Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=gain-gainetik sarrera bakarrean aurkitu da.

gain1

1 iz. Edozein gauzatan, lurretik urrunen dagoen aldea. Barren sakonean dabilen zurrunbiloaren gaina eta axala. Azpi eta gainak hartuak ditu. Ertza eta gain-azpiak. Buru gain karsoildua. Ez doa hutsik asto horren gaina. Gain biribileko etxeak. Lur onak ur asko hartzen du, eta gaina idortzen bada ere, hezetasunak barnean dirau. Gaina eder, barrena uher (esr. zah.).

2 iz. Mendi, aldapa eta kidekoetan, gailurra. Mendi gain hartan. So eginez Lapurdiko gain larrutu nabarrei. Uitziko gaina hartu nuen. Gain batean egin du etxea.

3 iz. (Leku atzizkiekin, singularrean. Dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Zubi zaharraren gainetik igarotzean. Jainkoa maitatzea gauza guztien gainetik. Eta ez da geldituko harria harriaren gainean. Sasi guztien gainetik. Gugandik kanpo eta gure gainetik dagoena. Eskuineko oina itsas gainean eta ezkerrekoa lur gainean. Belar gainean eserita. || Oroz gainetik. || Lurra gain-gainetik urratuz (Ik. gain-gainetik). Gain-gainean zegoen oilarra.

4 iz. (Dagokion izen sintagmarik gabe). Ik. gaineko 1. Azpian lur hotza, gainean harria. Hondamena gainera datorkiolako, beldur da bera ere (Ik. gainera).

5 (Leku atzizkiekin, singularrean). Ondoren. (Batez ere janariez mintzatuz erabiltzen da). Ik. gaineko 3. Arrautzopil guri-guriak izango zituen jaki, eta gainetik gatzatua. Gaztaren ondotik gereziak, nahiz mamiaren gainean sagardoa; edozerk on egiten dio.

-en gain 1 -en kontura, -en erantzukizunaren azpian. Bere gain hartu zuen lana. Elkarteak bere gain du jaialdia antolatzea. Argitaratze lana bere gain hartu du. Lan nekagarri hori gure gain dagoela, ez duela bestek egingo. Gauden gu erne, beti gure gain. Jakin nahiz noren gain eman makurra. Heure gain gelditzen dituk artaldeak. Neure gain hartu dudan erantzukizun handia.

2 -en gainean, -en gainetik. Goitik datorrena guztien gain dago. Hik agintzen duk heure gain, hik ematen diok legea heure buruari. Ez duzu esango lagun hurkoaren gain gezurrezko lekukotasunik.

-en gainean -i buruz. Zerbaiten gainean hitz egin. Badira liburuak ugari gauza hauen gainean.

gaina hartu Nagusitu, nagusitasuna hartu. Ik. gainditu. Azpikoek gaina hartu zidaten. Nor azpiratu, nork gaina hartu ari zirela. || Ez zieten mendirik erpinenek ere zabaltzen ari ziren uholdeei gainik hartuko.

gain-azpi adb. Azpikoz gora. Oraingo bizimoldeek gain-azpi jarri dizkigute lehengo usadio zaharrak.

gain-beheiti adb. Ipar. Gain behera, goitik behera. Oihala erorarazten dute gain-beheiti.

gain behera adb. Goitik behera. Ik. gainbehera. Euskal esaldia gora eta gora omen doa doinu gailurreraino, handik, gain behera, arnasarik hartu gabe, amiltzeko. Sabela gain behera urraturik. Plazak zola gain behera dauka apur bat. Opera gain behera doala uste al duzu?

gainetik beheiti adb. Ipar. eta Naf. Goitik behera. Ume erdaldunek euskara ikasi baino lehenago dute bere eskolakide euskaldunek ikasten erdara, helburua gainetik beheiti irauliz.

gainez gain 1 adb. Leku garaietan zehar. Gainez gain ibili, joan.

2 adb. Ipar. Erraz, nagusitasunez. Gainez gain irabazi zuten.

gain-gainetik adb. Ipar. Oso, biziki. Urrea bezain gizon garbia zen gure aitona, eta zuzena gain-gainetik. Laguntzen zituztenak gain-gainetik sariztatzen zituzten.

-z gain (Izen sintagma mugatuari edo kideko bati dagokiola). -z gainera. Bertso ikasietan zegoela poesiaren muina eta, horrezaz gain, ezkutuan gelditzen diren aipamen jakintsuetan. Frogatuak izateaz gain, aho betean aitorturik daude.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper