Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=kartak ebaki sarrera bakarrean aurkitu da.

karta

1 iz. Txartel moduko kartoi zatia, alde batean irudi bat duena, berrogei, berrogeita zortzi edo berrogeita hamabi aleko multzoetan hainbat jokotan erabiltzen dena. Karta-jokalaria. Hizketan ari da kartak banatu bitartean. Karta onenak noiz etorriko zain dago. Kartak nahasi.

2 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, karta-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ‘gutun, eskutitz’ eta ‘mapa’ adieretan ez erabiltzea gomendatzen du; ik. eskutitz; gutun; mapa].

karta espainol pl. Karta sorta mota, hamar edo hamabi zenbakiko lau sailetan (urrea, kopa, ezpata eta bastoia) banaturiko berrogei edo berrogeita zortzi kartak osatzen dutena. Karta jokoan maiz jarduten dutenek, badakite, karta espainoletan, goiko aldean, marra bat dagoela.

karta frantses pl. Karta sorta mota, lau sailetan (bihotza, diamantea, hirusta eta pika) banaturiko berrogeita hamabi kartak osatzen dutena. Ikusi zituen mutiko batzuk karta frantsesekin jokoan.

karta joko, karta-joko Kartekin egiten den jokoa. Afaldu eta gero, denbora pasa, karta-jokoan hasi ziren. Tutean, briskan eta horrelako karta jokoetan aritzen ziren. || Suizidioa, bizitzaren kontra joka genezakeen azken karta jokoa.

kartak ebaki Karta sorta bat, nahasi ondoren eta banatu aurretik, bitan banatu eta gainean zegoen multzoa azpian zegoenaren azpian ipini. Ik. kartak moztu. Kartak nahasi, ebaki eta banatu karta bana, jokoan parte hartzen duten lagun guztiei.

kartak moztu Karta sorta bat, nahasi ondoren eta banatu aurretik, bitan banatu eta gainean zegoen multzoa azpian zegoenaren azpian ipini. Ik. kartak ebaki. Kartak banatzea dagokionak, lehenik nahasi eta ondoren bere ezkerrekoari emango dizkio moztu ditzan.

karta sorta, karta-sorta Karta multzo osoa. Karta sorta bat nahasten ari zen.

kartetan adb. (Batez ere ari izan, egin, ibili, jokatu eta kideko aditzekin). Karta-jokoan. Ik. jokoan. Ama-alabak kartetan ari ziren. Arratsetan kartetan jokatzen zuen ikastetxeko zuzendariarekin eta haren andrearekin. Kartetan zihardutenei begira. Gela kez bete baten puska bat ikusten nuen, eta lau gizon kartetan.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper