Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, oinarrian 1991n hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua duena, eta adieraz, adibidez eta azpisarreraz eta sarrera berriz hornitzen duena (eguneratze honetan, guztira 38.047 sarrera, 9.988 azpisarrera eta 67.317 adiera jaso dira). Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora, Lexikoaren Behatokira eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasera zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.