Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=begi bista sarrera bakarrean aurkitu da.

begi

1 iz. Ikusmenaren organoa. Begi handiak, biziak, erneak, ederrak, urdinak, beltzak, eztiak, samurrak, sakonak, odolduak, erreak. Begiak altxatu, jaitsi, itzuli, itxi, ireki, zabaldu. Begiak itsutu, lanbrotu. Begiak errespetuarekin itzuliak Ostia Santuagana. Eta horrexek lausotu ditu zenbaiten begiak. Begi aleak. Zure begien dirdira. Begi eritasunak. Begietako lausoa. Begi ingurua. Begi bazterraz begiratu. Begiko zuria. Neska begi-argiak irribarre distiratsua egin zion mutilari. Arrantzale begi-urdina. Gizon herren, begi-ezkel eta lepo-makurra.

2 iz. Irud. Informazio teoriak behartu ditu azkenean linguistak beste jakiteetara begiak iraultzera. Gogoan dut haren hitzaldia, begiak zabaldu baitzizkidan gai askori buruz. Egundaino ez da entzun, inork itsu jaiotako baten begiak ireki dituenik. Gizon bat aberasteari emana, diru pilak begia zorrozten ziona eta lurreko ondasunetara guztia itsututa.

3 (Esapideetan). Begi itxi-ireki baten bitartea (Ik. begi(en) itxi-ireki batean). Baduela zeruetan Aita bat, sekula ahanzten eta begietatik galtzen ez duena. Begi hutsez ikusten diren izarrak. Begiek ikus-ahala guztian. Begien aurrean. Badirudi neure begietan daukadala oraintxe. Haren begietan ez nintzela ezer. Behartsurik behartsuenak, ene begietan, nire herrikoak dira eta nire herria bera. Zoazte nire begien aurretik. Ikusten ez duen begiak ez du minik. Ez duzu izan begi txarra. Begiz hautatzen du ederrena, gizenena. Guri begiz ikusiak eta belarriz entzunak ere ahaztu egin zaizkigu, itxura denez. Txakurra guztiz gogokoa zuen, baina katua ezin begiz ikusi zuen.

4 iz. Hainbat lanabesetan, kirtena ezartzen den zuloa. Aizkoraren ahoa eta begia. Aitzur begia.

5 iz. Jostorratz batean, haria sartzen den zuloa. Errazago da gamelu bat jostorratz begitik igarotzea.

6 iz. Batez ere gaztaz eta ogiaz mintzatuz, mamian gertatzen den hutsunea. Gaztaren, ogiaren begiak.

7 iz. Zubietan, arkuen arteko hutsartea. Hamazazpi begiko zubia!

8 iz. Landareetan, kimua sortzera doan pikor modukoa. Ik. pinporta; lore begi. Ernatutako begiak udaberrian hamarren bat zentimetroko altsuma emango du. Aihen begia. Begitik edo azaletik txerta daitezke gereziak. Patataren begiak. || Pikondoa begi-handitzen hasten denean, uda hurbil da.

begia(k) argitu 1 Ikusmena eman, ikusarazi. Itsuen begiak argitzen dituen Jainkoa. Jainko jaunak argitu zizkien arimako begiak artzain on haiei.

2 Alaitu, alaiarazi. Bitxi eder batek begiak argitu zizkion.

3 Ohartarazi. Argituko ahal ditu Jainkoak guztion begiak, gure hizkuntzaren onerako!

begia atxiki Ipar. Zaindu, begia eduki. Bakean utzi zuten, zer gerta ere, haatik, begia haren gainean atxikiz.

begia(k) bete Atsegin izan. Loiolako ikusgarri omen handikoez begiak beterik. Begia betetzen ez dion lagunarekin ezkontzen bada dirua duelako.

begia(k) bihurtu Bizk. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia irauli. Ni ez ikusteagatik begiak beste aldera bihurtzen dituzte.

begia bota (jaurti, egotzi...) Begiz jo; erreparatu, ohartu. Begia, zeini bota diozu? Hamaika damak bota zidaten begia. Orduan begia bota zion bere aurrean idazmahaiaren gainean zegoen loreontziari.

begia(k) eduki Zaindu; erreparatu, ohartu. Eta arranoak, airean doanean bere umeetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula esperantza dut.

begia(k) ezarri Begiz jo, hautatu. Entzun zutenean hango odolekoa zela, erregetzarako begia ezarri zioten. Gauza oso distiratsuetan edota ñimiñoegietan begiak ezartzen dituztenak.

begia(k) hedatu Begiak luzatu. Mintzaldi honen gaia, estu mugatu beharra denez gero, ezin begiak noranahi heda.

begia(k) ipini Erreparatu, ohartu. Nola inork ez zion kasurik egiten, herrian zegoen mutilik gizagaixoenarengan ipini zituen begiak.

begia(k) irauli g.er. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu. Informazio teoriek behartu dituzte azkenean hizkuntzalariak, beste jakiteetara, inguruko nahiz urrutikoetara, begiak iraultzera.

begi(en) aitzin Begien aurrea. (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Iruditzen zait ezen oraino bizi zarela, begien aitzinean zaitudala. Gure gizonak ez zuen begi aitzinetik langile hura galtzen.

begia(k) itzuli Begiak biratu, begiratu. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu; begia irauli. Itzul itzazu guregana zure begi miserikordiazkoak. Isabelen begiak aldarera itzuli dira.

begia(k) jarri Begiak ezarri. Biltzarrean zeuden guztiek begiak harengan jarriak zituzten.

begia jo 1 Begiz jo, zerbaitetan edo norbaitengan arreta edo interesa jarri. Begia jota daukat neskatxa horri, auzoko politena delako.

2 Zerbait deigarri gertatu. Harri argiagoz eginiko harresiak jotzen dio lehenik begia.

begia(k) josi Begiak landatu, zerbaitetan arreta jarri. Ik. begia zorroztu. Guztien begiak harengan josiak zeuden.

begiak ase Gauza bat ikusi orduko beste bat ikusi nahi nuen, ene oinak ez ziren nekatzen ez ene begiak asetzen.

begiak batu Begiak itxi, betazalak itxi; lo hartu edo lo egin. Ik. begiak bildu. Edo begiak zerura jaso eta altxatu edo begiak batuta egon. Bart, gau guztian ez dut begirik batu.

begiak bildu 1 Begiak itxi, betazalak itxi. Ik. begiak batu. Begiak bildu, eta irudika ezazu eskola bat.

2 Lo hartu edo lo egin. Badakizu zu etxeratu arte amak ez duela begirik bilduko. Gauez ez du begirik biltzen, eta eguna aho zabalka pasatzen du. Azkeneko gauetan lanak izan ditu begiak biltzeko.

begiak finkatu Begiak landatu. Begiak finkatu zizkidan ibiltzeari utzi gabe, eta esan zidan: (...).

begiak ilundu Ikusmena gutxitu edo galdu. Ilun bitez horien begiak, ikus ez dezaten.

begiak ireki Ikusmena eman; ohartarazi. Handik jango duzuen egunean irekiko dira zuen begiak. Egundaino ez da entzun, inork itsu jaiotako baten begiak ireki dituenik. Jazoera honek ireki eta zabaldu dizkigu begiak.

begiak itxi 1 Ez ikusiarena egin. Ezin ditugula begiak itxi inguratzen gaituen anabasaren aurrean.

2 Lo hartu; lo egin. Ik. begiak bildu. Bi egun zeramatzan begirik itxi gabe.

3 Hil. Haren begiak itxi dira eta nireak malkoz estali.

begiak kendu Norbaitengandik edo zerbaitetatik begirada beste leku batera eraman. Txakurrari begirik kendu gabe. Ezin zituen armatik begiak kendu.

begiak landatu Ipar. Adi-adi begiratu. Ik. begiak finkatu. Begiak finkaturik eta landaturik, emaztearen begiei.

begiak zuzendu Begiratu, begiak norabide jakin baterantz eraman. Itsasaldera zuzentzen ditu begiak. Geroztik ez didazu begirik zuzentzen aurpegira, hozkia emango banizu bezala.

begia(k) luzatu Begirada zabaldu. Begiak luzatu zituen batean hiru gizon bere ondoan zutik ikusi zituen. Zorigaiztokoak gu, inguruko mendietatik harantz begiak luzatzen ez badakigu.

begi(en) aurre (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Ik. begi aitzin. Ikuskizun ederra zeukan begi aurrean. Ez zaituztet gehiago nire begien aurrean ikusi nahi. Etorri zitzaion begien aurrera egun hartako Mañasiren begirada gozoa.

begia(k) zorroztu Adi-adi begiratu, arreta handia jarri. Ik. begia josi. Bi begiak liburura zorroztuta ari zen.

begi-bakar Ik. begibakar.

begi-bakoitz Ik. begibakoitz.

begi-bazter Begiaren ertza. Ik. begi-ertz. Begi-bazterrez begira.

begi-belarri 1 adb. Erne, argi. Begi-belarri ibili beharra zegoen.

2 iz. pl. Begiak eta belarriak. Etxekoen begi-belarriak erneagoak izaten baitira honelakoetan kanpotarrenak baino.

begi-betegarri adj. Begiarentzat oso atsegingarria. Mota askotako zuhaitzak ernarazi zituen, begi-betegarri eta ahogozagarri.

begi bietaraino adb. Begietaraino. Bekatuetan begi bietaraino sarturik zegoen.

begi bista, begi-bista (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begien bista. Begi bistan dago. Aztura onak eta bertuteak begi bistatik galduz gero.

begi bistako, begi-bistako adj. Begien bistakoa; nabarmena. Begi bistako egia gezurtatzeko.

begi eman Begiratu, so egin; kontuan hartu. Atzera begi emanez. Zuk eginei begi eman nien eta harritu nintzen.

begien bista (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begi bista. Ahal den azkarren alde egin ezazu nire begien bistatik. Zoazte nire begien bistatik! Zure parerik ez zait jiten neure begien bistara. Erantzunik gabe utziko dut galdera, begien bistan baitago. Barbaro horiek begien bistan hilda nahi zuten ikusi.

begi-erre adj. Betazal ertzak gorrituak dituena. Ik. beterre.

begi ertz, begi-ertz Begiaren ertza, begi bazterra. Ik. betertz; begi-bazter.

begietako argi Ikusmena. Jesusek asko sendatu zituen orduantxe, beren gaitz, gaixotasun eta deabruetatik, eta itsu askori eman zion begietako argia.

begietako (begiko) min Begietan (begian) sentitzen den mina. Begietako minarentzat ona da arrosa egosiaren urarekin garbitzea. Ona da begiko mina sendatzeko.

begietan eduki Agerian eduki; gogoan izan.

begietan eman Gaizki iruditu. Egiten dituzu Jesusi begietan ematen dioten zenbait hutsegite.

begietaraino adb. Erabat, osoki. (Batez ere sartu eta kideko aditzekin erabiltzen da). Ik. begi bietaraino; bi begietaraino. Gerran ez zen ibili, baina zantarkerietan eta ustelkerietan begietaraino sartu eta ustelkeria horren hatsa alde guztietara zabaldu bai.

begi gaizto iz. Ipar. Begizkoa. Begi gaiztoa egin norbaiti. Haurra, begi gaiztoaz joa liteke.

begi-gorri Ik. begigorri.

begi-gose Janariaren itxurak sortzen duen gosea.

begi-ilun adj. Tristea. Ik. betilun.

begi itsuan adb. Itsu-itsuan.

begi(en) itxi-ireki batean Une batean, denbora-bitarte guztiz laburrean. Begien itxi-ireki batean eta hitz bakar bat esanez, sendatzen zituen eritasun guztiak. Begi itxi-ireki batean garbituko dizkizut aitzakia horiek guztiak.

begi keinu, begi-keinu Begi bat, bestea zabalik dagoela, une batez itxi eta irekitzea, gehienetan norbaiti zerbait adierazteko. Kearen artetik irribarre egin zidan, eta begi-keinu bat. || Oharkabean behin eta berriz bi begiekin egiten den keinua. Urduri jartzen denean begi keinuak egiten ditu.

begi kliska, begi-kliska 1 Kliska, begien itxi-irekia. Ik. begi keinu. Deus esan gabe, barrez, begi-kliska isekariak egiten zizkiola.

2 Denbora-bitarte guztiz laburra. Ik. begi itxi-ireki batean. Aldaketak ez dira begi kliska batez erdiesten! Ziztakoan, begi kliskan, azken turutaren hotsean.

begi kolpe, begi-kolpe Begiraldia; begi itxi-irekia. Ik. begi ukaldi. Lehenengo begi kolpera. Joango nintzela haran famatu haiei begi kolpe bat ematera.

begiko nini Begi ninia. Bere begiko ninia bezala zaindu zuen. Begiko ninia bezain maite duelako.

begi lauso, begi-lauso 1 iz. Begiaren alde gardenean agertzen den orbantxo zurixka, ikusmena iluntzen duena. Ik. katarata. 60 urterekin begi-lausoa izan zuen.

2 adj. Begi-lausoa duena. Begi-lausoa zen.

begi-luze Ik. begiluze.

begi-minbera adj. g.er. Makartsua.

begi nini, begi-nini Ninia, begiaren erdiko beltzune biribila. Begi niniak handituak. Begi ninia bezala zain nazazu.

begi-oker adj. Begiratzean begi bat edo biak okertzen dituena. Ik. betoker. Gizon begi-oker eta burusoila.

begi ondo, begi-ondo iz. Begi ingurua; bekokia; bekaina. Ik. betondo. Orban bat zuen begi-ondoan.

begi ondoko, begi-ondoko iz. Begi ondoan ematen edo hartzen den kolpea. Ik. betondoko.

begi onez adb. Begi onekin. (Batez ere ikusi eta behatu / begiratu aditzekin erabiltzen da). Jainkoak begi onez behatu diola haren apaltasunari. Ea, zeruko erregina, limosna bat, andrea; pobre behar honi begi onez begira iezaiozu. Manueltxok begi onez begiratzen zion opil gozoari. Errodrigok Milia begi onez ikusten duela, garbi dago edozeinentzat. Begi onez ikusiko lukeela Euskaltzaindiak hori erabiltzea.

begi-orde iz. g.er. Betaurrekoak.

begitan eduki Higuindu, gorrotatu. Gaiztoek begitan naukate. Artzainek ere begitan daukate pinu hori.

begitan hartu Gorrotatu. Norbaitek begitan hartzen bazintuen, ez zizun barkatuko. Hartu zuten begitan eta ez ziren gelditu gurutze batean josirik hila ikusi arte.

begitan izan Begitan eduki. Zuzena maite duzu, eta okerra begitan duzu.

begi(e)tara eman Ikusarazi. Begietara eman zion zein zen handia egin zuen gaizkia.

begi ukaldi, begi-ukaldi Begi kolpea. Begi ukaldi batez ikusia dugu dena. Zelai bat gaitza, begi ukaldia hel ahal baino luzeagoa.

begi ur, begi-ur Kolirioa. Begi lainotsu eta ilundua begi urez sendatzen ari zen.

begi-urdin Ik. begiurdin.

begiz begi Aurrez aurre. Eguzkia eta ilargia begiz begi jarririk. Ez al haiz begiratzera ausartzen?, begira iezadak, begiz begi!

begi zeharka, begi-zeharka adb. Zeharka begiratuz. Ik. begi-bazter. Orduan pinuari oso begi zeharka begiratzen zitzaion; ziotenez, ez zuen ezertarako balio.

begiz jo Aukeratu, hautatu, begia ezarri. Aspaldian nuen nik begiz jota Azkarragako neskatxa zaharrena. Aurretiaz begiz jotako gerizpe batean. Hitz ugariegi izango ditut irispidean eta bat jo beharko dut begiz, gainerakoak baztertuaz.

begi zulo, begi-zulo 1 Begia kokatzen den barrunbea. Ik. betzulo. Kristalezko begia gauero oherakoan begi zulotik kendu eta arretaz ikuzten du.

2 pl. Begien azpian gertatzen diren ubeldurak, adibidez lo gutxi egiten denean. Ik. betazpi. Horiek ditun begi zuloak! Begi zuloak handituta.

bi begietaraino adb. Begietaraino. Bekatu lohietan bi begietaraino sarturik.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper