Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=epaimahai 3 sarreratan aurkitu da.

epaimahai

iz. Auzi batean, bereziki lehiaketa edo sariketa batean, epaile gisa aritzen direnen multzoa. Ik. tribunal. "Azkue" sariak emateko epaimahaia. Epaimahaia izendatu, eratu. Epaimahaia osatzen dutenak.

herri

1 iz. Lagunartean eta lurralde jakin batean bizi diren, eta elkarrekin hainbat ohitura eta erakunde dituzten gizakien multzoa. Euskal Herriak, herri den aldetik, ez du aldaketa hori bereganatu. Ez da erraz herri bati mende luzeek eman dioten pentsabidea aldatzea. Ideia horiek Europako herri landu guztienak dira. Frantses Herria. Herri baten ohiturak, hizkuntza, literatura. Herrien Europaren alde. Bere hizkuntza eta herria hain maite dituelarik. Herrik bere lege, etxek bere aztura (esr. zah.). || Kristau herria. || Aginpidea herriagan datza.

2 iz. Herriaren gehiengoa (goi klaseen edo talde landuen aurrez aurre). Ik. herri xume; herri xehe; populu. Herriarentzat idatzi. Herriaren ahotik jasoa. Herriak ez du barkatuko.

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Herriari dagokiona; askotan, goi mailakoa edo landua ez den herri alderdiari dagokiona. Ik. herrikoi. Herri demokrazia. Herri batasuna. Herri jakintza herriarentzat nahi. Herri kantak. Herri literatura. Herri kirola eta atletismoa uztartuko dituzte bi kirolariek. Liburu horretan, Euskal Herriko tradizioak, herri medikuntza, erran zahar eta ipuinak bildu dira.

4 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Herriko erakundeei dagokiena; herritarren multzoarena edo multzoarentzat dena. Ik. publiko. Herri agintariak. Herri agintaritza. Herri arazoak eta Eliza. Herri iritzia. Herri ondasuna. Herri garraioa sustatzeko. Herri eskolak eta eskola pribatuak.

5 iz. Herri jakin bat bizi den lurraldea. Ik. herrialde. Mairu herrian. Gales herrian eta Eskozian. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araba herrian. Ezagut ditzagun gure herriko lurraldeak. Herriko eta atzerriko haize berrien eraginaz. || Beste ezaugarriren batek mugatzen duen herrialde edo lurraldea. Negar herri honetan. Hegoaldeko herri beroetan. Zeruko herri zoragarria.

6 iz. Hiri txikia, auzoak baino garrantzi handiagoa duen etxe edo bizilekuen multzoa. Itsasaldeko edozein hiri edo herritan. Lapurdiko herri xume batean. Baztango herri nagusia. Galileako Kana herrian. Betleemgo herrian. Deba ibaiak jarraitzen du bere bidea Eskoriatzako herriaren erditik. Herri bereko beste ostatu batean. Herriz herri, etxez etxe eta atez ate. Zortzietan, herriko plazan. Herriko taberna bakarra. Herriko jaietan.

7 iz. Herri jakin bat, dagozkion auzo eta lurraldeekin. Orozko herri handixkoa da bere bailarekin. Herri honetako mendietan.

8 iz. Hiri edo herri bateko biztanleen multzoa. Oiartzungo herriak Aita Mendibururi eskainia.

9 iz. Hiria edo herria erakundetzat hartua. Herriko agintariak. Baserri hori, herriz Mendatakoa, elizaz Arratzukoa da. || Herri basoak: herriarenak diren basoak. Erruz zen burdinola herri lurretan eta ingurukoetan.

herri akusazio, herri-akusazio Zuz. Pertsona edo pertsona talde batek, kaltedun zuzena izan gabe, interes orokorrean eragina duen lege hauste bat salatzeko egin dezakeen akusazioa. Bost egun lehenago, Azpeitiko Udalak herri akusazio gisa aritzea erabaki zuen, eta M. Castells izendatu zuen lan horretarako. Herri akusazioa auzia bertan behera uzteko eskaeraren aurka mintzatu zen.

herri bazkari, herri-bazkari Jai giroko bazkaria, kalean edo estaliriko leku zabal batean egiten dena eta parte hartu nahi duten guztientzat irekia dena. Herri bazkaria izanen da Upelgileen karrikaren erdian. Herri bazkarirako lekua erreserbatzeko deitu telefono zenbaki honetara: (...).

herri bide, herri-bide Errepidea baino bide estuagoa, herrixkak edo herrietako auzoak lotzen dituena. Nafarroatik ardoa ekartzen omen zuten mandoetan hartuta, lehengo herri bide zaharretatik.

herri epaimahai, herri-epaimahai 1 Herritarrez osaturiko epaimahaia. Zinemagile horrek Donostiako Urrezko Maskorra irabazi zuen 1989, 2001 eta 2002an, eta herri epaimahaiaren saria 2003an.

2 Zuz. Zinpeko epaimahaia. Berriz epaituko dute senarra hil zuen Tafallako andrea; oraingoan beste epaile batek eta beste herri epaimahai batek epaituko dute.

herri errepublika, herri-errepublika Ezkerreko alderdi batek agintzen duen zenbait herrialdek hartzen duten izendapena. Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoa.

herri galdeketa, herri-galdeketa Herri bozketa, lege bati edo interes orokorreko bestelako gai bati buruz egiten dena, estatu, erkidego, eskualde edo udal mailakoa edo maila apalagokoa izan daitekeena. Ik. erreferendum. Gai honen inguruan herri galdeketa egitea aurreikusten al duzue? 1977an Atarrabian herri galdeketa bat egin zuten eta ikurrina balkoian zintzilikatzeko erabakia hartu zen. 1975ean Europako Ekonomia Elkartearen barruan jarraitu edo ez erabakitzeko herri galdeketa egin zen Erresuma Batuan, eta orduz geroztik ez da horrelako erreferendumik egin uhartean.

herri gizon, herri-gizon Gizarte bizitzan parte hartze eta eragin garrantzizkoak dituen gizona. Herriaren onari begiratu behar dio herri gizonak.

herriko alaba Aipatu den herrian jaio den emakumea. Ahizpa biak jaseko eta berebizikoak ziren, herriko alaba goragarriak. Minduak ditut begiak, nire herriko alabei gertatua ikusiz.

herriko etxe Udaletxea. Herriko etxean idazkari zen.

herriko mutil Herrizaina.

herriko seme Aipatu den herrian jaio den gizona. Arrotzok herriko semeengandik ikastera gatoz.

herri lan, herri-lan Administrazioak herriaren onerako eta herriak erabil dezan egindako azpiegitura-lana. Garraio eta Herri Lan Saila. Herri garraioak eta herri lanak zergekin ordaindu.

herri musika, herri-musika Musika herrikoia, musika-tradizio landukoa ez dena. Brasilgo herri musikaren tradizio gorena pop eta rock musikaren elementuekin ezin hobeto orekatuz.

herri xehe Herria, herriaren gehiengoa. Ik. herri xume. Herri xehea, nekazariak eta, ez ziren abertzale.

herri xume Herria, herriaren gehiengoa. Ik. herri xehe. Holako gizon hanpatuari ez zaio laket herri xumea.

herri zerbitzu, herri-zerbitzu Herri erakundeek zertzen duten zerbitzua. Herri zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina. Herri zerbitzuak pribatizatzeko asmoa azaldu dute.

herri zor, herri-zor Erakunde publiko batek, behar dituen finantza-baliabideak lortzeko, jaulkitzen dituen balore tituluen multzoa. Euskal Autonomia Erkidegoak herri zorra jaulki ahal izango du inbertsio gastuak finantzatzeko.

zinpeko

1 adj. Bere karguari, lanbideari edo eginkizunari ekitean zin egin duena. Zinpeko zaintzailea. || (Izen gisa). Zinpekoak bildurik daude.

2 adj. Zinpean egiten dena. Zinpeko aitorpena.

zinpeko epaimahai Zozketaz izendaturiko herritarrez osatua den epaimahaia, delitu mota jakin batzuetan, epaiketan aurkezturiko frogetan oinarrituriko epaia eman behar duena. Ik. herri epaimahai 2. Zazpi gizon eta bi emakumek osaturiko zinpeko epaimahaiak erabaki duenez, senarrak hilketa delitua egin du.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper