Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=jota 4 sarreratan aurkitu da.

jota1

iz. Alfabetoko letra (j, J).

jota2

iz. Nafarroa, Aragoi eta beste zenbait eskualdetako herri dantza; dantza horren doinua; doinu horrekin kantatzen diren bertsoak. Jota bat jo. Jotak kantatu. Jota bat ere dantzatuko dute.

jo, jo, jotzen

1 du ad. Gauza batek beste bat halako indarrez ukitu. Harriak harria jo. Haitz txiki bat jo zuen txalupak. Horma jo arte ez zen gelditu. Bazterrak joz. Konortea galdurik, lurra jo zuen. Bi autoek elkar jo zutenean.

2 du ad. (Eguzkiaz, haizeaz edo beste zenbait eguraldi gertakariz mintzatuz). Eguzkiak joz gero urtzen zelako. Itsasoan dabiltzanak, kontrako haizeak joagatik, ez dira berehala errenditzen. Ekaitzak jotzen zuenean.

3 du ad. Kolpe bat edo kolpeak eman. Ik. ukaldikatu. Haserretu eta inor jo dut? Eskola hartan haurrak jo egiten dituzte. Atea jo. Pilota jo. Bularra eskuaz joz. Ezpataz jo. Ostikoz jo. Zigorraz jo nauelako. Zuhaitza aizkoraz jo. Garia jo, aletzeko. || Txaloak jo. Lixiba jo.

4 du ad. Irabiatu, irauliz nahasi. Jo itzazu arrautzen zuringoak.

5 du ad. Eritasunez, zenbait zomorroren egintza kaltegarriez eta kidekoez mintzatuz, eraso. Gaitz hilgarriak jo zuen. Harrak jotako sagarra (Ik. harjo). Sitsak jo eta herdoilak jaten ez dituen aberastasunak. Zorigaiztoak jo nau. Bihotzekoak jota hil da.

6 du ad. Musika-tresna bati soinua atera. Danborra jo. Gaizki jotzen du pianoa. Txistulari bat behar zuten jaietan jotzeko. Berak jotzen eta abesten zuen.

7 du ad. (nor osagarria jotzen den musika-lana dela). Bolero bi jo zituen pianoan. Euskal musika jo. Utziko zenidake musika apur bat jotzen?

8 du ad. (nor osagarririk gabe). Soinu egin zerbaitek. Kanpaiek jo baino lehen. Ezkilak jo du mezara. Bi aldiz jo du txirrinak. Jotzen duenean gero tronpeta izugarriak.

9 du ad. (Orduez mintzatuz). Arratsaldeko bostek jo zuten. Azkaineko elizan hamar orenek jo berri zuten. Jo zuenean Jainkoaren orenak. Goizeko seiak jo ditu erlojuak.

10 du ad. Tokiren baterantz joan. Ik. egin1 13. Venezuela aldera jo zuen gero. Egun guztia jo hona eta jo hara. Eskuin jo, ezker jo, osoro galdu zen azkenekoz. Aurrera jo baino lehen. Urrutirago jo gabe. Olabideren hizkera gipuzkera soila da mami-mamiraino joz gero. Auzia garbitzeko, ez dugu iturburuetara jo besterik. || Okerreko bidetik jo zuen. Nondik jo ez nekiela.

11 du ad. Zerbaitetarako joera izan. Horretara jotzen dugu euskaldunok ere, erdaraz ari garenean. Arana Goirik eta Azkuek, nolabait, helburu batera jotzen dute.

12 du ad. Zerbait lortzeko, argitzeko edo konpontzeko bidea norbaitengan edo zerbaitetan bilatu. Norengana jo, agiri onak lortzeko? Zalantzazko puntuetan Mitxelena jaunarengana jo dugu iritzi eske. Sendabide bila, berarengana jotzen zuten eriek. Berri zehatzagoen bila dabilenak badu nora jo.

13 du ad. Kopuruez mintzatuz, kopuru hori aipatzen dena edo horren antzekoa dela uste izan. Zenbat balio duela jotzen duzu? Zenbat urte jotzen dizkiozu? Behetik jota.

14 du ad. Jo dezagun erdaldun batekin ari garela hizketan: eman dezagun erdaldun batekin ari garela hizketan.

15 (Era burutua izen gisa). Ipar. Pilota jotzea edo jotzeko moldea. Jo luzea, laburra, hutsa. Errebotearen joa doa urrunera.

gora jo Zuz. Goragoko epaimahai bati beste baten epaia berrikus dezan eskatu. Ik. apelatu. Gora jotzeko bideak ere moztu dizkigute.

jo aitzina interj. Ipar. Aurrera!

jo eta fuego adb. Heg. Herr. Jo eta su.

jo eta jo adb. Etengabe joz. Errementariak jo eta jo darabilen burdin xafla. Pilota jo eta jo airean dabilen bitartean.

jo eta ke adb. Gogoz eta lehiaz arituz. Han ari da jo eta ke lanean.

jo eta pasa Heg. Adkor. Zerbait harrapatu eta pasatu. Monumentu haren neurriek, ordea, jo eta pasa egiten zuten irudikatua zuen guztia.

jo eta su adb. Jo eta ke. Jo eta su berriketan.

jota 1 adb. Lgart. Leher eginda, erabat nekaturik. Oso gogorra izan da; jota nago. Jota zatoz?, Zer dela eta?

2 adb. Lgart. Erotuta. Ik. burutik jo. Hi jota hago, ala?

-tzat jo -tzat hartu. Egokitzat jo. Kaskartzat jo gaituzte, beste auzirik gabe. Galdutzat jo beharko ditugu honezkero haren poesiak.

on1

1 adj. Bere egitekoa ongi betetzen duena; espero den bezain egokia edo onuragarria dena. Anton. txar. Horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik; eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Ohe ona. Belarri onaren jabe denak. Idazle horietan gauza on asko ikas daitezke. Bere landan hazi ona erein duen gizona. Europako haizeak onak ala kaltegarriak ditugun, ikusteko dago oraindik. Gure alde onak eta bertuteak. Euskara onean idatzia. Aholku onaren bila. Harrera ona izan. Berri onak ekarri ditu. Egoera onean. Ezkon zaitez ordu onean. Modu onean. Hala bizitzeak ere deus onik ez zuela. Eguraldi ona denean. || (Pertsonez mintzatuz). Langile ona. Irakasle ona izan duelako. Adiskide on batzuek eskatu didatena. || (Izen gisa). Ona eta txarra bereizten dakitenei.

2 adj. Ongi egina. Hiztegi onak behar ditugula. Presta zaitez aitortza on bat egiteko.

3 adj. Handia, ederra. Ukaldi on bat hartu du. Orraztaldi on bat behar du argitaratu baino lehen. Irabazi ona ateratzen dutela.

4 adj./iz. Zintzoa; moralak eskatzen duena betetzen duena. Anton. gaizto. Gizon prestu eta kristau onak. Morroi on eta leiala. Sarituko ahal ditu zeruan Jainko onak! Onak izan. Onegia zela etsairik inon izateko. Eguzkia onen eta gaiztoen gainean altxarazten baitu. Onei betiko zoriona emateko. || Gizon bezala, nor zen bera baino zuzenagorik, onagorik, jatorragorik, euskaltzale jakintsu eta porrokatuagorik? (Ik. hobe) || Liburu onak irakurriz.

5 adj. Ontasuna adierazten duena. Bihotz oneko gizona. Egin denaren fede ona erakusteko. Jaidura onak. Obra onez hutsik bezain asmo onez beterik.

6 adj. (Zenbait esapidetan). Esker onez eta beldur gaiztoz beterik. Gogo onez eta inork behartu gabe. Erabaki hori jendeak begi onez ikusi zuen. Merezi onez irabazi duen izena. Ez du onik izango bere xedera heldu arte: ez du bakerik izango bere xedera heldu arte.

7 iz. Zerbaitentzat edo norbaitentzat egokia edo onuragarria den gauza. Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik. Erostunaren ona eta saltzailearena ez omen datoz bat beti. Zein da gure helburua, geure buruaren atsegina ala euskararen ona eta bizia? Edozein izakik bere ona bilatu ohi du. Herriaren onari begiratu behar dio herri gizonak.

8 iz. Ongia. On eta gaizkiaren arteko borroka.

9 iz. pl. Ondasunak. Aberatsak bere onetarik behartsuari emanez.

(neure, bere...) onean (egon, jarri...) Lasai, norberaren onetik atera gabe. Orduak aurrera eta ez zela ageri ikusita, ez nengoen neure onean.

(neure, bere...) onetik atera (irten, ilki) (Neure, bere...) senetik atera; dagokion edo berezkoa zaion egoeratik atera. Hitz horiek entzutean, bere onetik atera zen. Ezertarako ez diren txotxolo hauek nire onetik ateratzen naute. Gaur mundu guztia pixka bat bere onetik aterata ikusten dugu. Hori gauza bere onetik ateratzea izango litzateke.

on beharrez adb. Hobe beharrez. On beharrez esan nion esan niona, baina txarrera hartu zuen. Barka iezadazu, on beharrez samindu bazaitut.

onean 1 adb. Borondatez, indarra erabili gabe. Ik. onez onean 2. Onean ez bada txarrean egin beharko duzu. Ikusiko duzu nola aitortuko duzun, onean nahi ez baduzu, nik jakingo dut zer egin zurekin.

2 adb. Jarrera onean. Onean nago, eta gozoro-gozoro hitz egingo dizut.

3 adb. Onerako. Nork daki, ni urtebeterako aldentzea bion onean ez ote den. Txorakeriak esan dira hartaz, onean eta txarrean, baina, gogoko dugun ala ez, ez du gutxi galdu zinemak bere heriotzarekin.

on eduki Eutsi, atxiki, bere hartan iraun. Lekukoek on eduki zuten hala zela. Erromako enperadoreak iraun zueno, latinak ere on eduki zuen.

on egin 1 Hitz haiek Andoniri on egin zioten. Jan dugun arrainak ez digu onik egin. Ikusteak ere ez dit onik egiten. Adiskideei on egitea eta etsaiei gaitz egitea dela zuzenbidea. || Aireak on handia egiten die belar eta zuhaitz guztiei. Zenbat on egiten duen jaunartzeko sakramentuak. Bizkaian hainbeste on egin duen liburu hau. Hori ikasteak ez digu on baizik egingo. On baino kalte gehiago egiten duten liburuak.

2 (Jaten ari denari esaten zaizkion jendetasunezko formuletan). On egin! —On degizula! —Baita zuri ere. On egin diezazula!

onenean 1 adb. Beharbada, agian. Onenean, zuk ere zigarroak erreko dituzu. Egunen batean zu ere, onenean, aita edo ama izango zara.

2 adb. Kasurik onenean. Iraupen laburra dute gehienetan; zenbait segundo, onenean, zenbait minutu.

onenean ere adb. Kasurik onenean. Ez zuela erdizka baizik egin, onenean ere.

onenera jota (ere) adb. Onenean ere. Onenera jota ere, bihar bukatuko dugu.

onera egin Hobetzeko bidea hartu. Eguraldiak onera egin du. Lucyk ez du onera egiten.

onera ekarri (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Senera ekarri, konortea berreskurarazi. Horiek guztiak ez dira nahikoa izango bere onera ekartzeko.

onera etorri 1 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Senera etorri, konortea berreskuratu. Ondoeza egin eta ordu erdian ez zen bere onera etorri. Lo pisu batetik esnatzen den baten gisa, neure onera etorri naiz.

2 (Gauzez mintzatuz). Espero dut gauzak bere onera etorriko direla. Gerrak lur jota utzi zuen Guatemala eta oraindik ez da bere onera etorri.

onera itzuli 1 Ipar. Onbidean jarri, on bihurtu. Gorputzak ez du huts egiteko desirarik izango, guztiz egongo da onera itzulirik.

2 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Onera etorri, senera etorri. Neure onera itzultzean, sarrera nagusian etzanda nengoen. Bere onera itzuli zenean, anbulantziak ospitalera eraman zuen.

3 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Lasaitu, baretu. Norak, bere onera itzulirik, barkamena eskatu zion Andreasi.

4 (Gauzez mintzatuz). Elur ekaitza gaindituta, bere onera itzultzen ari dira Euskal Herriko errepideak pixkanaka-pixkanaka. Urak bere onera itzul daitezen.

onerako 1 adb. Ondorio onerako, onuragarri. Ik. onean 3. Emaztegaia aurkitu, eta onerako izan dadila. Mundua itxuraldatzen ari zaigu, onerako edo txarrerako. Ikerlana beti onerako delakoan nago.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Agintariari dagokiola, guztion onerako eta bakerako, gaizkileak zigortzea. Euskararen onerako izan zitekeelakoan.

onetan (-en atzizkiaren eskuinean). Ipar. Mesedetan. Saiatzen bagara lagunen onetan, sari ederra dugu guretzat gain hartan.

onez 1 adb. Borondatez, indarra erabili gabe. Atera zuen sastakai bat, onez ez bazen gaitzez, nahi zuena eragiteko.

2 adb. Asmo onez, fede onez. Onez al zatozte, ala gaiztoz? Onez emandako aholkuari ez zion jaramonik egiten.

3 adb. Onik. Etsaiengandik onez atera gaitu. Nire aitaren etxera onez itzultzen banaiz.

onezkoak egin Bakeak egin, adiskidetu. Zoaz lehenik zure anaiarekin onezkoak egitera.

onez onean 1 Asmo onez, fede onez; liskarrik gabe. Onez onean esan zien. Ez direla haserretuko, onez onean atzeratuko direla. Bere ahal guztiak egin ditu, onez onean gobernamenduko gizonekin bakean bizi nahiz.

2 Borondatez, indarra erabili gabe. Onez onean ematen ez duzuna bortxaz eman beharko baituzu. Ikusirik onez onean ezer egiterik ez zegoela. Onez onean ez baduzu aitortu nahi.

onez onez Onez onean.

on-gaitz pl. Alde onak eta txarrak. Proposamen baten on-gaitzak.

onik ez izan Bakerik ez izan, atsedenik ez izan. Ez zuen onik, bere Zumaia maitean baizik. Alaba ikusi gaberik, amak izango ez luke onik. Gure bihotzak ez du onik izango, Zuregan atseden hartzen ez duen arte. Hura margotu arte ez du onik izango.

onik onenean 1 Unerik onenean. Eta asko gelditzen dira ezer irabazi gabe eta onik onenean guztia galdurik.

2 Onenean ere.

on iritzi 1 dio ad. Maitatu. Ik. oniritzi. Bere emazteari on deritzanak bere buruari on deritza.

2 dio ad. Ongi iruditu, ongi iritzi. On deritzot zauden lekuan gelditzeko hartu duzun xedeari.

on izan 1 da ad. Antxumea, gazte deno, on da jateko. Gezurra on da, bidegaberik egiten ez duenean. On da euskaraz egitea. Uko egingo diet zuretzat on ez diren gauza guztiei. Izate hori on den ala gaitz, ez dut nik esango. On litzateke, ez da ordea premiazkoa.

2 zaio ad. Gizonari ez zaio on bakarrik egotea. Bakoitzari on zaiona emanez.

3 du ad. Oiloek on dute mihura egosirik.

on izate, on-izate Ontasuna. Bere emaztearen maitasunak eta on-izateak zeharo irabazi zuen. Mundu guztiak daki zuk gizonen on-izatean fedea duzuna.

ontzat eduki Ontzat hartu. Bidegabekeriok ontzat dauzkan elkartea ona ezelan ere ezin izan daiteke.

ontzat eman Ontzat hartu. Erabakia ontzat eman zuten, eta auzia bukatu zen. Gobernuak egiten duen guztia ontzat ematen dutenak.

ontzat hartu Ik. onartu. Batek ontzat hartzen duena, ezinbestean, bestek arbuiatuko du. Mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzak. Azkenik, Euskaltzaindiak ontzat hartu du eta berretsi euskal aditz laguntzaile batua.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper