Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=bero 10 sarreratan aurkitu da.

bero

1 iz. Materiaren egoera, tenperaturak gora egitean gauzatzen dena; egoera horretan dagoen zerbait ukitzeak eragiten duen sentipena. Ik. berotasun. Dirakien uraren beroa. Eguzkiaren, suaren beroa. Beroak landareak ihartzen ditu. Bero handia egiten ez badu. Bero zakarra. Kiskaltzeko, itotzeko beroa. Udako bero kiskalgarria. Beroaz erdi itoan. Beroa eman.

2 iz. Fis. Beste energia moten eraldaketatik datorren energia, bere gehikuntzak tenperatura igotzea dakarrena, eta gorputzetan aldaketa ezaugarriak eragiten dituena. Zerbaitetarako behar den bero kopurua. Urtze beroa: zerbaiten gramo bat tenperatura aldatu gabe urtzeko behar den bero kopurua.

3 iz. Arreske dagoen ugaztun emearen egoera. Ardiak beroan sartu dira.

4 adj. Gorputzarena baino tenperatura garaiagoa duena; bero sentipena eragiten duena. Ur, haize beroa. Burdina bero batez. Udako gau beroetan. Odol beroko animaliak. Bero samarra.

5 adj. Kartsua, gauzak gogoz hartzen edo egiten dituena. Batzuk bero omen ziren, eta besteak hotz, gehienez ere epel. Gogo beroz. Oinak hotz elizarako, bero ezkontzarako (esr. zah.).

6 adj. (Ekintzez mintzatuz). Agur bero bat. Musu beroak. Txalo beroak. Gure zorionik beroenak.

7 adj. Pertsonez mintzatuz, erraz sutzen dena. Gizon beroa, odol berokoa.

8 (Adizlagun gisa). Ez nintzen batere bero hara joateko. Hasi lanean sutsu eta bero. Bero jokatu.

beroan 1 adb. Tenperatura beroan, beroa dagoen artean. Ik. berotan. Beroan buzkantza, beroan ezkontza. Beroan edo hotzean ijezturiko burdin edo altzairu xaflak.

2 adb. Toki beroan, bero egiten duen tokian. Beroan egon.

3 adb. Sentimen biziek edo beroaldiak eraginik. Ik. bero-beroan. Beroan egindako adierazpenak. Ez genuen erabakia beroan hartu gura izan.

4 adb. Muskuluez mintzatuz, ondo beroturik. Beroan ez zuen horrenbeste min sumatu Errastik.

beroan bero adb. Ipar. Beroan, sentimen biziek edo beroaldiak eraginik. Beroan bero, zernahi gauza hitzeman du.

beroarena kendu Gehiegikeriaz edo hanpaduraz esandakoa zuzendu. Horrek esaten duenari beroarena kendu behar zaio beti.

beroaren beroz adb. Bero handiaren eraginez. Metalezko ahoari kea zerion eta Fionnen eskua, beroaren beroz, erretzen ari zen.

bero-bero 1 adj. Oso beroa. Salda bero-beroa.

2 adb. Eta bera bero-bero zegoen bitartean, emazte gajoa kanpoan, hotzak dar-dar eduki zuen.

3 adj. Oso kartsua. Hitz bero-bero batzuekin bizkortu zituen. Bai, gaztearen bihotzak bero-beroa izaten daki.

4 adb. Oso animatuta; erabat suturik, oso haserre. Bero-bero etorri zen. Taberna ipintzeko bero-bero zegoen orduan.

bero-beroan adb. Kartsuki. Bero-beroan, su eta gar, mintzatzen da. Jokatzen dituzte, bero-beroan, aldean dituzten txanpon guztiak.

bero egin (Eguraldiaz mintzatuz, singularreko hirugarren pertsonan). Ik. bero izan; bero egon. Hego-haizea badabil, bero egingo du. Bero egiten zuelako, ardi eta bildots guztiak pagadi bateko gerizpean etzanda aurkitu zituen.

bero egon Bero egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Bero zegoen kalean, bero etxeetan.

bero izan 1 Batez ere Ipar. Bero egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Bero zen han eta urik ez zen.

2 Bero sentipena izan. Larrazkena izanagatik, zenbait urrats egin orduko bero nintzen.

bero ponpa, bero-ponpa Ingurune hotz batetik beroa hartu eta ingurune beroago batera tokialdatzen duen gailua, berogailu nahiz hozkailu gisa erabil daitekeena. Zerbait gehixeago gastatzeko prest bagaude, bero-ponpa instalatzeko aukera dugu.

berotan 1 adb. Tenperatura beroan, beroa dagoen artean. Burdina berotan jo behar da.

2 adb. Toki beroan, bero egiten duen tokian. Ik. beroan. Gorpuak berotan usteltzen ez uzteko. Azkar sendatzeko, etxean berotan egon eta likido asko edan.

3 adb. Sentimen biziek edo beroaldiak eraginik. Ik. bero-beroan. Berotan eginiko adierazpenak.

aho

1 iz. Gizakietan eta hainbat animaliatan, ezpainetatik eztarrira hedatzen den barrunbea. Osorik sartu zuen ahoan. Txakurrak ahoan darama hezurra.

2 iz. Animalia batzuetan, janaria hartzen duten irekidura.

3 iz. Ezpainek inguratzen duten irekidura. Aho txikia du. Bigarren gurutzea, ahoan. Aho itxitik ez da sartzen eulia.

4 iz. Mintzoaren organoa. Ez du ahorik aski zu goratzeko. Aho hizkera. Euskaldun guztien aho-lumetan dabilena.

5 iz. Hainbat gauzaren irekidura, bereziki sarbidekoa. Aho meharreko leizea. Kanpaiaren ahoa. Mahukaren ahoa. Eltzearen ahoa estaltzeko. Soinekoak zarpail, oinetakoak ahoa zabalik.

6 iz. Haize musika-tresnetan, putz egin eta soinua sortzeko, hodiari eransten zaion pieza.

7 iz. Ibaiaren bokalea. Rodano ibaiaren ahoetaraino.

8 iz. Tresna ebakitzaile baten ertz zorrotza. Ik. sorbatz. Aizkoraren ahoa. Bi ahoko ezpata. Ezpataren ahotik igaro, iragan: ezpataz hil.

aho artatzaile, aho-artatzaile iz. Dentista.

aho batez adb. Erabakietan edo iritzietan, guztiak ados datozela, inor kontra agertzen ez dela. Aho batez eman dute saria. Euskal literaturaren lanik ederrentzat aho batez aitortzen dugun liburu hau.

aho-bero Ik. ahobero.

aho(a) betean adb. Zerbait esateko eraz mintzatuz, garbi eta itzulingururik gabe, esaten denarekin atsegin hartuz. Gezurrik doilorrenak ahoa betean jaurtiz. Ahoa betean eralgitzen ditugu goresmenak. Edozein gauza esanaz ahoa betean, zabiltzala uste dut zeure kaltean. Aho betean aitortua.

aho(a) bete haginekin Espero zena lortu gabe, guztiz harriturik. Hor konpon! esan, eta aho bete haginekin utzi zituen. Aurten Euskal Herrira freskura bila etorri direnak aho bete haginekin geldituko ziren.

aho(a) bete hortz Espero zena lortu gabe, guztiz harriturik. Azeria ahoa bete hortz gelditu zen, bere gosea ase ezinik.

aho(a) beteka adb. Ahoa betean. Denok ezagutzen dugu hirukote famatua: Askatasuna, Berdintasuna, Anaitasuna, aho beteka gure politikariek darasatena.

aho(a) beteko adj. Ikusiko duzu nola bihotza berpiztuko zaizun ahoa beteko baietzaz.

aho(a) betez Ahoa betean. Ahoa betez mintzo ziren.

aho ganga, aho-ganga Ahosabaia.

aho-handi Ik. ahohandi.

aho korapilo, aho-korapilo Esaldi esangaitza, bereziki mihia trabatzeko jolas gisa esanarazten dena.

ahoko soinu Aho soinua.

aho-mihi Ahoa eta mihia. (Kasu markaren batekin erabiltzen da, pluralean edo mugagabean). Jendeen aho-mihiek aldatu dute izen zaharra. Gizalditik gizaldira aho-mihiz heldua. Aho-mihitan hartu, ekarri, ibili. Aho-mihitan erabiltzen dute maiz auzi hori.

aho soinu, aho-soinu Ahoz jotzen den musika-tresna txikia, metalezko egitura batean dituen mihi batzuk dardararaziz soinua ateratzen duena. Baserrietako mutil koskor mordoxka Madariagan biltzen ginen eta nik aho soinua jotzen nuen.

ahotan adb. Ahotan dabilen kontua: maiz esaten dena, ahoz aho dabilena. Beti ahotan duen kontua. Besteak izango dira handi gizonen ahotan eta zutaz ez da ezer esango.

ahotan erabili Aipatu. Ez da ongi ahotan erabiltzea deabruaren izena. Juzgu gaiztoak zabaltzea eta jende guztia ahotan erabiltzea. Herri guztiak ahotan darabil kontu hori.

ahotan hartu Aipatu. Gurutzearen seinalea egitean, ahotan hartzen dugu Jainkoa, diogula "Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean". Bihotzaren eskubideak ahotan hartzen dituzte ezkontza haustearen zaleek. Hamaika aldiz ahotan hartu den Barojaren idaztankera aipatu nahi nuke azkenik. Jainkoaren izen santua ahotan hartzea.

ahotik ahora adb. Ahoz aho. Gezurra egia balitz bezala zebilen ahotik ahora. Asaba zaharretatik ahotik ahora ikasitakoak.

ahotik ezin utzi(zko) Janariez mintzatuz, oso gozoa. Gazta bat ahotik ezin utzizkoa. Arraina ona, eta bildotsa ahotik ezin utzia.

ahoz adb. Ahotsarekin adieraziz. Ahoz eta idatziz adierazi. Ez dela aski horiek ahoz esatea. Bihotzez eta ahoz Jainkoa goresten. Salbatzeko behar da sinestea ahoz erakutsi.

aho-zabal Ik. ahozabal.

aho zabalik adb. Guztiz harriturik. Aho zabalik entzun genituen abesti horiek. Aho zabalik utzi zituen entzuleak. Gaztelaniaz ari zen eta nolako gaztelaniaz; aho zabalik nindukan. Aho zabalik gelditu nintzen hara begira.

aho zabalka, aho-zabalka adb. Aharrausi eginez. Ik. aharrausika. Aho zabalka dago. Haurra aho zabalka hasi zen.

ahoz aho adb. Aho batetik bestera, pertsona batetik bestera. Albistea ahoz aho zebilen herrian. Ahoz aho guganaino iritsi den bezala idatziko dut. Ahoz aho datorren hitza sarritan ez dator lehenengo ezpainetatik sortu zen bezala.

ahoz behera adb. Ik. ahuspez. Ahoz behera datza.

ahoz gora adb. Etzanda dagoen zerbaitez mintzatuz, gorantz begira. Ik. buruz gora. Ahoz gora lo egin. Zamalduna ahoz gora erori da.

aho-zikin adj. Biraolaria. Txapelgorri aho-zikin batek.

ahozko adj. Ahoz adierazten dena. Ahozko otoitza. Ahozko azterketa. Ahozko literatura eta literatura idatzia. Lumazko koplariak eta ahozkoak.

aho-zuri Ik. ahozuri.

ahobero, aho-bero adj. Mintzatzean, gauzak puztuak eta handizkatuak azaltzen dituena. Ahobero horri, esaten duenetik erdia baino gehiago kendu behar izaten zaio. Zazpi kiloko erbia harrapatu zuela esan zuen ahobero hark.

berotu, bero/berotu, berotzen

1 da/du ad. Zerbait bero jarri, beroago bihurtu. Labean, eguzkitan, uretan berotu. Ogia jateko, ura edateko eta sua berotzeko. Burdina goritasuneraino berotu. Gehiegi berotu. Berotuaren berotuz kiskaltzen. Sutondoan berotu ziren. Barrua ongi berotuta Nafarroako edari beltzaz.

2 du ad. Beroa eman. Neguko eguzkiak ez du berotzen. Arte egurrak asko berotzen du.

3 du ad. Edari alkoholdunak burua nahasi. Ardoak berotutako soinularia.

4 du ad. (Eguraldiaz mintzatuz). Hego haize pixka batekin asko berotzen zuen eta gaizki ibiltzen ginen.

5 du ad. (Muskuluak edo gorputz atalak) ariketa fisikoa egiteko prestatu. Bidearen hasiera lasaia da, bailararen edertasunaz gozatu eta giharrak berotzen joateko aproposa. Zango eta besoak gehiegi berotu gabe ekin behar izan zioten lehiari. || Isil-isilik dago kantarekin hasi ziren eztarriak berotzen.

6 da ad. Ariketa fisikoa egin aurretik gorputza eta muskuluak prestatu. Hasi aurretik, ongi berotu behar da. Berotzen ari zela, ezkerreko hankan min sentitu zuen.

7 da/du ad. Norbaiten gogoa biziagotu, sutu. Maitasunak beroturik. Gogoa berotzeko. Ebanjelioko hitzak entzunda ere berotzen ez direnak. Eztabaidetan berehala berotzen den horietakoa. Funtsik gabeko gauzetan burua berotzen. Semeari burua berotu diozu niri dirua lapurtzeko.

8 da ad. Ugaztun emea arreske jarri.

9 du ad. Lgart. Norbait jo, jipoitu. Denen artean ederki berotu zuten. || Inori bizkarra, jipoia, muturra berotu: inor jo, jipoitu. Ederki berotu zioten jipoia.

bero-bero egin 1 Berotu, sutu, haserretu. Azkeneko hitzak bero-bero eginda esan zituen.

2 Jipoialdi ederra eman. Bizkarra bero-bero eginda bidali zuen. Hartu makila bat eta bizkarra bero-bero egin zion.

bihotz

1 iz. Organo haragitsua, toraxean dagoena, aldizka uzkurtuz odola gorputzean barrena barreiatzen duena. Bihotz taupadak. Bihotz pilpirak. Bihotz barrunbeak. Bihotzeko mina.

2 iz. Organo hori sentimen eta zirraren egoitzatzat hartua. Ik. bihotzondo. Joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik, eta ez bihotzetik. Bihotzak dioen aldera itsu-itsuan daudenak. Bihotzeko arra. Bihotz-gogortasuna. Mariaren bihotz eztia. Bihotz handiko, zabaleko gizona. Bihotz suharra, amultsua. Ona zen, baina bihotz hilekoa. Bihotz onez. Bihotz osoz eskatu. Bihotza hunkitu, hautsi, erditu, beratu. Gogoeta bihotz-hunkigarri eta gogo-aberasgarriak. Bihotza erori. Bihotz eroria hitz on batek altxatzen du. Emakume hark bihotza ebatsi dio. Haren bihotza irabazteko. Bihotzak ematen dit bihar etorriko dela. Baina bihotzak dio, zoaz Euskal Herrira. Bihotz ukaldia. Bihotz ikara. Badu eleberri honek halako bere gisako bihotz isuri xamurra. Bihotz-erraietatik dariola mintzatu beharra. Atseginago zaizkigula sarritan, bihotz-bizigarriago, horrelako ardi galduen ibilerak. Dirdaiz eta liluraz jantzirik azaltzen zaigu, bihotz-begien betegarri.

3 iz. Oso maitea edo begikoa den pertsona. Ene bihotza! Ez egin negarrik, bihotza.

4 iz. Adorea, kemena. Bihotz on izan; nik garaituko dut mundua. Bihotz on!

5 iz. Zerbaiten barne-barnea, erdi-erdia. Haltzak ez du bihotzik, ez gaztanberak hezurrik. Lurraren bihotzeraino. Neguaren bihotzean.

6 iz. Karta frantsesetako lau sailetako bat, bihotz gorri baten irudia ezaugarri duena. Biko bihotza.

bihotz-altxagarri adj. Adore ematen duena. Solas bihotz-altxagarriak.

bihotz belar, bihotz-belar Biri-belarra.

bihotz-bero adj. Kartsua, suharra. Beti izan ditugu bazterretan buru argiko gizakumeak, baita gizakume bihotz-beroak ere.

bihotz-berritu Kristau erlijioan, bekatua ezagutu eta utzirik, bizitza berri bati ekiteko asmoa hartu. Bihotz-berri zaitezte eta sinets berri ona.

bihotz berritze, bihotz-berritze Kristau erlijioan, bekatua ezagutu eta utzirik, bizitza berri bati ekiteko asmoa hartzea. Bihotz-berritzea ez da jaiotzen bekatariaren baitatik.

bihotz-bigun adj. g.er. Bihozbera.

bihotz-bihotzean bihotzean-en indargarria. Bihotz-bihotzean zaituzte beti zuen alaba kutun Itziarrek. Kezkak bihotz-bihotzean daramatza iltzaturik.

bihotz-bihotzeko adj. bihotzeko-ren indargarria. Santuarenganako maitasun bihotz-bihotzekoa. Anaia bihotz-bihotzekoak, arren eskatzen dizuegu (...).

bihotz-bihotzetik adb. bihotzetik-en indargarria. Ik. bihotz-bihotzez. Negarra irteten zaio bihotz-bihotzetik. Eskerrak bihotz-bihotzetik.

bihotz-bihotzez adb. bihotzez-en indargarria. Ik. bihotz-bihotzetik. Horixe nahi luke bihotz-bihotzez.

bihotz-birika pl. Bihotza eta birikak. Odoleko eta bihotz-biriketako gaixotasunak.

bihotz damu, bihotz-damu 1 Kontrizioa. Ik. maite-damu. Aitortza ona egiteko bihotz damua behar da.

2 Erabateko atsekabea. Hirurok agertu genuen bihotz damua, gure artean ez zegoelako.

bihotzeko adj. Maitea, kutuna. Ik. bihotzeko. Zu zara ene bihotzekoa. Ene Jesus bihotzekoa! Adiskide bihotzekoa. Nire bihotzeko laztana. Bazekien ez zela inongo, ez zela inoren bihotzeko. Erabiltzen diren hizkuntzetan euskara maiteena, bihotzekoena, kutunena zen.

bihotz eman Adore eman. Horrek bihotz ematen dit. Beharko, karlistei bihotz pixka bat emango bazien.

bihotz-erdiragarri adj. Bihotza erabat hunkitzen duena. Oroitzapen bihotz-erdiragarriak. Zer bihotz-erdiragarriagorik aita-amen uztea baino? Zer ahal dateke pena penagarriagorik eta bihotz-erdiragarri erdiragarriagorik?

bihotzetik adb. Bihotzez. Ik. bihotz-bihotzetik. Jainkoari bihotzetik eskatu zion. Damu dut bihotzetik izenaren ondoan beste zertxobait ezin ipini ahal izatea.

bihotzetiko adj. g.g.er. Bihotzekoa.

bihotzez adb. Sentimendu edo maitasun osoz, gogo onez. Ik. bihotz-bihotzez; bihotz-bihotzetik. Ene emazteari, bihotzez. Beste zenbait, berriz, higuin ditugu bihotzez.

bihotzezko adj. Bihotzezko urrikalmendua. Bihotzezko maitasun egiazkoa.

bihotz-galdu da ad. Adoregabetu. Ez gaitezen bihotz-gal, goazen beti aitzina.

bihotz-garbi adj. Zorionekoak bihotz-garbiak, Jainkoa ikusiko dute-eta.

bihotz-gogor adj. Bihozgabea. Neron bihotz-gogor eta odolzalea.

bihotz-gozagarri adj. Bihotz-altxagarria.

bihotz hartu g.er. Adoretu.

bihotz izan Adorea izan. Ez du bere grina makurrei buru egiteko bihotzik. Baal-en aldarea lur jotzeko izan zuen bihotza.

bihotz-mami Jas. Bihotzaren zatirik barrenena, sakonena. Maite dut bihotz-mamiaren mamiraino.

bihotz sakratu Jesu Kristoren bihotza, haren gizatasunaren eta gizakiarenganako maitasunaren sinbolotzat hartzen dena eta eliza katolikoan gurtzen dena. Bihotz sakratuaren jaia. || Jesus eta Mariaren bihotz sakratuen ondran.

bihotz-ukigarri adj. Hunkigarria. Poematxo bihotz-ukigarria. Miresgarria eta bihotz-ukigarria da, politika aldetik, ikastolekin gertatu dena.

bihotz-ukitu du ad. Hunkitu. Zure hitzek bihotz-ukitu naute.

bihotz-zabal adj. Eskuzabala. Japonian eta hemen gizona, eta emakumea, izukaitz baino beldurtiago, prestu baino berekoiago, bihotz-zabal baino zitalago da.

bihotz-zabaltasun Eskuzabaltasuna.

bihotz zimiko, bihotz-zimiko Atsekabea, nahigabea; kontzientziako harra. Bihotz zimiko horrek ez dio bakean uzten.

Jesusen bihotz Bihotz sakratua; bereziki, Jesu Kristoren irudia, bularraldean bihotza agerian duena.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buru-argi Ik. buruargi.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. San Pedro gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

burubero, buru-bero adj. Grina batek menderaturik neurritasuna galtzen duena. Cromwell protestante buruberoa.

hodei

1 iz. Ur tanta guztiz txikiz osatutako multzoa, eguratsean dilindan mantentzen dena. Hodei zuriak, beltzak, ilunak. Hodei baldarrak. Hodei ñabarrak zeruan barrena lasterka. Euri emankorrak hodeietatik jausten. Hodei mataza lodiak. Kazkabarra dakarten hodeiak. Zerua hodeiz estalirik zegoen. || Hodeizko zutabe argidunak.

2 iz. Inform. Interneteko lekua, datuak eta fitxategiak gordetzeko eta bertan lan egiteko erabiltzen dena. Googleren aplikazio asko hodeian daude.

behe hodei, behe-hodei pl. Meteorol. 2.000 metrotik beherako garaieran eratzen diren hodeiak. Astelehen goizean hotz egingo du eta zeruan nagusi izango diren behe-hodeiek tantaren bat edo beste utziko dute.

bero hodei, bero-hodei Meteorol. Udan sortzen den hodei ekaiztsua, bat-bateko euri zaparrada bortitz eta laburrak ekartzen dituena. Arratsaldean bero-hodeiak sortuko dira eta ekaitz arriskua egongo da ilunabarrean.

goi hodei, goi-hodei pl. Meteorol. 7.000 metrotik 13.000 metrorako garaieran eratzen diren hodeiak. Zerua ez da erabat oskarbi egongo, baina goi-hodeiak baino ez direnez izango, giroa argia eta eguzkitsua izango da.

odol

1 iz. Kolore gorriko isurkari lodia, gorputz osoan zainetan zehar dabilena, elikagaiak eta oxigenoa banatzen eta hondakinak jasotzen dituena. Ahotik odola dariola. Odolaren kolorekoa. Zauriz eta odolez beterik. Odolez gorritua. Odola gatzatu. Odol hotzeko eta beroko animaliak. Barberuak atera behar du odola gaitz askotan, baina, nire ustez, ez hainbestetan.

2 (Esapideetan). Odolezko izerditan. Gorputza odoleraino zigortuz. Odolak su gabe diraki (esr. zah.).

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Odol zainak. Odol tantak darizkiola. Odol aztarnak. Odol gazura (Ik. gazur 2). Odol motak.

4 iz. (Leinuaren ezaugarrien oinarritzat hartua). Odol bereko haurride bagina bezala. Odol bateko ahaideak. Mutiko hura bere odolekoa zela jakin zuenean (Ik. odoleko). Jakoben odolekoak zirenei. Nire odolekoek jasoko dute nire gorputz hila. Ahaidetasuna odolekoa edo erantsia den. Gazte aberats eta odol garbiko bat. Judu odolekoa. Jatsuko odola zuen bere zainetan. Odolaren mintzoa. Odola bera baino lokarri sendoagoak elkartzen gaitu.

5 iz. (Gerra edo borroketan isurtzen den odolaz mintzatuz). Ik. beherago; ik. odol isurtze. Odolak odola eskatzen du. Bere odol-egarria asetzeko. Are atsekabe handiagoa hartu zuen, aurkitu zenean, ez etsaien, ezpada israeldarren odola isuri beharrean.

odol belar, odol-belar Horma-belarra.

odol-bero Ik. odolbero.

odol emaile, odol-emaile iz. Bere odola transfusioetan erabiltzeko ematen duen pertsona.

odol-erre Ik. odolerre.

odoletan adb. Odolez estalirik; odola jariatuz. Oihuka ari zen neskatxa, eskuak odoletan. Gizona odoletan utzi zuen. Han gelditu da errukarria, lurrean, odoletan.

odol-gaitz Ik. odolgaitz.

odol galtze, odol-galtze Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario.

odol hodi, odol-hodi Odola ibiltzen den hodia.

odol-hotz adj. Pertsonez mintzatuz, nekez larritzen edo hunkitzen dena. Ik. lasai. Dozena bat gudari, zangar bezain odol-hotzak.

odol hotzean adb. Sentimenek hartua izan gabe, larritu edo hunkitu gabe. Haserrealdian ala odol hotzean egin duen. Odol hotzean hil zuen.

odol isuri, odol-isuri 1 Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

2 iz. Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario. Hil da 70 urtetan, odol-isuriak eramanik.

odol isurketa, odol-isurketa Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

odol isurtze, odol-isurtze (Gerretan edo borroketan isurtzen den odola adierazteko). Guduak eta odol isurtzeak higuindurik. Bi urtez asko nahaskeria, desmasia eta odol isurtze jasan zituzten gure arbasoek. Odol isurtzerik gabeko heriotza horrek ez gaitu nahigabetu.

odol kolpe, odol-kolpe Gorputz zati batean gertatzen den odol metatzea. Odol kolpe baten ondorioz, konorterik gabe gelditu zen.

odol talde, odol-talde Giza odola, hematieetan azaltzen diren antigenoen arabera sailkatzen den lau mota nagusietako bakoitza. Pertsona bati transfusio bat egin behar diogunean, lehen pausoa bere odol taldea zein den jakitea izango da.

odol zirkulazio, odol-zirkulazio Odolak gorputzeko zain eta arterietatik egiten duen joan-etorria, bihotzetik irteten denetik berriz itzultzen den artekoa. Sodioak likidoa atxiki eta odol zirkulazioa eragozten du. Ebakuntza egin diote eskuin eskuko hatz luzeko odol zirkulazioa hobetzeko.

odolbero, odol-bero adj. Pertsonez mintzatuz, erraz berotzen edo sutzen dena. Ik. haserrekor. Mutil odolberoa. Azkar eta odolbero bezain bakezko eta ororen adiskide zen. || Ganadu ausart odolberoa.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper