Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=noizik behin sarrera bakarrean aurkitu da.

noiz

1 adb. (Galdetzailea). Zer unetan, zer denboratan? Noiz gertatu zen hori? Noiz etorriko da? Baina, noiz artean iraungo du oraingo joerak? (Ik. noizdaino) Noiz arte behar dut neuretzat atxiki? Oraingo goibelaldi hau, noiz artekoa ote?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakigu noiz arte gauden hemen. Lana noiz bukatuko zain. Jainkoak daki noiz!

noiz baino noiz (Zehar-galderetan, dagokion aditza geroaldian, adierazten dena edozein unetan gerta daitekeela aditzera emanez). Noiz. Aita hau beldurrez zebilen, noiz baino noiz azpian hartu eta lehertuko ote zuen bere seme horrek. Hasi ziren bidean behera, hitzik egiteko ahalmenik gabe eta noiz baino noiz negarrak irtengo.

noizdanik adb. (Galdetzailea). Noiztik? Noizdanik duzu gogoeta gaiztoei leku emateko ohitura? || Nondik eta noizdanik datorren jakiteko.

noizdanik(ak)o adj. Nik ezin erran dezaket noizdanikakoa den horien makurra.

noizean behin adb. Batzuetan, gutxitan, bataren eta bestearen artean tarte handia gertatzen dela. Ik. noizbehinka; aldian behin; aldian-aldian; aldika; aldiz-aldiz; aldizka 2; bakanka; inoiz edo behin; inoizka; lantzean behin; lantzean-lantzean; noizean behinka; noizean noiz; noiz edo behin; noizetik noizera; noizik behin; noizik behinean; noizik behinka; noizik eta behin; noizik noizera; tarteka; tarteka-marteka; unean-unean. Noizean behin etortzen da. Ez da hori, beharbada, eguneroko eginbeharra; bai, ordea, noizean behin —eta zenbat ere maizago hobe— egitekoa.

noizean behingo adj. Noizean behingo bilerak.

noizean behinka adb. Noizean behin.

noizean noiz adb. Noizean behin.

noiz edo behin adb. Inoiz edo behin. Elizara joaten dira noiz edo behin.

noiz edo noiz adb. Noizbait, inoiz. Zin egin zuen noiz edo noiz mendekatuko zela. Hori izan da Europaren espiritua, noiz edo noiz bide horretatik baztertu bada ere.

noiz ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Ik. noiz eta. Noiz ere uste baituzu urrun naizela zureganik, orduan zure hurbilean naiz. Goizik jarria nintzen supazter txokoan, nire gorputz guztia gozoki beroan, noiz ere entzun baitut tok-tok-tok leihoan.

noiz eta (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregeak golkotik sartzen dio ganibeta erreginari. Eta, noiz eta gutxiena uste duen hiltzea, aurkitzen da berehala hil behar duelako berriarekin.

noiz eta ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta ere fruta egosi baita, atera ezazu kazolatik. Ez genuen oraino oren erdi baten bidea eginik, noiz eta ere ikusi baikenuen etxe bat sutan.

noizetik noizera adb. Noizean behin. Noizetik noizera gizonari so egiten zion.

noizez gero Noiztik. Noizez gero zaitugu zu mediku?

noizik behin adb. Noizean behin. Noizik behin sentitzen duzun samurtasun ezti hori.

noizik behinean adb. Noizean behin.

noizik behingo adj. Eguneroko ogia eta noizik behingo ardo zurruta.

noizik behinka adb. Noizean behin.

noizik eta behin adb. Gip. Noizean behin. Ik. noizbehinka. Noizik eta behin, nire aurrean agertzen da bat-batean. Joan egiten zen argia noizik eta behin.

noizik noizera adb. Noizean behin.

noiz... noiz... Batzuetan... beste batzuetan... Hor ari zaizkigu "gure" erdal egunkariak, noiz alboka, noiz txirula, noiz adarra joz.

noiz nola Batzuetan bai, beste batzuetan ez, unearen arabera. Langilea da?, noiz nola. On edo gaizto, omen dugu hori euskaldunek; egia?, noiz nola.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper