audio: audio-liburua, audioliburua, audio liburua; audiometria

Galdera

Nola idatzi behar da audio-liburua, audioliburua ala audio liburua?

Erantzuna

Audio hitzak oraindik ez dauka batasunik idazkeran; batzuek bereiz, beste batzuk, loturik, eta beste batzuk marratxo batekin idazten baitute: audio gida, audiogida, audio-gida, esaterako.
Hortik alde batera uzten dira, jakina, audiometria, audiologia bezalako hitzak, zeintzuetan audio ez den aurrizkia, hitzaren osagai organikoa baizik, eta gu, bereziki, audio-dokumentu, audio-seinale bezalakoez ari gara hemen. Horregatik, eta hitzak, berak bakarrik, oraindik autonomia urria duela ikusita, hitz hori bere zerrendetan oraingoz ez aipatzea erabaki zuen Euskaltzaindiak 2014-12-19an.
Horrek ez du esan nahi, noski, hitz hori ezin erabil daitekeenik; baina Euskaltzaindiak, era horretako hitzetan, nahiago izaten du denbora pixka bat itxarotea, eta askatasuna uztea, idazleen artean kontsentsu edota erabiltzeko joera nagusia zein den antzeman arte, gehiengoaren aurkako erabakirik ez hartzeko. Beraz, segurenetik, bideo hitzarekin gertatu zen bezala, oraindik denbora pixka bat itxaron beharko dugu, datu gehigarri nahikorik eskuratu arte.
Bitartean, zerorrek ondoen deritzozun eran idazteko askatasun osoa duzu, zalantzazko era horretan aurkitzen diren gainerako hitzetan bezala.

Data: 20150608
Erantzulea: Xabier Kintana

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.