Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=bideari lotu sarrera bakarrean aurkitu da.

bide1

1 iz. Lur zerrenda, bertatik ibiltzeko prestatua dena. Ik. errepide; burdinbide; gurdibide; zeharbide. Asteasutik Larraulerako bidea egin aurretik. Bide nagusia. Bide zabala, handia, meharra, hertsia, estua. Bide laua, zelaia. Bide zeiharra. Bide zuzena, makurra, okerra. Bide ona, txarra, gaitza. Bideko hautsa. Bideko nekea (Ik. bideko1). Bide hegia. Bide ostatuetan. Bide-saltzaile bati erosia.

2 iz. Toki batetik beste batera joateko igaro behar diren tokien segida. Etxetik eskolarako bidean. Astoa lehertzeko zorian zetorren etxera bidean. Zeruko bide meharra. Mila urte igarota, ura bere bidean. Amodioa dute bideko janari. Biderako tresnak, prestamenak.

3 iz. (Esapideetan). Norabaiteko bidea hartu, utzi. Norbaiti bidera irten. Marta bidera atera zitzaion lekuan. Bideari jarraitu. Bidean gelditu ziren bitartean. Itsuari bidea erakusteko. Bakoitzak bide erdia eginik.

4 iz. Bi lekuren arteko bide tartea. Ik. distantzia. Hemendik hara bada bi orduren bidea. Handik ordubeteko bidera zegoen herria. Hondartzatik ordu laurdeneko bidean, mendi gain batean zegoen baserria. Ordu bi bidek ez nau ikaratuko. Bide puska bat urrunago. Zortzi legoa bide dagoelarik batetik bestera. Igandero lau kilometro bide egin behar zuten mezatara joateko. Legoa eta beste bide neurriak. || Gauza txarra nahi izatetik egitera, bide handia dago. Esatetik izatera bide handia zegok.

5 iz. Irud. Gaztelaniak ere egokitze horretara heltzeko bere bide berezia izan du. Salbatzeko bidean zarela (edo zaudela). Euskal literatura bide berrietatik abiarazteko. Gaurko eleberrigintzan bide berriak urratzeko. Euren asmo zuzen eta bide onekoak. Nik lehen bidea hartuko nuke, arras ikasientzat ari bagina, baina ez da hori gertatzen; sinpletasunera joko nuke areago, edo bide erdira behintzat. Hirugarren bidea.

6 iz. Helburu bat iristeko balio duen gauza; zerbait lortzeko era edo moldea. Ik. bizibide; irabazpide; ikasbide. Helburuak eta bideak. Batasuna burutzeko bide bakarra. Gizakiak eta giza lanak neurtzeko eta sailkatzeko bide asko daude.

7 iz. Aukera, abagunea. Bekaturako bide eta peril hurkoa. Horrelako mokadu goxoak jateko bidea izan eta beti aitzakia aitzakiaren gainean duzue.

8 iz. Zergatikoa. Jakobek Labani zerbait esateko biderik asko bazuen, saldukeria bilau hura egin ziolako. Honetarako bide handia denean, ez da bekatu; ez bada behar adina bide, orduan izan ohi da bekatu arina.

9 interj. Igarotzen uzteko eskatzeko erabiltzen den hitza. Tranbia, tranbia!, bide, bide!, estropezurik egin gabe.

bidea(k) ebaki 1 Igarotzea eragotzi. Ardiei bidea ebakitzeko. Errazago baita kolerari bidea ebakitzea, ezen ez hura neurrira ekartzea.

2 Bidea ireki. Erromatarrek Euskal Herrian ebaki zituzten bideetan.

bidea galdu Bidetik atera, bidea huts egin. Bidea galdurik dabilena. Herri handi batean aurkitu zuen haur bat negarrez, etxerako bidea galdurik.

bidea hautsarazi Bidea galarazi. Ekaitzaren erdian aitzina doa itsasontzia, nekez bada nekez, noiz eta ere haize zirimola batek bidea hautsarazten baitio eta galarazten.

bidea hautsi 1 Bidetik saihestu, bidea galdu. Arerioarekin berba ez egiteagatik bidea haustea, aurpegi ez ematea. Urrundik ohartu zen berari itxaroten zeudela eta bidea hautsirik, beste leku batetik hirira sartu zen.

2 Ipar. Bidea ebaki, igarotzea eragotzi. Jendarmeek bidea hautsi diete.

bidea(k) hetsi Ipar. Bidea(k) itxi.

bidea(k) ireki 1 Bide berria egin, bide berriak egin. Ik. bideak ebaki 2; bideak urratu. Haiek ez dakite oihan honetan bidea irekitzeko aizkora baino matxetea hobea dela.

2 Aurrera egitea ahalbidetu. Zuri bideak irekitzeagatik, Antoniaren gurasoekin hitz egin dugu. Bihotzeko bideak irekitzen zein ere nahi den zorakeriari.

bidea(k) itxi Igarotzea eragotzi. Orduan Balaanen begiak zabaldu ziren eta ikusi zuen bidea ixten zuen aingerua. Lizardi zenaren denboran bi patroi omen ziren, Jauregi patroia eta Txirrita patroia; gu Txirritarenean edo geldituak gaituzu, baina ez genioke inori biderik itxi nahi.

bideak egin 1 Bide luzea egin. Gosetuak izango zarete, horrelako bideak eginik.

2 Egin beharrekoak egin. Haren lanak argitaratzeko bideak egin zituen berehalaxe.

bideari ekin Abiatu. Ik. bideari lotu. Idi edo mando kargatuarekin jai osoan bideari ekitea debekatua dago. Bihar goizean, lehenengo meza entzunda, bideari ekin behar diogu.

bideari lotu Abiatu. Ik. bideari ekin. Irten ziren Dorronsorotik eta zintzo lotu zitzaizkion bideari.

bidea(k) urratu 1 Bidea(k) ireki. Askoren izerdiak behar izan ditugu ermita jasotzeko eta bidea urratzeko.

2 Irud. Materiazko estalki gogorrean barrena, biziak badaki bidea urratzen. Bide berriak urratzen eta zaharrak zabaltzen ari zaizkigun gaurko olerkariak. Aspaldidanik irekirik dauden bideak atzera urratzen ibiltzea alferrik ibiltzea litzateke.

bide aurreko, bide-aurreko Aitzindaria, bidea irekitzen duena. Izango zuela seme bat Joan deituko zuena, Jesu Kristoren bide-aurrekoa izango zena.

bide batez 1 adb. Batera. Bide batez egiten ditu bi mandatu.

2 Bidenabar. Bide batez esana. Bide batez bestea ere bidaltzeko.

bide bazter, bide-bazter Ik. bide ertz. Bide bazterreko landa batean. Eskean etxez etxe, bide-bazterrean leher egin arte.

bide buru, bide-buru Bidegurutzea. Zoazte, beraz, bide buruetara eta aurkitzen dituzuenak oro dei itzazue ezteietara.

bide egin 1 Bidez ibili, bidaiatu. Oin gorrien gainean bide egiten zuten arrotzek bide hau hartzen zuten. Italiarantz bide egitea erabaki zuen. Ur guztiek itsasora bide egiten dute. Hainbeste bide egin zuen gezurrak, non Ignaziori zuhur iruditu baitzitzaion gezurtia isilaraztea. Inurriek bide egiten dute haren zango lurreztatuetan. Handik hona, urak bide egin du. Afrikarantz bide egiten zuen ontzi bat. Gaitzak laster bide egin zuen.

2 Bidea ireki. Egiak eta urak egiten du bide. Baina hodeiek bide egin behar diote eguzkiari.

bide eman Zerbait egiteko aukera, era edo arrazoia eman. Gaitzerako bide ematen duena demonioaren banderapean jartzen dela. Mundu herri guztiak ere, baldin zerorrek biderik ematen ez badiozu, ezin egotz zaitzake infernura. || Gaizki hitz egiteko bidea emanik.

bide erakusle, bide-erakusle Gidaria. Bide-erakusle batekin joan arren.

bide erdi, bide-erdi adb. Bide erdian. Bide erdi ez gelditzekotan.

bide ertz, bide-ertz Bide bazterra. Jarri ziren denak bide ertzeko zelaitxo batean.

bide izan da/du ad. (nor osagarria singularreko hirugarren pertsonan). Bidezko izan. Bide dena emango zaizue. Gizonak ezin eman diezazuke bide zaizuna. Bide zaigu zerga Zesarri bihurtzea ala ez zaigu bide?

bide luzeko tren Bide luzea egiten duen trena. Bide luzeko tren bat irten aurreko ohiko joan-etorrien anabasak harturik zeukan Hendaiako geltokia.

bide orri, bide-orri 1 Garraiobideetan, ibilbidearen, salgaiaren, hartzailearen eta kidekoen berri jasotzen duen agiria.

2 Irud. Gatazkaren konponbideari ate bat irekitzeaz hitz egitera joan zen Ibarretxe, bide orri jakin batekin.

bide segurtasun, bide-segurtasun Zirkulazio-istripuak izateko arriskua murrizten duen egoera, besteak beste, zirkulazio-arauak betetzeak, bideak ongi zaindurik egoteak eta ibilgailua behar bezala gidatzeak sortzen duena. Eusko Jaurlaritzak EAErako 2004ko Bide Segurtasunari buruzko Legea onartu zuen atzo.

bide seinale, bide-seinale Ibilgailuen zirkulazioari dagokion seinalea, bide bazterrean jartzen dena. Beste bide-seinale batzuen artean, bazen bat "Donostia 3 km" jartzen zuena. Administrazioek bide-seinale egokiak eta animalientzako pasabideak egin behar dituzte, baina gidariek kontuz gidatu behar dute eta seinaleei kasu egin behar diete.

bide urratzaile, bide-urratzaile Aitzindaria, jarraitu beharreko bidea erakusten duen pertsona. Leizarraga eta Axular: horra bi maisu, bi bide-urratzaile, bi eskola.

bide urratze, bide-urratze Bidea irekitzea.

bidez 1 (-en atzizkiaren eskuinean edo izen soilari zuzenean loturik). -en bitartez. Zelatarien bidez etsaien asmoen berri jakin. Dekretu bidez ezarria. Irrati bidez emana.

2 (ibili, joan... aditzekin). Bidetik, bideetan barrena. Hainbeste soineko bitxidunez, astegun buru-zurian bidez zabiltzala. Bidez ibiltzea, nahiz oinez, nahiz zaldiz, nahiz gurdiz. Itzain bat bidez doa, gurdia idiei lotuz.

3 Bidenabar. Bidez ikusiko dugu geure adiskidea.

4 Arrazoiz. Apaizen bat ikusten baduzu lizunkeriatan dabilela, harritzen zara, eta bidez. Bidez eta legez. Bidez ala bidegabe, hori ez dakit.

bidez bide Bideetan barrena. Zarautza bidez bide zihoazela. Gehienetan bidez bide ibiltzen ziren. Bidez bide zihoan asto bat. Herriz herri eta bidez bide.

bide-zor Zorbidea.

bide zorro, bide-zorro Biderako zorroa; maleta. Bere astoarengana joan zen Santxo, bide zorrotik zerbait atera nahian. Bide zorroa itxi eta bizkarrean paratu zuen. Gero, bide zorroa ireki eta arropak antolatzeari ekin zion.

bide zoru, bide-zoru Errepide baten gaineko geruza.

dela (direla) bide, zela (zirela) bide Dela eta, dela medio; bitartez. Gizonaren eta emakumearen elkartzea dela bide, hirugarren bat sortzen baita. Sail horretan buruzagitza emana dauka, bere Pascual Duarte dela bide, batez ere. Euliak direla bide, gaitz beldurgarri bat sortzen zaio hango jendeari.

Donejakue bide Galiziako Santiagora iristen diren erromes bideetako bakoitza.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper