Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=gabe 16 sarreratan aurkitu da.

gabe

1 postpos. Gabetasuna adierazten duen hitza. (Izen sintagma mugatuek edo mugagabeek har dezakete. Mugagabeek -ik atzizkia hartzeko joera dute). Dirurik gabe. Onerako gogorik gabe eta gaitzerantz makurtua. Arrisku handirik gabe. Atea irekitzeko beta gabe. Neurri gabe edanez. Kulpa gabe zigortua. Ahaide eta adiskiderik gabe gelditu. Baitakite Jainkoa gabe arnasarik ere atera ezin dezakegula. Eskatu nion aldizkaria gabe etorri da. Jainkoaren laguntza berezia gabe. Besterik gabe. Ni gabe. Hori gabe ez gara moldatuko. || Duda(rik) gabeko kontua. Amairik gabeko bideetan. Ondore gabeko nahia, eragin indarrik gabekoa, ez dela aski izango. Honela atsedeten du arimak arrazoiketa gabean.

2 postpos. (Aditzari dagokiola, haren eskuinean ezartzen da. Aditzak era burutua hartu behar du; era burutu hori izan-en bidez gauzatzen denean, izan hori ezabatu egiten da gehienetan). Aita-amak ikusi gabe joan zen. Etxean edukiko dituzu, eskolara bidali gabe. Gerorako utzi gabe. Haiek uste (izan) gabe heldua. Nahi gabe egin du. Jainkoak guk merezi gabe egin dizkigun mesedeak. Hiritik alde egin gabe egon beharra. Egiari kalterik egin gabe. Oraintsu arte argitara gabe egon dena. || Damaskora gabe, argiaren distirak begiak liluratu dizkielako. || Gizonekin ibili gabeko emakumea. Iraungi berrian, oraino hoztu gabea denean. Eta sei maindire, batere erabili gabeak. Lur goldatu gabean barna.

3 postpos. (Izenordain zehaztugabeekin, inor eta ezer erabiltzen dira norbait eta zerbait-en ordez). Ezer esan gabe gelditu. Ezer gabe. Ezeren nahaste gabe. Etxetik atera zen, inor ohartu gabe. Besterik inor gabe. Inork hitzik atera gabe. Guztia osorik gorde nahi zutenak deus ere gabe gelditu ziren.

4 postpos. (Denbora edo leku esapideetan, baino lehen-en kide bezala). Nagusia etxera gabe: etxeratu baino lehen. Bi minutu gabe, laguna alboan dut. Igandea gabe ikusi behar dut. Berehala behar dugu, gerora gabe. || Luzaro gabe. Bordeletik urruti gabe.

5 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Lehenago aipatu dena gabe. Lehen banituen lur eta etxeak, orain gelditu naiz gabe. Lizarragaren mutilak eta nireak bateratu ziren, haiek armadun eta nireak gabe. Baziren buruko gorriak zituztenak eta gabe zebiltzanak.

6 postpos. Ordez. Guk, berba gabe, hitz esaten dugu: "berba" esan beharrean, "hitz" esaten dugu. Telebista aurrean hainbeste denbora eman gabe, hobe musika entzungo bazenu.

7 iz. Gabetasuna, gabezia. Onerako gogoaren gabea eta gaitzerako makurtasun handi hura. Bere gabeak eta premiak eskatzen duen gauza emanez. Nire gabea zuri dizut agertzen. Gabeak irents ez gaitzan. Gutxia hobe, gabea baino. Gabeak hatsa kirats (esr. zah.).

8 adj. Ezer ez duena, behartsua. Guztiz gabea zela ikusirik. Nire baratzea, gaur hain estu, gaur hain gabe. Euskara aski eskasa eta gabea da fonema kontuan.

beste1

1 Aipatu den gauzaz bestelakoa izanik, haren kideko dena adierazteko erabiltzen den hitza. (Izen bati dagokionean, horren ezkerrean agertzen da gehienetan. Delako izenak mugatzaile edo zenbatzaileren bat, edo bat hitza hartu behar du. Izenaren eta beste-ren artean zenbatzaileak, ordinalak, banatzaileak edo izenarekin lotura hertsia duten zenbait izenlagun —honelako edo kidekoak, adibidez— soilik ager daitezke). Alkatearen beste alaba. Beste alkatearen alaba. Beste liburua. Beste liburu hura. Beste liburuak. Beste liburu guztiak. Beste bi gizon handi. Beste gizon handi hura. Beste gizon bat. Beste gizon handi bat. Beste gizon batzuk. Beste zenbait jauregi eder. Beste edozein andrek egin dezakeena. Erosi dugun beste liburuan. Beste hiruna liburu. Beste hirugarren saria. Beste etxe eder asko. Baduzue beste libururik? Beste erdal hitz batean. Beste landare mota batzuetan. Jan, edan eta beste honelako gauzak (edo honelako beste gauzak). Beste zernahi gauza ere.

2 (Izenordain edo adizlagun zehaztugabe bati dagokiola, haren ezkerrean nahiz, kasu batzuetan, eskuinean). Beste ezer egin gabe. Beste ezer baino gehiago maite duzula. Beste inon lotsagarri litzatekeena. Beste inor ez dagoen toki honetan. Beste inoiz. Hark edo beste norbaitek. Beste nonbait landatzeko.

3 (Galdetzaile bati dagokiola, haren ezkerrean nahiz, kasu batzuetan, eskuinean). Baina beste zer lekukotasun behar dugu? Eta zer besterik? Beste nork esan du?

4 (Dagokion izena ezabaturik). Beste hori ere garestia da. Bi anaia zituen; bata atzerrira joan zen eta bestea hil egin zen. Liburu bat eta beste bat. Bata eta bestea. Batetik eta bestetik. Besteari emateko. Eta horrelaxe, aipa daitezkeen beste hamaika eta hamaika. Bi ekarri zituen; besteak etxean utzi zituen. Beste batean. Besteak ez bezalakoa.

5 (Mugagabean, izenordain-edo gisa). Ik. inor 2. Bestek gure ordez sor dezan baino lehen. Bestek esan beza zein den aukera ona. Besteri kendu eta beretzat hartu. Besterenarekin bizi nahi duenak. Horrezaz bestetan mintzatua naiz. Orixeren ondoren orpoz orpo ibiltzea bestetara jo gabe. Hala kristau bekatu larriak ihartuak ez dira bestetarako izango betiko sutarako baizen. Baina ez bat, ez beste.

6 (Salbuespena adierazten duten testuinguruetan). Hura ez beste guztiak hil zituen. Judas ez beste edozeinen bihotza bigunduko zuten. Jauna ez beste Jainkorik ez ezagutzeko. Nire ona besterik ez du nahi. Nahi izanez gero, ez zuten beren arteko konponketa egin besterik, nork berea jasoz. Zu besterik inor bizi al da? Garai haietan ez bainuen nik Basarri beste lagunik. Jainkoak bestek ez daki.

besteak beste Aipatzen denarekin zerikusirik duten beste gauzak alde batera utzirik. Hor daude, besteak beste, Euskaltzaindiaren aldizkarian argitaratu zituen lanak. Hori ezin uka, besteak beste. Besteak beste, elizan bazuten eraikia harrizko santu bat.

beste barik Bizk. Besterik gabe. Eta lepokoa sama inguruan ezarri, eta beste barik, etxetik irten zen.

beste behin 1 Berriro, berriz. Beste behin bekaturik ez egiteko. Begira beste behin horrelakorik gerta ez dadin.

2 Beste aldi batean. Beste behin zera esan zion (...). Beste behin tabernatik mozkorturik irteten ikusi nuen.

beste(rik) gabe Jesus gisa honetan zihoan ikasleak egiten, oraindainokoan zatoz huts bat esatea beste gabe. Beste gabe aurrera joan zen. Aitorrera orokor hau, ordea, nahikoa ote dugu, beste gabe, Jainkoa badela jakiteko? Bat ez natorkien arren, ez ditut besterik gabe gaitzetsiko.

beste hainbat Beste hainbeste.

beste hainbeste 1 Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Hamar bat metro luze, beste hainbeste zabal. Hogei mila hil badira; beste hainbeste baino gehiago kolpatuak. Zuek ere beste hainbeste egin zenuten. Eraman dituzu nire lagunak; nirekin zoaz beste hainbeste egitera. Hiru aldiz eginahalak egin zituen haren oinpetik ateratzeko, eta beste hainbestetan bota zuen.

2 (Izen sintagma baten ezkerrean). Berrogei mila oinezko eta beste hainbeste zaldizko.

3 Beste asko. Automaten teoriak, zibernetikak eta beste hainbestek behartu ditu azkenean hizkuntzalariak beste jakiteetara begiak iraultzera.

beste honenbeste Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Zer esango zenuke zuk beste batengatik, beste honenbeste egingo balu? Zuk ere egin zenezake beste honenbeste.

beste horrenbeste 1 Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Beste horrenbeste eta gehiago galdu zaigu guri. Aita santuak ere beste horrenbeste dio. Gerokoek behintzat ez dute beste horrenbeste egin. Pentsatzekoa da, beraz, ez ote daitekeen beste horrenbeste hizkuntza baten egoerarekin gerta.

2 (Izen sintagma baten ezkerrean). Hamabiren bat izara eta beste horrenbeste burko-azal.

beste orduz adb. Behiala, lehenagoko beste batean. Oihu egin zuen Frantziskok, beste orduz San Paulok Damaskorako bidean bezala. Egun hartan behar zuela egin beste orduz baino penitentzia handiagoa.

besterik ezean Besterik ez izanik, besterik ezin izanik. Besterik ezean, janariaren truke haren etxean morroi aritzeko gertu zegoen. Besterik ezean, lehengo arlotearena esan beharko.

besterik izan da ad. (Hirugarren pertsonan). Hori besterik da: hori beste kontu bat da. Besterik izanen da datorren aldian. Honela ikusi ditugu beti; gaur oso besterik dira.

bestetara Bestela, beste era batera. Gehienetan bestetara jazo ohi da.

eta beste (Artikulurik gabe eta ezkerrean duen izen sintagmaren atzizki berarekin). Eta beste batzuk. Badakit Aitzol eta beste horretaz mintzatuak direla. Gure Herria agerkarian asko artikulu agertu ditut: istorio, gertaera, ikertze eta beste. Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bestetan?

ez bestea (Gaitzespenezko izenondo baten eskuinean, indargarri gisa). Ik. alaen. Alferra, ez bestea!

ez bestena (Gaitzespenezko izenondo baten eskuinean, indargarri gisa). Ik. alaen. Ergela, ez bestena!

ez besterena [Oharra: Euskaltzaindiak, ez besterena!-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ez bestena; ez bestea].

-z beste 1 (Ezezko eta galderazko esaldietan). Guk Jainkoaz beste aitarik ez dugu: guk Jainkoaz gainera beste aitarik ez dugu. Ez genuen janaz beste gogoetarik. Hik bahuen semerik, Bereterretxez besterik?

2 (Baiezko esaldietan). Erromak auzi horretan A. Mokoroaz beste gidaririk izan zuelako beharbada.

3 (Artikulurik eta kasu markarik gabe). Helenaz beste, inork ez zuen ikusi senar gaztea. Igandeaz beste, zein jaitan dugu meza entzun beharra?

-z bestera Ik. bestera.

bilo

iz. Batez ere BNaf. eta Zub. Ilea, bereziki burukoa. Zuen buruko biloak. Beso azpiko biloetan. Bilo laburra.

ahoan bilorik gabe Argi eta garbi, ezer ezkutatu gabe. Hona zer esan duen, garbiki eta goraki, ahoan bilorik gabe.

bilo-gorri Ik. bilogorri.

bilo-hori Ik. bilohori.

bilo mozle, bilo-mozle Ile-apaintzailea.

bilo-urdin Ik. bilourdin.

erran1, erran, erraten

du ad. Esan. Goiz etortzeko erran diot. Erran ohi da gauza ona, galdu arte, ez dela ezagutzen.

erran gabe doa Esan gabe doa. Hazi ona behar dela, hori erran gabe doa; ez erein dudako hazirik.

erran-nahi Ik. erranahi.

erran nahi da, erran nahi baita Hau da, hots. Jainkoaren erresuma, erran nahi da, Eliza. Hilko naiz, erran nahi da, gauza guztiez gabetua izango naizela. Orain, erran nahi baita, 1853an.

erran nahi izan du ad. Esan nahi izan. Hitz hauek, latinez baitira, zer erran nahi dute euskaraz? Ezkutu horrek zer erran nahi zuen, nork daki xuxen? || da ad. Zer erran nahi da hau?

erremedio

iz. Zerbait erremediatzeko bidea edo gauza; sendagaia. Gure hutsegiteen erremedioa. Gaitz guztien erremedioa. Erremedio bat baino gehiago izan dezake huts horrek. Bigarren erremedioa alferrik ez egotea da. Arimako gaitzei erremedio emateko. Erremedio gabeko gaitza. Kontuak ez du erremediorik. Ez kalterik egin nahi delako, beste erremediorik ez dagoelako baizik.

erremediorik gabe adb. Konponbiderik gabe. Erremediorik gabe betiko galdua.

esan1, esan, esaten

1 du ad. Hitzen bidez, ahoz nahiz izkribuz, gogoan dena adierazi. Ik. erran1. Norbaiti zerbait esan. "Bai" esan. Hori esan dit. Etorriko dela esan zuen. Esan iezaguzu zeure iritzia. Dendetan ingelesez esaten dira prezioak. Ez dizut bi aldiz esango. || Meza esan. || Ea zer dioen. Hitzaurrean dioenez.

2 du ad. (Esapideetan). Hitzik esan gabe. Egia esan, ez nuen delako liburua gogoko. Oraingoz, egia esan, ez zait iruditzen batasuna irispidean dagoenik. Horrela, ez goaz inora; errekara goaz, hobeki esan. Hemen ezer ez; hobeki esan, Jainkoaren bakea. Bestela esan, batak ez daude besteen ondoan jartzeko neurrian. 1922an euskaltzaletu nintzen, nolabait esan. Azkenean, nork esan, inor baino berritsuago azaldu zaigu. Nork esan, itsasotik hiru mila metrora, horrenbeste ur? Bigarrenak, esan beharrik ez, zorrotzagoak dira lehenbizikoak baino. Hutsune horiek, ordea, esan bezala, aise bete ditzake lanak. Lehen esan bezala.

3 du ad. Errezitatu. Bi gazte, portugesez olerkiak esaten.

4 du ad. (Otoitz bat, arrosarioa...) errezatu. Mahaia asmatu zuenaren alde, aitagure bat esango dugu.

5 dio ad. Izendatu, deitu. Zeri esaten diozu txahala eta zeri urrixa? Ez zaio beleari uso esaten, ezpada bele. Handia izango da eta Jainkoaren Semea esango zaio. Gure artean, erdaldun, euskaraz ez dakienari esaten zaio.

esanak esan Esan beharrekoak edo esateko direnak esan ondoren. Esanak esan, goazen harira. Esanak esan, ozenki hots eginez aldendu zen gela hartatik.

esan gabe doa Ez dago esan beharrik. Esan gabe doa, nik ere irribarre egiten niola ordainetan. Esan gabe doa ez natorrela ados.

esan gura izan Esan nahi izan. Ez dakit berba horiek zer esan gura duten eta zertarako diren.

esan nahi da, esan nahi baita Hau da, hots. Batzuek hori pentsatzen baitute, esan nahi baita, euskal idazlea izateko aski dela idazten jakitea. Esan nahi baita, biak ala biak pozik bizi zirela.

esan nahi izan du ad. Adierazi, halako esanahia izan. Ez dakit hitz horrek zer esan nahi duen. Zer esan nahi du kristauaren izen horrek? Ez du horrek esan nahi gai horiek euskaraz erabili behar ez direnik. || Asko esan nahi du kultura lanetan, aldez aurretik begiz jota edukitzeak helburuak eta bideak.

esateko moduan Nolabait esateko. Esateko moduan, XVI. mende arte ez dugu literatura-obrarik.

zer esanik (ere) ez Esan beharrik ez dago. Tabernariak, zer esanik ez, ez du horrelako sasi-hizkuntza bat ikasteko ez gogorik ez asmorik. || Hark, zer esanik ez dago, lehengo lepotik edukiko du orain ere burua. Bihotza zenbateraino zabaldu zuen, zer esanik ez da; baina, atsekabez bete zitzaion.

falta

1 iz. Hutsa, hobena. Eneak dira faltak, enea da hobena. Damu du, ezagutzen du bere falta. Zure faltak aitortzeko. Mila huts eta falta egingo dituela.

2 iz. Errua; akatsa. Nork du falta, eria sendatzen ez bada? Euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak. Asto horrek, daukan falta ez balu oinean.

3 iz. Gabezia, eza. Adimen falta. Obra onak egiteko nagitasuna edo gogo falta. Ezeren faltarik gabe.

4 iz. Kirol. Arau haustea. Falta gehien egin dituzten jokalarien zerrendan lehenengoa da. 20-13koan, Belokik zer egingo, eta saketik falta.

falta egin dio ad. Behar izan, falta izan. Falta bat bakarra du hamaiketako honek, falta egiten dio bizigarri batek. Neure dirua edo hainbeste falta egiten didan gauza kendu didanari.

falta gabe adb. Huts egin gabe. Guztiak falta gabe utziko zenituela. Lanari utzi eta ni jaten hastean, falta gabe han haukat zut aldamenean.

faltan 1 adb. -ik gabe. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia har dezake edo artikulurik eta kasu markarik gabe joan daiteke). Zer ote den lore eder baten faltan bizi izatea. Langile faltan alfer eta lo gelditzen badira lurrak.

2 (Era burutuaren eskuinean). Ikasbide hori aditu faltan, inor ez dadin gal.

falta nabaritu Zerbaiten edo norbaiten falta sumatu; zerbaiten edo norbaiten faltak uzten duen hutsuneagatik atsekabetu. Ik. mira egin 2. Ez nuen ezeren falta nabaritu. Hire falta nabarituko diat. Pozik nengoen, baina familiaren falta nabaritzen nuen.

falta pertsonal Saskibaloian, jokalari batek aurkari bati egiten dion falta, arauz kontra oztopo egiten dionean gertatzen dena.

faltaz 1 adb. Faltan. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia har dezake edo artikulurik eta kasu markarik gabe joan daiteke). Ik. ezean. Ontzia, haize faltaz, ezin zitekeen berriz bideari lot. Hitz hori erabiliko dut besteren faltaz.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). -en faltagatik, -en erruagatik. Erratea gure faltaz dugula gerra, trufatzea da.

gehiago

1 zenbtz. asko eta kideko zenbatzaile zehaztugabeei dagokien konparatibozko era. (Izen sintagma bati dagokiola, haren eskuinean; kasu atzizkiak hartzen baditu, mugagabean hartzen ditu). Ik. areago; haboro. Anton. gutxiago. Diru asko, diru gehiago. Etxe berri gehiago erosi ditu. Gogo gehiago agertzen dute orain. Urrats bat gehiago. Denbora gehiago behar du. Lo gehiago egin. Han eta leku gehiagotan. Arreta gehiagoz zaindu.

2 zenbtz. (Izenordain zehaztugabe bati edo galdetzaile bati dagokiola, 'aipatzen denaz beste' adierarekin). Ik. beste1 2. Zerbait gehiago. Ez naizela ezer gehiagoren jabe. Zer gehiago egin dezakezu? Beste zenbat gehiagori ere ez ote die esan? Eta nork gehiago?

3 zenbtz. (Izen sintagma ezabaturik). Diru asko zuen eta orain gehiago du. Beti gehiago nahi du. Ez gehiago, ez gutxiago. Markiegik eta beste gehiagok. Ez zuen gehiagoren beharrik. Ez nazazula gehiagotara hertsa. Horretarako eta gehiagotarako gai da. Inoiz baino gehiagoren eske. || Ona, ezin gehiagoa.

4 adb. Orain lau aldiz gehiago balio du. Beharrezkoak ditugu, gero eta gehiago, erdaratiko hitzak. Denok, nork gehiago, nork gutxiago, aldatzen dugu hizkuntza.

5 zenbtz. (Desberdintasunezko erkaketako bi alderdiak agertzen direla). Zuk baino diru gehiago dut. Animalia batzuek gehiago irauten dute beste batzuek baino.

6 adb. (Ezezko esaldietan). Hemendik aurrera. Ez zaio gehiago ahaztuko. Ez nire aurrean gehiago jar. || Ipar. Aita-amek, aita-ama bilakatu direnetik, ez dakite gehiago zer den amodioa. Gehiago ez zuen nehork kasurik egiten.

are gehiago 1 Oraindik gehiago. Nagiari ez baitzaio biderik eman behar are gehiago nagitzeko. Guztiek, eta are gehiago irakasleek jakin behar dutena.

2 lok. Ik. gehiago dena. Inor gutxik dakizki gaur bere euskalkiaren legeak; are gehiago, gehienek ez dakigu zein euskalkitan ari garen ere.

ezin gehiago 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiagoan; ezin gehiagoraino; izugarri 2; ikaragarri 2. Elkortu eta hondatu egin dira ezin gehiago.

2 adb. (Izenondo, era burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Andre ederra ezin gehiago. Unatua ezin gehiago. Ezin gehiago kartsuki.

ezin gehiagoan 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiago. Ezin gehiagoan damu dut.

2 adb. (Izenondo, era burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Jaun bat ezin gehiagoan ona.

ezin gehiagoko adj. (Gauza abstraktuez mintzatuz). Ezin handiagoa. Ezin gehiagoko poza. Bozkario ezin gehiagoko bat. Bere jakinduria ezin gehiagokoarekin.

ezin gehiagoraino 1 adb. (Aditz bati dagokiola). Asko, oso, mailarik gorenean. Ik. ezin gehiago. Hil ala biziko jokoan ezin gehiagoraino sarturik.

2 adb. (Izenondo, era burutu edo adizlagun bati dagokiola). Oso, mailarik gorenean. Ezin gehiagoraino ederra, ezin gehiagoraino on eta maitagarria.

gehiago dena lok. Are gehiago. Gehiago dena, egia ez da holakoa. Ez dute deusik ordaintzen eta, gehiago dena, ez omen dute legez deusik ordaintzen ahal. || Onetsia, eta oraindik gehiago dena, ederretsia.

gehiago gabe Gehiagoko gabe. Gehiago gabe, andrearen esan hutsarekin, Jose ziegan sartu zuten.

gehiago izan Hobea izan, maila garaiagokoa izan. Ik. gutxiago izan. Garai horretan edozein euskaltzale da ni baino gehiago. Ni bezainbat edo gehiago ziren pertsonak.

gehiagoko adj. Gehiagoko edo gutxiagoko neurrian. Hori baino gehiagoko buruhausterik badugu. Gehiagoko xehetasunetan sartu gabe. || Balio gehiagoko lana. Ezin gehiagoko poza.

gehiagoko(rik) gabe Besterik gabe. Eta gehiagoko gabe, hemen amaitzen dugu gaur.

gehiagorik Gehiago. (Baiezko ez diren esaldietan erabiltzen da batez ere). Ez diot kalte gehiagorik egingo. Gehiagorik ezin pairatuz. Ez ote du gehiagorik merezi? Biziak ez ote du unibertsitateak baino gehiagorik irakasten? Deus gutxi da hori, horratik; gehiagorik nahi genuke.

gehiagotan adb. Aldi gehiagotan. Behin eta berriz eta gehiagotan. Gehiagotan argitaratu ditu. Askotan asmatu du, baina gehiagotan huts egin. || Behin baino gehiagotan aipatzen du heriotza.

hats-gabe adj. Hatsik ez duena.

kalte

iz. Norbaiti edo zerbaiti beste norbaitek edo zerbaitek eragiten dion galera edo hondamena. Tabakoaren kalteak. Izan ere gerrate hartako kalteak beldurgarriak baziren ere, are txarrago izan da guretzat ondotik etorri zen triskantza. Eduki gaitzazu kaltetik hastanduak (Ik. gaitz1 1). Badirudi ez dakigunetik ez dakigukeela inolako kalterik etorri. Kalte gogorrak ekartzen dituen gauza. Gezurra, lagun hurkoaren kalte handia dakarrenean, bekatu larria da. Onura baino kalte gehiago heldu zaio hortik. Haserretzetik sortzen diren kalte handiak.

-en kaltean -i kalte eginez. Ik. -en kaltetan. Irakurlearen kaltean jokatu ohi duten idazleak. Euskararen onean, ez kaltean, izango den moduan erabil dezan hizkuntza. || Nahiz alde nahiz kaltean.

-en kalteko adj. -i kalte egiten diona. Osasunaren kalteko janariak. Lagun hurkoaren kalteko gezurrak.

-en kalte(rik) gabe -i kalterik egin gabe. Badira gezurrak besteren kalterik gabe esaten direnak. Inoren kalte gabe bada, bekatu arina izan ohi da. Lan bakoitzean zenbat ordu egin daitezkeen langileen osasunaren kalte gabe. Etxearen kalte gabe egiten badu.

-en kaltetan -i kalte eginez. Ik. -en kaltean. Edozein batasun saio zenbait euskalkiren kaltetan egingo dela. Bere buruaren kaltetan arituko litzateke.

-en kaltez Heg. -en kontra; -en kaltean. Ez dakit ongi gure hizkuntzaren alde edo kaltez mintzatzera noan orain. Maritxuren kaltez hitz egitera etorri bahaiz, bahoake!

kalte egin Norbaiti edo zerbaiti galera nahiz hondamena ekarri. Ik. gaitz egin; erasan1. Kalte egiten duten edariak. Gorputzari egiten dio horrek kalte. Saiatzeak ez dio inori kalterik egingo. Egiari kalterik egin gabe. Ez dut uste kalte egingo duenik berriz esateak. || Zenbat kalte egiten duen etsaigoak. Larritzeak beste edozerk baino kalte gehiago egiten dizu. On baino kalte gehiago egiten duten irakurketak. Haragiaren bekatuak egiten duen bigarren kaltea. Egin ditugun kalteak desegiteko.

kalte eragin Kalte eginarazi. Gure artean hainbeste kalte eragin duen bikaintasun nahia. || Eragin dituen kalteen erremediatzea.

kalte-galera pl. Norbaitek, beste baten erruz, izan dituen galeren balioa.

kalte hartu 1 Kaltetu. Ez da melodia kalte hartu duena, hondatua zegoena pianoa baita. || Etxeak hartu dituen kalteak nolabait konpontzeko.

2 (Era burutua izenondo gisa). Baserritar gaixo kalte hartuak.

kalte izan da/du ad. Kaltegarri izan. Modu txarrean hitz egitea kristauarentzat kalte da. Ez zaigu batere kalte izango idazlan hau astiro irakurtzea. Ur hormatua kalte dute abereek.

kalte-ordain Kalteren baten ordainetan ematen edo hartzen den diru kopurua. Ik. ordainbide; damu-domaia. Kalte-ordaina eman. Kalte-ordaina hartu.

kalterako 1 (-en atzizkiaren eskuinean). -en kaltean. Gure kalterako direla uste arren. Batasunaren kalterako ez denean, erraztasuna behar dugu bilatu. Zure kalterako ezagutu ninduzun! Ezkontza hori Euskal Herriaren kalterako dator.

2 Kalte egiteko. Ez bekit esan maitasun hori kalterako izan daitekeenik. Onerako da, kalterako baino gehiago.

kaltezko 1 adj. Kaltegarria.

2 adj. (-en atzizkiaren eskuinean). -en kaltekoa. Erlijioaren kaltezko beste hoben guztiak.

luza gabe adb. Luzaro gabe. Lagundu behar nauk, lagundu, bestela, luza gabe, burua galduko diat.

luzaro

adb. Denbora luzean. Ik. luzaz; luzeki. Nafarroan luzaro bizi izan zelako. Ez naiz hemen luzaro mintzatuko Etxeparez. Horrek ez du luzaro iraungo. Liburu hau gabe luzaroago egon ez daitezen.

luzaroan adb. Luzaro. Zure galdera luzaroan eduki dugu erantzun gabe. Luzaroan egon zen ezezka.

luzaro gabe adb. Denbora asko igaro baino lehen. Atea jo eta luzaro gabe bere alaba atera zitzaion.

luzaroko 1 adj. Denbora luzeko. Luzaroko egonaldiak egin zituen han.

2 adb. Denbora luzerako. Munduan luzaroko ez zegoela.

luzarora adj. Denbora luzera. Luzarora begiratuz.

luzarorako adb. Denbora luzerako. Ik. luzaroko 2. Etsi genuen, ez ginen luzarorako. Europan bertan badaukagu, nire ustez, zer ikasia ugari luzarorako, bestetara jo gabe.

nahi izan, nahi izaten, nahiko/nahi izango

du ad. Zerbait egiteko, eginarazteko edo lortzeko asmo edo xede erabakia izan. Ik. desiratu; gura izan. Zer nahi duk? Gaur liburu hau nahi du eta bihar horiek nahiko ditu. Ez baititu irakurri nahi izan batzar horrezaz argitara diren paperak. Deabruak ere halako eraginak itxuratu nahi izaten ditu aingeru antzean. Ez da aski nahi izatea. Inorena ez den euskara baturik ez nuke nahi. Nahi eta behar dugun batasun hori. Zuk nahi duzunean. Nahi badu eta nahi ez badu. Nahi bezain laster. || Jainkoak nahi badu. || (Osagarri zuzena den aditzaren subjektua eta nahi izan aditzarena bat direnean, aditz hura era burutuan agertzen da). Herodesek hil nahi zaitu. Hori sinetsarazi nahi digutenak. Zer gertatu den jakin nahi nuke. Ez genioke inori biderik itxi nahi. Otoitz egin nahi eta kemenik ez. || (Osagarri zuzena den aditzaren subjektua nahi izan aditzaren subjektuaz bestelakoa denean, aditz hark aditz-izenaren forma mugatua edo subjuntiboko laguntzailea hartzen du). Semea pilotaria izan dadin nahi du. Zer nahi duk egin dezadan? Zu joatea nahi dut. Nola nahi duzu ezkutu sakon hori nik azaltzea? Arazo hori bestek aztertzea nahi duelako. Aita-semeak elkarturik egotea nahi du baserritarrak. Ez nuke inola ere hitanozkoa galtzerik nahi; are gutxiago, hala eta guztiz ere, hitanozkoa ez dena.

esan nahi izan du ad. Adierazi, halako esanahia izan. Ez dakit hitz horrek zer esan nahi duen. Zer esan nahi du kristauaren izen horrek? Ez du horrek esan nahi gai horiek euskaraz erabili behar ez direnik. || Asko esan nahi du kultura-lanetan, aldez aurretik begiz jota edukitzeak helburuak eta bideak.

nahi adina Nahi den (diren, zen...) adina. Ik. nahi beste; nahi bezainbat; nahi hainbat. Zaldi gaixoari nahi adina janari eman iezaiozu. Zoazte, nahi adina denborarako. Edan dezagun nahi adina.

nahi adinako adj. Nahi den (diren, zen...) adinakoa. Ez dute nahi adinako indarrik izan.

nahiago izan Gogokoago izan. Nahiago ditu bizi-bizirik dirauten hitzak zaharkituak baino. Nahiago zuela gehienen kontra mintzatu, alde baino. Etxeko arropa zikina nahiago dudala etxean garbitu. Eta nahiago nuke, mila bider nahiago, uste hori ustel agertuko balitz. Misterio beltz hori biluztea edo, nahiago baduzue, larrugorrian ipintzea. Baso txikia baino, handia nahiago.

nahi ahala Nahi adina. Nahi ahala ardo edaten dutenak.

nahi ala ez Ipar. Nahitaez. Nahi ala ez, geldituren da biziarekin zorretan.

nahian (Aditz baten era burutuaren eskuinean). Nahi izanez. Gaizki esanak zuzentzen edo zuzendu nahian nabilelako aspaldidanik. Nire lepotik barre egin nahian dabil.

nahi beste Nahi adina. Dirua nahi beste, baina osasuna falta. Hau nire etxea da, eta nahi beste hitz egingo dut hemen.

nahi besteko adj. Nahi adinakoa. Sarak ez zuen nahi besteko erantzunik jaso.

nahi bezainbat Nahi adina. Nahi bezainbat ondasun. Edan ezazu nahi bezainbat.

nahi bezainbateko adj. Nahi adinakoa.

nahi bezala Nahi den (diren, zen...) bezala. Ez baitzizkioten bere lanak nahi bezala argitaratu.

nahi bezalako adj. Nahi den (diren, zen...) bezalakoa. Nahi bezalako mutil gazteak aukeran dauzkat atzean.

nahien izan Gogokoen izan. Nahien duzun gauza.

nahi eta nahi ez Nahi bada eta nahi ez bada. Ik. nahitaez. Nahi eta nahi ez ikusi behar duzu. Ez dira gainera denak pertsona bereziak nahi eta nahi ez. Ezinbestean eta nahi eta nahi ez gertatzen dira gauza guztiak.

nahi gabe adb. Nahi izan gabe; konturatu gabe, oharkabean. Nahita edo nahi gabe hasitako maitasun istorioak. Baina, nahi gabe izan da. Nahi gabe egindako akatsa.

nahi gabeko adj. Nahi izan gabekoa. Nahi gabeko haurdunaldia.

nahi hainbat Nahi adina. Israeldarrek nahi hainbat edan zuten.

nahi hainbateko adj. Nahi adinakoa. Nahi hainbateko poza eman dit.

nahi izate, nahi-izate Zerbait egiteko, eginarazteko edo lortzeko asmo edo xede erabakia izatea. Nahi izate hutsarekin sorgintzen zituen denak, aise eta zuzen.

nahi izatera Nahi izanez gero. Erraz egin ditzake, nahi izatera.

nahirik Nahian; nahita. Niri fama kendu nahirik alfer-alferrik dabiltza. Jainkoak hala nahirik.

nahiz Nahian, nahirik. Juduak hura hil nahiz zebiltzan.

[Oharra: Iparraldean, aditz osagarria da motakoa denean, da aditza da nahi izan ere: joan nahi zara].

nora

1 adb. (Galdetzailea). Zer tokitara? Nora heldu gara? Nora joan? Nora bihurtuko ditut begiak?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakizue nondik datorren, ez nora doan. Gertariek erabili gaituzte orbela bezala, nora ez genekiela.

3 adb. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Badugu nora begiratu gure inguruan eta geure baitan bertan. Berri zehatzagoen bila dabilenak badu nora jo. Baduzu lasaitzeko, hor nora joana.

4 (hara-rekin korrelazioan). Ik. nora ere. Zu nora, ni hara noa. Eguzkia nora, zapiak hara (esr. zah.).

nora edo hara Norabait. Gertatzen bazaio egun batzuetarako nora edo hara joan beharra.

nora ere (Perpaus txertatu baten hasieran, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Nora ere begiak hedatzen baititut, ez dut aurkitzen gauza flakorik baizen: begiak hedatzen ditudan lekura hedatzen ditudala, ez dut aurkitzen gauza flakorik baizen. || (hara-rekin korrelazioan). Nora ere doan, hara noakizu atzetik.

nora gabe Helbururik gabe, galdu-gordean. Ik. noragabe. Erlekumea nora gabe hegan ari denean. Hizketa nora gabe dabil, atzera eta aurrera.

norako 1 adj. Zer tokitarako? Norako asmoak dituzu? Aurrera gabe, azaldu beharko dut norako asmotan naizen hemen.

2 adb. Begira ezazu, kristaua, norako eta norentzat markatua zauden. Hemen aurkitzen garen guztiok norako ote gara?

tai gabe adb. Batez ere Zub. Gelditu gabe, atertu gabe. Tai gabe Jainkoa laudatzen.

urruti

1 adb. Distantzia handira. (Dagokion izen sintagmak edo adizlagunak -tik atzizkia hartzen du). Ik. urrun. Ez baitu beste inork hain urruti jo bide horretatik. Elizatik urruti bizi direnak. Euskal mugetatik urruti. Ez gara elkarrengandik urruti ibili. Entzun zen, urruti samarrean, moxalen irrintzi larria.

2 adb. (Leku atzizkiekin). Arriskuak maite ditu, baina urrutitik. Eredu horri, urrutitik bederen jarrai gakizkion. Urrutiko gezurrak ederrago agertzen direlako. Urrutiko Indietara. Urrutiko arrantzaren erorikoa. Beste jakintzetara, inguruko nahiz urrutikoetara begiak iraultzea.

3 adb. Irud. Ez zegoen olerki horietatik urruti beste euskal liriko handi baten ukitua. Neskatxa horren adina urruti baino urrutiago utzia baitut.

4 adb. (Denboraz mintzatuz). Hain hurbil eta hain urruti dugun garai bateko giroa.

5 adj. Urruti dagoena. Bazter urrutietatik zetozela. Joan zitekeen lekurik urrutienera.

6 (Izen gisa). Ameriketako urruti haietan.

urrutian Urruti, urruti dagoen tokian. Goratu zituen bere begiak eta ikusi zuen urrutian Abraham. || Jerusalemetik zerbait urrutian zeuden alderdietan.

urruti gabe Urruti ez. Hemendik urruti gabe iturriren bat badela.

urrutira Urruti, urruti dagoen tokira. Dioena gezurtatzeko, ez da urrutira joan beharrik. Delako joera hori mugatzen eta zehazten saiatu ginen urrutirago jo gabe. || Urrutirako betaurrekoekin.

urrutira gabe Urrutira joan gabe. Baina badut nahikoa adibide, nire jaioterrian, urrutira gabe.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper