Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=publiko 3 sarreratan aurkitu da.

publiko

1 adj. Herriko erakundeei dagokiena; herritarren multzoarena edo multzoarentzat dena. Ik. herri 4. Osasun publikoa. Arazo publikoak. Zerbitzu publikoak. Eskola publiko eta pribatuetan.

2 adj. Agerikoa, jendaurrekoa.

administrazio

1 iz. Administratzea. Elkarte baten administrazioa. Administrazio eraginkorra.

2 iz. Lurralde baten gobernua gauzatzea. Frantzian, departamenduen administrazioa prefetei dagokie. Administrazio arazoak.

3 iz. (Gehienetan A larriz). Gobernu erakundeen multzoa. Ik. administrazio publiko. Administrazioak herritarrekin izaten dituen harremanetan. Sententzia Administrazioaren aldekoa izan da.

administrazio kontseilu, administrazio-kontseilu Merkataritza-sozietateetan, erabakiak hartzen eta aholkuak ematen dituen batzordea. Enpresaren Administrazio Kontseiluak akziodunen ohiko batzarrerako deia egin du biharko.

administrazio publiko Gobernu erakundeen multzoa. Ik. administrazio 3. Administrazio publikoko langileak. Administrazio publikoko eledun batek esan duenez.

administrazio zuzenbide, administrazio-zuzenbide Zuzenbide publikoaren adarra, estatuaren jarduera arautzen duena.

zor

1 iz. Norbaitek beste norbaiti zerbait itzultzeko edo ordaintzeko duen betebeharra; itzuli edo ordaindu behar den gauza edo dirua bera. Zorra barkatu. Urtetik urtera luzatzen dute zor hau pagatzea. Zor guztia ordaindu arte. Zorrak kitatu. Zor handi honi erantzuteko. Zorrak aitortzea eta ezagutzea dagokio zordun onari, pagatuko ez baditu ere. Gertatzen diren nekeak eskain iezazkiozu Jaunari zure bekatuen zorren alde. Zorrak soiltzera jo zuen, eta hartzekoak gehitzera. Haren zorra bere gain harturik. Zor-hartzekoen kontua garbituz gero. Zor gabe geratzen dena bezala. Eman zuen bere burua zor baten azpian, Israelgo erregearen aldera.

2 iz. Berez, edo egindako merezimendu, mesede edo onura batengatik, norbaitek beste norbaitekiko duen betebeharra. Jaunari eskerrak emateko dugun eginbide eta zor handia. Agindua zor dela. Emanez gero ezkontzeko berba, zorra da, eta zor handia da. Euskal Herri osoak harenganako duen zor larria. Adiskidetasun zorren kitagarri eskainia. Ez nuen gaitzerupean gorde nahi, bekatu larrien barkagarri, haren aitagana dudan zorra. Cantor-ekiko dugun zorra askozaz ere larriagoa da. Ez zait iruditzen obra honek oraingo besteren zor handirik duenik.

zor eta lor Kosta ahala kosta. Ikastun zaharren gaia bere egin zuen zor eta lor.

zor izan, zor izaten, zorko/zor izango 1 du ad. Norbaiti zerbait ordaindu edo itzuli behar izan. Eta hik zenbat zor duk? Zazpi mila euro zor dizkidazu. Gehiago hartu duenak gehiago zor du. Erruki hutsez ematen dena ez da zor izaten.

2 du ad. Norbaitek beste norbaitekiko betebeharra izan. Nori berea zor zaionez gero. Eskerrak zor dizkiogu, beraz, Delbert Manni, besterik ez bada ere. Asko zor diot A. I. adiskide zenari. Egia zor du kritikariak, hots, gogoan bata eta ahoan bestea duela ez ibiltzea. Ezkonduek elkarri zor dioten onginahi eta amodioa. Zer begiramen zor dio, bada, idazleak irakurleari? Orixeri zor diogu, batez ere, orduko gazteek oihartzuna zenik ez genekiela belarrietaratu zitzaigun oihartzuna. Eta edozein ongileri esker onak zor bazaizkio, zer zorko ez diogu Jesus onari, gure bihotzetara etortzean egin digun mesedeagatik?

3 du ad. (Ezezko esaldietan). Gutxiago ez izan. Gure herritarren irudimenak ez dio andaluziarrenari ezer zor. Gizaki biziak sortzen ditu eleberrigile garaiak, eta itzal horien biziak ez dio batere zor hezur eta mamizkoen biziari. Bizkaiko euskarak ez omen dio ezer zor giputzari.

zor publiko Admin. Administrazio publiko batek duen zorra; bereziki, administrazio publiko batek jaulkitzen dituen obligazioen multzoa. Zor publikoa 980.000 milioi eurokoa izan zen iaz. Haurrak eta adinduak izango omen dira zor publikoaren ondorioak gehien nabarituko dituztenak. Defizit hori estaltzeko 34 milioi euroko zor publikoa jaulkiko dute.

zorretan 1 adb. Zorra ordaintzeko dela. Zorretan gaude Jainkoarekin. Zorretan gaude lan horretan aritu direnekin. || (Zorraren zenbatekoa aipatuz). Hamar sosen zorretan gelditu nintzen.

2 adb. Unean bertan ordaindu gabe, geroago ordaintzekotan. Lehenengo garrafoi ardoa zorretan ekarri genuen. Zorretan hartu, eman, erosi.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper