Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=txartel 5 sarreratan aurkitu da.

txartel

iz. Paper, kartoi edo plastikozko zati angeluzuzen txikia, batez ere zerbaitetarako ahala edo eskubidea ematen duena. Pilota-jokoko apustu txartelak kobratu. Tren geltokian txartelak erosi. Sarrera txartelak saltzen. VISA txartela. Alderdi Komunistako txartela erakutsi zuen. Bazkide txartela berritzeko epea bihar arte luzatu dute. || Epaileak futbolari bati txartel gorria atera.

txartel-leihatila Geltokietan, zinemetan eta kidekoetan, txartelak saltzen diren leihatila.

bidaia

iz. Leku aski urrunera, lehorrez, itsasoz nahiz airez egiten den ibilaldia. Ik. bidaldi. Itsasoko bidaietan hiltzen direnentzat otoitzak. Idazleak bidaia bat egin zuen Paristik Cadizera 1840an.

bidaia agentzia, bidaia-agentzia Bidaiak antolatzen dituen agentzia. Bidaia agentziek hegaldi bereziak antolatu dituzte.

bidaia bulego, bidaia-bulego Bidaiak antolatzen dituen bulegoa.

bidaia liburu, bidaia-liburu Bidaia bateko gorabeherak kontatzen dituen liburua.

bidaia txartel, bidaia-txartel Garraiobide batean bidaiatzeko eskubidea ematen duen txartela. Hegazkinetan gertatzen ez den bezala, trenean nor doan jakitea ere oso zaila dela dio, bidaia-txartela erostean inork ez duelako bere burua identifikatzen. Renferen bidaia-txartelak % 2 garestituko dira.

kreditu

iz. Norbaitek, beste norbaiten esku, diru kopuru bat jartzea, korritu eta guzti itzultzea hitzarturik; diru hori bera. Kredituak ematen dituen bankua. Kredituaren bermea. Epe laburreko kreditua. Kredituaren korritua. Banku kreditua. Aurrezki kutxan bostehun mila pezetako kreditua eskatu.

kreditu txartel, kreditu-txartel Banketxeek eta finantza-erakundeek bezeroaren eskura jartzen duten txartel elektronikoa, kreditu bidez ordainketak egiteko aukera eta kutxazain automatikoetara sarbidea ematen duena. Ik. zordunketa txartel. Ez dute kreditu txartelaren zenbakia Internet bidez eman nahi, baina jatetxean daudela, tabernariari ematen diote. Badut egunkaria ere kreditu txartelarekin erosiko lukeen lagun bat. Kreditu txartelaren bidez ordaintzeko aukera eman digute.

memoria

1 iz. Oroimena.

2 iz. Oroitzapena.

3 iz. Inform. Makina edo tresna batean, gerora erabil daitezkeen datuak edo aginduak gordetzen diren gailua.

memoria txartel, memoria-txartel Inform. Datuak, argazkiak eta kidekoak gordetzeko gailua, edukiera handikoa, hainbat tresna elektronikotan erabil daitekeena. Digitalizazioak memoria txartel bakarrean ehunka eta, azkenaldian, milaka argazki gordetzeko aukera ematen digu. Memoria txartelen irakurgailua.

zordunketa

iz. Zorduntzea, kontu batetik kobratzea. Saltzaileak bankuari zordunketa egiteko agindua bidali zion.

zordunketa txartel, zordunketa-txartel Banketxeek eta finantza-erakundeek bezeroaren eskura jartzen duten txartel elektronikoa, zenbatekoa unean bertan kargatuz, ordainketak egiteko aukera eta kutxazain automatikoetara sarbidea ematen duena. Ik. kreditu txartel. Kutxabankeko presidentea Gasteizen izan zen atzo, kreditu- eta zordunketa-txartel berriak aurkezteko.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper