Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=hotz egon sarrera bakarrean aurkitu da.

hotz

1 iz. Berorik eza; bero gabeziak eragiten duen sentipena. Neguko hotz gogorrarekin. Hotz handia ari zuela. Esku eta oinak hotzak gogortuta. Goseak argaldurik eta hotzak igarorik (Ik. hotzak). Hotza kentzeko edan.

2 adj. Giza gorputzarena baino tenperatura nabariki apalagoa duena, behar duen berotasuna ez duena. Anton. bero. Ur hotza. Haize hotza. Negu hotzean. Eguraldi hotza. Izotza baino hotzagoa. Harria bezain hotza eta gogorra. Janari hotzak. Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Espetxe ilun hotz honetan.

3 adj. Nekez pozten, berotzen edo hunkitzen dena. Gizon hotza. Bihotza Medelek biguna du, baina hotza. Gizon odol-hotza. Odol hotzean egin zuen. || adj. Karrik ez duena. Gogo hotzaz. Kristau hotzak. Bizitza hotz eta nagi bat badaramat.

4 (Adizlagun gisa). Ez hotz eta ez bero. Hastekoan entzuleak hotz; geroxeago, alde egin zuen hoztasunak; luzaro gabe malkoak ere ikusi nizkion bati baino gehiagori. Helenak burua hotz eduki zuen.

hotzak adb. Hotzez. Ik. hotzik. Ume gaixoa hotzak dago. Hantxe egon ginen, euritan, hotzak, logaleak eta lorik egin gabe. || Hotzak ikaraz dago. Hotzak hiltzen nago.

hotzaren hotzez adb. Hotz handiaren eraginez. Ibaia, hotzaren hotzez, izoztua zegoen.

hotzean 1 adb. Tenperatura hotzean, hotza dagoenean. Ik. hotzetan. Horrela esanez ur irakinak egiten zuen negarra: "ongi miatzen baldin banauzu, hotzean badut indarra". Beroan edo hotzean ijezturiko burdin edo altzairu xaflak.

2 adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Hotzean gorde behar da lagina laborategira eraman arte.

3 adb. Sentimenen edo beroaldiaren eraginik gabe. Ik. odol hotzean; hotz-hotzean. Eskarmentuak egoerak hotzean aztertzen irakatsi dio. Hotzean pentsatuta, mutilak inozo samar jokatu duela uste dut.

4 adb. Muskuluez mintzatuz, ondo berotu gabe. Sorbalda ondo berotzen dut, bolea hotzean joz gero zaintiratu txikiren bat egin dezakezulako.

5 adb. (izan aditzarekin, harremanen hoztasuna adieraziz). Ipar. Martine Aubry eta Ségolène Royal alde bat eskuz esku, kasik ezin bereziak, denbora batez arras hotzean zirelarik.

hotz egin (Eguraldiaz mintzatuz, singularreko hirugarren pertsonan). Ik. hotz izan; hotz egon. Udaberria zen eta oraindik hotz egiten zuen. Hotz egiten zuen arren, izerditan zeuzkan ahurrak.

hotz egon Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Berandu da eta hotz dago. Kanpoan haizea dabil eta hotz dago.

hotz eta motz adb. Hoztasunez, karrik gabe. Erosleak badabiltza ikertzen, hotz eta motz, arras ele gutxirekin. Buruz ederki ulertzen dut argudioa, baina lehen bezain hotz eta motz gelditu naiz.

hotzetan adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Ik. hotzean. Gorbeian gaueko ordu batean, hotzetan eta haizetearen erdian zeuden ikusleei, eskerrik asko. Hotzetan gorde.

hotzez adb. Hotz duela, hozturik. Ik. hotzik. Jainkoa zerbitzatu dute gosez eta egarriz, hotzez eta biluzik. Hotzez dardarka hasten da.

hotz-hotzean adb. Bihotz berotasunik gabe. Borrokarako gogoa utzirik, hotz-hotzean aztertu behar genuke auzi hori. Hotz-hotzean hartutako erabakia.

hotz izan 1 da ad. Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Hotz denean berotu nahi izatea.

2 da ad. Bizk. Hotz sentipena izan. Hotz naiz. Elai gaixoa hotz zen.

hotz kate, hotz-kate Salgaiak, bereziki janari-edariak eta botikak, ekoizten direnetik kontsumitzen diren unea arte, hotzean gordetzea, garraiatzea eta saltzea bermatzen duen prozesua. Surimia elikagai izoztua denez, egoera horretan mantendu behar da kontsumitu baino lehentxeago arte, hotz katea eten gabe. Halere, txertoen erdiak inguru zaborretan bukatzen du, hotz katea hautsi eta iraungitze data gainditu ondoren.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper