JAGONET galde-erantzunak

Deiturak: Gartzia/Garzia

Egia al da Gartzia/Garzia euskal deitura dela? Izan ere, García omen da Espainiako deiturarik ugariena.

Bai. Euskaraz idatziriko liburuetan, Arnaut Oihenarten Les proverbes Basques obrako 182. atsotitzean azaltzen da:Garzea, gaxto batak diazaguk bertzea, hau da,Garzea, gaixto batak ezagutzen dik bestea. Lehenago ere, bai latinezko eta bai erromantzezko testuetan, izen hau maiz ageri da aipaturik, non eta Nafarroako Erresuman, euskaraz mintzatzen zen tokian, lehenik 789. urtean eta Nafarroa Beherean, hain zuzen.

Gaurko euskalarientzat hitzak etimologia argia du: Alfonso Irigoyen euskaltzainak bere garaian idatzi bezala, Garzea edo Garcia antzinako garzea hitzetik datoz, hots, gaztea esan nahi zuen berbatik. Hor, berze, borz, ortzadar eta hertze toki batzuetan beste, bost, ostadar eta heste bilakatu diren bezala, antzeko eboluzioa gertatu da garze/gazte hitzen artean.

Kopiatzeko tentazioa ez da gaurkoa, eta ezin ahantz dezakegu antzinatean ere auzo herrietako modak eta ohiturak imitatzeko joera izaten zela. Egia esan, Gartzea edo Gartzia euskal izenok Europako beste hizkuntza batzuetan aurkitzen diren antzeko izenen baliokideak ditugu. Horretara, latinezko Iuvenis, frantsesezko Lejeune, italierazko Giovane, ingelesezko Young edota alemanezko Jung deituren parekoak dira.

 

Zalantza-mota: izen bereziak > pertsona-izenak/deiturak, ortografia > grafiak

Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > letrak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper