Euskaltzaindiak Egunak eta lanak dokumentala aurkeztu du, gaur, Bilboko BBK Aretoan. Euskararen Akademiak bideratutako egitasmoak EiTB eta BBK Fundazioaren babesa jaso du; ekoizpena, berriz, Beittu Video Factory-k egin du. ETB1ek urriaren 8an emitituko du, 22:15ean, Gure Kasa programaren ostean. Aurrerago, Euskaltzaindiak dokumentalaren bertsio laburtuak jarriko ditu sarean, baita azpititulatuak ere (frantsesez, ingelesez eta gazteleraz).
Aurten ehun urte betetzen dira Euskaltzaindia sortu eta euskara arautzen hasi zenetik. Lehenago ere baziren hiztegiak eta gramatikak euskarari buruz; gaur egun, denak dira Euskaltzaindian. Bidaia horretan, euskarajasoa izatera eraman dituen gertakizun nagusiak zein diren eta nork bultzatuak, horra hor Egunak eta Lanak dokumentalak kontagai duena estetika erretro-futurista baten bitartez, Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek gorpuztua. Finean, Euskaltzaindiak euskara nola jasotzen duen erakusten du dokumentalak.
EUSKALDUN 'DEPRIMITUAK'
Ideia orijinala Bernardo Atxaga idazlearena dugu, eta Fermin Etxegoien aritu da zuzendari lanetan. Irudia Haizea Pastor eta Hodei Zambranoren esku gelditu da, argazki-zuzendari eta muntatzailea, hurrenez hurren. “Dokumental hau egin dugu euskaldun uzkur eta ilunak motibatzeko –aitortu du Atxagak-, ikus dezaten kultura aberatsa dugula, hizkuntza ederra daukagula, eta kontuan har dezaten iraganean ere gauza ederrak egin zirela, euskaltzale ausartak eta aurrerakoiak izan ditugula gurean, Larramendi kasu: XVIII. mendean El imposible vencido gramatika liburua idatzi zuen, konplexurik gabe”. “Batzuetan iruditzen zait euskaldunok depresio moduko batek jota bizi garela, ez gaudela geure buruarekin pozik, eta hori aldatu beharra dago herri moduan aurrera egin nahi badugu”, azpimarratu du idazle eta euskaltzainak.
'EUSKALTZAINDIA: EGUNAK ETA LANAK' (fitxa teknikoa)
- Jatorrizko ideia: Bernardo Atxaga
- Ekoizle eragileak: Hodei Zambrano eta Haizea Pastor
- Zuzendaria: Fermin Etxegoien
- Gidoia: B. Atxaga eta F. Etxegoien
- Argazki zuzendaria: Haizea Pastor
- Edizioa: Hodei Zambrano
- Ekoizpen zuzendaria: Alaitz Osa
- Argiztatzailea: Imanol lado
- Aireko irudiak: Dronetikan Airworks
- Jatorrizko musika: Joserra Senperema
- Zuzeneko soinua: Joshua Durán
- Zuzendari artistikoa: Gorka Montorio
- Jantzien diseinua: Azegiñe Urgoitia
- Makillaje eta ile-apainketa: Iratxe Artaza
- ETBko produkzio ordezkaria: Elena Gozalo
(Beittu Video Factory SL-k EiTBrentzan eta Euskaltzaindiarentzat ekoitzitako dokumentala)