Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

jorraldi

iz. Jorratzea; jorratzen den aldia. Artoak bi jorraldi behar ditu.

jorrari

iz. g.er. Jorratzailea.

jorratu, jorra/jorratu, jorratzen

1 du ad. Lurra pixka bat harrotu, alferrikako belarrak ateraz. Ik. saratu. Nik erein arren galgaraua soroan, jorratu eta zalkea eskuz atera arren, ez zaidala garirik helduko. || (nor osagarria lurra, soroa edo kidekoa dela). Landa jorratu gabean bezala. || (nor osagarria erein edo landu den landarea bera dela). Artoa maiatzean jorratzen da. Jorratu behar ez den landarerik ez da. Belarrak jorratu eta artoa sasira bota: zerbait oker egin.

2 du ad. Irud. Herriko berriak xeheki jorratuz, intxaurrondoaren itzalpe eztian.

3 du ad. Landu. Erabili asmo dudan saila ez da maizegi jorratua izan euskaraz. Gai hori ederki jorratu du Coseriuk.

4 du ad. Gaizki esaka aritu; kritikatu. Gaizki esaleak, gutxiago ezagutuz, gutxiago jorratuko zaitu. Jorratzen diren obrak irakurri ere egin behar dira.

5 du ad. Jipoitu. Hanka kolpeka jorratu zizkion saihets hezur guztiak.

jorratzaile

1 iz. Jorran ari den pertsona. Landa batean arbi-jorratzaile multzo bat ari zen.

2 iz. Norbaiti buruz gaizki esaka ari den pertsona. Lagun-jorratzaileak direnak.

jorratze

iz. jorratu aditzari dagokion ekintza. Ik. jorraldi. Jorratze bat eman behar diozu aitzur zorrotz batez.

jorubera

iz. Nigeriako kostaldean mintzatzen den hizkuntza.

josi, jos, josten

1 du ad. Haria eta jostorratza erabiliz, ehun baten zati bi lotu, edota zerbait ehun zati bati atxiki. Soineko bat josi. Eskuz jositako soinekoa. Abarkak josteko. Atalak elkarrekin josi. Frantziskoren jantzi mehe urratuari josi zizkioten barrengo aldetik adabaki lodi batzuk. Botoiak josi. Urrezko hariz josia. Josten ikasi. Kolpearen ondorioz, AEBko presidenteari zauria josi behar izan diote, ezpainaren alboan.

2 du ad. Nolabait lotu edo elkartu. Zein da olerki horiek elkarrekin josten dituen haria? Hitz harroak antzez josten. Gertakizuna poliki josia dagoela. Barojaren hizkera arrunta, nolanahi josia.

3 du ad. Paper orriez mintzatuz, elkarri atxiki eta gai gogorren batez estali. Liburu bat josi.

4 du ad. Gauza batean beste bat irmoki finkatu, zeharkatzen dituen zerbaiten bidez bereziki. Iltzez josi (Ik. iltzatu). Jesus gurutzean josiari. Bi ohoinen erdian gurutzeari josia izan zen. Paretetan josiak dauden harriak. Hortik zetorkion haragian josia beti eraman zuen arantza. Besteak ere jakingarriak zirelarik, bat josi zitzaidan gogoan. Zaldunari josia ezkutaria doa, gorputzari errainua itsasten zaion bezala. || Begiak lurrean josi.

5 da/du ad. (Dagokion izen sintagmak -z atzizkia hartzen duela). Erabat bete. Zorrez josia. Ukabilkadaz josi zuten. Urre-zilarrezko arrainez josi zen ibaia. Gau argi izarrez josia.

josteko hari Josteko erabiltzen den haria. Artaziak eta josteko haria azokan bertan topatuko dituzte diseinatzaile bezala aritu nahi dutenek.

josteko makina Josteko erabiltzen den makina. Izarak eta estalkia albaindu nituenean konturatu nintzen josteko makina ganbaran neukala. Josteko makina martxan jarri. Ganbaratik, josteko makinaren hotsa zetorren.

joskera

1 iz. Esaldi bateko hitzen hurrenkera antolatzeko era. Ik. sintaxi. Hitz joskera. Hotsak, hitzak eta joskera. Erdal kutsua darien joskera nabarmenak. Latin joskera. Eguneroko hizkuntza ez da gai, joskera deus aldatu gabe, poesia eta prosa landurako.

2 iz. Josteko era.

josketa

iz. Jostea. Josketak eta etxeko beste lanak.

joskile

iz. Bizk. Jostuna, joslea.

joskura iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, joskura-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. jostura].

josle

iz. Bizibidea ateratzeko arropak egiten dituen pertsona, bereziki emakume edo umeentzako jantziak josiz edo konponduz bizibidea ateratzen duen emakumea. Ik. jostun. Zuen ama josle ona zen.

jostagailu iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, jostagailu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. jostailu].

jostagarri

1 iz. Jostetan aritzeko gauza. Ik. jolasgarri; jostailu. Halakoetan Gexina izaten zuen jostagarri; harekin egiten zituen barreak. Mendiko opor leku haietan ez omen zuten, ez jostagarririk, ez lagunik.

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Hemen nauk ni, Galtzagorri, umezurtzen jostagarri. Gizonen jostagarri da ehiza.

3 adj. Jostarazten duena, atsegingarria. Bertso jostagarriak. Liburu jostagarriak ez irakurtzeko. Jostagarria iruditu zitzaidan mutilaren erantzuna.

jostagura

pred. Jostatzeko gogoa duena. Ez gara hemen inor jostagura, lazten gaitu bazterren isiltasunak.

jostailu

iz. Jostetan aritzeko gauza; bereziki, haurrak jostatzeko egiten den edo balio duen gauza. Haurrak jostailuekin baino pozago. Intxaurrak ziren orduan mutikoen jostailu. Badela gizonen gainetiko indar bat, jostailuak bezala ibilarazten gaituena. Emakumeen jostailu bihurtua. Jostailuzko etxetxoak.

jostailu denda, jostailu-denda Jostailuak saltzen diren denda.

jostaka

adb. Jostatuz, jolasean. Etxe atarian jostaka zebiltzan haur ttipiak.

jostaketa

iz. Heg. Josteta.

jostakin

adj. Jostalaria, alaia, atsegina. Baziren Hazparnen koplari eta ditxolari, gizon bitxi jostakin anitz. Zu beti jostakin.

jostalagun

iz. Josteta-laguna. Bere jostalagunen izen edo izengoiti franko utzi dizkigu Oihenartek: Margarita, Argia, Graziana.

jostalari

adj. Jostetan aritzeko joera duena, alaia, atsegina. Ik. jostakin; jolasti; olgetari. Jende alaia, jostalaria eta bihurria. Antxume jostalariak. Atzo jostalari eta osasuntsu zena, gaur minbera eta zapuzti.

jostaldi

iz. Josteta, jolasa. Sukaldean izaten ziren jostaldi edo olgeta guztiak. || Donostiako Hitz Jostaldiak: Donostian antolatzen ziren Lore Jokoei ematen zitzaien izena.

jostaleku

iz. Jostatzeko lekua. Ik. jolastoki. Gauazko ostatu eta jostaleku guztiak hetsiak dira.

jostarazi, jostaraz, jostarazten

du ad. Jostatzera behartu. Bertsolariek jendea ederki jostarazi dute beren ateraldi politekin.

jostarazle

iz./adj. Jostarazten duena. Haurren zaintzaile eta jostarazleak.

jostatu, josta, jostatzen

1 da ad. Atsegin hartuz denbora igaro. Festarik festa dabiltza, apaintzea eta jostatzea baino gogoan besterik ez dutela. Zer, jostatu zarete Iruñean? Gaixo zozoa, ez dira gaizki zutaz jostatu!

2 da ad. Jolastu. Haur gaixoek non jostaturik ez zeukaten.

3 du ad. Jostarazi, atsegin eman. Lehengo eguneko zure solasak anitz jostatu ninduen. Nik irakurleak jostatu nahi ditut.

jostatze

iz. jostatu aditzari dagokion ekintza. Ik. jolas. Jostatze lizunak.

joste

iz. Hariaren eta jostorratzaren bitartez, ehun zati bi batzea edo lotzea, edota zerbait ehun zati bati atxikitzea. Ik. josketa. Igandean joste, lisatze eta beste lan debekatuak egiten. Joste lanak.

josteta

1 iz. Jostatzea; jostatzeko moldea edo bidea. Josteta ederra da pilota jokoa. Gure hango josteta guztia, leihotik karrikaren harat-honata. Haur jostetak.

2 iz. Txantxa. Han preso egotea ez dela josteta. Erraten dizuet zinez eta jostetak bazter utziz.

3 adb. Ipar. Jostetan. Etxearen inguruan josteta ari nintzelarik.

jostetan adb. Jostatzen. Nahiago dute ibili jostetan. Jostetan ari zen sokarekin. Zinez ala jostetan.

jostirudi

iz. Komedia, bereziki Lore Jokoen garaiko euskal komedia. Martzelino Soroaren jostirudiak. Ekitaldi bakarrean moldatutako jostirudia.

jostorratz

iz. Josteko orratza. Ik. orratz. Jostorratzaren begia. Jostorratz ontzia.

jostun

1 iz. Bizibidea ateratzeko, arropak egiten dituen pertsona, bereziki trajeak egiten dituen gizonezkoa. Jostunarengana joan jaka saiatzera.

2 iz. Joslea.

jostundegi

iz. Jostunaren lantegia. Bukatu zen arratsaldeko saioa jostundegian, eta neska guztiak pauso bizkorrean abiatu ziren herriko plaza aldera.

jostura

1 iz. Ehunezko, larruzko edo kideko bi atal batzen dituen puntada segida jarraitua. Josturarik gabeko jantzi luzea. Zakuak zuen jostura batetik. Jostura askatzeko.

2 iz. Irud. Arimaren azken josturetaraino.

jota1

iz. Alfabetoko letra (j, J).

jota2

iz. Nafarroa, Aragoi eta beste zenbait eskualdetako herri dantza; dantza horren doinua; doinu horrekin kantatzen diren bertsoak. Jota bat jo. Jotak kantatu. Jota bat ere dantzatuko dute.

jotzaile

1 iz. Musika-tresna bat jotzen duen pertsona. Sakabi soinu-jotzaile handia. Piano-jotzaile bikaina.

2 iz. Aipatzen dena jotzen duen pertsona. Gari-jotzaileak. Ea nor den ate-jotzailea.

jotze

iz. jo aditzari dagokion ekintza. Txalo jotze zaratatsua.

joule

iz. Fis. Lan- eta energia-unitatea, puntu batean newton bateko indarra egitean, indar horren norabidean puntua metro bat higitzean egiten den lanaren baliokidea dena (J).

juanikote

iz. Heg. Behatz lodiaren lehen falangearen aurreko muturraren deformazioz sortzen den koskorra.

jubatar

1 adj. Jubakoa, Jubari dagokiona.

2 iz. Jubako herritarra.

jubilazio iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, jubilazio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. erretiro].

jubileu

1 iz. Aita santuak katolikoei egoera jakin batzuetan ematen dien barkamen osoa. Joan Paulo II.ak, 2000. urteko Jubileu Nagusiaren prestakuntzan, erabaki zuen Martiri Berrien batzorde bat ezartzea.

2 iz. Juduek Israelen berrogeita hamar urtean behin egiten zuten festa handia. Jubileu urtean zuetako bakoitzak bere lurren jabetza berreskuratuko du.

judaismo

iz. Juduen erlijioa, tradizioa eta kultura.

Judasen arbola

iz. Amodio zuhaitza.

judeatar

1 adj. Judeakoa, Judeari dagokiona.

2 iz. Judeako herritarra.

judegu

iz. Bizk. Judua.

judikatu, judika, judikatzen

du ad. Zub. Epaitu, jujatu.

judizial

adj. Epailearena, epaileari dagokiona; justiziarena, justiziari dagokiona. Ikerketa judiziala abian da. Botere judizialaren independentzia auzitan jarri zuten. Espainiako agintari judizialak.

judizializatu, judizializa, judizializatzen

du ad. Heg. Zerbaiti, bereziki berez hala behar ez duen zerbaiti, izaera judiziala eman. Politika judizializatzen dute; eta justizia politizatzen. Basakeria juridiko hau Euskal Herriko bizitza soziala eta kulturala judizializatzeko ahalegina da.

judizio

1 iz. Jas. Epaiketa, jujamendua. Azken judizioa.

2 iz. Filosofian, bi adigairen arteko erlazioa, haiei buruzko baieztapen bat ahalbidetzen duena; erlazio horren ondorioa. Judizio disjuntiboak esakune bi edo gehiagoren arteko harremana biltzen du, baina ez ondoriozkoa, baizik kontrajartze logikoarena.

judo

iz. Japonian asmatutako borroka-kirola, armarik gabe egiten dena. Euskadiko Judo Federazioa. Judoan ariko dira emakumeak lehen aldiz.

judoka

iz. Judo borrokalaria. Euskal judokak bikain aritu dira Espainiako Txapelketan.

judu

1 iz. Abrahamen ondorengoek osatu zuten, eta gaur egun mundu osoan zehar barreiatua dagoen herriko kidea. Ik. hebrear. Jesusek juduei askotan esana. Gebarako judu euskaldunak. Judu odola, arraza. Judu legeko apaizak. Juduak eta jentilak. Judu herratua.

2 adj./iz. Judu herriari dagokiona; judaismoaren jarraitzailea. Moisesen dizipulu juduak. Frantzia judu bilakatzen ari da. Dreyfus juduaren auzia.

juez

iz. Heg. Epailea.

juglare

iz. Erdi Aroan, musika joz, koplak kantatuz eta dantza eta akrobaziak eginez, herriz herri ibiltzen zen pertsona. Aldi berean abeslari, mimo, akrobata, kontu-kontalari edo dantzari izaten ziren juglareak, eta gerora, Commedia dell’Arte delakoaren eta gaur egungo antzerkiaren aitzindari izan ziren.

jugoslaviar

1 adj. Jugoslaviakoa, Jugoslaviari dagokiona. Jugoslaviar soldaduak.

2 iz. Jugoslaviako herritarra.

jugular

iz. Anat. Odola burutik itzultzeko, lepoaren alde bakoitzean dauden lau zainetako bakoitza. Ontziko ohean lo zegoela, jugularra ebaki diote kapitainari aizto batekin.

juizio

iz. Heg. Epaiketa. Azken juizioko eguna.

jujamendu

iz. Ipar. Epaiketa. Salomonen jujamendua.

jujarazi, jujaraz, jujarazten

du ad. Ipar. Jujatzera behartu.

jujari

iz. Ipar. g.er. Jujea.

jujatu, juja, jujatzen

du ad. Ipar. Epaitu. Jainkoaren aitzinean agertuko da, jujatua izateko.

juje

iz. Ipar. Epailea. Horra zer esan duen hiltzaileak jujeen aitzinean.

jukutria

iz. Jokaldi makurra. Eta hona non jukutria bat gaitza bururatzen zaion. Begira jukutria gaizto bat guri egitetik.

juliana

iz. Juliana eran zatituriko barazkien multzoa. Juliana fina egin, orriak luzetara ebakita.

juliana eran (ebaki, zatitu eta kideko aditzekin). Barazkiak zatitzeko moduez mintzatuz, zati luze eta mehetan. Barazkiak juliana eran ebaki eta gurin apur batekin su eztian eduki. Tipula txikituko dugu lehenik, juliana eran.

juliana zopa, juliana-zopa Juliana eran zatituriko barazkiekin prestatzen den zopa. Juliana zopa egiteko barazki freskoak ere bazituen prestaturik.

juliotar

1 adj. Julio Zesar K.a. I. mendeko erromatar politika-gizon eta jeneralarena, hari dagokiona.

2 adj. Egutegiez, urteez eta kidekoez mintzatuz, Julio Zesarrek K.a. 45. urtean indarrean jarri zuena. Astronomian, juliotar urtea erabiltzen da, zehazki 365,25 egunekoa. Gaur egun erabiltzen den egutegia ia-ia juliotar egutegiaren berdina da.

julufrai

iz. Ipar. Krabelina.

jungla

iz. Oihana, baso guztiz handia eta basatia. Itzalak nagusi ziren junglako zuhaitz ilunen artean.

junior

1 iz. Kirol. 17 eta 19 urte arteko kirolaria; adin horretako kirolariak hartzen dituen maila. Euskal Herriko juniorrik onena izan da aurten.

2 iz. Erl. Profesa egin ondoren arduradun baten gidaritzapean jarraitzen duen erlijioso gaztea.

junta

iz. Militarren gobernua, estatu kolpe baten ondoren eratzen dena. Junta militarrak 9.000 preso askatzeko asmoa iragarri du.

[Oharra: bestelako adieretan hobestekoak dira batzar, biltzar eta juntura].

juntadura

iz. Hizkl. Koordinazioa. Juntadurak maila berean kokatzen ditu lotzen dituen bi perpausak.

juntagai

iz. Hizkl. Juntaduraren bidez elkartzen diren unitateetako bakoitza. Orain arte emandako adibide guztietan juntagaien artean kokatua ikusi dugu "baina" juntagailua.

juntagailu

iz. Hizkl. Esaldiaren zatia, maila bereko hitzak, sintagmak edo perpausak elkartzeko balio duena. Euskarazko eta eta baina juntagailuak dira.

juntarazi, juntaraz, juntarazten

du ad. Juntatzera behartu.

juntatu, junta/juntatu, juntatzen

da/du ad. Bildu, lotu, elkartu.

juntero

iz. Heg. Beh. Batzarkidea.

juntetxe

iz. Heg. Beh. Batzar etxea.

juntu

1 adb. Elkarrekin, batera.

2 adb. Hurbil.

juntura

iz. Bi pieza lotzen edo elkartzen diren gunea; bereziki, giltzadura. Min nuen hezurren juntura guztietan.

juramentu

1 iz. Zah. Zina.

2 iz. Zah. Arnegua, biraoa.

jurasiko

1 adj./iz. (Izena denean, J larriz). Geol. Mesozoikoa banatzen den periodoez mintzatuz, bigarrena, duela 199 milioi urte ingurutik duela 145 milioi urte arte hedatzen dena, dinosauroen garaia izan zena. Indiako Ozeanoa Jurasikoan hasi zen zabaltzen. Periodo jurasikoa.

2 adj. Geol. Jurasikokoa, Jurasikoari dagokiona. Parke jurasikoa.

juridiko

adj. Zuzenbideari dagokiona. Ik. zuzenbide. Antolamendu juridikoa. Testu juridikoak.

jurisdikzio

iz. Gobernatzeko eta legeak betearazteko ahalmena; ahalmen horrek hartzen duen eremua. Ik. eskumen 3. Estatuen jurisdikzioaren barruan burututako jarduerak. Probintziak ongi finkaturiko jurisdikzioak ziren ordurako.

jurisprudentzia

1 iz. Zuzenbidearen jakintza.

2 iz. Gobernuko agintarien edo epaileen erabakietatik ateratako doktrina.

3 iz. Epaileak legea ulertzeko duen era.

jurista

iz. Legelaria.

jus iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, jus-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. zuku].

justifikaezin

adj. Ezin justifikatuzkoa. Justifikaezina justifikatzeko Bushek atzo egindako saioa alferrikakoa izango da.

justifikagarri

adj. Zuritu edo desenkusa daitekeena. Arrazoi justifikagarririk gabe.

justifikatu, justifika, justifikatzen

1 da/du ad. Erl. Jainkoaren graziaz norbait zuzen bihurtu; Jainkoak bere graziaz norbait zuzen bihurtu. Fedez justifikatzen dela gizakia: gizakia fedeaz dela zuzen bihurtzen.

2 da/du ad. Zuritu, desenkusatu.

3 du ad. Onargarri egin; zuzenetsi. Dena da erlatiboa, dena justifika daiteke.

justifikazio

1 iz. Teologian, justifikatzea. Justifikazioko grazia.

2 iz. Justifikatzea; zerbait justifikatzen duen gauza. Ik. zurigarri. Nobelagileek ez dute inolako justifikazio beharrik izaten.

justizia

1 iz. Legea eta zuzenbidea ezartzea; ezartze hori gauzatzen duten erakundeen multzoa. Ik. zuzentza. Justizia-jauregia.

2 iz. Zuzentasuna.

justizia egin g.g.er. Legea betearazi. Nik ere badut makila, justizia egiteko!

justizian adb. g.g.er. Auzitegian, auzitegiaren aurrean. Makilak ez du indarrik justizian. Nola ziren justizian sartu hitz baten gainean.

justiziati

adj. Zah. Pertsona historikoez mintzatuz, justizia hertsiki betetzearen aldekoa dena; justizia hertsiki betearazten duena. Petri Justiziatia, Gaztelako erregea.

justiziatu, justizia/justiziatu, justiziatzen

du ad. g.g.er. Kondenatuez mintzatuz, hil edo hilarazi. Kondenatuak eta justiziatuak izan ziren.

justu

1 adj./iz. Herr. Zintzoa, prestua.

2 adj./iz. Herr. Zuzena, bidezkoa.

hain justu (ere) Heg. Hain zuzen. Horixe da, hain justu, hemen dihoakidan auzia. Eta hori du, hain justu ere, kontra.

justu-justu adb. Herr. Ozta-ozta. Justu-justu lortu nuen trena hartzea.

justu-justuan adb. Herr. Ozta-ozta.

justuki

adb. Ipar. Zuzentasunez.

justutasun

iz. Justua denaren nolakotasuna.

jutsiar

1 adj. Jutsikoa, Jutsiri dagokiona.

2 iz. Jutsiko herritarra.

juzgatu, juzga, juzgatzen

du ad. Heg. Epaitu.

juzgu

1 iz. Epaia; iritzia. Bada, besteengatik egiten duzuen juzgua, zuengatik ere egingo da.

2 iz. (norbaiten juzgua egin esapidean, 'norbait susmagarritzat hartu, norbaitek zerbait egin duelako susmoa izan' adierarekin). Pauloren juzgua egin. Arduradunaren juzgua egin zuten.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper