Hiztegiak eta Corpusak

||Azpiadiera marka
ad.Aditza
adb.Adberbioa
adj.Adjektiboa
Adkor.Adierazkorra
Admin.Administrazioa
Albait.Albaitaritza
Am.Amikuzera
Anat.Anatomia
Anton.Antonimoa
Antz.Antzerkia
Arg.Argazkilaritza
Arkeol.Arkeologia
Arkit.Arkitektura
Arrunk.Arrunkeria
Art.Artea
Astrol.Astrologia
Astron.Astronomia
Autom.Automobilismoa
banatz.Banatzailea
Beh.Behe-mailakoa
Biokim.Biokimika
Biol.Biologia
Bizk.Bizkaiera
BNaf.Behe-nafarrera
Bot.Botanika
Kl.Klasea (taxonomian)
det.Determinatzailea
Ekol.Ekologia
Ekon.Ekonomia
Elektr.Elektrizitatea
Eraik.Eraikuntza
Erl.Erlijioa
Esr. zah.Esaera zaharra
Estat.Estatistika
Fam.Familia (taxonomian)
Fil.Filosofia
Fil.Filuma (taxonomian)
Fis.Fisika
Geogr.Geografia
Geol.Geologia
g.er.Gutxi erabilia
g.g.er.Gaur gutxi erabilia
Gip.Gipuzkera
Haur.Haur-hizkera
Heg.Hegoaldea
Herr.Herri-mailakoa
Hist.Historia
Hizkl.Hizkuntzalaritza
ik.Ikus
Inform.Informatika
interj.Interjekzioa
Ipar.Iparraldea
Irud.Irudizko erabilera
Itsas.Itsasketa
iz.Izena
izord.Izenordaina
Jas.Jasoa
junt.Juntagailua
Kim.Kimika
Kirol.Kirolak
Lap.Lapurtera
Lgart.Lagunartekoa
Liter.Literatura
Log.Logika
lok.Lokailua
Mat.Matematika
Med.Medikuntza
Mekan.Mekanika
Merkat.Merkataritza
Metal.Metalurgia
Meteorol.Meteorologia
Mikol.Mikologia
Mikrob.Mikrobiologia
Mil.Militarrak
Miner.Mineralogia
Mus.Musika
Naf.Goi-nafarrera
Nekaz.Nekazaritza
onomat.Onomatopeia
Opt.Optika
ord.Ordinala
Ord.Ordena (taxonomian)
Paleont.Paleontologia
Pedag.Pedagogia
Pei.Peioratiboa
pl.Plurala
Pol.Politika
postpos.Postposizioa
pred.Predikatu osagarria
Psikol.Psikologia
sing.Singularra
Soziol.Soziologia
sp.Espeziea (taxonomian)
Subfam.Subfamilia (taxonomian)
Subkl.Subklasea (taxonomian)
Subord.Subordena (taxonomian)
subvar.Subbarietatea (taxonomian)
Superfam.Superfamilia (taxonomian)
Taurom.Tauromakia
Teknol.Teknologia
Teol.Teologia
var.Barietatea (taxonomian)
Zah.Zaharkitua
zenbtz.Zenbatzailea
Zin.Zinema
Zool.Zoologia
Zub.Zuberera
Zuz.Zuzenbidea

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu dira eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu dira. Horren emaitza da, hain zuzen, oraingo Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bertsio elektroniko hau, 37.884 sarrera, 6.944 azpisarrera eta 61.398 adieraz hornitua.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren xedea euskarazko hitzak txukun erabiltzen laguntzea da. Horretarako, hitzen adierak argitzen ditu definizioen bidez, baina, hori ez baita aski, beste argitasun asko ere ematen ditu: kategoria gramatikalak, aditzen erregimenak, euskalki- eta garai-markak, espezialitate-markak, erregistroak, izaki bizidunen izen zientifikoak, eta, gaur egungo hiztegi bati dagokionez, baita adibideak ere. Hauek garrantzi handia dute, hain zuzen ere, erabilera egokia adierazteko baliabiderik argigarrienak direlako. Guztiak dira benetako erabileratik, corpusetatik, jasoak, eta ez asmatuak.

Hiztegi hau ez da hizkuntzalarientzat egina, euskara txukun erabili nahi duen edonorentzat baizik. Horregatik, oharrak ahalik eta erarik ulergarrienean eman dira. Kategoria gramatikalei dagokienez, lehenengo argitaraldian baino nomenklatura sinpleagoa erabiltzen da. Hartan, izlag. eta izond. bereizten ziren. Honetan, guztiei adj. marka jarri zaie, adjektibo moten bereizketa Gramatikari utziz. Antzekoa da adizlagunekin egin dena; adberbio (adb.) marka erabili da. Bestalde, izenlagun, izenondo, adjektibo, adizlagun, aditzondo eta adberbio sarreretako definizioek argitzen dute kontzeptu horietako bakoitza.

Sarreren eta azpisarreren egitura.

Hiztegi honetan, hitz bat eta harekin loturiko forma konposatu eta esapideak artikulu bakarrean bildu dira. Adibidez, ogi hitzari eta haren konposatuei honako artikulu hau dagokie:

ogi

Hitzaren forma arautua edo lema sarreraburuan ageri da letra lodiz. Hitzaren adiera bakoitzak aurretik zenbaki bat du. Adibide honetan, bost adiera bereizi dira. Zenbakiaren ondoren, kategoria gramatikalaren laburdura dator eta jarraian, letra arruntez, definizioa. Irakurleak, hor, hitzaren adiera aurkituko du eta ez informazio entziklopedikoa. Esate baterako, ogiaren kasuan, ez dira okintzaren ikuspegitik eman litezkeen hainbat xehetasun ematen, hizkuntzaren ikuspegitik adiera zehazteko behar diren argibideak baizik. Kasu batzuetan, definiziotik zertxobait saihesten den ñabarduraren bat duen adibidea Ⅱ ikurraren ondoren jartzen da. Goiko adibidean, 3. adieran, gari irinez egin ordez, garagar irinez egiten den ogia aipatzen duen adibide bat dago horrela markatua. Definizioaren ostean, adibideak datoz, letra etzanez idatziak. Adibideok corpusetan jasota dauden benetako testu-zatiak dira eta hitzaren erabilerari buruzko argitasunak ematen dituzte.

Zenbait sarrera edo adieratan, euskalki marka ageri da, jatorria adierazteko eta nongo hiztunek erabiltzen duten usuenik esateko. Adibidean, 5. adierak Batez ere Ipar. marka du, batez ere Iparraldeko testuetan ageri ohi delako ogi hitza adiera horrekin, baina Hegoaldean ere arrunta da, adibidez, ogi-irin esatea garia ehoz egindako irinari. Ostera, 2. adierako Ogi bihotza adibideak Ipar. marka du eta, ondoren, ogi mamia azalpen gisa, Iparraldeko euskalkiak erabiltzen ez dituzten hiztunei lagungarri gertatuko zaielakoan. Adibideen artean, esaera zaharrak ematen dira askotan, euskararen arimaren osagai garrantzitsuak direlako. Horiek (esr. zah.) marka daramate. Izaki bizidunen izenei dagozkien sarrerek edo azpisarrerek parentesi artean izen zientifikoa dute, adibidez, Artocarpus communis, horixe delako adiera zehazteko erarik egokiena.

Forma bera izan arren jatorri berekoak ez diren homonimoak artikulu banatan emanda daude, zenbakizko goi-indize batez markaturik. Adibidez: arte1, arte2, arte3, arte4. Batzuetan, forma eta jatorri berekoak izanik ere, adieren artean jauzi handia dagoenean, artikulu banatan eman dira hitz batzuk, erabiltzailearentzat erosoago gerta dadin. Adibidez: astindu1 (aditza), astindu2 (izena), sare1 (izena), sare2 (adjektiboa).

Hitzen egokitasunari buruzko informazioa

Komunikazio-egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeak hitzak arretaz aukeratzea eskatzen du. Hiztegi honetan, sarri aurkituko ditu erabiltzaileak hitzak egoki erabiltzeko oharrak, hala nola:

  • Forma bat ez erabiltzeko gomendioa. Hiztegi Batuan e. marka zeramaten hitzek Euskaltzaindiaren Hiztegian forma hori ez erabiltzeko eta beste forma bat erabiltzeko dioen ohar bat dute. Adibidez:

    eritzi

  • Hiztegi Batuan h. marka zuten hitz batzuek, beste bat hobesteko; hemen, beste hitz hori definitzaile gisa dutela agertzen dira. Adibidez:

    nafartar

  • Erregistro jakinetan, hau da, egoera, asmo edo gai jakinetan, soilik erabiltzekoak diren hitzak markaturik agertzen dira (ikus laburduren zerrenda). Horien artean, arreta berezia merezi dute Lgart. marka daramaten hitz batzuek, gizatalde batzuentzat iraingarriak gerta litezkeelako. Adibidez:

    astapotro

    abilidade

  • Gaur egun zaharkiturik geratu diren hitzak edo gutxi erabiltzen direnak Zah. eta g.g.er. markekin jaso dira. Adibidez:

    abondant

    akeita

Jakite-arloari buruzko informazioa

Gorago aipatu den bezala, hainbat hitzen sarreretan espezialitate-markak aurkituko ditu hiztegiaren erabiltzaileak. Kasu honetan, argitu nahi dugu, marka horiek hitza hizkuntza arruntera igaro ez den neurrian bakarrik jarri direla. Hitz bat, espezialitate jakin batekoa izanik ere, eguneroko hizkuntzan erabiltzen baldin bada, sarrera horrek ez du markarik izango, gehienetan. Adibidez:

etilo

hidrogeno

Hiztegian bilaketak egiteko erak

Hiztegian bilaketak egiteko bi maila daude: arrunta eta aurreratua.

  1. Bilaketa arruntak egiteko, hitz bat bilaketa-laukian sartu eta “Bilatu” botoia sakatu behar da. Bilatu nahi izan den hitzarekin bat baldin badator hiztegiko sarrera bat, emaitza hiztegiko artikulu bat izango da, bere sarrerarekin eta azpisarrera guztiekin. Emaitza horren azpian "emaitza gehiago" botoia sakatuz gero, forma hori duten gainerako azpisarrerak azalduko dira, bakoitza bere artikuluaren azpian (bilaketa aurreratuan, pauso bakarrean, emaitza guztiak bistaratzen dira). Esate baterako “ardo” galdetzen bada, emaitza honako hau izango da:

    ardo

    Hau da, galdetu dugun hitzaren sarrerari eta azpisarrerei dagokien artikulua eta hitz hori azpisarreretan daukaten beste sarreren artikuluak azaltzen dira; adibide honetan “ardo” artikulua eta “eskailerape” artikulua. Azken hau “eskailerapeko ardo” azpisarrera duelako agertzen da.

    Gerta liteke bilaketa egiterakoan forma bat gaizki idaztea edo hiztegian ez dagoen forma bat bilatzeko eskatzea. Sistema prestaturik dago antzeko formak bilatzeko. Antzekorik ere ez badago “Ez da emaitzarik aurkitu” mezua agertzen da. Adibidez, bilaketa-laukian “egi” jarri baldin bada “hegi”, “egia” eta “egin” bilaketei dagozkien erantzunak emango ditu baina “hrjmn” bilatzeko eskatzen bada aipaturiko mezu hori agertuko da.

  2. Bilaketa aurreratuak beste bilaketa mota batzuk egiteko aukera ere ematen du.

    Bilaketa horiek egiteko, “Bilaketa” botoiaren azpiko “Bilaketa aurreratua” estekan klik egin behar da. Hor bilaketa zehatzak egin ahal izango ditugu.

    Bilaketa-laukian sartzen den forma edo forma-zatia “Non” menu zabalgarrian ageri diren lekuetan bila daiteke: sarreretan, hitz-hasieran, hitz-amaieran, adibideetan, definizioetan, taxonetan, erreferentzietan edo antzeko formetan.

    aurreratua

    Gainera, artikuluen bilaketa konbinatuak egin daitezke beherago dauden bost menu zabalgarrietako elementuak aukeratuz. Adibidez, bizkaierazko lagunarteko adjektiboak edo arkitektura arloko izenak dauzkaten artikuluak bila daitezke.

    konbinatua

    Euskarazko benetako testuetan garai guztietan hitzak nola erabili izan diren ikusi nahi izanez gero, “Iturriak erakutsi” / “Iturriak ezkutatu” aukeran klik eginez, bilaketaren emaitzak Orotariko Euskal Hiztegian, XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan edo Lexikoaren Behatokian dituen agerraldiak, kopuruak, testuinguruak eta datu bibliografikoak ikus edo ezkuta daitezke. Sail horretan bertan, Hiztegi Batu Oinarridunak eskaintzen duen informaziora ere jo daiteke.

    zapata

    Beherengo atalean, hurrenkera alfabetikoan agertzen diren letretan klik eginez gero, artikuluen letrakako zerrendak ere ikus daitezke.

    letraka

Hiztegi sorta honetan, euskal lexikografiaren historiako zenbait hiztegi eskaintzen dira PDF formatuan, horien artean, mugarria izan den R. M. Azkueren Diccionario vasco-español-francés lan mardula. Guztietan bilaketak egiteko aukera izango du erabiltzaileak.

JAGONET

Internet bidez euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua

Euskaltzaindia
  • NORI + ari izan

    Adibidez:
    -i ari izan (niri ari zara).

  • harritu

    Zuzenak al dira harritzen naiz horrela izatea, harritzen naiz horrela izateaz, harritzen nau horrela izateak esaldiak? Eta harritzen zait horrela izatea zuzena da?

Bideoak

Euskaltzaindia, historia laburra

Mendeurrena: bideo guztiak

Atari bibliografikoa

baliabideak

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

Azkue Biblioteka eta Artxiboa
ordua

ORDUTEGIA

Azkue Biblioteka eta Artxiboaren jendaurreko ordutegia:

9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.