Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=leku santu sarrera bakarrean aurkitu da.

leku

1 iz. Tokia, espazioaren zati jakina. Ik. bazter 5; paraje. Edozein leku eta edozein alditan. Mintza bedi behar den lekuan eta garaian. Europako zenbait lekutan. Euskaldunik baizen ez zen leku batean. Denbora ez dela mugitzen leku hauetan. Ni nagoen lekuan. Leku agerietan. Hura zegoen lekura heldu zirenean. Kandela bere lekutik kenduta. Leku batetik bestera ibili. Zerbait lekuz aldatu (Ik. lekualdatu). Ez zuen behar zen lekuan bilatu. Borroka-lekua. Surik ez den lekuan kerik ez (esr. zah.).

2 iz. Zerbait edo norbait koka daitekeen leku hutsa. Berandu iritsi ginen eta ordurako ez zegoen lekurik aretoan. Lekua kenduko diguten beldurrez. Hark utzi zuen lekua betetzeko.

3 iz. Multzo, segida edo hierarkia batean, norbaiti edo zerbaiti dagokion lekua, norbait edo zerbait dagoen lekua. Aditzaren lekua perpausean. Leku berezia du aspaldian Jon Etxaidek euskal idazleen artean. Sailkapenean hirugarren lekuan daude.

4 iz. Irud. Orrialde hauek ez dira leku egokia gramatika auziak erabiltzeko. Olerkiek badute behar adina leku aldizkari horretan? Hiriko bizitzari ez dio leku handirik opa bere eleberrian. Beren hizkuntzak ez du lekurik hor.

5 (Esaldi hanpatuetan, mugatzailerik gabe eta leku atzizkiren batekin). Lekutara eraman dute!: oso urrun eraman dute. Lekutan dago lan horren bukaera! Lekutako kontuekin hator orain ere! Lekutako amaren etxean bizi da!

lekua hartu Norbaitek edo zerbaitek utziriko lekua beste norbaitek edo zerbaitek bete. Teknika horren lekua beste batek hartu du.

lekuak hustu Lap. eta Naf. Joan, alde egin. Lekuak hustu zituen eta Espainiara ihes egin.

lekuan 1 (-en atzizkiaren eskuinean). Ordez. Baldin semeak arraina eskatzen badio, arrainaren lekuan suge bat emango dio?

2 (Aditzaren era burutuaren eskuinean). Beharrean. Lehengo neke gogorrak arindu lekuan, eman zizkien neke berriak.

lekuan-lekuan adb. Non-nahi; leku batean eta bestean. Lekuan-lekuan atsedentxoak egiten zituztela zihoazen.

lekuan lekuko adj. Leku bakoitzean bertakoa. Lekuan lekuko fruituak ezagutu nahi zituen. Lekuan lekuko hitzak erabiliaz.

lekuaren gain (Batez ere lekuaren gainean esapidean 'lekuan bertan' adierarekin). Lap. eta BNaf. Eta hotza!, ez duk aro lekuaren gainean egoteko.

lekua utzi 1 Joan, alde egin. Ik. lekuak hustu.

2 Norbait edo zerbait dagoen lekua beste norbaiti edo zerbaiti utzi. Negu zitalak lekua utzi dio udaberriari.

leku egin 1 Lekua utzi. Zaharrak badoaz, belaunaldi gazteei leku eginez. Eta umoreak maiteminari egin zion leku. || Atezainak barrura eraman gintuen eta lekua egin zigun aurreko lerro batean. Hemengo jazzari lekua eginez.

2 Lekutu, alde egin. Leku egiten duzue nigandik.

leku eman Baimendu, zerbait gertatzen edo egiten utzi. Gogorazio gaizto bati leku ematen diozula. Mutil baten haragizko gurariari leku ematen badio. Bere gogara mintzatzeko astirik eta lekurik eman gabe.

leku izen, leku-izen Leku baten izen berezia. Ik. toponimo. Pertsona eta leku izenak.

leku onean (egon, izan eta kideko aditzekin, esaldi hanpatuetan, ironiaz). Han dabil honezkero herrian gure ugazaba, nire galdez; leku onean dago! || Orain ordaindu behar dizudala?, bai, leku onean!

leku santu 1 Bere erlijio esanahi bereziagatik sakratua den lekua. Haiek dira leku santuak profanatzen dituztenak.

2 Kristauen artean, Jesu Kristoren bizitza eta heriotza gertatu ziren lekuetako bakoitza. Ik. lur santu 2. Jerusalemgo leku santuetara.

leku txarrean (Batez ere ezezko perpausetan erabiltzen da, egon, izan eta kideko aditzekin, esaldi hanpatuetan edo ironiaz). Sinetsi izan banio, ez nengoen leku txarrean!

lekuz kanpo Dagokion leku edo egoeraz kanpo. Ik. tokiz kanpo. Basamortuan galdutako urpekaria bezain lekuz kanpo sentitzen da. Guztiz lekuz kanpo gaude hemen, honenbeste ikasle gazteren artean. Gehiegi hitz egiteak beldurtzen gaitu, eta txantxa guztiak lekuz kanpo daudenean, ez dugu hitz egokirik aurkitzen. || Lekuz kanpoko irribarrea aurpegian dakarrela.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper