Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

urdazubiar

1 adj. Urdazubikoa, Urdazubiri dagokiona.

2 iz. Urdazubiko herritarra.

urde

1 iz. Txerria. Urdeak urde-jana behar du. Urde ahardia: txerri emea.

2 adj. Zikina, lizuna. Are da lizunago eta urdeago bekatua. || Urde ohoina!

urde festa, urde-festa Txerria hiltzen denean egiten den festa. Ik. txarriboda.

urde mutur, urde-mutur Ipar. Urrebotoia.

urdekeria

iz. Zikinkeria, lohikeria. Ikusten dugu gaiztakeriak, lapurretak, urdekeriak gainez egin duela munduan. Lasaikeria eta urdekeria itsusienak leku santuan egiten ziren. Haren ahotik ateratzen ziren urdekeriak.

urdeki

iz. Txerrikia. Edari ona eta urdekia ausarki.

urdetu, urde/urdetu, urdetzen

da/du ad. g.er. Zikindu, lohitu.

urdezain

iz. Ipar. Txerrizaina.

urdiaindar

1 adj. Urdiaingoa, Urdiaini dagokiona.

2 iz. Urdiaingo herritarra.

urdin

1 adj. Zeru garbiaren edo itsasoaren kolorekoa, ostadarraren bosgarren kolorekoa. Neska begi-urdina. Txapela urdina, jaka urdina, praka urdina, pipetako kea urdina, euritakoak urdinak, dena da hemen urdina, alkandora, abarka edo abarketak izan ezik. Oihal urdinezko galtza sendoak. Izar urdinetaraino. Elastiko zuri-urdinak. || (Adizlagun gisa). Zerua ere boladaz urdin-urdin jartzen dela.

2 adj. Ileaz mintzatuz, kolorea galtzen hasia, baina erabat zuritu gabea. Gaztetasunaren kemena eta sua dario alde guztietarik, ile urdinak gorabehera.

3 iz. Kolore urdina. Urdin argia, iluna. Udaberri neskatxa, urdinez jantzia.

urdinarre

adj. Urdinaren eta arrearen arteko kolorekoa. Harkaitz urdinarrea.

urdinbelar

iz. Landare lore-horia, anilaren antzeko koloregaia ematen duten hostoak dituena (Isatis tinctoria).

urdindu, urdin/urdindu, urdintzen

1 da/du ad. Ileaz mintzatuz, kolore urdina hartu. Ilea urdinduz gero. Urteak franko baditu eta urdindu zaio burua.

2 da/du ad. Ile urdineko bihurtu, zahartu. Urdindurik eskolara joatea.

3 da/du ad. Janariez-eta mintzatuz, lizundu. San Blas egunean bedeinkatzen den ogia ez da urdintzen.

4 da/du ad. Kolore urdina hartu edo eman. Urdindu zen zeru aldea.

5 (Era burutua izenondo gisa). Arto urdindua ere jango lukete. Zenbait janari urdinduz eta edari zurminduz ahoa beterik.

urdinkara

adj. Urdin itxurakoa, urdinxka. Ke urdinkara bat.

urdintasun

iz. Urdina denaren nolakotasuna. Zeruen urdintasuna. Haren begien urdintasuna.

urdinxka

adj. Urdinaren antzeko kolorekoa. Ik. urdinkara. Begi urdinxkak.

urdiñarbetar

1 adj. Urdiñarbekoa, Urdiñarberi dagokiona.

2 iz. Urdiñarbeko herritarra.

urdu

iz. Indiako zenbait eskualdetan eta Pakistanen mintzatzen den hizkuntza.

urduliztar

1 adj. Urdulizkoa, Urdulizi dagokiona.

2 iz. Urdulizko herritarra.

urdun

adj. Ura duena. Ik. urtsu.

urduñar

1 adj. Urduñakoa, Urduñari dagokiona.

2 iz. Urduñako herritarra.

urduri

1 adj. Lasaia edo geldia ez dena, ezinegonerako edo kezkarako joera duena. Ik. ekurugaitz. Gizon urduri eta gogor horien kezkak. Txori bizkor urduriak. Begi-belarri erneak eta arima urduria behar ziren, aldaketaren zirrara sumatzeko. || Inurritegi urduri horren azpian. Mundu urduri eta aldakor horretan aurkitu behar dugu bizilekua.

2 adb. Ezinegonak edo kezkak larriturik. Ik. artega. Urduri jarri nau. Biharamunean urduri zebilen neskatxa. Zerk zarabiltza urduri?

urdurialdi

iz. Urduritasunezko aldia.

urdurikeria

iz. Lasterka eta pentsatu gabe, arrapaladan ari denaren egitea. || Urdurikerian: arrapaladan.

urduritasun

iz. Lasaitasun edo gelditasun eza, ezinegona; urduri dagoenaren egoera. Ik. artegatasun. Amaitu behar zuen jokoak, eta nola inork ez zekien; hura urduritasuna, hura hezurretarainoko ikara! Ez du ezkutariak nagusiaren gogo urduritasunik, ez kezkarik. Zein da giza urduritasunaren xedea?

urduritu, urduri/urduritu, urduritzen

da/du ad. Urduri jarri, urduritasunak jo. Ik. artegatu. Aski urduritzen ninduen gauza. Urduriturik egon.

urduritze

iz. Urduri jartzea, urduritasunak jotzea.

uregazkin iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uregazkin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ur-hegazkin].

urepeldar

1 adj. Urepelekoa, Urepeleri dagokiona.

2 iz. Urepeleko herritarra.

uretaratu, uretara/uretaratu, uretaratzen

da/du ad. Uretara sartu, uretara bota; bereziki, egin berri den itsasontzi bat uretara bota. Amua uretaratu eta handik laster egundoko arrainak kosk egin ziolakoan, olio lata herdoildua atera nuen handik. Duintasunez arraun egiteko uretaratuko dira arraunlariak. Kaikuk ez du trainerurik uretaratu aurten. XVIII. eta XIX. mendeetan euskal arrantzaleek baxurako arrantzan erabiltzen zuten ontzi mota berreraiki eta uretaratu dute.

ureter

iz. Anat. Giltzurrunetik maskurira doan gernu hodia. Harriak oso mingarriak izaten dira giltzurrunean edo ureterrean trabaturik geratzen direnean.

uretra

iz. Anat. Maskuriko gernua kanporatzen den hodia. Ik. gernubide. Emakumeen uretra gizonezkoena baino laburragoa denez, bakterioak errazago igarotzen dira maskurira.

ureztabide

iz. Ureztatzeko ubidea.

ureztagailu

iz. Ureztatzeko gailua. Ureztagailu automatikoak.

ureztahodi

iz. Hodi luze eta malgua, lurra edo landareak ureztatzeko erabiltzen dena.

ureztalur

iz. Laborantzako lur saila, ureztatzen dena. Azken urteotan, Nafarroako Ubidetik datorren urarekin ureztalurrak ugaldu dira, babarrunak, artoa eta abarrekin. Lurren berrantolaketak 937 hektarea ureztalur bihurtzea dakar.

ureztaontzi

iz. Landareak ureztatzeko erabiltzen den ontzia, ura euri gisa botatzeko, hodi bat eta haren muturrean jartzen den zulo txikiz beteriko aho zabal bat dituena. Plastikozko ureztaontzi berde batekin bere landareak ureztatu ditu.

ureztapen

iz. Ureztatzea.

ureztatu, urezta, ureztatzen

du ad. Zerbaiten gainean, bereziki lur gainean edo landareen gainean, ura bota; ibai, erreka edo kideko batek eremu bat urez hornitu. Ik. ihinztatu. Kaleak, landareak ureztatu. Soroak ureztatzeko. Timabe ibaiak ureztaturiko zelaietara. || Zu bitxilore eginen?; ni ur garbi eginen; ureztaturen.

ureztatzaile

iz. Ureztatzen duen pertsona; bereziki, ubide edo ibai jakin bateko ura erabiltzeko eskubidea duen nekazaria. Bardeako ubideko ureztatzaileak.

ureztatze

iz. Zerbaiten gainean, bereziki lur gainean edo landareen gainean, ura botatzea; ibai, erreka edo kideko batek eremu bat urez hornitzea. Ureztatze lanak.

urgarri

adj. Urtzen duena.

urgatzi, urgatz, urgazten

du/dio ad. Lagundu. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Gizonari nola urgatzi? Artzain batek bere ardiak urgazten ditu. Jainkoak drugazula.

[Oharra: urgatzi aditz zaharkitua da eta, Hegoaldean, dio aditza da (zure alabari urgatzi behar diogu), baina Iparraldean, du aditza (zure alaba urgatzi behar dugu)].

urgazle

adj. Laguntzailea, babeslea.

euskaltzain urgazle Euskaltzaindiaren bilera batzuetara joateko eta haietan hitz egiteko eskubidea bai, baina botorik ez duen euskaltzaina. 1983. urtetik hona, euskaltzain urgazle izan da.

urgazpen

iz. g.er. Laguntza.

urgente

adj. Presakoa.

urgentzia

iz. Larrialdia.

urgoi

1 adj. Ipar. g.er. Harroa. Ik. burgoi.

2 adj. Ipar. g.er. Herabea.

3 iz. Ipar. g.er. Harrotasuna.

urgoitu, urgoi/urgoitu, urgoitzen

da/du ad. g.er. Harrotu.

urguileria

iz. Ipar. Zah. Harrokeria.

urguilu

iz. Ipar. Harrotasuna, harrokeria. Ik. hantuste.

urguilutsu

adj. Ipar. Harrotasunez, harrokeriaz edo hantustez betea, harroa.

urgun

iz./adj. Naf. Herrena. Itsuek ikusten dutela, urgunak badabiltzala. Urgun egin: herren egin, herrenka ibili.

urgunka

adb. Naf. Herrenka.

urguri

1 adj. Zuhurra.

2 adj. Adeitsua.

uri1 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uri-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hiri].

uri2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, uri-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. euri].

uriko

adj. Kim. Azido urikoa (C5H4N403): gizakiaren eta zenbait animaliaren metabolismoaren hondakina, karbonoz, nitrogenoz, oxigenoz eta hidrogenoz osatua dena.

urin

1 iz. Batez ere Ipar. eta Naf. Gantza, koipea. Urin urtuz gantzutu. Xingar urina. Zerri urinean frijitu. Frijitzeko urina. Zartagineko urin hondarrak. || Ibar bat urina bezain gizena.

2 iz. Batez ere Ipar. eta Naf. Zenbait gairi darien edo haietatik ateratzen den isurkaria edo zukua. Samatsaren urina ongarri ona da. Arbolak erroez lurretik edoskitzen duen urina hostoetara doa. Sagar, mahats urina: sagar, mahats zukua.

urinean eman Haragikia bere koipean kontserbatu. Ik. konfitatu 2.

urindatu, urinda, urindatzen

du ad. Batez ere Ipar. eta Naf. Gantzutu, koipetu. Botak urindatu.

urineko

iz. Ipar. eta Naf. Bere koipean egosi eta kontserbatu den haragikia. Ik. konfit. Mokadu bat jan nahi duenak, aingira edo urineko, ostatu horietan izango du.

urineztatu, urinezta, urineztatzen

du ad. Batez ere Ipar. eta Naf. Koipeztatu. Urineztatu ongi zapata horien larrua. Errotak, hots, gurpilak, urineztatu.

urintsu

adj. Batez ere Ipar. eta Naf. Koipetsua. Gazta urintsuak badakizue nola zabaltzen diren beren gisaz, eta azaletik arrailtzen eta ebakiduretatik nola mamia darien. Jateko urintsua.

uriola

iz. Bizk. Uholdea.

urizahartar

1 adj. Urizaharrekoa, Urizaharrari dagokiona.

2 iz. Urizaharreko herritarra.

urjauzi iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, urjauzi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ur-jauzi].

urka

1 iz. Urkabea.

2 iz. Zenbait abereri lepoan jartzen zaien ferra itxurako eragozgarria.

urka-bilur Korapilo begiduna, sokatik tiratzean estutzen dena. Ik. soka-laster. Urka-bilurrean du jadanik lepoa.

urkabe

iz. Heriotzara kondenatuak dilindan ezartzeko tresna, soka zintzilikatzen den haga horizontal batek eta honi eusten dioten habe zut batzuek osatua dena. Ik. urkamendi. Bata dago urkabetik ezin itoz dilindan. Urkabea altxatu. Urkabeko bidea. Urkabera kondenatua.

urkabustaiztar

1 adj. Urkabustaizkoa, Urkabustaizi dagokiona.

2 iz. Urkabustaizko herritarra.

urkamendi

iz. Urkabea dagoen lekua; urkabea. Urkamendian hiltzen zituztenei mirra ematen zieten. Eta gero daramate urkamendi batera bizia galtzera jende askoren aurrean. Urkamendira bidali. Urkamendia edo gillotina gutxietsirik, gizonak laurdenkatzen zituzten aldi eder haiekin ametsetan.

urkarazi, urkaraz, urkarazten

du ad. Urkamendira bidali; urkatzera behartu. Urkaraziko du habe batean. Ohoin handiak urkarazten ditu ttipiak (esr. zah.).

urkatu, urka/urkatu, urkatzen

1 du ad. Urkamendian hil; soka batez lepotik zintzilikatuz hil. Ohoin batzuk, anitz ohoinkeriaren buruan urkatzen dituzte. Judasek bere burua urkatu zuen. Zuhaitz batean urkatuta hil. Geldituko da amorraziozko sokaz urkatua.

2 (Era burutua izen gisa). Urkabetik zintzilik dagoen urkatua. Urkatu baten hobian ehun gaiztagin ehorzten dira (esr. zah.).

urkatzaile

iz. Norbait urkatzen duen borreroa; norbait urkamendira bidaltzen duen pertsona. Iazko lapurra aurtengoaren urkatzaile (esr. zah.).

urkatze

iz. Urkamendian hiltzea; soka batez lepotik zintzilikatuz hiltzea. Judasen etsipena eta urkatzea.

urketa1

adb. Ipar. Ur bila. Lehen, emazteak beren ferretekin joaten ziren, Jainkoak daki nora urketa.

urketara adb. Urketa, ur bila. Suila buruan eta eskuinean pertza, urketara doala.

urketa2

iz. Ipar. Ur-piloa. Lehen aldikotz ikusi du itsasoa Biarritzen; hauxe da urketa!

urketar

1 adj. Urketakoa, Urketari dagokiona.

2 iz. Urketako herritarra.

urketari

iz. Ura banatzen edo saltzen duen pertsona. Aurten soldaduez eta sukaldariez gain, urketariak ere izango ditu danborradak.

urki

1 iz. Eremu hotz eta epeletako zuhaitza, azala zurixka eta leuna, hostoak txikiak eta loreak gerbetan bilduak dituena (Betula sp.). Urkia, gehienetan bakarka ikusten dugu soroak mugatzen.

2 iz. Zuhaitz horren zura. Urkia ez da hainbat on etxe zureriarako, baina bai orga eta karroza egiteko.

urkidi

iz. Urkiak dauden tokia; urki basoa. Urkidi, harizti eta pagadietako soilguneetan.

urkila

1 iz. Zuhaitz batean, enborrak eta adar batek, edo bi adarrek, eratzen duten "V" modukoa. Gereziondo horrek urkila goraxko du, zurubirik gabe igotzeko.

2 iz. Goialdea "V" formakoa duen euskarria edo tresna. Sugearen burua lurraren kontra zapaltzen du, urkila batez.

urkitz

iz. Jasmin mota, sendagintzan eta apaingarri gisa erabiltzen dena (Jasminum officinale). Urkitz usaina.

urko adj./iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, urko-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hurko].

urkor

adj. Uretan edo beste isurkari batean erraz urtzen dena. Azukrea urkorra da.

urkuldu, urkul, urkultzen

du ad. Bizk. Aletu, aleak bereizi. Ilarrak urkuldu. Bata josten, bestea baba urkultzen.

urlehortar

adj./iz. Anfibioa.

urlia

iz. Zehaztu gabeko pertsona bat izendatzeko erabiltzen den hitza. Ik. sandia1; berendia. Haurtzarotik, beharbada, urlia ohitu zen behar ez diren gauzak ikustera. Zoaz urliagana. Egin zenituen, edo zeure bakartasunean, edo urliarekin, lotsatzen zaituzten bekatu horiek. Urlia, —esaten nion neure buruari—, gerta daiteke zuk betiko galdu nahi izatea zeure burua? Handik laster han zen beste urlia, eta jakinik gertatu zena (...). Eta ezaguturik hiltzera zihoala, esan zion neskatxa lagun bati: "Urlia, hiltzera noa". "Hemen ote dira urlia eta sandia?" dio bere artean. Begira, urliarekin edo sandiarekin egon ote zaren, gogorazio gaiztoei leku ematen diezula.

urmael

iz. Aintzira txikia; bereziki, parke edo lorategietako urtegia, askotan barandaz eta apaingarriz hornitua dagoena. Urmaeleko hondo harritsua. Urmaelaren karelean jesarrita.

urmargo

iz. Akuarela (adiera guztietan). Olioak, urmargoak, argazkiak, marrazkiak eta era askotako objektu bitxiak.

urmariarazi, urmariaraz, urmariarazten

du ad. Ipar. Suntsiarazi, desegin. Lainoen artetik jalgitzen ari zen eguzkiak azken lanbroak urmariarazi zituen.

urmariatu, urmaria, urmariatzen

da/du ad. Ipar. g.g.er. Suntsitu, desegin. Gora doan kea bezala urmariatzen baita.

urna

iz. Eskuarki harrizkoa edo beirazkoa izaten den kutxa, gauza jakin batzuk (bereziki norbaiten errautsak) gordetzeko erabiltzen dena. Lekurik urrunenetatik, hildakoen errautsez betetako urnak bidaltzen dira, Gangesera jaurtitzeko.

urnietar

1 adj. Urnietakoa, Urnietari dagokiona.

2 iz. Urnietako herritarra.

uro

iz. Behiaren familiako ugaztuna, zezena baino handiagoa, Europan, Asian eta Afrikan bizi eta XVII. mendean desagertu zena (Bos taurus primigenius). Julio Zesarrek ere Galiako gerrei buruzko kroniketan aipatzen ditu bertako uroak, eta "ia elefante baten tamainakoak zirela" esaten du.

urodelo

adj./iz. Zool. Anfibioez mintzatuz, lau hanka eta isatsa dituena; (pl.) animalia horiek osatzen duten ordena. Arrabioa ur gezetako erreketan bizi den anfibio urodeloa da.

uroilanda

iz. Hegazti zangaluze lodikotea, zingira eta ibaietan bizi dena (Porzana sp.).

uroilo

iz. Hegazti zangaluzea, moko sendo gorria eta luma ilunak dituena, zingira eta ibaietan bizi dena (Gallinula sp.).

urologia

iz. Med. Medikuntzaren adarra, gernu aparatuaren eritasunak aztertzen dituena. Ospitaleko Urologia Zerbitzua.

urologo

iz. Gernu aparatuaren eritasunetan espezialista den sendagilea.

urontzi

iz. Ura edukitzeko ontzia. Bidexka guztietan badabiltza emazteki eta haur, beren urontzia buruan. Auzoan bazuten putzu bat, ura ateratzeko txirrika, urontzi, kate eta guzti.

uros

1 adj. Ipar. Zoriontsua, dohatsua. Adiskide onak dituztenak dira gizon urosak.

2 (Adizlagun gisa). Ipar. Ik. uroski. Nahi dena uros bizi, beti xuxen ibil bedi.

uroski

1 adb. Ipar. Dohatsuki, uros. Uroski Jainkoaren grazian hiltzeko.

2 adb. Ipar. Zorionez. Frantziatik kendua izan zen erlisionea, baina ez uroski frantsesen bihotzetarik.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper