Hitz elkartuak: naturazale (natura/natur, kultura/kultur; biologia/biologi...)

Galdera

Zuzena al da naturzale forma erabiltzea, naturazale erabili ordez?

Erantzuna

Galderako naturazale/naturzale eta gisako hitzez esan behar dizut egia dela hasieran -ia eta -ura bukaerako berbak hitz eratorri eta elkartuetan azken -a hori gal zitekeela Euskaltzaindiak berak esan arren (filologi, biologi, zoologi / kultur, natur, literatur... gisako forma laburtuekin), azken urteotan nagusituz joan dela -a hori ez kentzeko joera, eta horixe dela gaur indartuz doana.
Gogoan izan, Euskaltzaindiak ez duela inoiz esan azken -a hori nahitaez kendu behar dela, baizik eta, ken zitekeela, oinarriz forma biak onartuz. Akademiak ez du iritzia aldatu, baina azken urteotako aukera soziala ikusita, badirudi joera nagusia -a hori ez kentzekoa dela. Hortaz, naturazale litzateke, nolabait, erarik gomendagarriena.

Data: 20140303
Erantzulea: Xabier Kintana

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.