Webguneak dakarren eraberritzea ontzeko, “baliabide askoren integrazioa” egin dutela azaldu zuen haren arduradun Andoni Sagarnak, eta horretarako “Euskaltzaindia osoa hankaz gora eta dantzan” jarri behar izan zutela.
Estetika argiagoz, modernoagoz eta nabigaziorako errazagoz janzteaz gainera, webguneari, eta horrenbestez Euskaltzaindiari, “Googlek ez duena” eman zaiola azpimarratu zuen Sagarnak, hain zuzen, iragazketak nahieran egiteko aukera zabaltzen duelako webgunearen bilatzaileak, bere muinean duen thesaurusari esker. Esan gabe doa gailu guztietara egokituta dagoela webgunea, direla sakelako telefonoak, tabletak, ordenagailu eramangarriak nahiz pantaila handiak.
Horrez guztiaz gain, informazioa etengabe berritzen dela ere erakutsi zuen Sagarnak, Plazaberrialbistariaren bidez, agenda eguneratuz, nahiz Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetako edukiak lehen planora ekarriz.
Euskara Batuaren Eskuliburua
Bigarren protagonista nagusia Euskara Batuaren Eskuliburua izan zen, paperean banatu zen arren, webgunean ere osoki eta erabilgarri jarri dutena, bide batez esanda. Andres Alberdik zuzendua eta koordinatua, “gomendioak eta arauak era didaktikoan birformulatzeko agindua” jaso zutela azaldu zuen, eta sarrera bakoitzak biltzen duen informazioan argi ageri dela “zer den araua eta zer ez, zer den ebatzia eta zer den gomendio edo hobespena”.
Nor bere obsesioetatik abiatzen dela kontuan harturik, artikulua sinatzen duen honek Zorionaksarrerara jo du adibide bila, eta honoko ordaina ematen du Eskuliburuak: “Interjekzio modura erabilita, guztiz jatorra da (Zorionak eta urte berri on!,adibidez), baina okerra da urtebetetzehitzaren sinonimo gisa erabilita (*Gaur nire zorionak dira). Horren ordez, Gaur nire urtebetetzea da / Gaur nire urtebetetze-eguna daesan behar da”.
Protagonistak, beraz, Euskaltzaindiak eskura jarri dituen tresnak izan ziren urriaren 5eko saioan, eta eguneko mantraedo hitz-gako errepikatua, berriz, Bernardo Atxagak eman zion egunari, Arrautza, huevo, oeuf, egghitzaldian, “tailer” bat antolatu beharko genukeela esplikatu zuenean. Tailer bat, hain zuzen, “Eibarren-edo kokatua”, euskaraz produzitzen den guztiari eman beharreko zabalkundea nola egin antolatzeko.
Tailerra eta Bernardo Atxagaren proposamenari erreferentzia, hizlari askok hartu zuten ahotan, ondotik. Esate baterako, Xabier Isasi UEUko irakasleak, Euskararen hiztun elkartearen eraketa eremu akademikoanhitzaldia eskaintzen ari zenean, edota Joxerra Garziak, Hamalau galde eta lau uste Batuaz eta Literaturazizenburupean, Euskal Idazleen Elkartearen izenean ondu zuen hitzaldian. Garziak, motzean esanda, egoerari aurre egiteko zer egin beharko litzatekeen asmatu beharrean, Bernardo Atxagaren “tailerra” edo, Xabier Amurizak esango lukeen gisan, “interbentzio eratua” proposatu zuen, eta izenburuan aipatutako 14 galdeei erantzuten saiatu zen, idazleen aipuak jarraituz. Hala nola, “Euskara biziago izan dadin zer egin behar da eta nori dagokio? Anjel Lertxundik perpausa arindu behar dela dio, baina noraino iritsi horretan?”. Tradizioari zer egin beharko litzaiokeen ere galdetu zuen, eta bere ustez, “Tradizioa, ez gurtu, baizik egurtu” egin beharko litzatekeela esan zuen: “tradizioa ez dugu ezagutzen, Azkue eta beste ez daude eskoletan, D eredukoek eskola bukatzean Kixoteezagutzen dute, baina Peru Abarkaez, eta horrek ikaragarri mugatzen du idazlearen lana”. Egin beharreko koordinaketan Euskaltzaindiak baluke toki bat, haren aburuz, baina batik bat, “gure esku dauden medioekin egin beharko genuke aurrera”, inora begiratu gabe, “eta ereduen bila txatxukeriatan aritu gabe, ez dugulako eredurik, ez ispilurik”, edo bestela esanda, “normaltasun” delakoa zer den definitzeko modurik ez dagoelako. Horrenbestez, Atxagaren tailerra ez ezik, “fabrika osoa” beharko genukeela esan zuen.
Editore eta itzultzaileen kezkak
Josu Zabaletak itzulpengintzaren ibilbideari erreparatu zion, baina normalizazio prozesuaz hitz egiten denean “itzulpengintza kontuan hartzea ezinbestekoa” dela azpimarratu lehenik eta behin. Besteak beste, Juan San Martin zenaren argitasuna goraipatu zuen, “hura berehala jabetu zelako itzulpengintza egituratu egin behar zela, eta Martuteneko Itzulpen Eskola sortu zuelako”. Literatura Unibertsala ere garrantzitsua izan zela aipatu zuen. Etorkizunera begira, ”San Martin bezalako baten beharra” azpimarratu zuen, hogei urte barrukoak aurreikusiko dituen norbaitena, hain zuzen.
Xabier Mendigurenek galdera interesgarria bota zuenArgitaletxeak eta euskara batua: bitartekari ala eskumakila hitzaldian. Editore lanetan aritzen denez, jendeari testuak zuzentzen aritzen dela eta akats batzuk etengabe zuzentzen dituela esplikatu zuen: “Akats batzuk zuzen argitaratuta ere, hurrengo liburuetan berriro bueltan datoz”, idazle beraren lumatik askotan, eta idazle berriek eginak, beste askotan. Esate baterako, “eraso dio” dela, eta ez “erasotu du” edo antzekorik. Eta hortxe heldu zen galdera: “Guk polizia linguistiko izan behar dugu ala ez? Zuzenketak egiten baditugu, Euskaltzaindiak jaso dezake agian arau batzuek arrakasta izan dutela, nahiz eta halakorik ez gertatu”. Hiztegian lasaiago jokatu beharko litzatekeela adierazi zuen Mendigurenek, “solte zilegi ez den hitza, zilegi egin dezakeelako diskurtsoak”.
Hezkuntzaren munduak Helena Baraibar (Euskal Herriko ikastolak), Iñaki Salaberria eta Lurdes Imaz (eskola publikoak) eta Imanol Altuna (kristau eskola) izan zituen ordezkari. Hizkuntzaren normalizazioan duten arduraz jabeturik, bakoitzak bere eskola-sarearen paisaia deskribatu eta egoeraren diagnosia egin zuten hasteko, eta bat etorri ziren denak etorkizuneko erronkak behar bezala hezurmamitzeko ahaleginean, gizartearen bulkada ezinbesteko izango dutela nabarmentzeko.