Azentu grafikoa (tildea) erdal izenetan: Kordoba (Esp.), Córdoba (Arg.), couché...

Galdera

Gaztelaniazko izenak euskaraz idaztean, zer egin behar da haien tildearekin, idatzi ala ez? Adibidez: Ramón Fernández / Ramon Fernandez; Cádiz/Cadiz; María/Maria...

Erantzuna

Euskaltzaindiak bereziki arautu gabeko kontua da hori, baina azentu grafikorik gabe ere idatz daitezke erdal izenak (eta horrela idatzi ohi dira gehienak, bereziki deklinaturik doazenean). Azentu (tilde) grafikorik gabe idatzi ohi dira, adibidez, Ramon Fernandez; Cadiz...; baina Maria tilderik gabe idazten da beti euskaraz. Etxekotu gabeko izenen kasuan, ordea, hobe da azentu grafiko eta guzti idaztea: René Bêrtol doktorea, Sóstenes erregea...
Euskaltzaindiak batasunerako bereziki araututako erdal izen bereziak (leku-izenak edota bestelakoak) Euskaltzaindiak erabaki bezalaxe idatzi behar dira: Kordoba (Espainia), Córdoba (Argentina), couché papera...
Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako Espainiako erresumako probintzia eta autonomia erkidegoen izenak sarrera.

Data: 20130314
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.