Euskaltzaindiak sorreratik du Iker Saila, bere helburuetan hizkuntzaren corpus-az arduratzea ezarria duelako. Akademiak goi-mailako ikerketa bultzatzea du xede, hizkuntzaren arau, gomendio eta abarren oinarri izan behar duena.
Euskaltzaindiak lehentasuna eman dio, sorreratik, hiztegigintzari. Izan ere, hizkuntza akademia batentzat hiztegigintza oinarri-oinarrizko eginkizuna da. Akademia sortu berriak, 1920an, eratu zituen bost batzordeetako bat, hain zuzen, «Iztegisaila» izan zen.
1955ean, Euskaltzaindiak Koldo Mitxelena euskaltzainari enkargua egin zion, Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-06) obra eguneratu, zuzendu eta osatzeko. Mitxelena berehala konturatu zen hiztegia osatzeko lan mardulagoa egitea ezinbestekoa zela, ikertzaile bakar batek baino, lantalde zabalak burutu beharrekoa zela. Orotariko Euskal Hiztegia egiteko lehen urratsa izan zen hura.
Bitartean, Euskaltzaindia beste maila bateko hiztegigintzan ere aritu zen: alorrez alorreko hiztegi eta izendegi espezializatu txikiak lantzen, 1960ko hamarkadaren bukaeran batez ere. Merkatalgo izendegiak (1974) eta Zortzi urte arteko ikastola hiztegiak (1975) ikusi zuten argia hurrengo hamarkadan.
Ondoko urteetan jorratu zuen Akademiak Hiztegi Batua (HB), Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) abiapuntu izango zen hiztegi ortografikoa.
Gaur egun bi hiztegi nagusi ditu Euskaltzaindiak: Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), gure tradizioa jasotzen duen hiztegi historiko-deskriptiboa, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia, Akademiaren hiztegi arauemailea.
Corpusak hizkuntzaren atal baten erakusgarri gisa erabiltzen diren testu-multzo elektroniko egituratuak dira, erabilera errealak jasotzen dituztenak. Ezinbestekoak dira hizkuntzak berak eta hizkuntzei doazkien bestelako atazak aztertzeko. Bada, Euskaltzaindia aitzindaria izan da euskal corpusgintzan, corpusak osatzen zein erabiltzen.
XX. mendearen 80ko hamarkadan sortu zuen Akademiak lehen euskal corpusa, Orotariko Euskal Hiztegiaren oinarri izango zen corpus diakronikoa. XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa ere ondu zuen segidan, eta xxi. mendearen hasieran, Lexikoaren Behatokia corpus monitorea ere bai. Momentuko beharrei erantzuteko nahitaezkoak izan dira corpus horiek, bai corpus diakronikoa, bai XX. mendeko estatistikoa, bai monitorea, Euskaltzaindiaren proiektuen iturri-oinarriak izan baitira, Orotariko Euskal Hiztegiaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren kasuan bereziki.
XXI. mendearen lehenengo laurdenera iritsita, Euskararen Erreferentzia Corpusa osatu du Akademiak, eragile askoren testuei esker. Corpus dinamikoa, orekatua eta kalitatekoa da; etengabe azken 25 urteetako euskararen isla izango da.
Euskalarien eta Euskaltzaindiaren aspaldiko ametsa da euskalkien mapa egitea. 1918an, Julio Urkixok agertu zuen lehenengoz horren asmoa, eta urte batzuk geroago, 1921ean, Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak Akademiaren batzarrean Erizkizundi Irukoitza egiteko egitasmoa azaldu zuen. Geroztik ere hainbat saio egin ziren, eta 1980. urtean, Dialektologia Batzordea eratu zenean, ez zen hutsetik hasi, hizkuntza atlasa egitea baitzuen helburu nagusi.
Onomastikak pertsona-izenak, deiturak eta leku-izenak aztertzen ditu, bai Euskal Herrikoak, bai Euskal Herritik kanpokoak.
Onomastikaren arloan, Euskaltzaindiak arauak ematen ditu, era guztietako izendegiak prestatu, finkatu edo gainbegiratzen ditu, irizpenak eta ziurtagiriak egiten ditu eta aholkularitza-lanetan ere badihardu.
Euskaltzaindiak sorreratik du Jagon Saila, eta bere helburuetan euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea daude.

Joana Albret (1528-1572)
Azkue Biblioteka eta Artxiboak mota askotako liburu, aldizkari edota dokumentuak zaintzen ditu bere funtsetan. Horietako asko nahiko ezagunak izaten dira, euskaltzaleen artean bederen, baina beste batzuk askoz ere gutxiago edo batere ez. Gainera, batzuen aleak erraz eskura daitezke Euskal Herriko biblioteka eta artxibo askotan, baina beste batzuk, ordea, oso ezagunak eta aipatuak diren arren nekez jartzen dira euskaltzalearen begipean, hain zuzen ere bakanak direlako.
Txoko honetan jendeaurrean jarri nahi genituzke ale bakan edota gutxi ezagun horietako batzuen kopia digitalak, beren historia eta testuinguruari buruzko azalpen labur batzuekin lagunduta. Hartara, Etxeparek zioen bezala, obra bitxi horien ezagutza hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara.
Aurreko erakusketan hurbilpen orokor bat egin ondoren, ildo beretik xehetasun gehiago eskaintzea da oraingo helburua. Horretarako, azken hilabeteotan Ipar Euskal Herriko hainbat herritan egiten ari den erakusketa ibiltaria (Baiona, Maule, Hazparne...) izango da abiapuntua. Eta euskara batuaren genesiari buruz orain arte erabat ezezagunak izan diren zenbait datu eta dokumentu.
Euskara batuaren sorrera prozesu zinez korapilatsua izan zen, gertakari asko eta protagonista ugari barnebiltzen dituena. Ez da erraz horren ikuspegi sintetiko bat ematea, baina erakusketa honetan ahalegin bat egin da gertakari nagusiak eta eragile nabarmenetako batzuk laburki aurkezteko, historia luze eta aberats batean murgiltzeko zantzu batzuk eskainiz. Baionako Biltzarrari dagozkionak, bereziki, gutxi aipatuak izan dira oraintsu arte.
Topiko bat da esatea euskal literatura bitxikeriaz beteta dagoela eta, topiko guztietan bezala, puntu bateraino egia da: euskal literaturaren esparruan asko dira dauden liburu bitxiak edo gutxi ezagunak. Edo askotan aipatzen diren arren, ale gutxi batzuk baino ez gelditu ez zaizkgunak; batzutan, ale bakanak edo bakarrak. Mitxelenari jarraiki, gainera, euskal literatura batez ere euskaraz idatzitakoa bada ere, ez da soil-soilik hori, Larramendik idatzitako hiztegia, gramatika eta apologia, adibidez, euskal literaturatzat hartzen baitira, gaztelaniaz dauden arren.
Erakusketa honeta liburu zahar, bitxi edo gutxi erakutsitako horietako batzuk ekarri nahi izan ditugu hizpidera.
Atal honetan Euskaltzaindiak antolatzen dituen kultur ekimenak jasoko dira.
OHARRAK
Dokumentu honetan Arabaren egoerari eta bilakaerari buruzko hainbat datu demolinguistiko aurkeztu ditugu. Txosten honekin batera emandako Excel fitxategian, datu horiek zein datu xeheagoak ere badaude. Tartean, alderaketarako landu diren gainerako eremuei buruzko datuak ere aurki daitezke bertan; hots, Euskal Herriari, EAEri, Nafarroari, Ipar Euskal Herriari eta Gasteizi buruzkoak. Txosten honetako taula eta grafikoak Excel fitxategian baliatzeko, euskarri bakoitzaren izenburuko zenbakiari edo hizkiari erreparatu behar zaie, Excel fitxategiko orriak zenbaki eta hizki horiekin izendatuak baitaude. Era berean, taula eta grafikoen oinetan erreferentziazko taularen edo grafikoaren kodea ere azaltzen da (kode horiek Excel fitxategiko orrien izendapenean parentesi artean jarri dira).
Euskarri bakoitzaren azpialdean, iturriaz gain, erreferentziazko taula edo grafikoa zehaztuta dator, Iñaki Iurrebasoren Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen: Euskal Herrirako aplikazio praktikoa tesi laneko taula eta grafikoei erreferentzia eginez1. Iturri horretako oharretan du irakurleak taula eta grafiko bakoitzari buruzko xehetasun metodologikoak ezagutzeko bidea.
[1] Lan hori Euskaltzaindiak argitaratu du berriki: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_argitalpenak&Itemid=1217&view=katalogoa&lang=eu-ES&edukia=fitxa&argitalpena_id=787.
EHUko ADDI biltegian ere badago: http://addi.ehu.es/handle/10810/60061.