Noticias Taldeak Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna komikia aurkeztu du, gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan. Komunikazio taldeak Eroskiren babesarekin argitaratu du liburua, eta goiz parteko prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute: Iñaki Alzagak, Noticias Taldeko zuzendari nagusiak; Jose Antonio Yelak, Eroskiko Kanpo Harremanetarako zuzendariak; Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak; Amaia Ballesteros irudigileak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Alzagak gogoratu du mendeurrenaren baitan hitzarmen berezia izenpetu zuela Noticias Taldeak Euskaltzaindiarekin, eta hitzarmen horren baitan kokatu behar dela egitasmo hau. "Finean, Euskaltzaindiaren historia modu erraz eta didaktikoan erakusteko modua da komikia", gehitu du Alzagak. Eroskiko Jose Antonio Yelak adierazi du euskara hasiera-hasieratik dagoela txertatuta Eroskiren jardunean, "1978an hasi baikinen euskara erabiltzen etiketa guztietan". Beraz, komikiari emandago babesa "erabat naturala" dela aitortu du, "eta horretan jarraitzen dugu, Consumer ere euskaraz plazaratzen dugulako". "Produktu honekin gazteek jakingo dute euskararen garrantzia eta Akademiak egun urtez eginiko lana", gaineratu du Yelak. Andres Urrutia ere pozik azaldu da argitalpen berriarekin eta Zabalak eta Ballesterosek eginiko lanarekin: "Euskaltzaindiaren historia laburtua da, irudietan emana, baina gizarteak erraz ulertuko duen moduan plazaratu nahi izan dugu, hots, ibilbide instituzional bat baina modu ez-instituzionalean plazaratu duguna".
Komikiak 72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago. Halaber, argitalpenaren arduradunek adierazi dute paper ekologikoa erabili dela prozesu guztian: “Honen bidez, ingurumena zaintzeko konpromisoa erakutsi nahi izan dugu”, azpimarratu dute. Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak idatzi du komikiaren gidoia eta Amaia Ballesterosenak dira irudiak. “Ezustean hartu ninduen Andres Urrutiak egindako proposamenak, baina berehala onartu nuen, lan interesgarria izango zela iritzita”, esan du Zabalak; bide batez, prozesuaren zailtasunak azpimarratu ditu: “Mamiari uko egin gabe, Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen saiatu naiz, Amaia Ballesterosen laguntzarekin. Gidoia lantzen ere lagundu dit Amaiak. Zailena izan da kontaketari bizitasuna ematea eszena eta pertsonaien arteko solasaldi zehatzen bidez, kontaketa orokorrari muzin egin gabe”. Idazle azkoitiarrak aitortu du Euskaltzaindiaren iraganeko irudia aldatzen saiatu dela: “Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela”.
Komikiaren ezaugarriak
Amaia Ballesteros irudigileak zazpi hilabete behar izan ditu gidoia moldatu eta irudiak marrazteko. “Juan Luis eta biok saiatu gara Euskaltzaindiaren historia komikiaren hizkuntzara moldatzen, ukitu futurista bat emanez, Blade Runner-en antzera”. Juan Luisekin “oso ondo” konpondu dela esan du Ballesterosek, eta komikia nolakoa den azaldu nahi izan du: “Nire marrazkiak eta ilustrazioak oso koloretsuak dira. Bizi pixka bat eman behar zitzaion komiki honi, eta ez da beti erraza izan. Batzuetan pertsonaia asko irudikatu behar nituen batera espazio txiki batean, beste batzuetan ez neukan pertsonaien argazkirik, eta irudimena erabili behar izan dut... Hara, bitxikeria bat: XX. mendeko hasierako argazki guztiak zuri-beltzekoak ziren, eta ia komikiaren bukaeran enteratu nintzen Azkue ilegorria zela!”.
“Lan garrantzitsua izan da, gozatzekoa, eta gainera asko ikasi dut. Ohore handia izan da niretzat maite dudan hizkuntzaren akademiaren historia marraztea”, gehitu du Ballesterosek.