Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=azal 5 sarreratan aurkitu da.

azal

1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor eta adarren kanpoko estalkia. Animaliak larruz eta ilez, hegaztiak lumaz, arrainak ezkataz eta zuhaitzak azalez. Haritzak azala ametzak bezala, zaharrak ezin dagike gazteak bezala (esr. zah.).

2 iz. Fruituen eta kidekoen kanpoko estalkia, bereziki gogorra ez dena. Laranja, patata azalak.

3 iz. Zenbait janariren kanpoko estalkia. Ogi azalak. Urdai azala. Gaztaren azala.

4 iz. Gizakiaren eta zenbait animaliaren gorputzaren kanpoko estalkia. Ik. larru. Azal zuri, garbiko neskatxa. Aurpegiko azala. Azal mehea, leuna, lodia. Azal ederrekoa. Sugeak aldatu nahi duenean azal zaharra. Azal asko eta mamirik ez, hezurrak agertu nahirik. Arrainari azala kendu. Oilaskoa azal eta guzti jan zuen. Ez du azalak hartzen: pozez gainezka dago. Azal bete-betean egon: gizena egon. Azala izan, azal lodia eduki: lotsa gutxikoa izan. Hori dun azala!

5 iz. Liburu baten gaineko eta azpiko orriak, gehienetan barrukoak baino gogorragoak direnak; batez ere, gaineko orria. Azala taxutu eta apaindu duena. Azala eta argazkiak, X-renak. || Guantanamoko argazkiak jarri dituzte diskoaren azalean.

6 iz. Aldizkari, egunkari eta kidekoetan, lehen orria. Berria egunkariaren azaleko argazki nagusia. Hurrengo egunean Tel Aviveko kazetek azalean, letra handiz, ipini zituzten adierazpenak.

7 iz. Zerbait biltzen duen zorroa. Eskutitzaren azala. Burkoaren azala. Ohe azalean.

8 iz. Zerbaiten gaineko eta kanpoko aldea; itxura. Ik. gainazal. Ur-azalean igerian. Ur azpitik azalera irten. Lurraren azalean (Ik. lurrazal). Bertutearen azala bai, baina mamirik ez duela. Itxuraren eta azalaren azpitik jatorrizko monoteismoaren aztarnak ageri dira. Azalera agertu. Euskarak azal nabar hori kaltegarri duenez gero. Norbait, zerbait azalez soilik ezagutu: gaingiroki ezagutu (Ik. azaletik).

9 adj. Azalekoa, sakontasun gutxikoa. Ez liteke ito ur azaletan. Baserri hartan lur azalak direla esaten dute. Entzute handikoa, baina jakintza azalekoa. Nire munduko jakinduria izan da oso azala. Plater azala: plater zapala.

azaleko adj. Sakona ez dena, azalean dagoena. Azaleko azterketa. Zu ez zara azaleko apaindura zale; barrutik nahi duzu apaina izan. Azaleko edertasuna. Etsamina azaleko, arin eta behingo batekin konfesatzen diren bekatariak. Egin zuen aurkezpena nahiko azalekoa gertatu zen.

azaletik adb. Kanpotik, itxuraz. Fariseuak azaletik zuzenak ziren, hau da, gauza agerikoetan on irudia egiten zuten. Hitz horiek gogor samarrak iduri dute azaletik begiratuz gero. Liburuxka hauxe dugu iturbururik ugariena egilea barrendik, eta ez azaletik, ezagutzeko. Geroago eta gogorrago egiten dira beren bizimodu azaletik prestuan.

azaletiko adj. Azalekoa.

azal-gorri Ik. azalgorri.

azalpean adb. Azalaren azpian. Tratamenduak luzea izan behar badu, azalpean aparatu txiki bat jar daiteke, botika etengabe, modu konstantean, askatzeko. Egungo egunean ere, ez da ogi bedeinkatua izengoiti horren azalpean eskaini zaigun guztia.

azalpeko adj. Azalaren azpikoa. Azalpeko txertoak. Euri-urak gelditzen dira bi lurren artean, erran nahi da, azaleko lurraren eta azalpekoaren artean.

azalgorri, azal-gorri adj. Azal gorria duena.

garun

iz. Buruko muinen multzoa. Ik. burmuin. Garunak behar bezala hazi ez zitzaizkidalako, adimen urriaren jabe naiz. Buruko garunak urtu beharrean dabil, jo eta su gogoetan. Lo gutxi eta asko irakurri, garuna lehortu zitzaion. Garunik gabeko gizona.

garun azal, garun-azal Kortexa. Garun azalak mintzamena kontrolatzen du, eta gorputzaren zentzumen organoetatik datozen seinaleak jaso eta prozesatzen ditu. Garun azaleko zelulak.

gutun

iz. Eskutitza. Gomendiozko gutuna. Gasteizko Gotzainaren artzain gutuna. J. P. Ulibarriren gutun liburua.

gutun azal, gutun-azal Eskutitzei jartzen zaien estalkia. Gutun-azaletako zigiluak. Gutun-azalean amonaren izena irakurri nuen.

hezur

1 iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. Ugaztunen, hegaztien, arrainen eta narrastien hezurrak. Eskuko hezurrak. Erori eta hezur bat hautsi du. Hezurrak agertzeraino zigorkatua. Hezurretako mina. Lurpean ustelduko dira nire hezurrak. Hezur handiak, mami gutxirekin. Hezur iharra, ihartua. Hausten den hezurra sendatzen denean, gogortu egiten da. || Ni naiz hezur eta haragizkoa. || Bere herrira itzultzeko asmoa hartu zuen, bere ahaideen artean hezurrak uztera.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Hezur ehuna. Hezur zelulak. Hezur giltzak.

3 iz. Arrainen bizkarrezurra. Bisigu baten hezurrean irristatu eta erori da.

4 iz. Hezurrekin egindako gauzakien gaia. Hezurrezko orratz eta jostorratzak.

5 iz. Fruitu batzuen hazia biltzen duen oskol gogorra. Gereziaren hezurra. Haran hezurrak.

hezur-beltz Ik. hezurbeltz.

hezur berri Batez ere pl. (Zenbait esapidetan, emakume bat haurdun dagoela adierazteko). Hezur berriak ditut: haurdun nago. Hezur berriak dauzkat; laster amona izango zara. Hezur berrietan dago.

hezur eta azal 1 (Gehiegizko argaltasuna adierazteko). Ez daukat nire gorputzean hezur eta azala baino.

2 adb. (egin, egon, gelditu eta kideko aditzekin). Oso argal. Ik. hezur-huts. Hezur eta azal gelditzeko bidean zihoan emakumea.

hezur eta larru 1 (Gehiegizko argaltasuna adierazteko). Otsoak ez zuen hezur eta larru baizik.

2 adb. (egin, egon, gelditu eta kideko aditzekin). Oso argal. Ik. hezur-huts. Gizon multzo bat, hezur eta larru eginak. Begiak sartuak, eriak hezur eta larru.

hezur eta mami 1 adb. Erabat, oso-osorik. Ik. gorputz eta arima. Jainkoak hartua bezala nengoen hezur eta mami.

2 adb. Hezur eta mamiz. Horra neure aurrean, beraz, hezur eta mami, astrofisikari bat! || Itzal horien biziak ez dio batere zorrik hezur eta mamizkoen biziari: egiazkoen biziari.

3 Hezur eta mami izan: adiskide minak izan.

hezur-haragi pl. Hezurrak eta haragia. Baina iratxoak ez du, nik bezala, hezur-haragirik. Lo zegoen, bere hezur-haragiak atsedenari ematen.

hezur-haragizko adj. Pertsonez eta animaliez mintzatuz, benetakoa, hezur eta haragiz osatua. Hezur-haragizko gizakiak. Aipatzen dituzun idazle horiek hezur-haragizko gizonak ziren, zu eta ni bezalakoxeak.

hezur-huts 1 iz. Gizakien edo abereen hilotzen hezur mamigabe eta ihartua. Denborak zuritutako hezur-huts bat.

2 adb. Oso argal. Ik. hezur eta azal; hezur eta larru. Aurpegiak horitu eta hezur-huts egiteraino. Hezur-huts zegoen gizajoari, arnasa agortu zaio. || Hezur hutsetan gelditu: hezur-huts gelditu.

3 adj. Oso argala. Asto zahar eta hezur-huts bat.

hezur-mami Batez ere pl. Hezurrak eta mamia. Nork ez du sumatu goitik beherako astindua hezur-mamietan?

hezur muin, hezur-muin Batez ere pl. Muina. (Sentimenez, sentipenez, usteez eta kidekoez mintzatuz erabiltzen da). Ik. hezurretaraino. Hezur-muinetaraino beldurtu. Hezur-muinetaraino sartua dugun ustea. Negu mineko hotzikara hezur-muinetan nabaritzen.

hezurrak gogortu (Zahartasuna adierazteko). Hezurrak gogortu eta oinak baldartzen zaizkizunean. Hezurrak zaizkit gogortu, belarriak ere gortu; modu honetan, mutilzaharraren inbidia nork du?

hezurretaraino Sentimenez, sentipenez, usteez eta kidekoez mintzatuz, barne-barneraino. Beldurra hezurretaraino sartua zuten. Sinesmena hezurretaraino sartua. Hotzikara bat hezurretaraino sartu zitzaiona. || Hezurretarainoko izua.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper