetzen gaitu.

4 (Izenordain gisa, edo dagokion izen sintagma ezabaturik dela). Etxera joan ginen oro. Oro joanak dira zerura. Izuturik zeuzkala oro. Orok dakite hori. Errege, artzain eta soldadu, oro badoaz lasterrean. Saia gaitezen oro, Azkueren lana osatzen eta hobetzen. Utz itzazu oro eta edirenen dituzu oro. Jainko maiteak orori digula gau on! Ororen adiskidea dena ez da nehoren. Bakoitza beretzat, Jainkoa ororentzat. Hirurak orotan berdin baitira. Orotarik jaten eta orok on egiten. Erdarak orotarik hertsatzen duela. Fedezko gauzez kanpo, bertze orotaz.

5 (Izen baten ezkerrean, indargarri gisa). Ik. dena 3. Oro bihotz da.

6 zenbtz. (Izen sintagmak artikulu singularra hartzen duela). Guztia, osoa. Zu zara ene ontasuna oro.

7 zenbtz. (Izen soilaren eskuinean). Guztia. Jainko Aita botere oro duenaren eskuinean.

oro har Gehienak, ohikoenak, nabarmenenak kontuan izanik, axola gutxiko kontuak alde batera utzirik. Zortzi urte igaro ondoren, ez dut uste, oro har, eginahalaren arrakasta uka daitekeenik. Jokabide honek baditu bere alde onak eta ez hain onak: oro har, ordea, ez zait gaizki iruditzen. Oro har eta salbuespenak salbu.

ororen buru 1 Azken batean. Badut uste, ororen buru, hau dela gure herriak behar duen justizia. Ororen buru, haur bat baizik ez da.

2 Azkenean. Baina, ororen buru, aske gelditu zen, kargurik gabe.

ororen buruan Azken batean. Hura baita ororen buruan beharrena.

ororen gainetik (Gauza) guztien gainetik. Ik. oroz gainetik. Arbasoen mintzaira maitea maitatu du ororen gainetik.

orotan gaindi Oroz gainetik.

orotara Guztira. Badira orotara dozena bat. Hogeita bost orotara.

oroz 1 adb. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietan. Egun oroz behar dugu laudatu. Zure bekatuak urte oroz aitortu. Biltzen ziren Parisko estudiante gazteak ostegun arratsalde oroz.

2 adb. (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Guztietan, bakoitzean. Meza erraten den oroz.

oroz gain Oroz gainetik.

oroz gainetik (Gauza) guztien gainetik; batez ere, bereziki. Ik. ororen gainetik; oroz gain; oroz lehen 2; orotan gaindi. Egizu bi esposen helburu garbia, oroz gainetik izan dadin familia. Badakizue zerk harritu ninduen oroz gainetik?

orozko adj. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietako. Egun orozko otoitzez.

oroz lehen 1 Lehenik, ezer baino lehen. Eskerrak, oroz lehen, jaun erretoreari.

2 Oroz gainetik. Artzaina zen oroz lehen.

orobat

1 adb. Era berean, berdin; gauza bera. Ik. berebat. Zenbait euskal autorek azaldu dute maitasuna, egia, eta ez guztiek orobat. Zaharregia naiz agian, eta gazteegia orobat, etendura horren ondorioak epaitzeko. Orobat esango nuke elkarrizketari dagokionez. Hemen ez ezik, orobat gertatzen zen bestetan ere. Orobat egin daiteke beste edozein hazi motarekin. Eta lehengusu arazoetan orobat da ez ezagutzea eta ez izatea. Azterbideek edonon eta edonorako balio dute gehienbat edo, orobat dena, ez dute inon eta inorako balio.

2 lok. Halaber. Orobat, ez dute berehalakoan ahaztuko San Jordi Pabiloian jendeak emandako ongietorri beroa.

orobateko adj. Antzekoa. Orobatekoak dira hitz horiek.

orobatasun

iz. Ororen batasuna. Haien sistema politikoetan gizabanakoa erabat gelditzen da baztertua, orobatasunari eskainia.

orobatsu

adb. Gutxi gorabehera orobat. Hala bata nola bestea, biak orobatsu baitira, biak dira borondate huts. Orobatsu gertatu zen hemen ere.

orogenia

1 iz. Geologiaren adarra, mendien sortzea aztertzen duena.

2 iz. Mendien sortze prozesua; prozesu horiek gertatu diren denbora-bitartea. Alpetar orogeniak Pirinioak, Alpeak edo Himalaia sortu zituen. Tolesak, gehienetan, orogenian izandako presioek sortzen dituzte. Orogenia-mugimenduak.

orogeniko

adj. Orogeniarena, orogeniari dagokiona. Mugimendu orogenikoak. Garai honetako azken erdia garai orogeniko aktiboa izan zen kontinente guztietan.

orografia

1 iz. Geografiaren adarra, mendiak deskribatzen eta aztertzen dituena. Orografia-ikerketak.

2 iz. Lurralde edo eskualde bateko mendien multzoa. Lan horretan, Ingalaterrako fauna, flora, hidrografia eta orografia jasorik dago.

orohartzaile

adj. Oro hartzen duena. Eredu orohartzaile unibertsal bakarraz.

oroi

iz. g.er. Oroitzapena, oroipena.

oroigailu

iz. g.er. Oroigarria.

oroigarri

1 iz. Zerbait oroitarazten duen gauza; iraganeko zerbait gogoratzeko gordetzen den gauzakia; gertakari gogoangarri baten oroitzapenetan egiten den gauza. Ik. gomutagarri. Eskutitz bat edo bestelako oroigarri samur bat. Jaunartze eguneko oroigarriak. Jentil harriak eta beste holako oroigarriak utzi dizkigutenen erlijioa. Zilargin horiek ez ote dute merezi kaleren bat edo oroigarri bat Durangon? (Ik. oroitarri)

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Erakusleak aipatuko ditut, deklinabidean ditugun nahasketen oroigarri. Hau da nire gorputza, zuentzat ematen dena: egizue hau nire oroigarri.

3 adj. Gogoangarria. Zumarragako Euskal Egun oroigarria.

oroilore

iz. Leku hezeetan hazten den belar landarea, lore txiki urdin, zuri edo arrosak ematen dituena (Myosotis sp.).

oroimen

1 iz. Ikusi, entzun, ikasi edo sentitu diren gauzak gogoan gordetzeko eta gogoratzeko ahalmena; gogoa, iraganeko oroitzapenen gordelekutzat hartua. Oroimena, adimena eta borondatea. Gure oroimen ahularen lagun etorri den liburua. Bat-batean etorri zitzaizkion oroimenera xehetasun guztiak. Oroimenean ikusten ditut. Oroimenean zaitut. Ezin aurkitu baitugu Jainkoa inon, gure oroimenean bezain ongi. Oroimen galtze edo amnesia. Oroimenaren zein zokotan dago Jainkoa?

2 iz. Oroitzapena, oroipena.

oroimengarri

iz. Zah. Oroigarria.

oroimin

iz. Nostalgia. Jose Marik oroiminez gogoratzen zituen pilotalekuko batzarrak. Oroiminez, Beñat zenari.

oroipen

iz. Oroitzapena. Oroipen bat datorkio burura. Niri han gertaturiko gauzez oroipen atseginak ditut. Oroipen saminak ahaztu egin behar dira. Ez dut hango oroipen handirik. Jesusen gurutzeko heriotzaren oroipena. Horra, bada, sei urtez geroz idatzitako oroipenak.

oroipengarri

iz. g.er. Oroigarria.

oroitarazi, oroitaraz, oroitarazten

du ad. Oroitzera behartu. Ik. gogorarazi. Euskal itzulpen horiek Orixerenez oroitarazten gaituzte. Mintzatu zitzaien bere semeei, oroitarazten zituelarik Jainkoak eman zien mezu santuaz. Amak oroitarazten ditu bere zazpi semeak, Jainkoak eginak direla. Ipuin honek beste bat oroitarazi dit. Ahaztuxe geneuzkan zenbait puntu guztioi oroitarazteko. Zertan oroitarazi guztiok gogoan daukaguna? Behin eta berriro oroitarazten den agindua.

oroitarri

iz. Pertsona edo gertaera gogoangarri baten oroigarri egiten den arkitektura- edo eskultura-lana. Txirrita bertsolariari jasotako oroitarria. 1914-1918ko gerlan hilen oroitarrian otoitz batzuk egin ondoan.

oroite

iz. g.er. Oroimena.

oroitez

iz. g.er. Ahanztura, ahaztea. Zenbait urteren buruan oroitezaren osinean betiko hondatuko direnak.

oroitidazki

iz. Lan baten edo jarduera baten egoerari eta garapenari buruzko txostena. Urteko oroitidazkian jasotako datuen arabera, iaztik hona 350 dei jaso dira bulegoan.

oroit izan

da ad. Ipar. Oroitu. Nitaz oroit bazara ni zutaz bezainbat. Eta hilaren arimaz, nor da oroit? Ez nintzen oroit bazenez Jainkorik batere munduan. Nor ez da harzaz oroit izanen?

oroitu, oroit, oroitzen

1 da ad. Gogora etorri, gogora ekarri. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duen izen sintagma bat, adierazpen-perpaus osagarri bat edo zehar-galdera bat har dezake). Gazteegia naiz, hartaz oroitzeko. Orduan, beharbada, oroituko gara nafar euskaldunez. Jainkoaz oroitu ere gabe. Ez dira ezertaz oroitzen. Oroitu ote zen bazuela herri bat, bazuela etxe bat? Oroit zaitez zure bekatuek merezi dutela infernua. Ez naiz oroitzen, noiz joan zen. Berandu oroitu da.

2 du ad. Orain ere urrun zarelarik, oroituko zaitut.

3 zaio ad. Oroitzen zitzaizkion bere bizitzako gertaera guztiak.

oroituki

1 adb. Zah. g.er. Ahaztu gabe. Oroituki igandean behar dugu pentsatu, zenbatetan egin dugun aste hartan bekatu.

2 adb. g.er. Oroituz.

oroitza

iz. g.er. Oroitzapena, oroipena. Gure ama zaharraren oroitza ekarri dit burura.

oroitzapen

1 iz. Oroimenean gordetzen den eta gogora datorren iraganeko irudia. Ik. oroipen. Haurtzaroko oroitzapenak. Gazte denborako oroitzapen bat heldu zait gogora. Harekin egindako afarien oroitzapen atsegina ez da agudo galtzen. Oroitzapen gozoak. Aspaldiko oroitzapenetan murgildua. Etena da antzinako lokarria, eta oroitzapena bera ere ezabatuz doa.

2 iz. Norbaitek edo zerbaitek uzten duen oroitzapena. Gizon haren oroitzapena ohoratzeko. Euskal literaturaren oroitzapenak lurrean diraueno. Munduan ez da ezeztatuko zure oroitzapena.

3 iz. pl. Norbaitek, bizi izan dituen gertaera gogoangarriez egiten duen azalpen idatzia. Oroitzapen horiek irakurle asko liluratu dituzte.

oroitzapenetan (-en atzizkiaren eskuinean). Oroitzeko. Hau egizue nire oroitzapenetan. Euskaltzain zenduen oroitzapenetan egin zen jaialdian. Zure aitaren oroitzapenetan.

oroitze

iz. Gogora etortzea, gogora ekartzea; oroitzapena. Oroitze honek aita nahigabez bete zuen.

orojakile

adj. Oro dakiena. Narratzaile orojakilea Jainkoaren irudiko den moduan. Eskolako maisu orojakile baten tankeran.

orojakin

adj. Ipar. Orojakilea.

orojale

adj. Orotarik jaten duena, mota guztietako gaiez elikatzen dena. Zerria orojalea da. Gizakiak txakala bezalako haragijale batetik txakur orojalea atera du.

orokor

1 adj. Gertaera multzo bati edo banako multzo bati (ez gertaera edo banako bati) dagokiona. Ideia, ohar, irizpide orokorrak. Liburuak badu gai zabalagorik, orokorragorik. Euskal Herriaren irudi orokor eta bateratua lortu eta hedatu behar baitugu. Hiztegi orokorra. Euskal literaturaren bereizgarri orokorrak.

2 adj. Sail bateko gauza gehienei dagokiena. Joera orokorra.

3 adj. Multzo bateko banako guztiei dagokiena edo guztiak biltzen dituena. Batzar orokorra egin zen. Amnistia orokorra. Hauteskunde orokorretan.

4 adj. Erakunde edo zerbitzu baten osotasuna hartzen duena. Zuzendaritza orokorra.

5 adj. Erakunde edo zerbitzu bateko buruaz mintzatuz, zuzendaritza orokorra duena. Zuzendari orokorra.

orokorrean 1 adb. Modu orokorrean. Ik. jeneralean 2. Edonola ere, orokorrean ari naiz; beti izaten dira salbuespenak. Gerrari buruz hasi zen, orokorrean, aitak erabilitako tonu berean.

2 adb. Oro har. Orokorrean, mendira joaten den jendeak prestakuntza ona izaten du.

orokorki

adb. Oro har. Orokorki maila oneko saioa izan da.

orokorpen

iz. Orokortzea.

orokortasun

iz. Orokorra denaren nolakotasuna. Irizpidearen orokortasuna kontuan harturik.

orokortu, orokor/orokortu, orokortzen

da/du ad. Orokor bihurtu. Gaitzaren errora jo ordez, zigorrak zabaldu, orokortu.

orokortze

iz. Orokor bihurtzea. Ik. orokorpen. Adibideetan oinarrituriko orokortzea.

oroldio iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, oroldio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. goroldio].

oronztar

1 adj. Orontzekoa, Orontzeri dagokiona.

2 iz. Orontzeko herritarra.

orotar

adj. Leku orotakoa.

orotariko

1 adj. Orokorra, orori dagokiona. Liburuak badu orotariko sarrera bat. Orotariko Euskal Hiztegiaren inguruan.

2 adj. Era askotakoa. Ik. askotariko. Hornidura biltegi zabalak, orotariko salgaiak edukitzeko.

orots

adj./iz. Ipar. Abereez mintzatuz, arra. Ik. ordots. Eta abere mota guztietarik pare bat sarraraziko duzu, urrixa eta orotsa. Lehoi orotsa bezala zutituko da.

orozbakoz

adb. Zub. Betiko.

orozkoar

1 adj. Orozkokoa, Orozkori dagokiona.

2 iz. Orozkoko herritarra.

oroztar

1 adj. Orotz-Betelukoa, Orotz-Beteluri dagokiona.

2 iz. Orotz-Beteluko herritarra.

orpazurda

iz. Orpoa eta zangoa lotzen dituen zaina. Realeko aurrelariak orpazurda hautsi du Zubietan. Joseba Belokik bi asteko atsedena hartuko du, orpazurdako mina berriro agertu baitzaio.

orpo

1 iz. Giza oinaren atzeko zatia, orkatilaren azpikoa. Ik. aztal. Oin muturra lurrean, orpoa, berriz, airean. Ezpata gerrian eta orpoan ezproiak. Burutik hasi eta orpoetaraino. Orpo hezurra.

2 iz. Oinetakoetan, galtzerdietan eta kidekoetan, orpoa estaltzen duen zatia. Zuloa du galtzerdiak orpoan.

3 iz. Orpoaren azpian zapata-zolari itsasten zaion pieza. Ik. takoi. Orpo luzeko, altuko zapatak.

4 iz. Zuhaitzaren enborrak sustraiekin bat egiten duen aldea. Orpotik ebaki. Arbola orpotik sortzen den kimua. Mahatsaren orpotik dator mama gozoa.

5 iz. Ateak-eta finkatzen diren euskarria. Ik. erro 6. Atea orpotik atera.

Akilesen orpo Norbaiten edo zerbaiten alderdi ahula. Ik. ahulgune. Liburu mota honek, izan ere, bere Akilesen orpoa edizioaren ezaugarrietan dauka.

orpoz orpo adb. Oso hurbiletik, ondo-ondotik. Orpoz orpo jarraitu. Orpoz orpo ibiltzea bata bestearen ondoren. Bekatu horrek zigorra orpoz orpo izaten du.

orratz

1 iz. Ziri moduko atal mehe-mehea, gehienetan altzairuzkoa, mutur batean punta zorrotza eta bestean haria sartzeko begia duena, josteko, brodatzeko edo ehuntzeko erabiltzen dena. Ik. jostorratz. Haria orratz zulotik sartu. Gizon argia eta orratza bezain zuzena. || Esr. zah.: Orratzak baino hariak luzeago behar du izan. Orratzak mundu guztia beztitzen, eta bera biluzik egoten.

2 iz. Orratz buruduna. Ik. iskilinba. Orratz burua bezain txikia.

3 iz. Orratz buruduna, lepoko zapiak-eta lotzeko erabiltzen dena. Ik. buru orratz. Gorbatako orratza. Urrezko orratza paparrean. Besteek ipintzen omen dituzte lepokoak, baina orratzik gabe eta guztia estaltzen ez dutela.

4 iz. Pieza mehe luzea, gehienetan metalezkoa, mutur bat puntaduna edo zorrotza duena eta hainbat erabilera dituena. Ik. haize orratz. Galtzerdiak egiteko orratzak edo galtzerdi orratzak. Erlojuaren orratzak.

5 iz. Iparrorratza, itsasorratza.

6 iz. Lumez mintzatuz, hegaztiaren azalaren barnean sartzen den hodi zatia.

7 iz. Harkaitz zorrotza.

8 iz. Hosto luze eta oso estua, pinu, izei eta kidekoek dituztenen modukoa.

etxe orratz Altuera handia eta solairu asko dituen eraikina. Etxe orratz hori Tokioko negozio-auzo ospetsuaren bihotzean jasoa dago. New Yorkeko etxe orratzak.

orratzain

iz. Tren bat trenbidez aldatzeko, errailak mugitzeaz arduratzen den langilea. Ik. errailtzain.

orratzontzi

iz. Orratzak gordetzeko ontzia.

orraze

iz. Ipar. Abaraska, abaoa. Ezti orraze bat. Orraze zuloak: orrazea osatzen duten hexagono formako gelatxoak.

orrazi

iz. Ileak bereizteko eta apaintzeko erabiltzen den tresna, ilaran jarritako hortz mehe ugariz osatua dena. Lamina urrezko orrazi batekin orraztatzen ari zen. Orrazi larria, xehea, lasaia. Gutxitan orrazten denak lehenbiziko orraztaldian orrazia nekez iragaten du. || Karrakatu zion burdinazko orrazi batekin oraino hezurren gainean zegoen haragia.

orrazkera

iz. Orrazteko era, ile apainduen itxura. Janzkera eta orrazkera. Orrazkera polita zuen. Orrazkera aldatu du.

orrazketa

1 iz. Orraztea, orraztaldia.

2 iz. Idazlan batez mintzatuz, zuzentzea, azken ukituak egitea. Ik. orraztaldi 2; orraztu 4. Egileak utzi zituen bezalaxe, batere orrazketarik gabe, argitaratu dituzte ipuinak. Liburuari azken orrazketa eman.

orraztaldi

1 iz. Orraztea; orrazten den aldi bakoitza. Ik. orrazketa. Gutxitan orrazten denak lehenbiziko orraztaldian orrazia nekez iragaten du.

2 iz. Idazlan batez mintzatuz, zuzentzea, azken ukituak egitea. Liburu honek orraztaldi on bat mereziko luke, argitaratu baino lehen.

3 iz. Ipar. Jipoia.

orraztatu, orrazta, orraztatzen

da/du ad. Ipar. Orraztu. Maiz orraztatzen denak ez du trabarik edireten. Bizar ongi orraztatuak.

orrazte

iz. orraztu aditzari dagokion ekintza. Ik. orrazketa; orraztaldi.

orraztoki

iz. Orratzontzia.

orraztu, orratz/orraztu, orrazten

1 du ad. (Ilea) orraziarekin bereizi, leundu edo apaindu. Ik. orraztatu. Buruko ileak eta aurpegiko bizarrak orraztu. Adatsa orraztu zuen. Artilea orraztu duenean. || Oihala orrazten du orrazi arantzatsuz.

2 da/du ad. Norberaren edo beste norbaiten edo zerbaiten ilea orraztu. Behorrak orrazten ari ziren. Orraztuko nauzu? Apain jantzia eta orraztua. Gutxitan orrazten denak, lehenbiziko orraztaldian orrazia nekez iragaten du. Gaur ez zara orraztu.

3 du ad. Idazlan batez mintzatuz, zuzendu, azken ukituak egin. Inork irakurriko badu, gehiago orrazturik eta ahal den guztia leunduta argitaratu beharko da. Neronek ere hartu nuen lanik aski, ez inoren itzulpena orrazten, baizik eta trakeski esanak zertxobait osatzen eta zuzentzen.

4 (Era burutua izen gisa). (Testu baten) orrazketa. Artikulu bati azken orraztua eman. Euskal hiztegi bikain bati azken orraztuak egiten.

5 (Era burutua izen gisa). Jipoia. Hara zer-nolako orraztua eman diguten.

orre1

iz. Ipar. Ipurua. Eta lokartu zen orrearen itzalpean.

orre2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, orre-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori 'orea' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ore].

orreagatar

1 adj. Orreagakoa, Orreagari dagokiona.

2 iz. Orreagako herritarra.

orri

1 iz. Hostoa. Mahats orria. Tabako orriak. Zure belarria iruditu zitzaidan azaren orria. Zuhaitzak orriz betetzen direla. Orriz jantzi. Orri iharrak.

2 iz. Lauki formako paper zatia. Orri baten bi aldeak (Ik. orrialde). Orria beste aldera itzuli. Orri alboetan. Din A4 orrietan. Liburu baten orriak. Igandero ateratzen zen hiru orriko bertsopaper bat, Bertsolariya zeritzana.

3 iz. Ate eta leihoetan, irekitzen eta ixten den atala. Bi orriko atea.

4 iz. Xafla mehea.

orrialde

1 iz. Liburu, egunkari, koaderno eta kidekoetan, orri baten aldeetako bakoitza. Ik. plama. Egunkari baten orrialdeak. Berrogeita hamarren bat orrialdeko liburuxka. 324. orrialdeko oharrean. 1078-1089. orrialdeetan. 139 eta hurrengo orrialdeetan.

2 iz. Orrialde batean idatziriko testua. Atseginez irakurri ditut orrialde horiek. Orrialde bateko artikulutxoa. Orrialde zuriak: ezer idatzirik ez dutenak.

orrika iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, orrika-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. kurrika].

orrikara

iz. Lertxuna.

orrits

iz. g.er. Oturuntza, otordu oparoa.

orritsu

adj. Hostotsua. Aza orritsu buru txikidun bat.

orritu, orri/orritu, orritzen

da ad. Hostatu, hostoberritu. Pagoak orritu dira aurten iaz baino goizago.

orriuldu, orriul, orriultzen

du ad. g.er. Abarrez edo loreez mintzatuz, hostoak kendu. Ik. kimatu.

orriztatu, orrizta, orriztatzen

1 da ad. g.er. Hostatu, hostoberritu.

2 du ad. (Liburu eta kidekoak) gainbegiratu, gainetik irakurri. Aldizkari zimurra orriztatzen hasi zen.

orro

1 iz. Lehoiaren eta beste zenbait basapiztiaren oihu ozena. Ik. marraka. Zezenen orroak. Basapiztien orro beldurgarriak besterik aditu gabe. Orro lazgarriak.

2 iz. Oihu handia, zarata ozena. Ekaitzaren orroa. Itsasoak bere orro beldurgarriekin igaroko ditu bere mugak. Olatua, orro ikaragarri batekin, ontziaren aldean lehertzen da. Ipar haizeak atertu zituen orroak. Lagunaren orro saminek burutik joanarazten dute Ganix. Ene bihotzeko hasperenak lehen dira orroak, ezen ez auhenak. Mendi bat haur minetan orroaz ari zen.

orroaz adb. Orroka. Haizea orroaz zebilkion inguruan.

orro egin Otsoa atzemateko egin behar baita orro, haiek bezala. Artean zeinuka ari zitzaigun zinema kurrinka, orro, irrintzi eta arrantza egiten hasi zen.

orroa iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, orroa-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. orro].

orroe iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, orroe-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. orro].

orroka

adb. Orro eginez, orro egiten. Zuen inguruan dabil deabrua, orroka dagoen lehoi baten gisa. Orroka eta oihuka hartu zuen ikusle zoratuak apustuaren azkena.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper