Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=eten 6 sarreratan aurkitu da.

eten1, eten, eteten

1 da/du ad. Bi buru edo muturretatik tenkatuz, zerbait hautsi. Soka eten. Katea ez da eten. Estekatzen nauten lokarriak eteteko kemenik izan ez dudalako. Ezin eten daitekeen lotura. Zainak eten.

2 du ad. Zerbaiten jarraitutasuna hautsi. Norbaiten jarduna eten. Aurreko lagun guztiekin harremanak eten egin behar zituen. Europar Batasunak Kubarekiko harreman diplomatikoak eten zituen. Bidea eteten duen harria. Ohitura makur hura ezin etenik. Heriotzak eten ez duen adiskidetasun ederra. Euskal literaturaren tradizioa zeharo eten zuten joera berriek.

3 da/du ad. Ahuldu, erabat nekatu. Gurutzean josirik, etenik, hilik. Etenda baitzegoen, egun osoan ibili eta ibili egin ondoren. Eguneroko jardunak eten dezake osasunik gogorrena.

eten barik Bizk. Etengabe. Eten barik dihardu beharrean.

eten2

1 iz. Etetea. Ik. etenaldi. Gure artean gertatzen ari den tradizioarekiko etena. Etenik gabe egindako lana.

2 iz. Ehunetan edo oihaletan gertatzen den urradura. Etena egin zaio mantalari.

3 iz. Babesten duen ehuna etetearen ondorioz barne organo bat bere lekutik irtetea. Etena egin zaio. Etenak jotako gizon bat.

4 iz. Ahapaldi lerro batean gertatzen den etenaldia. Hamabi silabako lerroak, etena seigarren silabaren ondoren beti.

barik

1 postpos. Bizk. Gaberik, gabe. Argi barik. Uste barik. Ezer esateko asmo barik. Galdu nuen, jakin barik bere balioa. Ardura barik lo egin. Aurpegia lotsaz gorritu barik aipatu ere ezin daiteke horrelakorik. Urrun barik: ez urrun. Luzaro barik: denbora gutxiren buruan. || Euro bat ere barik nago oraingoan. Ama-semeak barik jauregira ez bihurtzeko agindu zien.

2 postpos. Bizk. Ordez. Guk, "hitz" barik, "berba" esaten dugu: "hitz" esan beharrean, "berba" esaten dugu. Ura barik, ardoa edan du.

eten barik Bizk. Etengabe. Eten barik dihardu beharrean.

gudu

1 iz. Bi aurkari edo aurkari talde armaturen arteko borroka. Aingeruaren eta Deabruaren gudua. Gudu zelaia. Haien kontra guduan ari zen. Gudura joan. || Irud. Bertsolarien gudua. Gudu espirituala.

2 iz. Gudaldia. 1515 urte horretan, beste gudu handi bat irabazi zuen Marignan-en Frantziako errege gazteak.

3 iz. Batez ere Ipar. Gerra.

gudu egin Gudukan aritu. Egizu gudu ene alde.

gudu-eten iz. Gudua etetea; horren ondorioa.

gudu zelai, gudu-zelai Bi armada gudukatzen diren lekua. Bi mila soldadu ingururen gorpuak gudu zelai gorrituan geratu ziren arren, historiak dio Oriamendiko guduak ez zuela garrantzi handirik izan Lehen Karlistaldiaren azken emaitzan.

kafe

1 iz. (Multzokaria). Kafeondoaren fruituaren hazia, txigortuz gero beltza dena. Ik. akeita. Zaku bat kafe. Kafe alea, garaua, bihia. Kafea eho.

2 iz. Kafe ale txigortu eta birrinduaz egiten den edari beltz pizgarria. Kafea egin. Kafea hartzen, edaten. Kafe hurrupa bat. Kafe beltza, hutsa: esnerik bota ez zaiona. Kafe hondarrak.

3 iz. Kikara bat kafe. Mutilak bi kafe atera zituen. Kafe beltz bat, mesedez!

4 iz. Ipar. Kafetegia. Kafe eta ostatuetan.

kafe denda, kafe-denda Kafea saltzen den denda.

kafe errota, kafe-errota Kafea ehotzeko tresna.

kafe-eten Kafea hartzeko egiten den etenaldia.

kafe etxe, kafe-etxe Kafetegia.

kafe landare, kafe-landare Kafeondoa.

kafe txano, kafe-txano Txanoa (kafea iragaztekoa).

su

1 iz. Zerbait erretzen denean gertatzen den bero eta argi jalgitzea. Suak erre eta kiskali zituen Sodoma aldeko bost herri handi. Su pindarrak. Begietatik sua zeriola. Hain handi eta bizia zen labe hartako sua, non berrogei beso altxatzen ziren garrak. Behin ere itzalia egon ez den hauspeko sua. Baina zeri zaio gehienik sua lotzen ez bada sugai idorrari? Bolborak ez du behar ez su handirik ez denbora luzerik kalte handiak egiteko. || Esr. zah.: Odolak su gabe diraki. Su gaberik ez da kerik.

2 iz. Garretan edo txingarretan dagoen erregaia. Alkoholezko su bat piztu zuen. Lasto sua hiltzen den bezala. Ikatz su bat ikusi zuten eta haren gainean arrain bat. Su ttipia, kandela-argia, haize gutik iraungitzen du. Sasi baten artetik argitzen zuen su batek. Su handi baten aurrean berotu ziren. Urrezko aratxea ere su handi batean erre zuen. Edozein haizetxok itzal dezakeen su ahul bat. Infernuko su bizia. || Bakoitzak bere opilari su.

3 iz. Berotzeko edo jakiak prestatzeko sukaldean pizten den sua. Ik. sutondo. Sukaldeko sua. Katuak suaren ondoan lo egiten du. Irakiten hasten denean, ordu erdiz su bizian eduki. Azukrea esnetan urtu su motelean, gelatina erantsi, eta desegin artean eragin. Bi orduz su txikian egosi ondoren, prest dago hestekia. Errearaz ezazu su eztian.

4 iz. Sutea. Bart sua izan da alboko etxean.

5 iz. pl. Jaietan edo ospakizunetan erretzen eta leherrarazten diren bolborazko suziri eta bestelako gaiak; horiekin egiten den argi eta soinuzko ikuskizuna. Ik. suzko errobera. Donostian izan gara suak ikusten.

6 iz. Karra, lehia bizia. Adimenean argi eta bihotzean su. Gaztetasunaren kemena eta sua dario alde guztietatik. Morroi losintxari bihotz gaiztoko batek hitz egin eta su gehiago eman zion. Bihotzean daraman su kiskalgarria.

beheko su Etxe barruan sua pizteko prestaturiko lekua, hormaren kontra edo bertan sartuta egon daitekeena eta gainean kea biltzeko kanpai bat duena; leku horretan pizten den sua. Ik. su baxu. Beheko sua pizturik duzu, eta izarak epel-epel. Bere besaulkian eseri zen, beheko suaren ondoan, surtarako zohikatza prestatzera.

suak hartu 1 Su hartu. Ai, andrea, gure etxea suak hartu du.

2 Haserre bizian jarri. Suak harturik joan zen.

suan 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Infernuko suan erretzera.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekuan. Ik. su(r)tan. Artoa suan erre behar da. Eskua suan eman nezake.

su-argi Sutan dagoen erregaiak ematen duen argitasuna. Zaindariaren su-argia ikusi zuenean, makurtu egin zen.

su arma, su-arma Bolboraren leherketa-indarraz baliatzen den arma. Arma zuriak eta su armak.

su baxu Beheko sua. Su baxurako egur bila joan ziren.

su egin 1 Sua piztu. Su egiteko behar zen egurra txikitu zuten.

2 Tiro egin. Mateok su egin zuen eta Fortunato zerraldo erori zen lurrera.

su egur, su-egur Sutako egurra. Su egurra ugari bildu dugu negurako.

su emaile, su-emaile 1 adj./iz. Zerbaiti, gaiztakeriaz edo etekina ateratzeko asmoz, nahita su ematen diona. Ik. supiztaile; piromano. Eraile eta su emaile bat ezin da Etxahuniako oinordeko izan. Barbaro su-emaileak.

2 adj./iz. Irud. Ik. bazter nahasle; endreda-makila. Orduan eta orain badira makina bat su emaile, inola bizi ezin direnak saltsa eta nahasketa gabe.

su eman Zerbaiti sua hurbildu, sutan jar dadin. Su eman zion bere jauregiari.

su eta fu adb. g.er. Sutan, haserre bizian. Amorru beltzak hartzen du eta han doa Mari su eta fu.

su eta gar Gogoz eta lehiaz. Bero-beroan, su eta gar mintzatzen da. Bere egitekoari su eta gar ekiten zion.

su eta ke adb. Jo eta su, jo eta ke. Su eta ke han gelditu zen garia astintzen.

su-eten iz. Su armen bidezko borrokaren etenaldia. Ik. menia. Apirilaren 8an sinatu zuten su-etena gobernuak eta gerrillariek.

su gorrina, su-gorrina Arrosaren familiako fruta-arbolei eta beste hainbat landareri erasaten dien gaitza, Erwinia amylovora bakterioak eragindakoa.

su hartu Zerbaiti sugarrek eragin, zerbait erretzen hasi. Su hartu zuen etxeak.

su hauts, su-hauts Errautsa. Sua bere txingar eta su hautsarekin bildu ohi da.

su itzalgailu, su-itzalgailu Sute txikiak itzaltzeko erabiltzen den eskuko gailua, botila handi baten formakoa dena eta barruan duen gai berezia turrustan jaurtiz sua itzaltzeko erabiltzen dena. Su itzalgailua hartu, eta berak itzali zuen sute txikia.

su itzaltze, su-itzaltze Norbaitek sua itzaltzea. Su-itzaltze lanetan aritu ziren herritarrak.

suko adj. Ipar. eta Naf. Ik. su(r)tako. Suko hautsa. Suko ginarra fite iraungitzen da.

su lama, su-lama Garra. Haren arima dohakabea erretzen ari zen su-lametan. Infernuko su-lamen erdian.

su leize, su-leize Infernua. Arima galdu eta hondatu zuen su leizean. Su leizeko neke izugarriak. || Infernuko su leizean.

sura 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Hobe duzu hori zure gorputz guztia infernuko sura bidaltzea baino.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekura. Ik. su(r)tara. Sura egotziko dute eta erreko da.

su(r)tako adj. Heg. Ik. suko. Sutako hautsarekin garbitu. Surtako egurrak txingarrak botatzen dituen gisara.

sutako egur Sua egiteko egurra. Ik. su egur. Mutilak egun guztian atzetik neuzkan, jorratzen ari nintzenean, edo jezten, edo sutako egurra ekartzen.

su(r)tan adb. Heg. Sua dagoen lekuan. Ik. suan. Urrea surtan garbiago egiten da. Sutan irakiten dagoela.

sutan 1 adb. Suak harturik, erretzen. Basoa sutan dago. Sutan ezarri zuten komentua. Infernua da leize bat beti sutan dagoena. Zerua sutan ikusi zuen. Belarriak gorri, masailak sutan. || Gure artean sutan dauden ezin konta ahala istilu horiek. Lehenbiziko karlista gerratea sutan zegoelarik.

2 adb. Haserre bizian. Sutan jarri zen gure gizona. Gogoratu hutsarekin sutan jartzen naiz. Gobernaria sutan zen eta errabiarik handienean.

su(r)tara adb. Heg. Sua dagoen lekura. Ik. sura. Surtara bota papera. Sutara kondenatu zuten.

su(r)tatik adb. Heg. Sua dagoen lekutik. Ik. sutik. Eltzea sutatik baztertzean. Irteten banaiz surtatik bizirik.

sutik 1 adb. (Ezkerrean determinatzaile bat hartzen duela). Sodomako sutik salbatzera.

2 adb. Ipar. eta Naf. Sua dagoen lekutik. Ik. sutatik. Atera itzazu gaztaina horiek sutik.

suzko 1 adj. Suzko ibaiak. Mundua suzko esfera bat zela iruditu zitzaidan.

2 adj. Irud. Barriolak, irabazteko, Iberokoaren suzko hasierari eutsi beharko dio.

suzko arma Su arma. Gizonezko bat atxilotu dute Mañuetan, legez kontrako suzko arma bat zeukalako.

suzko errobera pl. Suekin eginiko ikuskizuna; ikuskizun horietan botatzen den suziria. Ik. su 6. Gero izan ziren egun hartan eta hurrengoan dantzak, suzko erroberak eta gainerako herriko festak.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper