Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=oro 3 sarreratan aurkitu da.

oro

1 zenbtz. Guztiak. (Mugagabean erabiltzen da; adiera honetan, aditzarekiko komunztadura, batez ere singularrean egiten da). Ik. guzti 3. Gizon orok behar du hil eta salbatu. Enetzat ardi oro onak dira, zahar eta gazteak. Giputzei eta euskaldun orori. Bedeinkatua zara emazte ororen artean. Zeruan, lurrean eta leku orotan. Aldi eta alde orotako kristauak. Mundua gaiztakeria orotara emana baita. Begira nazazu bekatu orotarik. || (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Gizon den orok badaki.

2 zenbtz. (Artikulu plurala hartzen duen izen sintagma baten eskuinean). Gizonak oro etorri ziren. Lurreko lohiez mamituak daude lurreko gauzak oro. Ihesi joan direla ene gogoeta gaiztoak oro. Gorde behar genituenak oro gorde ez ditugularik. Ikasiak oro Jainkoaren zerbitzuko eman ditu. Haurrek orok ukatzen zuten. Hori uste zutenek orok. Gauzen ororen kreatzailea.

3 zenbtz. (Erakuslearen eskuinean). Eginbide horiek oro. Hauek oro, bada, zer dira? Horiek orok ez diokete onik egin haren osasunari. Haiei orori. Izan gaitezen zorigaitz horien ororen beldur. Herri horietan orotan. Horietarik orotarik zer ikasten dugu? Horiengatik orogatik zer da zuen pagua? Indar horietaz orotaz baliatzen da. Ondasun horietaz orotaz betetzen gaitu.

4 (Izenordain gisa, edo dagokion izen sintagma ezabaturik dela). Etxera joan ginen oro. Oro joanak dira zerura. Izuturik zeuzkala oro. Orok dakite hori. Errege, artzain eta soldadu, oro badoaz lasterrean. Saia gaitezen oro, Azkueren lana osatzen eta hobetzen. Utz itzazu oro eta edirenen dituzu oro. Jainko maiteak orori digula gau on! Ororen adiskidea dena ez da nehoren. Bakoitza beretzat, Jainkoa ororentzat. Hirurak orotan berdin baitira. Orotarik jaten eta orok on egiten. Erdarak orotarik hertsatzen duela. Fedezko gauzez kanpo, bertze orotaz.

5 (Izen baten ezkerrean, indargarri gisa). Ik. dena 3. Oro bihotz da.

6 zenbtz. (Izen sintagmak artikulu singularra hartzen duela). Guztia, osoa. Zu zara ene ontasuna oro.

7 zenbtz. (Izen soilaren eskuinean). Guztia. Jainko Aita botere oro duenaren eskuinean.

oro har Gehienak, ohikoenak, nabarmenenak kontuan izanik, axola gutxiko kontuak alde batera utzirik. Zortzi urte igaro ondoren, ez dut uste, oro har, eginahalaren arrakasta uka daitekeenik. Jokabide honek baditu bere alde onak eta ez hain onak: oro har, ordea, ez zait gaizki iruditzen. Oro har eta salbuespenak salbu.

ororen buru 1 Azken batean. Badut uste, ororen buru, hau dela gure herriak behar duen justizia. Ororen buru, haur bat baizik ez da.

2 Azkenean. Baina, ororen buru, aske gelditu zen, kargurik gabe.

ororen buruan Azken batean. Hura baita ororen buruan beharrena.

ororen gainetik (Gauza) guztien gainetik. Ik. oroz gainetik. Arbasoen mintzaira maitea maitatu du ororen gainetik.

orotan gaindi Oroz gainetik.

orotara Guztira. Badira orotara dozena bat. Hogeita bost orotara.

oroz 1 adb. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietan. Egun oroz behar dugu laudatu. Zure bekatuak urte oroz aitortu. Biltzen ziren Parisko estudiante gazteak ostegun arratsalde oroz.

2 adb. (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Guztietan, bakoitzean. Meza erraten den oroz.

oroz gain Oroz gainetik.

oroz gainetik (Gauza) guztien gainetik; batez ere, bereziki. Ik. ororen gainetik; oroz gain; oroz lehen 2; orotan gaindi. Egizu bi esposen helburu garbia, oroz gainetik izan dadin familia. Badakizue zerk harritu ninduen oroz gainetik?

orozko adj. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietako. Egun orozko otoitzez.

oroz lehen 1 Lehenik, ezer baino lehen. Eskerrak, oroz lehen, jaun erretoreari.

2 Oroz gainetik. Artzaina zen oroz lehen.

aldi1

1 iz. Garaia, nolabait mugaturiko denbora-bitartea. Aldi hartan ez zen herrian telefonorik. Diktaduraren ondoko aldi berri honetan. Azken aldi hauetako istiluen aldamenean ordukoak ez ziren ezer.

2 iz. Denbora; denboraren joana. Ez da gaitzik aldiak ez daroanik (esr. zah.). Berak egiten zion aldia igarokor, kanta zaharrak abestuz.

3 iz. Gertaera edo ekintza baten gauzatze edo une bakoitza. Ik. okasio 2. Ikusi duen lehen aldia. Berriro adierazi behar dute beren asmoa, baina aldi honetan jendaurrean. Esku hartzen duzun aldi bakoitzean (Ik. aldi bakoitz). Hurrengo aldian.

4 iz. Hurrenkera batean, norbaiti edo zerbaiti dagokion unea. Ik. txanda. Orain nire aldia da. Bakoitza bere aldian.

5 iz. Aipatzen den ezaugarria duen denbora-hedadura. Ezin esan daiteke berba txar gehiago aldi laburragoan. Euririk gabeko aldi luzea bi aldiz luzeago egiten da. Aldi joana bihurtzen gaitz da (esr. zah.).

6 iz. (Dagokion sintagmak -ko atzizkia hartzen duela). Egonaldia. Laster bukatuko duzu hiriko aldia. Hemengo aldia egin duzu (Ik. aldia egin).

7 iz. Denboran zehar gertatzen den zerbaitetan bereiz daitezkeen zatietako bakoitza. Europako gerrak bi aldi izan zituen. Dantza pausoz osatzen da, eta pauso bakoitzak bi aldi ditu. Eliz urtearen aldiak. Sinfonia baten aldiak. Lau aldiko motorra. Ilargiaren aldiak. Futbol partidaren bigarren aldian.

8 iz. Aldartea, aldakorra den zerbaiten egoera. Santuek ere izaten dituzte aldiak eta ordu ilunak.

9 iz. Aldartea, pertsonaren gorputz edo gogoaren egoera. Gaur aldi oneko dugu ugazaba. Aldi txarreko darabilgu aita zaharra.

10 iz. Hizkl. Aditzaren gramatika-kategoria, aditzaren denbora gramatikala azaltzen duena. Ik. lehenaldi; orainaldi; geroaldi. Aditzaren aldiak.

11 iz. Mus. Konpasaren zatietako bakoitza. Lau aldiko konpasa.

aldia egin (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Bere (neure...) garaia bete, aldia bete, bere (neure...) egitekoa edo eginbeharra bete edo bukatu. Udak egin du bere aldia, lekua utzirik udazkenari.

aldian 1 adb. Aldi bakoitzean. Ik. aldiko. Hiru egunetan eman, goizean baraurik, aldian koilarakada txiki bat. Jaten eman behar zaio maiz eta gutxi aldian. || Aldian aldiak eskatzen duena egin. Aldian aldiari dagokion eran jokatu.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). -en aldetik, -i dagokionez. Eta frantsesez mintzo zelako eta euskara hastio zuelako, nuen nik ere ene aldian gure errienta hastiatu.

aldian-aldian adb. Noizean behin. Ik. aldian behin. Gozokiak jan eta jan ari zara, aldian-aldian lagunari ere eskainiz.

aldian aldiko adj. Aldian aldiko lanak egitea. Gerokoak gero, aldian aldikoa aski dugu. Aldian aldikoa egiten dut.

aldian behin adb. Noizean behin. Ik. aldian-aldian. Aldian behin deiadar egiten omen zien.

aldi bakoitz adb. Ipar. Aldi guztietan, aldi bakoitzean. Ik. aldiro. Porroskak urera aurtikiz geroz aldi bakoitz, errazki dagoke xahu Tolosako azoka!

aldi bat adb. Ipar. Behin. Ikusi ditut aldi bat baino gehiagotan.

aldi batean 1 Aldi berean. Aldi batean nola ez diren burura etortzen denak, jarri ditut gogoratu zaizkidanak.

2 Epe edo denbora-tarte batean. Denak isil-isilik geratu ziren aldi batean. Aldi batean hemen bizi izan zen.

3 Behin batean. Aldi batean, deabruak betondoko eskerga bat eman zion albora begira zegoen bati.

aldi bateko 1 adj. Garai batekoa. Zer ehiztari gaiztok uxatu dizkit hemendik, aldi bateko zozo, eskinoso eta garraztarro maiteak?

2 adj. Aldi baterakoa. Lurreko atsegin, poz eta gozagai guztiak aldi batekoak besterik ez dira.

aldi baterako 1 adb. Aldi luze baterako. Pagadi hau inausi dute eta galdu dira aldi baterako hemengo perretxikoak. Hara non, Jainkoaren eskuak jotzen zaituen, eta aldi baterako itsutzen zaren.

2 adj. Aldi baterako dena, iraunkorra ez dena. Ik. behin-behineko. Soinu espazioak, hala du izena Hernaniko Chillida Leku museoan gaur irekiko duten aldi baterako erakusketak. Aldi baterako kontratazioa mugarik gabe onartu zen 1984an.

aldi batez 1 adb. g.er. Behin, behin batean. Oroitzen naiz aldi batez gauza bera gertatu zitzaidala.

2 adb. g.er. Denbora batez. Etzanda egon zen aldi batez, geldi-geldirik begiak itxita.

aldi berean adb. Ez baita jaio oraindik aldi berean zaharrago eta gazteago izan daitekeen mutilik. Berez sistema honek gauza asko eskatzen dizkio ikasleari, baina aldi berean, segurtatzen du ikasteko balio duen ikasle orok izango duela aukera unibertsitatean sartzeko.

aldiko adb. Aldi bakoitzean. Ik. aldian. Gauza bat baizik osten ez bada aldiko. Hogei mila kilo harri aldiko eramaten duen kamioia.

aldi oro 1 adb. (Perpaus erlatibo baten eskuinean). Aldi guztietan, aldi bakoitzean. Ik. aldiro; aldi oroz. Ikusten dugun aldi oro irriz hasten da. Ama zen gaixo nengoen aldi oro, gau eta egun, zaintzen ninduena.

2 adb. Beti, denbora guztian; aldi bakoitzean. Ezpainak ere, ez dira aldi oro muker eta zimel agertzen. Nahi denean otoitz hau esanda, aldi oro urtebeteko barkamena irabaz daiteke.

aldi orotan 1 adb. (Perpaus erlatibo baten eskuinean). Aldi guztietan, aldi bakoitzean. Ik. aldiro; aldi oro. Laztantzeko-edo inguratu zitzaion aldi orotan, errefusatu egin zuen.

2 adb. Beti; aldi bakoitzean. Aldi orotan zer den zuzen eta oker, arauaren bitartez jakin beharra dago.

aldi oroz 1 adb. (Perpaus erlatibo baten eskuinean). Ipar. Aldi oro, aldi guztietan, aldi bakoitzean. Ik. aldiro. Ahal den aldi oroz behar da deitu abereen atxeterra.

2 adb. Ipar. Aldi oro, aldi guztietan. Tiroak hiltzen baitu atzemanez geroz, bederen zaurituko gaitu aldi oroz.

alditan adb. (Zenbatzaile baten eskuinean). Aldiz. (bat zenbatzailearekin ez da erabiltzen (Ik. behin)). Ik. bider. Zenbat ebatsi duen eta zenbat alditan. Lau alditan eten zuen saioa epaileak.

une

iz. Denbora-bitarte aski laburra. Ikasteko gosea gehitzen eta larritzen hasi zaigun une honetan. Zergatik ez une berean bi tokitan egon? Heriotzaren une edo puntuan bertan. Ez haut begien aurrean une bat gehiago ikusi nahi. Une bateko atseginagatik. Unerik galdu gabe.

unean-unean adb. Noizean behin.

unean uneko adj. Noizean behingoa.

une oro adb. Une guztietan. Bere semea gogoan dauka orduero eta une oro, egun eta gau.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper