Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=kale 4 sarreratan aurkitu da.

kale

1 iz. Hiri edo herrietan, etxez inguraturiko bidea. Ik. karrika. Parisko kale batean. Goiko kalean eta Beheko kalean. Foru(en) kalea. Enparan kalean. Bilboko kale eta plazetan. Kale zabala (Ik. hiribide). Aita ikusi nuen kale bazterrean zain. Kale meharra. Kale estu eta ilunetatik joan zen. Kale artean. Kale ertzean ikusi nuen. Kalearen erdian. Kale kantoi batean. Kale izenak. Kalez kale, kalerik kale ibili. Kalean gora, kalean behera. Kalean barrena, kalean zehar zihoala. Kaleko argiak. Kale indarkeria eta alderdien kontrako erasoak onartezinak eta larriak direla salatu zuen zinegotziak. Kale txakurra: kalean bizi den txakurra, jaberik ez duena.

2 iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Hirigune edo herriguneetan, etxe barnea ez den eremua. Kalera irten, atera (Ik. kaleratu). Etxean ere egon ezinik, kalera alde egin nuen berriz. Leihotik kalera begira. || Presoak kalera.

3 iz. Euskal gizarte antolaketan, elizaren inguruan biltzen diren etxeen multzoa. Anton. baserri. Amezketako kalean. Baserrian jaio zen, baina aspaldidanik kalean bizi da. Kalera jaitsi meza entzutera. Nahiago du kalea baserria baino. Larre hizkuntza dena kale hizkuntza bihur dadin.

kale agerraldi, kale-agerraldi Manifestazioa. Milaka polizia aurrean zituztela egin zuten kale agerraldia.

kale antzerki, kale-antzerki Kalean antzezten den antzerki mota. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia.

kalean utzi 1 Lanetik bota; etxetik bota, etxerik gabe utzi. Lanera itzultzen ez badira kalean utziko dituztela jakinarazi die ugazabak.

2 Espetxeraturik edo atxiloturik zegoena aske utzi. Kalean utzi dute emazte ohia jipoitu zuen gizona.

kale-argi Hiri eta herrietako kaleak argitzeko jartzen den argia. Ik. farol 2. Askotan, kale-argiek, kalea argitu beharrean, inguruko eraikinak argitzen dituzte. Autoak bidetik irten eta kale-argi bat jo zuen.

kale baserri, kale-baserri Kalean, herrigune barruan dagoen baserria. Itzuli zenean, eraitsia ikusi zuen bere kale baserria. Kale-baserri txikia zen, lurrik gabekoa.

kale-baserri pl. Kalea eta baserria. Aski zuten kale-baserrietako arazoak astintzearekin.

kale egin Huts egin. Kale egin du pilotariak. Ez, gero, niri kale egin. || Asko hitz egin eta azkenean kale.

kale garbitzaile, kale-garbitzaile Kalea garbitzen duen pertsona. Goizean goizetik hasten dira lanean Bilboko kale garbitzaileak.

kale gorri Adkor. (Batez ere leku atzizkiekin erabiltzen da). Kale gorrian geratu, gelditu: lanik gabe edo etxerik gabe gelditu, gabezia edo premia gorrian gelditu. Kale gorrian utzi gaituzte (Ik. kalean utzi). Ez joan kalera ihesi; kale gorrian gauza guztiak behar dira erosi. Behar beltzak eta kale gorriak eman dioten hazibide latza.

kale nagusi Herri edo hiri bateko kale garrantzitsuena edo, izena jarri zitzaionean bederen, garrantzitsuena zena. Kale nagusian behetik gora gindoazela.

kalera bota Kanpora bota, bereziki etxetik edo lantokitik bota. Ik. kaleratu 2. Adin batetik beherako langile guztiak kalera bota zituzten. Hiru aste dira emazteak kalera bota ninduela.

agerraldi

1 iz. Norbait edo zerbait agertzen den aldia; norbait edo zerbait agertzea. Sarritan agertu zitzaion Kristo; halako agerraldi batean esan zion: (...). Urriaren 22an egin zuen eritasunak bere lehen agerraldia. Fatimako agerraldiak.

2 iz. Pertsona bat edo talde bat jendaurrean agertzea, zerbait jakinarazteko edo iritzi edo nahi bat agertzeko. Ik. kale agerraldi; manifestazio. Sailburua oso kritiko agertu zen hedabideen aurrean egindako agerraldian. Orduko poza atzean geratu da ordea, eta atzoko agerraldian aurpegi serioak eta kezka ziren nagusi, berriro ere, langileen artean. Irailaren 12koa azken urteotan katalanaren alde egin den agerraldi garrantzitsuenetakoa izan da.

3 iz. Letrez, hitzez eta kidekoez mintzatuz, horietako bat agertzen den aldi bakoitza. /t/ fonemak bi agerraldi ditu tente hitzean. Atso hitzaren agerraldiak Garoa eleberrian.

4 iz. Bisita.

5 iz. Antzerki lanetan, ekitaldi bat banatzen den zatietako bakoitza. Bigarren ekitaldia, hirugarren agerraldia.

6 iz. Argitaraldia.

kale agerraldi, kale-agerraldi Manifestazioa. Milaka polizia aurrean zituztela egin zuten kale agerraldia.

baserri

1 iz. Landan bakarturik dagoen etxea, nekazaritzako edo abeltzaintzako lurrak dituena. Joan de Bargas zeritzan jaun baten baserri bat, bere soro eta lurrekin, urtean honenbestean, hartu zuen. "Cortijo" deitzen diren Andaluziako baserri modukoak. Etxejaunaren ametsa baserria osorik uztea izaten da. Baserri jabe guztiek elkar hartu beharko lukete. Atsegingarri zitzaion baserriko lanetan astia ematea (Ik. baserri lan). Baserriaren irabazpideak. Baserrian eta kalean. Industriak hartu du baserriaren tokia. Baserri turismoa.

2 iz. Hiritik bereizirik dagoen auzoa. Angelu eta Biarritz baserri ziren garaietan.

3 iz. Landa (hiriguneari kontrajartzen zaion eremua). Baserriko bizimodua gustatzen zaigu. Hiriko arratoia eta baserrikoa.

baserri etxe, baserri-etxe Baserria, basetxea. Gipuzkoan badira hamar mila baserri etxe.

baserri giro, baserri-giro Baserri giroko hitz eta esapide asko, esate baterako, ez dira gizarte hiritar baterako egoki. XX. mende hasierako baserri giroa jaso zuen Felipe Manterolak.

baserri lan, baserri-lan Baserriko lanak. Baserri lanak bukatu bezain laster. Baserri lanetan aritzen zen etxekoandre hark bazirudien Parisko gizarterik onenean hezia zela.

kale baserri, kale-baserri Kalean, herrigune barruan dagoen baserria. Itzuli zenean, eraitsia ikusi zuen bere kale baserria. Kale-baserri txikia zen, lurrik gabekoa.

kale-baserri pl. Kalea eta baserria. Aski zuten kale-baserrietako arazoak astintzearekin.

garbitzaile

iz. Aipatzen dena garbitzen duen pertsona. Oinetako-garbitzailea. Ontzi-garbitzaile ibili zen. Erien sendatzailea, lohien garbitzailea. || Eraikin publikoetako garbitzaileak greban daude.

kale garbitzaile, kale-garbitzaile Kalea garbitzen duen pertsona. Goizean goizetik hasten dira lanean Bilboko kale garbitzaileak.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper