Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=bai... baita... (ere) sarrera bakarrean aurkitu da.

bai

1 adb. Galdera bati erantzutean, baiezko esaldi baten ordain den hitza. Ekarriko duzu?, bai. Kristaua al zara?, bai, jauna, kristaua naiz. Bai, ihardetsi zuen Etxebarnek.

2 adb. (Esaten denaren egiatasuna azpimarratzeko). Bai, zutaz ari naiz. Badakit, bai, zer zaren zu.

3 adb. (Ezezko esaldi baten ezkerrean edo eskuinean, haren aurkakoa adierazteko). Nik esan bai eta egin ez. Aita eta ama ez zeuden begira, baina zu bai. Eztirik egin ez, baina langileek egindakoa jan bai.

4 Esaldi bat baiezkoa den egiaztatzeko galde hitza. —Bihar etorriko da. —Bai? Bai ote?

5 adb. (Harridurazko esaldietan). Bai toki ederra! Hori bai dela neskatxa guztiz polita! Bai ederki bizi ginela orduan!

6 iz. Baiezkoa. Baia eman zion. Baiaren eta ezaren artean zalantzan. Bai lehor batez erantzun zion. Erregeren baia gabe dekretuek ez zuten indarrik.

bai... (ere) Ik. baita2. Makina bat botika ibili zen gure etxean, bai dirua galanki gastatu ere. —Arratsalde on, adiskidea! —Bai zuri ere! || (eta-rekin). Bakoitzak ditu bere grinak, akatsak eta bai alderdi onak ere.

bai... bai... (Maila edo izaera bereko perpausak edo osagaiak lotuz, baieztapena azpimarratuz). Ik. eta; bai... eta bai... (ere); bai... baita... (ere); hala... nola... 2 nahiz... nahiz... 2 Hirurek, bai amak, bai alabek, hitz egiten dute euskaraz. Bai Axularrek, bai Oihenartek euskara gaitu, egokitu nahi zuten, batak hitz lauz, besteak hitz neurtuz.

bai... baita... (ere) Bai... bai... Bai Adami, baita bere ondorengo guztiei ere.

bai eiki g.er. Baiki.

bai eta... (ere) Ik. baita2. Frantzian, bai eta Espainian ere. Hura orduko unatua baitzen, bai eta haren gizonak ere. Etxe hura bizi da oraino, bai eta etxe hartan Inazioren oroitzapena.

bai... eta bai... (ere) Bai... bai... Bai bata eta bai bestea, biak ziren onak. Zuhaitz bikaina da, bai bere irabaziz eta bai bere gerriz. Horrelako makurrak maiz egin izan dituzte, bai protestanteek eta bai katolikoek ere. Mintzatzea ukatu zaiolako, bai zuzenean eta bai zehar bidez ere.

bai horixe Esan dena egia dela edo harekiko adostasuna azpimarratzeko edo baiezko erantzuna indartzeko erabiltzen den esapidea. —Egia da esan duzun hori? —Bai horixe. Jakingo dut, bada, nola hitz egin; bai horixe. Kostatuko zaizue merkeago aurkitzea, bai horixe!

bai zera, bai, zera interj. Zerbait guztiz ukatzeko erabiltzen den esapidea. —Orduan bai egingo zenukeela negar zolia. —Bai zera! Baina ez ziren isildu: bai, zera! Etorriko zela, baina, bai, zera! Pozik? bai, zera!, ezta hurrik eman ere! —Gorrotoa al zion? —Bai, zera! || —Ken itzak bizar horiek. —Bai zera kendu!, ondo egoki dauzkat.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper