Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=o 7 sarreratan aurkitu da.

o1

iz. Alfabetoko letra (o, O).

o2

interj. Ustekabea, harridura edo mirespena adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. oi1; ai. O, ene Jainkoa! O, itsutasun ezin esan bestekoa! O, heriotza!, zein gauza samina den zure oroipena! O, zein ederra zaren!

geroztik

adb. Harrezkero, orduz gero. Goizik galdu zuen aita; geroztik ez zuen ama baizik ikusten. Zer aldatu da geroztik hona?

geroztik(ak)o adj. Ez da geroztikako berririk. Neurtitzak gaztarokoak dira, ez geroztikoak.

noiz

1 adb. (Galdetzailea). Zer unetan, zer denboratan? Noiz gertatu zen hori? Noiz etorriko da? Baina, noiz artean iraungo du oraingo joerak? (Ik. noizdaino) Noiz arte behar dut neuretzat atxiki? Oraingo goibelaldi hau, noiz artekoa ote?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakigu noiz arte gauden hemen. Lana noiz bukatuko zain. Jainkoak daki noiz!

noiz baino noiz (Zehar-galderetan, dagokion aditza geroaldian, adierazten dena edozein unetan gerta daitekeela aditzera emanez). Noiz. Aita hau beldurrez zebilen, noiz baino noiz azpian hartu eta lehertuko ote zuen bere seme horrek. Hasi ziren bidean behera, hitzik egiteko ahalmenik gabe eta noiz baino noiz negarrak irtengo.

noizdanik adb. (Galdetzailea). Noiztik? Noizdanik duzu gogoeta gaiztoei leku emateko ohitura? || Nondik eta noizdanik datorren jakiteko.

noizdanik(ak)o adj. Nik ezin erran dezaket noizdanikakoa den horien makurra.

noizean behin adb. Batzuetan, gutxitan, bataren eta bestearen artean tarte handia gertatzen dela. Ik. noizbehinka; aldian behin; aldian-aldian; aldika; aldiz-aldiz; aldizka 2; bakanka; inoiz edo behin; inoizka; lantzean behin; lantzean-lantzean; noizean behinka; noizean noiz; noiz edo behin; noizetik noizera; noizik behin; noizik behinean; noizik behinka; noizik eta behin; noizik noizera; tarteka; tarteka-marteka; unean-unean. Noizean behin etortzen da. Ez da hori, beharbada, eguneroko eginbeharra; bai, ordea, noizean behin —eta zenbat ere maizago hobe— egitekoa.

noizean behingo adj. Noizean behingo bilerak.

noizean behinka adb. Noizean behin.

noizean noiz adb. Noizean behin.

noiz edo behin adb. Inoiz edo behin. Elizara joaten dira noiz edo behin.

noiz edo noiz adb. Noizbait, inoiz. Zin egin zuen noiz edo noiz mendekatuko zela. Hori izan da Europaren espiritua, noiz edo noiz bide horretatik baztertu bada ere.

noiz ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Ik. noiz eta. Noiz ere uste baituzu urrun naizela zureganik, orduan zure hurbilean naiz. Goizik jarria nintzen supazter txokoan, nire gorputz guztia gozoki beroan, noiz ere entzun baitut tok-tok-tok leihoan.

noiz eta (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregeak golkotik sartzen dio ganibeta erreginari. Eta, noiz eta gutxiena uste duen hiltzea, aurkitzen da berehala hil behar duelako berriarekin.

noiz eta ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta ere fruta egosi baita, atera ezazu kazolatik. Ez genuen oraino oren erdi baten bidea eginik, noiz eta ere ikusi baikenuen etxe bat sutan.

noizetik noizera adb. Noizean behin. Noizetik noizera gizonari so egiten zion.

noizez gero Noiztik. Noizez gero zaitugu zu mediku?

noizik behin adb. Noizean behin. Noizik behin sentitzen duzun samurtasun ezti hori.

noizik behinean adb. Noizean behin.

noizik behingo adj. Eguneroko ogia eta noizik behingo ardo zurruta.

noizik behinka adb. Noizean behin.

noizik eta behin adb. Gip. Noizean behin. Ik. noizbehinka. Noizik eta behin, nire aurrean agertzen da bat-batean. Joan egiten zen argia noizik eta behin.

noizik noizera adb. Noizean behin.

noiz... noiz... Batzuetan... beste batzuetan... Hor ari zaizkigu "gure" erdal egunkariak, noiz alboka, noiz txirula, noiz adarra joz.

noiz nola Batzuetan bai, beste batzuetan ez, unearen arabera. Langilea da?, noiz nola. On edo gaizto, omen dugu hori euskaldunek; egia?, noiz nola.

noiztik

adb. (Galdetzailea). Noiz ezkero? Noiztik ezagutzen duzu? Noiztik zara alarguna? Noiztik da bekatu aberatsa izatea? || Ez dakitela noiztik duen euskarak hastapena.

noiztik(ak)o adj. Noiztikoak dira kanta polit honen hitzak? || Ez dakit noiztikakoa den.

nondik

1 adb. (Galdetzailea). Zer lekutatik? Kaixo, Simon, nondik zatoz? Nondik nabil ni, bide estu edo lasaitik, ate zabal edo estutik? Nondik datozkizu nahigabe eta bihotzeko pena horiek? Nondik niri honenbeste mesede? || Nondik dakizu hori?, zer bidetatik?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakizue nondik datorren, ez nora doan. Begira ondo nondik dabiltzan zure umeak. Latinetik, frantsesetik edo nik dakit nondik. Hor ari da, belea baino beltzagoak nondik zurituko dituen.

3 adb. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Zeren hark ez baitzuen nondik pagatu. Badut euskarari nondik laguntza eskaini.

4 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Ik. nondik ere. Itzuliko naiz neure etxera, nondik ilki izan bainaiz.

nondik-bait g.er. Nonbaitetik. Nondik-bait dabilen bitartean.

nondik edo handik Nonbaitetik; nola edo hala. Euskaldun guztiok gara nondik edo handik nafar. Karisma apur bat lortu nahi lukete, nondik edo handik.

nondik ere (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Hitzak hartu behar dira, nondik ere baitute beren etorkia.

nondik nora 1 Zer tokitatik zer tokitara? Ez zaio inori larregi kostako nondik nora dabilen ikustea. || Nondik nora, Kasilda?

2 Nola? Nondik nora ekin zenion euskarari? Nondik nora ote darabil horrek hainbeste diru?

nondik norako 1 adj. Zer eratakoa? Jakinarazi zion aurrerako bere bizitza nondik norakoa izango zen. Nondik norakoa da premia horren neurri arrazoizkoa?

2 iz. Zerbaiten inguruko azalpena, zerbaiten ezaugarri orokorrak. Premiazkoa da gogoan edukitzea orduko indarren nondik norakoa: ordukoak eta oraingoak ez dira bat. Arazoaren nondik norakoak. || Jainkorik gabe gizonak ez du nondik norakorik.

nondik(ak)o adj. Zer tokitatikoa? Joanen bataioa nondikakoa zen, zerutikoa ala gizonengandikoa? || Ni ezagutzen nauzue eta nondikakoa naizen ere badakizue.

ondo2

1 iz. Zerbaitentzat edo norbaitentzat, hura ukitzen duen edo hurbil dagoen aldea. Meta ondo batean etzan zen. Bide ondoetan eta bidegurutzeetan suak egitea. Ibai ondoetara irteten da gauetan. Etxe ondoetako soroetan.

2 iz. Ondorengo denbora. Ik. bazkalondo. Hitzaldi aurreak eta hitzaldi ondoak ez dira egokiera erosoak izaten berriketa lasairako.

3 iz. (Errepikatzen den hitz baten ondoan, erantzunetan, indargarri gisa). Ik. oste2 3. Zer hitz eta zer hitz ondo? Zer emazte eta emazte ondo!

ondoan 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Zure ondoan jarri nahi dut. Zesarren gorputz odolduaren ondoan harriturik. Etxe ondoan. Ohe ondoan zegoen. Hona hemen elkarren ondoan hiru paradigmak. || Etxearen ondo-ondoan.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Erdal itzulpena ondoan dakarrela. || Ondo-ondoan genuen.

3 (Erkaketetan). Aldean. Horren ondoan, beste guztiak eskas eta ezerez baitira.

4 Atzean, atzetik. Ik. ondotik. Zatozte nire ondoan. Laudorioen ondoan dabilena.

5 (Denborazko testuinguruan). Ik. ondoren 4. Meza ondoan. Gerra aurretik, gerratean eta gerra ondoan ikusi dudana. Oñatiko Batzarraren ondoan argitaratu zuten liburu lodia. Bizkai-Gipuzkoetako burdingintza galduan gelditu zen 1650 ondoan. || Bokal itxien ondoan, a, e bihurtzen da euskalki batzuetan.

6 (Aditz baten era burutuaren eskuinean). Batxilerra egin ondoan, fabrikan hasi nintzen lanean. Tratu eder bat egin ondoan sartzen dira ostatuan. Alaba ezkondu ondoan, ezkongaiak darraizkit ondoan (esr. zah.).

7 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Hastean bozkario arin bat, ondoan tristezia pisu bat. Ondoan datozenak ere bitarikoak dira.

ondoko 1 adj. (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Eliza zaharraren ondoko etxetxoan jaio zen. Sukalde ondoko aulki batean eseria. Oñati ondoko harrobi batean. || Elizaren ondo-ondoko etxe batean.

2 adj. (Dagokion izen sintagmarik gabe). Judea guztian eta ondoko bazterretan. || Trabarik handiena uraren harrabotsa genuen, ondo-ondoko errekatik.

3 adj. (Denborazko testuinguruan). Ik. ondorengo; ondoko. Meza ondoko otoitzean. Euri ondoko eguzkiaren irribarre bustia. Hurrengo egunaren ondokoa. || Handik ondoko maiatzaren 21ean.

4 adj. (Dagokion izen sintagmarik gabe). Hitzaldiak euskaraz eman nituen, nahiz ondoko elkarrizketak erdaraz izan ziren. Pazko bezperatik hasi eta ondoko aste guztia. Orduan Jesusek ondoko parabola hau esan zien: (...). Ondoko egunean: hurrengo egunean. Lehen partea dei daiteke gaztetasuna; ondokoa, adin ona; azkena, zahartasuna.

5 adj. (Aditzaren era burutuaren eskuinean). Bekatutik ilki ondoko poztasuna.

6 adj. (Errepikatzen den hitz baten ondoan, erantzunetan, indargarri gisa). —Ipuin horrekin zure amamagana, mutil, berak sinetsiko du! —Ze amama eta amama ondoko!, egia da!

ondora 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Mutikoa buruzagiaren ondora hurbildu zen. Heldu zen azeria etxe baten ondora. Ate ondora joan ziren. Paris utzi eta Hernanira dator, Donostia ondora. || Betor nire ondo-ondora. || Ate ondoraino hurbildu zen.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Done Petriri ondora joan zitzaion, eta saihetsean jota, esnatu zuen. || Ondo-ondora hurbildu zaizkigu.

ondorik Ondotik. Ondorik doazenak.

ondotik 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Zaude hemen, ez higi ene ondotik. Pikondoaren ondotik igaro zirenean. Egon zen ohe ondotik aldendu gabe. || Orma baten ondo-ondotik ibili ginen.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Apostolu maitea ez zitzaion ondotik kentzen. || Nire aurretik igaro ziren, ondo-ondotik.

3 Atzetik (espazioan nahiz denboran). Goazen aurrera, izarraren ondotik. Haren ondotik etortzeko zena. Gogoan hartzea bekatuak zein ondore gaiztoa uzten duen bere ondotik. Bigarren silabaren ondotik. Elkarren aldamenean eta bata bestearen ondotik datoz bi esaldiak. Gau luze baten ondotik. Hauts itzazu arrautzak bata bestearen ondotik.

4 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Ekonomiaren gorakadak ondotik ekarri zuen euskal literaturaren goraldia. Orduko berritsukeriari isilaldi luzea etorri zitzaion ondotik. Kontsonante bat ondotik duenean. Goiz jaikitzea baliatuko ez zaik, zoriona ondotik ez badarraik (esr. zah.).

ondotik(ak)o Ondokoa. Oraingo desmasiak eta hauen ondotikakoak.

ondoz ondo Bata bestearen atzetik. Ik. ondozka; hurrenez hurren. Nagusi batek bi mutil, ondoz ondo, elkarren berririk jakin gabe, leku berera igorri zituen.

ondoz ondoko adj. Ondoz ondoko hitzak.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper