Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=hotzean 2 sarreratan aurkitu da.

hotz

1 iz. Berorik eza; bero gabeziak eragiten duen sentipena. Neguko hotz gogorrarekin. Hotz handia ari zuela. Esku eta oinak hotzak gogortuta. Goseak argaldurik eta hotzak igarorik (Ik. hotzak). Hotza kentzeko edan.

2 adj. Giza gorputzarena baino tenperatura nabariki apalagoa duena, behar duen berotasuna ez duena. Anton. bero. Ur hotza. Haize hotza. Negu hotzean. Eguraldi hotza. Izotza baino hotzagoa. Harria bezain hotza eta gogorra. Janari hotzak. Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Espetxe ilun hotz honetan.

3 adj. Nekez pozten, berotzen edo hunkitzen dena. Gizon hotza. Bihotza Medelek biguna du, baina hotza. Gizon odol-hotza. Odol hotzean egin zuen. || adj. Karrik ez duena. Gogo hotzaz. Kristau hotzak. Bizitza hotz eta nagi bat badaramat.

4 (Adizlagun gisa). Ez hotz eta ez bero. Hastekoan entzuleak hotz; geroxeago, alde egin zuen hoztasunak; luzaro gabe malkoak ere ikusi nizkion bati baino gehiagori. Helenak burua hotz eduki zuen.

hotzak adb. Hotzez. Ik. hotzik. Ume gaixoa hotzak dago. Hantxe egon ginen, euritan, hotzak, logaleak eta lorik egin gabe. || Hotzak ikaraz dago. Hotzak hiltzen nago.

hotzaren hotzez adb. Hotz handiaren eraginez. Ibaia, hotzaren hotzez, izoztua zegoen.

hotzean 1 adb. Tenperatura hotzean, hotza dagoenean. Ik. hotzetan. Horrela esanez ur irakinak egiten zuen negarra: "ongi miatzen baldin banauzu, hotzean badut indarra". Beroan edo hotzean ijezturiko burdin edo altzairu xaflak.

2 adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Hotzean gorde behar da lagina laborategira eraman arte.

3 adb. Sentimenen edo beroaldiaren eraginik gabe. Ik. odol hotzean; hotz-hotzean. Eskarmentuak egoerak hotzean aztertzen irakatsi dio. Hotzean pentsatuta, mutilak inozo samar jokatu duela uste dut.

4 adb. Muskuluez mintzatuz, ondo berotu gabe. Sorbalda ondo berotzen dut, bolea hotzean joz gero zaintiratu txikiren bat egin dezakezulako.

5 adb. (izan aditzarekin, harremanen hoztasuna adieraziz). Ipar. Martine Aubry eta Ségolène Royal alde bat eskuz esku, kasik ezin bereziak, denbora batez arras hotzean zirelarik.

hotz egin (Eguraldiaz mintzatuz, singularreko hirugarren pertsonan). Ik. hotz izan; hotz egon. Udaberria zen eta oraindik hotz egiten zuen. Hotz egiten zuen arren, izerditan zeuzkan ahurrak.

hotz egon Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Berandu da eta hotz dago. Kanpoan haizea dabil eta hotz dago.

hotz eta motz adb. Hoztasunez, karrik gabe. Erosleak badabiltza ikertzen, hotz eta motz, arras ele gutxirekin. Buruz ederki ulertzen dut argudioa, baina lehen bezain hotz eta motz gelditu naiz.

hotzetan adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Ik. hotzean. Gorbeian gaueko ordu batean, hotzetan eta haizetearen erdian zeuden ikusleei, eskerrik asko. Hotzetan gorde.

hotzez adb. Hotz duela, hozturik. Ik. hotzik. Jainkoa zerbitzatu dute gosez eta egarriz, hotzez eta biluzik. Hotzez dardarka hasten da.

hotz-hotzean adb. Bihotz berotasunik gabe. Borrokarako gogoa utzirik, hotz-hotzean aztertu behar genuke auzi hori. Hotz-hotzean hartutako erabakia.

hotz izan 1 da ad. Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Hotz denean berotu nahi izatea.

2 da ad. Bizk. Hotz sentipena izan. Hotz naiz. Elai gaixoa hotz zen.

hotz kate, hotz-kate Salgaiak, bereziki janari-edariak eta botikak, ekoizten direnetik kontsumitzen diren unea arte, hotzean gordetzea, garraiatzea eta saltzea bermatzen duen prozesua. Surimia elikagai izoztua denez, egoera horretan mantendu behar da kontsumitu baino lehentxeago arte, hotz katea eten gabe. Halere, txertoen erdiak inguru zaborretan bukatzen du, hotz katea hautsi eta iraungitze data gainditu ondoren.

odol

1 iz. Kolore gorriko isurkari lodia, gorputz osoan zainetan zehar dabilena, elikagaiak eta oxigenoa banatzen eta hondakinak jasotzen dituena. Ahotik odola dariola. Odolaren kolorekoa. Zauriz eta odolez beterik. Odolez gorritua. Odola gatzatu. Odol hotzeko eta beroko animaliak. Barberuak atera behar du odola gaitz askotan, baina, nire ustez, ez hainbestetan.

2 (Esapideetan). Odolezko izerditan. Gorputza odoleraino zigortuz. Odolak su gabe diraki (esr. zah.).

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Odol zainak. Odol tantak darizkiola. Odol aztarnak. Odol gazura (Ik. gazur 2). Odol motak.

4 iz. (Leinuaren ezaugarrien oinarritzat hartua). Odol bereko haurride bagina bezala. Odol bateko ahaideak. Mutiko hura bere odolekoa zela jakin zuenean (Ik. odoleko). Jakoben odolekoak zirenei. Nire odolekoek jasoko dute nire gorputz hila. Ahaidetasuna odolekoa edo erantsia den. Gazte aberats eta odol garbiko bat. Judu odolekoa. Jatsuko odola zuen bere zainetan. Odolaren mintzoa. Odola bera baino lokarri sendoagoak elkartzen gaitu.

5 iz. (Gerra edo borroketan isurtzen den odolaz mintzatuz). Ik. beherago; ik. odol isurtze. Odolak odola eskatzen du. Bere odol-egarria asetzeko. Are atsekabe handiagoa hartu zuen, aurkitu zenean, ez etsaien, ezpada israeldarren odola isuri beharrean.

odol belar, odol-belar Horma-belarra.

odol-bero Ik. odolbero.

odol emaile, odol-emaile iz. Bere odola transfusioetan erabiltzeko ematen duen pertsona.

odol-erre Ik. odolerre.

odoletan adb. Odolez estalirik; odola jariatuz. Oihuka ari zen neskatxa, eskuak odoletan. Gizona odoletan utzi zuen. Han gelditu da errukarria, lurrean, odoletan.

odol-gaitz Ik. odolgaitz.

odol galtze, odol-galtze Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario.

odol hodi, odol-hodi Odola ibiltzen den hodia.

odol-hotz adj. Pertsonez mintzatuz, nekez larritzen edo hunkitzen dena. Ik. lasai. Dozena bat gudari, zangar bezain odol-hotzak.

odol hotzean adb. Sentimenek hartua izan gabe, larritu edo hunkitu gabe. Haserrealdian ala odol hotzean egin duen. Odol hotzean hil zuen.

odol isuri, odol-isuri 1 Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

2 iz. Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario. Hil da 70 urtetan, odol-isuriak eramanik.

odol isurketa, odol-isurketa Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

odol isurtze, odol-isurtze (Gerretan edo borroketan isurtzen den odola adierazteko). Guduak eta odol isurtzeak higuindurik. Bi urtez asko nahaskeria, desmasia eta odol isurtze jasan zituzten gure arbasoek. Odol isurtzerik gabeko heriotza horrek ez gaitu nahigabetu.

odol kolpe, odol-kolpe Gorputz zati batean gertatzen den odol metatzea. Odol kolpe baten ondorioz, konorterik gabe gelditu zen.

odol talde, odol-talde Giza odola, hematieetan azaltzen diren antigenoen arabera sailkatzen den lau mota nagusietako bakoitza. Pertsona bati transfusio bat egin behar diogunean, lehen pausoa bere odol taldea zein den jakitea izango da.

odol zirkulazio, odol-zirkulazio Odolak gorputzeko zain eta arterietatik egiten duen joan-etorria, bihotzetik irteten denetik berriz itzultzen den artekoa. Sodioak likidoa atxiki eta odol zirkulazioa eragozten du. Ebakuntza egin diote eskuin eskuko hatz luzeko odol zirkulazioa hobetzeko.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper